Lesakako bertsolaritza ezagutzeko 'Oinak Bidean' ibilbidea estreinatu dute

Lesakako bertsolaritza ezagutzeko ‘Oinak Bidean’ ibilbidea estreinatu dute –

ERRAN hedabidetik.


Irain eskola publikoak, Bortzirietako bertso eskolak eta udalak prestatu dute 7,5 kilometroko ibilbide tematikoa. Argazkiak: ONDIKOL

 

Lesakako bertsolaritza ezagutzeko 'Oinak Bidean' ibilbidea estreinatu dute

 

Igande arratsaldean Lesakan jokatu den Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoaren harira, herriko bertsolaritzan oinarritutako 7 kilometro eta erdiko Oinak Bidean: Lesakako bertsolaritzaren ibilbidea prestatu eta aurkeztu dute Irain Eskolak eta Bortzirietako Bertso Eskolak, Lesakako udalarekin elkarlanean. Igande goizean egin zuten estreineko ibilaldia.

Proiektu honen berri eman zuten azaroaren 13an herriko etxean Eneko Fernandez egileak, Ladis Sastrustegi  alkateak, Edurne Aranburu Irain eskolako zuzendariak eta Manolo Arozena bertsolariak. Harriondoa Kultur Etxean hasi eta bukatzen den ibilbide zirkular honek, Lesakako bertsolaritzarekin harremana duten bederatzi leku lotzen ditu. Estreinatzeko, igande goizean ibilbide gidatua egin zuten eta eguraldi eguzkitsua lagun, 50 bat lagunek osatu zuten ibilbidea, geldialdietan bertsoak eta azalpenak adituz. Honela, Makuko bordan bere aitatxiari eta Olaetxea bertsolari familiari buruzko azalpenak eman zituen Jon Abrilek; Harizpen bertsoak kantatu zituzten Manolo Arozenak eta Joxe Juan Zubieta Etxabek; Linnddurren bordan sagardotegien eta bertsoaren arteko loturaren ingurukoak aditu zituzten Juan Mari Lopezen ahotik, Txakaingo iturriaz aritu ziren Enara eta Edurne Aranburu eta plazan solasean aritu ziren Eneko eta Estitxu Fernandez eta Izaro Mitxelena.

Gainera, web orri propioa ere badauka Oinak Bidean ibilbideak; bertan, ibilbideari buruzko informazioa (interes-puntuak, bertsoak, bertsolariak, etab.) eta QR bidez track-a ere eskura daitezke. Seinalizazioa ere paratu dute bidean, nahi duenak noiznahi egin ahal izateko.

Lesakako bertsolaritza ezagutzeko ‘Oinak Bidean’ ibilbidea estreinatu dute