Onintza Enbeita: “Honetan guztian egon nahi dut, hau guztia ukatu zaigun garaian ere egon naizelako”

Hamahirugarren Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta bederatzigarren finala izan ziren iazkoak Onintza Enbeita Maguregirentzat (Muxika, 1979). Irautearen esfortzua eta poza ederki ezagutzen ditu, bertsotan zein handik kanpo, eta horri esker dago dagoen lekuan. Irauteko aldatzeari leku egin behar zaio, ordea.

Onintza Enbeita –

Aner Peritz Manterolak, Pikara Magazinean.


Bi hilabete igaro dira Onintza Enbeitak Bizkaiko Bertsolari Txapelketan kantatu zuenetik, baina denborak ez du beti distantzia proportzionalki handitzen. Niri esango didate, nire adin bikoitza duen señora hau gutxi bezain hurbil sentitzen dudan honi. Mahaian esertzerako trago bila joan naizenean “Por el amor de esa mujer” entzuten zen tabernan. Ez nuen uste Bustamanteri arrazoia ematen bukatuko nuenik. Aspalditik zor nion Aissa Intxaustiren titien kalkamonia eman, eta grabagailua piztu dut. “Hau ez argitaratu”, “hau ezin da esan, baina” eta antzekoz bete da terraza. Hori izango da ama elkarrizketatzea.

Onintza Enbeita
Onintza Enbeita /argazkia: utzia

Udazkenari buruz hitz egitera etorri gara, baina udaberria dator laster. Zer moduz negua?

Esango nuke ondo. Orokorrean, txapelketaren aurretik ere azken bolada luzean sentitzen dut bertsolaritzan nahiko talaia lasaian nagoela. Uste dut badaukadala nire lekua, leku lasai bat, leku eroso bat, eta hortik kantatzen dudala. Orduan, alde horretatik eroso bertsotan, eta gustura. Ez daukat beste batzuetan eduki dudan besteko txapelketaren aurreko eta ondorengo garai nabarmen horien sentsazioa, dena kokatzen dut beste bolada horretan. Ez daukat demostratzeko asko, eta oso leku erosoan sentitzen naiz hor.

Zein irakurketa orokor egiten duzu iazko txapelketarena?

Gure txapelketa, finalistona, oso frenetikoa da neurri batean. Iaz, adibidez, hirugarren finalaurrekoan kantatu genuen guk eta hortik hiru astera finala izan zen, eta kito. Hor oso tarte txikia dago, baina berez txapelketan pentsatzen askoz lehenago hasten gara.

Iaz noiz hasi zinen txapelketan pentsatzen?

Nik abuztuan hanka hautsi nuen, eta uste dut egoera fisikoak baldintzatu zuela txapelketa. Irailean nire obsesio nagusia txapelketara zutik iristea zen. Orduan, txapelketarako paja mental guztia fisikoki ongi egoteko nahi horrekin elkartu zen. Azkenean, txapelketara zutik iritsi nintzen, eta ez dakit, gustura kantatu nuen. Gero, egia da aurten justu bai semifinalak eta bai finala opari bat izan direla niretzako, eta horrek baldintzatu ditu txapelketarekin nituen sentsazioak. Kronika bat egitekotan, esango nuke desesperaziotik ilusiorako karrera bat egin nuela fisikoki eta mentalki.

“Azkenengo urteetan gehiago interesatzen zaizkit txapelketara datozen ideologia eta gorputz berriak. 1998ko txapelketan, hasi nintzenean, ez zegoen hori orain badago. Beharbada ez nago txapela berriz irabazteko moduan, baina nik hemen egon nahi dut”.

Zortzi final segidan jokatzetik, 2018ko txapelarekin… nola hasten da txapelketa bat jakinda finalera ia ziur joango zarela?

Ba orain artekoak beti hasi dira finalera pasatzeko presio horrekin, 2018an txapela lortu artekoak batez ere. Egia da, alde batetik, sentitzen dudala txapela irabazi eta gero finalera ez banaiz pasatzen frakaso bat izan daitekeela, baina beste alde batetik esaten dut: “nik lortu ahal izan dudan gehiena lortu dut behin, txapela daukat, baina hemen egon nahi dut eta hemen jarraitzen dut”. Orduan, horrek lasaitasuna eman dit azken bi txapelketetan. Orain beste modu batera bizi nahi dut txapelketa. Azkenengo urteetan gehiago interesatzen zaizkit txapelketara datozen ideologia eta gorputz berriak. 1998ko txapelketan, hasi nintzenean, ez zegoen hori orain badago. Beharbada ez nago txapela berriz irabazteko moduan, baina nik hemen egon nahi dut. Egon nahi dut lehenengo aldiz emakume bik buruz burukoan kantatzen dutenean, eta egon naiz, edo egon nahi dut neska bat ausartzen denean kristoren agurra bota eta titi bat erakustera, eta egon naiz. Nik honetan guztian egon nahi dut, hau guztia ukatu zaigun garaian ere egon naizelako. Orain askoz gehiago daukat gozatzeko.

Gatozen iazkoan sartzera. Badakit Lemoako saioa berezia izan zela, ekarri zuen emaitza ekarri aurretik ere bai. Zure bukaerako agurrak ongi erakusten du euforia: “nire tornillo danak / salto egin dabe / ja bardin deust finalik / eitten ez bada be”. Zer zeukan saio hark?

Pertsonalki erregalu bat izan zen. Azkenean, inoiz ez zait gertatu egotea txapelketan bost emakume eta gizon bat. Oro har, egia da Lemoan kantatzeko egon ziren giroa, konplizitatea, lagunartekotasuna eta erraztasuna ez direla saio guztietan egoten, eta entzun nuenean bost neska sartuko ginela, Aissa sartu zela… egia esan finala gutxienekoa iruditzen zitzaidan. Izan zen modu bat esateko “begira, ala!, esaten zeniguten bertsotan egin behar dela, ba egiten dugu, baina lehen ere egiten genuen eta lehen hau pentsaezina zen. Ez duzue inoiz onartuko zergatik zen pentsaezina, baina egiten dugu bertsotan eta hemen gaude; finalera bost goaz”. Lemoatik etxera joan nintzen eta lorik ere ezin nuen egin. Eta gero, ezin da esan baina esan behar da, gutxietsi zaituen zenbat jende pasatzen zaizun burutik momentu horretan, eta esaten duzu “begira, arrazoia neukan”. Niretzako Lemoa hori da: arrazoia geneukan.

“Errealitate bat da inor ez zela konturatzen gure gorputzak ezberdinak zirela eta inor ez zela konturatzen 15 urterekin paparra ateratzea zein desberdina zen batzuentzat eta besteontzat”.

Eta gero finala, berriz ere arrazoia geneukala esatea. Buruz dakit zure agurra: “baina irauteko beti / batu izen dot indarra / hori da nire delitu / eta meritu bakarra”. Zer esan nahi zuen agur horrek hor?

Agurra Aissak titi bat erakutsi ondoren dator. Gu gara bertsotan egiteko paparra ateratzeko eskatzen ziguten garaikoak. Gure irakasleak ez zineten zuek, gure irakasleak ziren Jon Enbeita eta Jon Lopategi, eta denak ziren guretzat gu baino askoz ere gizon zaharragoak eta beste errespetu bat transmititzen zuten. Dena zen ezberdina. Noski, 15 urterekin niretzako tortura bat zen paparra ateratzea, baina honekin ez naiz ari nire bizitzako historia kontatzen. Errealitate bat da inor ez zela konturatzen gure gorputzak ezberdinak zirela eta inor ez zela konturatzen 15 urterekin paparra ateratzea zein desberdina zen batzuentzat eta besteontzat.

Dezente hitz egin da titiarenaren inguruan eta iritzi batzuk ere sortu dira, beharbada Aissarenari begira gehiago. Zuk zein irakurketa egin duzu geroztik?

Zoritxarrez edo zorionez halako gauzak oraindik ez dira txorrada bat eta ez dira egiten egiteagatik. Nik banekien Aissak egin zezakeela, baina ez nekien seguru egingo zuen edo ez, eta egin zuenean pentsatu nuen: “niri kristorena iruditzen zait hau egitea hemen”. Bertsotan ausardia-ariketa bat da hori. Hori ikusita, esan nuen: “ba bueno, ni ere desmelenatuko naiz. Honek badauka transzendentzia ideologiko bat eta pertsonalki ez dut Aissa bakarrik utziko, nahi dut jendea konturatzea zer den, nondik gatozen, non gauden eta non egon gaitezkeen”. Nahiago bainuke orain izan bertsolari hasiberri bat eta dauden erreferente eta ideologia guztiak hartu, baina zoritxarrez, momentu honetan erreferentzialtasunetik Aissari babesa erakuts diezaiokeen pertsona Bizkaian ni naiz.

“Ez esajeratzeko esango didate, baina gu agertokian arrautzak kabitzen ez ziren garaitik gatoz”.

Uste dut zuk hala babestu izan ez bazenu askoz egur handiagoa eman zekiokeela Aissarenari.

Txolinkeriatzat har zitekeen, eta hori baino askoz gehiago esan nahi du. Gainera, kontuan izan behar da Aissak oso ariketa ausarta egin izanaz gain telebistak izugarrizko magnitudea eman ziola. Bola handitzen joan zen eta jende batek egin zuen irakurketa bakarra da neska batek titi bat erakutsi zuela. Baina hemen gertatzen ari dena ez da hori bakarrik, gertatzen ari dena da pixkanaka ari garela iristen egon nahi dugun lekura. Eta horretarako, agian gu deseroso egon ginen moduan beste batzuk egongo direla, egun, deseroso. Ni bertsotan hasi nintzenean, Azpillaga zaharrarekin, eta Lopategirekin, eta Mañukortarekin-eta kantatzen genuenean, han esertzen ziren afaltzera hankak zabal-zabalik eta gu han egoten ginen ertz batean hankak estu-estu eta isil-isilik euren puruen keak hartzen, eta hala esaten ziguten: “zuek bota agur bat eta gero guk egingo dugu bertsotan”. Hori mundu guztiari ondo iruditzen zitzaion. Orain neska batek titi bat erakutsi du eta kristorena iruditzen zaigu. Gizon horiek zer zituzten, bada? Baloiaren besteko arrautzak? Mahaian ere ez ziren kabitzen, agertokian ere ez zegoen beste inorentzako lekurik, eta sinbolikoki arrautzak erakusten ari ziren horrek ez dio inori inporta. Ez esajeratzeko esango didate, baina gu agertokian arrautzak kabitzen ez ziren garaitik gatoz. Niri esango didate, gainera!

Ukaezina da finaleko taldeak berak ere pisu berezia zuela. Bost emakume izateaz harago ere bai. Horrek ez dakar nahitaez gauza batzuk gertatzea, baina denok dakigu 7 gizon egon izan balira gauza berak ez ziratekeela gertatu izango. Nerea Ibartzabalek bris-bris kolektiboa deitu zion. Nik idealizatu dut akaso, baina, zer zen talde horrek zeukana?

Talde horrek esan nahi zuena da txapelketan egoteko beste modu bat dagoela, beste modu bat dagoela lehiatzeko, beste modu bat garaipenak ospatzeko eta galerei eusteko. Talde hori horren erakusle ere izan zen. Ez dakit hau esatea gogorra den, baina beti esan nahi izan da bertsolariak familia handi bat garela, lagunak garela… ados, ezin dira konparatu kirol profesionalean lehia ulertzeko modua eta bertsotakoa, baina nik Bizkaiko finaletan oso gutxitan sentitu dut denok garela lagunak. 2023ko finalean zazpi lagunekin kantatu nuen. Gero Twitterren hainbatek kontsentsu ideologikoaren haustura aipatu bazuten ere, nik uste dut denok geundela gustura eta denok sentitzen genuela taldearen babesa.

“Nerea Ibartzabalek finalaren ondoren oso ongi esan zuen bezala, lehia deseraiki egin daiteke, eta nik uste dut hor zerbait deseraiki zela”.

Hautsi zen ezer, ala?

Gezurra, gezurra. Horrekin esan nahi bada orain arte bertsolari guztiok izan garela Herri Batasunakoak hori gezurra da, bestela hasiko naiz ni esaten norekin eta zertaz eztabaidatu dudan. Horrekin esan nahi bada denok pentsatzen dugula feminismoak salbatuko gaituela, hori ere zoritxarrez gezurra da. Edo esan nahi da hori ez dela ideologia? Finalean kontsentsu ideologikoa hautsi zen? Nire ustez ez da ezer hausten. Bertsolaritzak zerbait badauka da bertsolari bakoitzak bere izenean kantatzen duela. Oso argi daukat Bizkaiko finalean egon ginenok, gure diferentziak diferentzia, bageneukala une horretan lehiari aurre egiteko kontsentsu bat, eta niri horrek balio dit. Bertsolaritza bizitzeko modu oso klasiko eta betiko bat daukatenek ez dutela ulertuko kontsentsu hori? Ba berdin dit. Baina Nerea Ibartzabalek finalaren ondoren oso ongi esan zuen bezala, lehia deseraiki egin daiteke, eta nik uste dut hor zerbait deseraiki zela.

“Oraindik 18 urteko neska batek lehenengo aldiz plazan edo txapelketan kantatzen duenean gauza pila bat epaitzen zaizkio bertsotan egiteko moduaz aparte. Emakumeei eta ziurrenik gorputz disidente guztiei”.

Dezente aipatzen dira kopuruak ere. Jone Uriak aipatu zuen finaleko portzentajeen infrentzua: finalaurrekoetan beti sei-zazpi neska izan zarete azken urteetan. Joera orokorra da lehen faseetan proportzio desorekatuagoak agertu eta aurrera egin ahala berdintzera jotzea. Zeri zor zaio hau? Elitearen feminizazioaz hitz egin daiteke?

Esango nuke neskek ez dutela txapelketan parte hartzen euren buruari maila minimo bat ikusi ezean. Uste dut txapelketan gizonezko askok ematen dutela izena pretentsio handirik gabe, gustatzen zaielako, ari direlako bertso-eskolan. Horrek esan nahi du oraindik ere autoexijentzia handia dagoela epai sozialaren beldur garelako, eta ez kasualitatez. Bestalde, txapelketatik kanpo plazan argi dago datuak ez direla asko aldatzen eta emakumeok ordezkatzen dugula elkar. Nik Amaia Agirrerekin apenas daukadan saiorik, edo Uxue Alberdik Oihana Iguaranekin. Hori zerbaiten seinale da. Hori ez da esaten den bezala “saio bat antolatuko dut nahi ditudan bertsolarien arabera”. Ez. Oraindik askorentzat emakume bakoitzak zerbait ordezkatzen du. Orduan, txapelketan egia da finaleko zenbakietatik aparte besteak ez direla asko aldatu, baina sinboloak ez ditugu ahaztu behar. Azterketa kuantitatiboak egin behar dira, datuak ikusi eta hausnartu behar da hori zergatik gertatzen den. Oraindik 18 urteko neska batek lehenengo aldiz plazan edo txapelketan kantatzen duenean gauza pila bat epaitzen zaizkio bertsotan egiteko moduaz aparte. Emakumeei eta ziurrenik gorputz disidente guztiei. Iruditzen zait final batean ikustea bost neska eta hiru mutil 12 urterekin bertso-eskolan dabilen edozein neskarentzat argazki zoragarria dela. Geuk ezin diogu horri balorerik kendu.

Eta sinbolo horiek nola islatzen dira plazan? Ala plazakoa islatzen da txapelketan?

Kuantitatiboki, noski, bi mundu dira txapelketa eta plaza. Bost emakume eta hiru gizoneko saioak oso gutxi daude, edo bost emakume eta gizon batekoak, eta ez dira kasualitate, baizik eta badaudelako hori lortu nahi duten antolatzaile feminista konkretu batzuk. Azkenean, txapelketa plazaren lagin bat da. Orduan, noski, txapelketan halako batean zure burua ikusten duzu bost eta bat kasualitatez eta kakotx askorekin inork hala behartu gabe, ezta? Baina hori ez da errealitatea, noski.

Kupoekin funtzionatu nahiko bagenu bezala…

Kupoak kritikatzen dituen jendeak ezin du bere burua engainatu. Jendea etortzen zaidanean kupoen aurka hitz egiten beti da jendea esaten duena: “nik ez dut kupoaren arabera antolatzen bertso-saioa, nik deitzen diet nahi ditudan bertsolariei”.

“Nik ez dut plazarik egin nahi emakumea naizelako, baina inork ez dit ukatuko jende askok egiten dituela plazak gizona delako. Hori horrela da, eta da imajinario kolektiboan gizonek leku gehiago daukatelako”.

Eta nahi dituzunak beti gizonak dira kasualki.

Horixe. Begiratu beharko zenuke zergatik den horrela. Eta neskei deitzen diezunean zergatik konbinatzen dituzun beti neska berberak. Bestela ez zenuke kuporik beharko. Beti jakin dugu neutroa ez dela objektiboa, gauzak zerbaitegatik gertatzen direla. Aldaketarako beldurretik sortzen da hau guztia. Nik entzuten dudanean oraindik jende bat esaten beldurra daukala gizonak saiorik gabe gelditzeko… Begira, 45 urte beteko ditut, eta 16 urteetatik nabil plazan gutxi gorabehera. Askoz neska gehiago lurperatu dut bide-bazterretan gizonak baino. Nik 16 urte nituenean bertsotan ibili ziren neska gehienak Bizkaian gaur egun ez daude bertsolaritzan edo beste modu batera daude. Gizonek askoz gehiago iraun dute, eta gehienak hor daude, ez daude txapelketan baina hor daude, eta bertsotan jarraitzen dute. Nik ez dut plazarik egin nahi emakumea naizelako, baina inork ez dit ukatuko jende askok egiten dituela plazak gizona delako. Hori horrela da, eta da imajinario kolektiboan gizonek leku gehiago daukatelako. Aldatzen ari diren gauzek beldurra ematen digute, baina niri ere bai! Denontzat aldatuko dira gauzak. Ez da etorriko feminismoa eta esango du: “benga, Josafateko zelaia; majoak izan direnak eskubira eta txarrak izan direnak ezkerrera”. Denok birkokatu beharko dugu geure burua, baina nik ere bai! Kontua da, bularrarenera ere itzulita, guk jende horrekin guztiarekin abestu dugula, gu baino belaunaldi bat eta bi gorago egon diren batzuekin, eta guk onartu ditugula joko-arauak. Denak. Deserosoenak izanda ere bai. Eta orain zer, joko-arauak aldatzen direnean ez dituzte gure joko-arauak onartuko? Bada, ez da justua. Orain etorriko zait niri ez dakit nor gauzak beste modu batera egin behar ditugula esatera? Ez dut nahi, nik ez diot inori esan gauzak beste modu batera egin behar direla; egin dudana izan da pringatu eta gauzak aldatu.

Onena zara eta pila bat maite zaitugu. Badakizu, ezta?

Bai! Hau hala da. Niretzako nire bizitzako bi harrotasun nagusiak dira irautea eta hainbeste jendek maita nazan lortzea. Niretzat entzutea Haizea Arana esaten “Onintza Enbeita gure ama da” eta zuek txaloka… ba begira, hau da inoiz amestu ez nuena baina hauxe da nahi nuena. Nik ez dut egin hau dena inoren erreferente izateko, baina igual bizitzak egin didan erregalu potoloena hori da. Eduki dut irauteko gaitasuna, eta irauteak merezi izan du. Orain argi daukat, merezi izan du. Zenbat aldiz pentsatu ote dudan “a la mierda dena, ez dut nahi!”. Ba orain eskerrak iraun dudan. Bizkaiko txapela daukat eta berezia da niretzat eta hori guztia, baina ni ezerk harro sentiarazten banau horrek egiten du. Zuekin egoteak eta zuek gauza horiek esateak. Lotsatu egiten naiz baina aldi berean esaten dut: “ostra, ze guay”. Niretzat hori da. Edo konturatzea, eta hau ezin da esan, ba igual ni baino bertsolari hobeak asko daudela, baina nik daukadala hori. Sakonean, orain esatera noana ezin da esan, baina…

Itxaron, grabagailua geratuko dut.

Bai, hori da.

Eskerrik asko, ama <3

Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita Onintza Enbeita