Maialen Lujanbio, Bidania-Goiazko Txinkorta eskolara bisitan

Maialen Lujanbio, Bidania-Goiazko Txinkorta eskolara bisitan –

Tolosaldeko Atarian.


Bidania-Goiaztarrek IV.Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketan lehen saria irabazi zuten abenduan. Atzo jaso zuten saria: txapeldunaren bisita eskolara.

 

 

Maialen Lujanbio, Bidania-Goiazko Txinkorta eskolara bisitan

 

Zizurkilgo Teodoro Hernandorena Kultur Taldeak eta Harituz Bertsozale Taldeak urtero antolatzen dute elkarlanean Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketa. Azken edizioan Tolosaldeko ikastetxeetako taldeek ere aukera izan zuten parte hartzeko eta Bidania-Goiazko Txinkorta eskolakoak izan ziren lehen sariaren irabazleak. Eurek aukeratutako bertsolari baten bisita zen egindako lanaren ordaina, eta ez zuten zalantza handirik egin txapelduna aukeratzerako garaian.
 
Arratsaldean egin zioten harrera Maialeni lehiaketan sarituak izan ziren bertsoekin. Herriko bertso eskolan dabiltzan zenbait ikaslek bat-baterako dituzten abileziak ere erakutsi zizkioten kopla batzuk inprobisatuz. 
Ondoren galderen tartea zabaldu zen eta ikasleek gelan prestatutako galderak egin zizkioten hernaniarrari. Maialenek bertsolaritzan egin duen ibilbidearen eta txapelketetako bere esperientziaren inguruko azalpenak eman zituen eta ikasleek adi adi entzun zituzten berak esanak. Estualdi txikiren batean jartzea ere lortu zuten bertsolaria galdera bihurri bat edo besterekin.
 
Amaieran saiotxoa egin zuten Unai Mendizabalek (Herriko bertso-eskolako irakasleak), Maddalen Arzallusek (Hezkuntza Arautuko bertsolaritza irakasleak) eta Maialen Lujanbiok. 
 
Eta agurtu aurretik, nola ez, autografo sinatzen lan pixa bat ere jarri zioten.
Maialen Lujanbio, Bidania-Goiazko Txinkorta eskolara bisitan