Peio Etxabe: "Bertsotan hasteko eta ikasteko ez dago adinik"

Peio Etxabe: “Bertsotan hasteko eta ikasteko ez dago adinik”-

Maria Maya Manterolak idatzi artikulutik, Baleike webgunean.


Zumaiako bertso eskolako irakaslea da Peio Etxabe oikiarra. Haurren bi talde zuzentzen ditu, eta helduen taldean ere aritzen da bertsotan. Bertso eskolan izena ematera gonbidatu ditu haurrak elkarrizketa honetan.

Peio Etxabe: "Bertsotan hasteko eta ikasteko ez dago adinik"
Argazkia: Maria Maya Manterola

 

Iaz hasi zen Peio Etxabe bertso eskolako irakasle lanetan, baina konfinamenduagatik eten egin behar izan zituen eskolak. Ikasturte berriarekin ekin diote berriz ere. Eusko Jaurlaritzak astelehenean ezarritako neurri murriztaileak baino lehen egindako elkarrizketa honetan, bertso eskolan parte hartzera gonbidatu zituen Etxabek haurrak.

Lehenbiziko aldia duzu bertso eskolako irakasle zabiltzala. Zer moduz?
Iaz ere hainbat hilabetez aritu nintzen, irailetik martxora edo, baina eten egin zen konfinamenduagatik. Itxialdia amaitu zenean, ikasturteari nolabait itxiera emateko, Oikiako elkartean merienda egin genuen. Orain bi talde daude bertso eskolan: hiru lagunekoa bata, eta bikoa bestea. Horrez gain, ostegunetan helduen taldeko eskola ere izaten dugu; lau gara talde horretan. Jende gehiago apuntatu zedin deialdia egin genuen, baina inor ez zen agertu.

Adinaren arabera banatu dituzue bi taldeak, edo mailaren arabera?
Adinaren arabera. Aitor Salegirekin hasi zirenak txukun moldatzen dira, eta nirekin orain hasi direnak apurka ari dira, bertsotan hasteko ez baitago adinik.

Bertso eskolara heltzen direnean, zer dakite bertsoaz?
Ni hontan berria naiz. Iaz zortzi urteko ikasleak izan nituen, eta ez zekiten silabak zer ziren ere. Dena berria zen beraientzat. Beste batzuk, berriz, etxetik zerbait jaso dute eta doinuak ezagutzen dituzte. Denetik dago.

Iaz sei edo ginen, eta gela txiki horretan larri sartzen ginen. Orain bi pertsonako taldea nahiko tristea da, baina taldeak txikiak izateak laguntzen du.

Metodologia zehatz bat erabiltzen duzu irakasteko?
Ez. Liburuetatik bertso zaharrak irakurtzen hasten gara, eta, gero, pixkanaka bat-bateko ariketak egiten ditugu. Jolasa bezala planteatzen saiatzen naiz, nahiz eta ez den erraza.

Zerk eramaten ditu haurrak bertso eskolara?
Aitor Salegirekin hasi ziren haurrek taldetxoa dute egina dute, eta esango nuke jendaurrean bertsoak abestea ere gustoko dutela.

Eta zu nola hasi zinen bertsotan?
Lagunengatik izan zela esango nuke. Lehenbizi Zumaian hasi nintzen, eta urtebetera edo, Oikian bertso-mosteoa egin genuen. Bertso poteoa bezala, baina mostoa edanaz. Gero, Unai Gijarrorekin hasi ginen, eta antzerki antzeko bat ere egin genuen, bertso tramaren antzeko zerbait. Ni oso eroso sentitzen nintzen giro horretan. Ingurua banuen, baina ez dut etxetik jaso.

Helduen taldean lau biltzen zaretela aipatu duzu.
Bai: Irati [Arakistain], Joar [Garate], Unai [Sarasua] eta ni. Eskolartekoan ere badabiltza Joar eta Irati. Duela gutxi izan zen finalaurrekoa, eta Iratik finalera heltzeko esperantza bazuen ere, ez du lortu.

Beraz, eskolartekorako prestatzeko entrenamendua ere bada haientzat bertso eskola.
Bai. Bestelako sariketak ere izaten dira: bertso paper lehiaketak, Zumaiako bertso eskolak antolatutako Bota bertso bat!… Ikasleei ere eskatzen diet horietan parte hartzeko. San Telmo sarira aurkezteko ere esaten diet; beraiek gai direla ikusteko modu bat da.

Zeu ere aritzen zara tarteka jendaurrean bertsotan.
Festetan eta izaten ditut saio batzuk, Santa eskea ere bai, inauteriak… Plaza fijo batzuk baditut.

Gogoratzen naiz nire lehen saioa Zumaiako gaztetxean egin nuela, santelmoetan. Oroitzapen onak ditut, eta gogoratzen dut sentsazioa izan zela gazteak ari zirela hurreratzen bertso mundura.

Nolakoa da haurrekin izaten duzun bertso eskolako saio bat?
Ni lanetik heltzen naiz, eta pixka bat giroan sartzen joateko, oinekin jolasen bat egiten dugu. Adibidez, hamar oin idaztea. Gero, oin horietatik lau aukeratu, eta horiekin bertsoa osatzeko ariketak egiten dituzte, esaterako. Helduekin, berriz, puntuka hasten gara, gero koplatan, puntuerantzunak, bakarkako gaiak…

Oraindik badago bertso eskolan izena emateko aukera?
Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrerako haur guztiak gonbidatuko nituzke bertso eskolan parte hartzera. Informazio gehiago nahi duenak 682-53 87 99 telefono zenbakira deitu dezake. 

Peio Etxabe: “Bertsotan hasteko eta ikasteko ez dago adinik”-
Peio Etxabe: “Bertsotan hasteko eta ikasteko ez dago adinik”-
Peio Etxabe: “Bertsotan hasteko eta ikasteko ez dago adinik”-
Peio Etxabe: “Bertsotan hasteko eta ikasteko ez dago adinik”-