Rufino Iraola, bertsolaritzaren eta bizitzaren miatzaile nekaezina

Rufino Iraola, bertsolaritzaren eta bizitzaren miatzaile nekaezina –

N.Azurmendik Diario Vascon idatzia.


 

Bertsozale, idazle eta DV-ko kolaboratzaile zaldibiarra atzo hil zen Donostian, 73 urterekin

 

Rufino Iraola, bertsolaritzaren eta bizitzaren miatzaile nekaezina
Hiru hamarkadaz partekatu ditu Rufino Iraolak bere gogoetak egunkari honetako irakurleekin. / JOSE USOZ

 

Rufino Iraola Garmendia (Zaldibia, 1945-Donostia, 2019) atzo hil zen ezustean, osasun arazo batek okerrera egin ondoren. 1945eko arazoaren 16an jaioa, 73 urte zituen. Haren aldeko hileta-elizkizuna bihar izango da, Zaldibiako Santa Fe parrokian, 19:00etan.

Bertsolaritzaren arlo askotan jardundakoa, bertsozale amorratua zen lehenik eta behin, saioz saio bertsoak grabatzen hasi zen aurrenetakoa, grabagailuak-eta ohikoak ez ziren garaietan. Sortu ere egiten zituen, idatziz, bertso-paper lehiaketa ugaritan nagusituz. Bertsolaritzari eta bertsolariei buruzko makina bat artikulu idatzi zituen, saioei buruzko kronika bikainak barne. Eragile eta epaimahaikide lanetan ibilia zen halaber. Besteak beste, 1986ko eta 1989ko Euskal Herriko Txapelketetan.

Horren barneratua zuen bertsoa, non kirofanorako bidea hartu aurretik familiaren eskuzabaltasunari esker orrialde honetara ekarri ditugun bertsoak idatzi zituen; egoeraren larritasunaren jakitun, baina baikor eta inguruan zituenekiko adeitsu.

Etxean jasoa

Jaiotetxetik, Olegi baserritik, zetozkion afizioa eta bertsoarekiko hurbiltasuna. Aita bertsotan ibiltzen zen herriko taberna eta elkarteetan. Amak, berriz, gogoko zuen bertso zaharrak kantatzea. Zortzi anai-arrebako familian, Patxi Iraola Garmendia izan zen Plazako bertsolaria, bere garaiko Goierriko bertsolarien artean ezagunenetakoa. Joan den apirilean hil zen, 83 urterekin. Rufinok, aldiz, nahiago zuen bertsoak idatzi, bertsoak aztertu, bertsoei eta bertsolariei buruz jardun. Beste hainbat gairi buruz ere bai, bertsolaritzaren zein bizitzaren miatzaile nekaezina izan baita, ezagutza gose.

Aurreneko ikasketak herriko eskolan egin ondoren, Arantzazun ibili zen, eta Beasaingo Lasallen ere bai. Nahi baino lehenago amaitu behar izan zituen ikasketak, eta gazterik hasi zen lanean, baina ikasteko grina ez zitzaion sekula itzali. Hainbat fabrikatan -Zumarragako Esteban Orbegozon; Beasaingo CAFen; herriko altzari fabrika batean…- aritu zen lanean, ajustadore aurrena, bulegoan ondoren, baina beste bide batzuk jorratu nahi zituen berak.

Liburuak

 

Bertsolaritza

‘Artxanberriren ziriak, Patxi Errotaren ugaritasuna, Jainkoaren ateraldiak’, ‘Ñañarriri begira’.
Bestelakoak
‘Dena dago zatitxo baten baitan’, ‘Zaldiarangoak’, ‘Hire magalean’, ‘Abaraskak’, ‘Bihotzaren zelaietan’.

Gizonezko heldu eta ezkondua zen, seme zaharrena ere jaioa zuten berak eta emazteak, Bergarako UNEDen aurrena eta azkenik Donostiako Magisteritza Eskolan Irakasle titulua, Euskal Filologia espezialitatean, atera zuenerako. Urretxuko, Zarauzko eta Lasarte-Oriako udal euskaltegietan aritu zen irakasle. Azken horretako zuzendaria zela hartu zuen erretiroa.

Behatzaile zorrotza eta idazle fina, literaturgintzan eta zutabegintzan landu zituen dohain horiek. 1994an hasi zuen ibilbide literarioa, Irungo Hiria Saria eman zion ‘Dena dago zatitxo baten baitan’ ipuinarekin. Beste bi narrazio argitaratu zituen, ‘Zaldiarangoak’ (2000, Hiria) eta ‘Hire magalean. 103. gelako gutunak’ (2001, Alberdania). Hiriarekin argitaratu zituen halaber ‘Abaraskak’ aforismo liburua (2000) eta ‘Bihotzaren zelaietan’ bilduma (2008). Bertsolaritzaren inguruko liburuei dagokienez, ‘Artxanberriren ziriak, Patxi Errotaren ugaritasuna, Jainkoaren ateraldiak’ argitaratu zuen 1999an, Sendoa argitaletxearen eskutik, eta 2003an, Auspoa bilduman, ‘Ñañarriri begira’.

Hainbat hedabidetan -HABEn, Goierritarran, Bertsolarin, Euskaldunon Egunkarian- argitaratu ditu artikuluak, baina loturarik luzeena eta oparoena, hamarkadatakoa, EL DIARIO VASCOrekin izan du, irakurleekin asteroko hitzordu bilakatu zuen ‘Bai Horixe’ atalaren bitartez batik bat. Joan den ostegunean argitaratu azkeneko zutabea, ‘Bihotzarekin hitz egin’ izenburua zuena.

Azken bertsoak

Gipuzkoako poliklinikan

minak hona ekarririk,

leku hobean ez daike egon

gaixo eta elbarririk.

Larri nagola esaten dute,

baina ez daukat larririk:

Joateko jaio gara mundura,

ez dago esan beharrik.

Lepo azpiko bertebrak dauzkat

elkarri gehiegi joak,

besoak eta hankak ere bai,

ezta sikiera kojoak.

Gaitz guzti hauek daude guretzat

eta dira mundukoak.

Momentu hontan ez nago gaizki

eta gero gerokoak.

Resonantzia, tac nuklearra,

izpiak eta scanner,

nere burura fisiko asko:

Einstein, Planck, Niels Bohr,

Heisenberg…

Horiei esker hemen dauzkagu

hainbeste teknika eder,

esango dute gero ez dala

kuantikan ulertzen ezer.

Nire atzetik prozesioan

mediku ta erizainak.

Dudarik gabe guztiak ere

profesional bikainak:

bata euskaraz, bestea erderaz

guztiak hiztun apainak.

Hoientzat ez du sekula izango

hitz txarrik nere mingainak.

Rufino Iraola, bertsolaritzaren eta bizitzaren miatzaile nekaezina
Rufino Iraola, bertsolaritzaren eta bizitzaren miatzaile nekaezina