Martxan da Gazte Sortzaileak bekaren aurtengo deialdia

2021-05-26

Martxan da Gazte Sortzaileak bekaren aurtengo deialdia –

Aleatik.


 

Gazte Sortzaileak bekaren bitartez, 17 eta 35 urte bitarteko gazteek 4.000 euroko laguntza eta aholkularitza profesionala lortzeko aukera dute ekitaldi kulturalak sortzeko. Lanak aurkezteko epea uztailaren 15era arte dago zabalik.

 

Martxan da Gazte Sortzaileak bekaren aurtengo deialdia

Iñaki Gurtubai, Lexuri Ugarte eta 2020ko beka deialdiaren irabazleak. / GASTEIZKO UDALA

 

Abian da Gazte Sortzaileak bekaren 2021eko deialdia. Urtero bezala, gazteek gazteentzat sortutako euskarazko ekitaldi kulturalak sustatzeko egitasmoak 4.000 euro arteko diru laguntza eskainiko die gazte arabarrei; baita aholkularitza profesionala eta lanen estreinaldirako bitartekaritza ere.

Beka 17 eta 35 urte bitarteko gazte arabar guztiei dago zuzenduta, eta adinaren araberako bi kategoria daude. Normalean, beka jasotzeko aukeratutako gazteek sei hilabete dituzte proiektua garatzeko, eta epe horren ostean estreinatzen dute.

Lanak aurkezteko epea uztailaren 15era arte egongo da zabalik. Horretarako, proiektuak Udalaren Erregistro Nagusian, Gasteizko gizarte etxeetan edo Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez entregatu ahal izango dira.

Bertan azaldu dutenez, proiektuek ahozkotasunarekin estu-estu lotuta egon eta euskaraz izan behark dute. Bestalde, bakarkako edo taldekako lana izan daiteke, eta hainbat diziplinatako proiektuak aurkez daitezke deialdira: antzerkia, zinema, ikus-entzunezkoak, bertsolaritza, bakarrizketa, musika, poesia emanaldia, performancea edota hainbat diziplinaren arteko nahasketa.

Astelehen honetan, aurtengo deialdiaren xehetasunak prentsaurreko batean azaldu dituzte Iñaki Gurtubai alkateorde eta Euskara zinegotziak eta Lexuri Ugarte Aldundiko Euskara zuzendariak, 2020ko edizioan hautatutako artistekin batera.

Iazko lan irabazleak

2020an saritutako egitasmoen artean, Jone Bengoak sortutakoa izan da jendaurrean aurkeztutako lehena. Joan den larunbatean, maiatzaren 15ean, Zurrunbilo jaialdiaren barruan aurkeztu baitzuen Kabia, work in progress izaerako antzerki dokumentala.

Bestalde, Aitor Alvarezek Hormak film laburra aurkeztuko du laster; Ainhoa Ordoñezek Eskuak ikus-entzunezko proiektua, eta Aitor Vinagretek Hegaztiak antzezlana.

Euskarazko sorkuntza bultzatzea eta euskarazko kultur programazioan eragiteko helburua duen deialdia 2015etik antolatzen dute, urtero, Gasteizko Udalaren Euskara eta Gazteria Zerbitzuek, Foru Aldundiaren Euskara zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta Oihaneder Euskararen Etxeak.

DEIALDIAREN OINARRIAK

Martxan da Gazte Sortzaileak bekaren aurtengo deialdia