Nahia Etxeberri Lopepe: "Giro biziki ona da gure artean, eta bertso eskola bezalakoa da txapelketa"

Nahia Etxeberri Lopepe –

Joanes Etxebarria, Ipar Euskal Herriko Hitzan.


Ekainaren 7an jokatu zen Gazte Xilaba, Ipar Euskal Herriko Eskolarteko bertsolari txapelketa, eta epaileek Nahia Etxeberri Lopepe (Ainhize-Monjolose, 2008) txapeldun izendatu zuten. Joan den larunbatean Euskal Herriko Eskolartekoan txapeldunorde izan zen. Iragan urtetik ageri zen zeresana emanen zuela, Gazte Xilaban errimategi aberatsenaren saria eman baitzioten eta Euskal Herriko Eskolartekoan txapeldunorde izan baitzen. Baionako Etxepare lizeoko bertso eskolan ari da, eta geroz eta plaza gehiagotan.

Nola joan zen Xilaba Gazteren finaleko saioa?

Egia erran, biziki ontsa. Entrenatu izan ginen lehenago finalisten artean, eta gure artean bazen giro ona. Atzeman dut maila biziki ona izan dela, denek bazuten zerbait ekartzeko eta zerbait errateko. Ez da nehor zailtasunetan izan, eta harritua izan naiz denek erakutsi dutena ikusirik.

Zure ahizpa ere finalean zen. Bertso bikote bat osatzen duzue?

Bai. Ttipidanik elkarrekin egiten dugu bertsolaritza, eta orain biok hasi gara plazetan ateratzen. Gero eta usuago gertatu zaigu elkarrekin aritzea, eta biziki maite dut ene ahizparekin kantatzea, biziki ontsa ezagutzen dugulako elkar.

Erran duzu entrenatu zinetela finalisten artean. Oro har, zuen belaunaldiko bertsolarien artean badituzue harremanak?

Anitz bertso eskolan gara lizeoan, beste batzuk kolegioan, eta bai, baditugu harremanak. Biziki giro ona da gure artean. Bestalde, Haizea dator izeneko saioetara eta ikastoletara elkarrekin kantatzera joaten gara batzuetan. Usu gertatzen zaigu elkarrekin kantatzea.

Gaztetatik ari zara bertsotan. Lagunartean eta lehiaketetan ere ari zarete.

Aski desberdina da presio aldetik; lagunartean ez da hainbestekoa. Baina txapelketan ez gara hainbeste ohartzen diferentziaz, ene ustez; erran bezala, giro biziki ona da gure artean, eta bertso eskola bat bezalakoa da azkenean. Ez dut uste lehiak anitz kaltetzen duen hori.

Nahia Etxeberri Lopepe
Unax Aizpurua Ibargarai, Amaiur Aizpuru Eskisabel, Goizane Etxeberri Lopepe, Gana Berhokoirigoin Zubeldia, Leina Alkhat Larrandaburu eta Nahia Etxeberri Lopepe, Gazte Xilaban, Itsasun, ekainaren 7an. G. FAUVEAU
Prestaketa berezi bat egin duzu txapelketan aritzeko?

Bai. Txapelketa aitzineko asteetan bertso eskolan ariketak eginez entrenatu gara. Estresaren aldetik ere prestatu behar da, ez uzteko gain hartzen, eta horretarako ere lan egin behar da. Prestatuak heltzen gara beti saiora.

Erran ohi da txapelketatik plazak heldu direla. Plazan kantatzeko parada baduzue?

Bai. Haizea dator moduluekin segitzen dugu, bertsolari zahar eta gazteak elkarrekin ariarazteko saioetan. Hori biziki aberasgarria da. Ikastoletako haurrei bertsotan hasteko enbeia emateko, bestalde, Txikitik handira izeneko saioak egiten ditugu. Nahi zuten guztiak ari ziren hor, kolegiokoak eta lizeokoak. Lehen plaza bat bezalakoa da; biziki inportanteak dira.

Zuk ontsa bizi duzu jende aitzinean kantatzea?

Bai. Ez dut problema berezirik horrekin.

«Usu gertatu zaigu elkarrekin aritzea, eta biziki maite dut ene ahizparekin kantatzea, biziki ontsa ezagutzen dugulako elkar»

 

Belaunaldi zaharragoetan badira zugan eragina ukan duten bertsolariak?

Ipar Euskal Herritik badira lehenago eskolartekoetan ari zirenak: Haira [Aizpurua], Irantzu [Idoate] eta horiek. Horrek enbeia eman dit eskolartekoan sartzeko. Orokorki, bertsolari anitz badira, eta ez naiz originala izanen. Maialen Lujanbio, alde batetik, eta gehienbat, emazteak: Alaia Martin edo Nerea Ibarzabal txapelketetan ikustean, enbeia ematen dit horretan gehiago sartzeko.

Bertsolari feministek lanketa handia egin dute azken urteetan. Hor da, adibidez, ahalduntzerako bertso eskola. Zure belaunaldian ere gauzak aldatu beharra ikusten duzu?

Urrats handiak eginak izan dira alde horretatik. Bertso eskoletan ikusten dugu aise neska gehiago badirela, baina bertso eskolatik plazara joateko momentuan, oraino ikusten da gizonak baino emazte gutiago direla. Alde horretatik lan egiten ahal da oraino, bertso eskoletatik ateratzean emazteek beren lekua har dezaten plazetan. Baina ohartzen naiz zinez urrats handiak eginak izan direla.

Plazaz mintzatzean, zure belaunaldiaz ari zara?

Bai, eta aitzinekoez ere bai, nahiz eta ikusten dugun neska anitz abian direla plazara, eta badakit ene bertso eskolako anitzek gero ere bertsotan segituko dutela.

«Uste dut lan gehiago egiten ahal dela oraino, bertso eskoletatik ateratzean emazteek beren lekua har dezaten plazetan»

 

Xilabako txapela buruan, Euskal Herriko Eskolartekoaren finalean aritu zara. Euskal Herri osoko bertsolariak ezagutzen dituzu?

Batzuk joan den urteko eskolarteko finalean ezagutu nituen. Beste batzuk Gaztetxeak bertsotan saioetan ezagutu nituen. Anitz ez ditut oraino ezagutzen, eta aukera izan da gehiago ezagutzeko.

Entzun izan da bertsotan inertziaz segitzen dutela batzuek. Bertsolari izanen zarela deliberatu duzu?

Orainokoan horretan segitu nahi dut. Iruditzen zait hasiberria naizela; beraz, ez da oraino inertziarik. Motibatua naiz segitzeko; ikusiko gero.

Bestalde, Ipar Euskal Herriko Hitza-n kolaboratzen hasi zira. Kazetari izan nahi zenuke?

Maite dut euskaraz idaztea, betidanik aski erakarria naiz hitzarekin lotura duten gauzetarik. Zergatik ez…

Nahia Etxeberri Lopepe  Nahia Etxeberri Lopepe  Nahia Etxeberri Lopepe