Salbuespena. Miren Artetxe

salbuespena

Miren Artetxek (@mirenartetx2016ko azaroaren 20ean Argia aldizkarian plazaratutako idatzia.
 

Salbuespena

 

1894ko udazkenean Aña Etxegarai Debrua-k irabazi zuen Hazparneko Euskal Bestetako bertso-sariketa. L’ Avenir egunkariko kronista jaunak, ezusteko harrigarri hura azpimarratzen du: “Lehen sexu indartsuari soilik zegokion –bertsolaritzaren– generoa, baina, orain gain hartu dio sexu ahulak”.

Emakumeak irabazi izana sorpresa, beraz, berriz. Ez baitzen lehen aldia hura. Mariana Hargainek irabazi zuen Kanboko sariketa 1888an. 1869an, Maria Luixa Erdozio izan zen garaile Saran –baita handik sei urtera ere–. D’Abbadie jaunak ezkontza eskaera jarri omen zien gaitzat azken horri eta Jatsuko zapatariari. Le Courrier de Bayonne-n aipatzen du Julien Vinson jaunak plaza irriz leherrarazi zutela. Gehitzen du, alta, ez zela ohikoa emazte bertsolariak kantuan aritzea. Sariketa berean, bi urte berantago, bostetik hiru bertsolari emazteak ziren.

Bertsoa bertso denetik ari izan dira emazteak bertsotan. Eta beti egon dira botere-mekanismoak plazara agertu ez edo plazatik desagertu zitezen. Daitezen. Azpimarragarria ezbaita soilik mekanismo horiei aurre egin zieten emakumeak egon izana beti. Azpimarragarria, berez, emakume horiek ikusezin ala salbuespen bihurtu izana bera baita.

 

 

salbuespena
Joxepa Anttoni Aranberri bertsolaria
salbuespena