Testuinguruaren kontra

Testuinguruaren kontra –

Mikel Lizarralde eta Mikel P.Ansa, Berria egunkarian.


Inaxi Etxabe bertsolaria hil da, 87 urterekin. Lehenengo emakume bertsolarietako bat izan zen, eta, gizonezkoen esparrua debekatuta, bertso jarrietara bideratu zuen jarduna.

Testuinguruaren kontra
Inaxi Etxabe, 2015eko Gipuzkoako Txapelketako finalean. JON URBE / FOKU (BERRIA)

 

Ezaguna da anekdota. Iñaki Eizmendi Basarri bertsolari eta euskal kulturaren ordezkari ezagunak Aitonaren malkoak izeneko bertso sorta argitaratu zuen 1955ean Anaitasuna aldizkarian, eta, bertan, bere ustez emakumeek gaizki egiten zituztenak aletzen zituen: «…ekaitz gaiztoek soroak galtzen dituzten bezela / sinista zazu emakumeek galdu behar gaituztela». Edo «…musu eta azal eta gainontzeko margo ta hautsez beteak / apaindurik eta lujoz aberats eta mahaian arloteak». Ez zitzaizkion bertsoak gustatu Inaxi Etxaberi, eta erantzun egin zion beste bertso sorta batekin, gizonezkoek gaizki egiten zituztenak kontatuz. Etxabe, Basarriri aurre egin zion emakume bertsolaria, larunbatean hil zen. 87 urte zituen, eta orain dela bost agertu zen, berriro ere, komunikabideetan eta oholtza gainean, Beñat Gaztelumendiri txapela jarri zionean Gipuzkoako finalean.

Etxabe (Zumaia, 1937) Oikiako Soutz baserrian jaio zen, eta oso gaztetatik izan zuen bertsorako eta kanturako zaletasuna. Kontatzen zuenez, isildu gabe aritzen zen kantuan etxeko lanak egin bitartean, eta behizain joaten zenean ere beti eramaten zuen patrikan aitak edo anaietakoren batek nonbaitetik ekarritako bertsopaperen bat. Kantatu eta kantatu, eta buruz ikasten zituen.

Bertsolari izatea estimatua zen Oikian, baina emakumeentzako esparru itxia zen hura. Gizonezkoen mundua zen erabat: «Bai, eta nik ez nuen haiekin kantatzen. Tabernan-eta ez nuen kantatzerik; bestela, segidan jarriko zidaten fama txarra!», adierazi zuen 2015ean BERRIAri emandako elkarrizketan. «Ni beti ibili naiz eliz giroan kantuan. Buruan bertsoak hartzen ona nintzen, eta jartzen ere txukuna, baina bat-batekoa… Pena handirik ere ez dut tabernetan ez ibili izanarena. Nik neurea egin dut».

Bere burua ez zuen bat-bateko bertsolaritzat, eta «beldurra» ematen ziola aitortzen zuen: «Inork ez dit ezer erakutsi, ez didate horretan lagundu. Ni bakarrik aritu izan naiz bertsoak ikasten eta horrela. Zaletasuna ikaragarria izan baitut».

Elizari lotutako ekitaldi eta ospakizunetan kantatzea egokitu zitzaion askotan: ezkontzetan, urrezko ezteietako bazkarietan eta baita Zarauzko (Gipuzkoa) Euskal Jaietako herri mezan ere. Bere lehenengo jendaurreko saioa, hain zuzen ere, San Frantziskoren hirugarren ordenakoen lagunarteko bazkarian egin zuen, eta ondoren, berriz, Arantzazun kantatu zuen, hara gogo-jardunak egitera joan zenean. Geroago hango aldizkarian argitaratu zituen bertso idatziak. Idatzi egiten baitzuen ezeren gainetik Etxabek: «Edozein lekutan nenbilela ateratzen nituen. Arantzazun sariketa bat irabazi nuen 1956an. Bostehun pezetako saria bazen zerbait. Bertso haiek soroan baina biltzen nenbilela atera nituen. […] Arantzazuko kondaira ere egin nuen bertsotan: 70 bertso dira».

 

Basarrirekin harremana

Basarrirekin ika-mika izan zuen arren, Etxabek gustuko zuen haren bertsolari jarduna. «Batzuek esaten zidaten Uztapide hobea zela, naturalagoa zela, baina niri Basarri gustatu, kantatzeko moduagatik, luze kantatzen baitzuen». Harreman handirik ez zuen izan harekin, baina, ez ika-mikaren aurretik, ezta ondoren ere: «Ni ez nintzen atrebitzen beragana joaten, eta bera ez zen etortzen. Baina badakit nigandik gauza onak esaten zituela, baita eman nion erantzun horrekikoak ere».

Estitxu Eizagirre Kerejeta kazetari eta bertsolariak idatzi zuen Bidea urratu duten bertsoak bilduma. Han ere agertzen da Inaxi Etxabe. Marka berezia du. «1933an jaio zela esaten ari gara. Gure belaunaldiko bertsolariek ez genekien garai hartan emakume bertsolariak bazirenik ere. Gu hazi gara pentsatuz Kristina Mardaras-eta izan zirela aurrenekoak, eta lehenago ez zegoela ezer».

Urte haietan emakumeak plazan ari zitezkeela susmatu ere ez zuten egiten. Iruditeria kolektiboan txertatua dagoen sinismen bat da, Etxabe eta hura bezalako zenbaitek urratzen dutena. Eta testuingurua inondik ere aldekoa ez zuten garai batean, gainera. Hori nabarmendu du Eizagirrek: garai haietan bertsolari batek behar zuen ausardia bildu, inguruan errespetua irabazi, eta segurtasuna izan behar da kantuan aritzeko. Emakumeentzat debekatua zegoen jardun batean.

Basarriri erantzunez idatzi zuen bertso sorta hark ezagutzera eman zuen Etxabe. «Adierazgarria» iruditzen zaio Eizagirreri, Basarri pertsonaia «kontsakratua» zelako. Eta, zer, eta gizon heldu prestigiodun batek garai hartako neska gazteen ohiturak kritikatuz idatzitako bertso batzuei erantzun zien. Basarriri erantzuteko ausardia behar zen, eta gai horri buruz erantzuteko, are gehiago. Nolabaiteko kontzientzia adierazten du, hortaz. «Berak oso argi adierazi zituen zein ziren garai hartako mugak, oso kontzienteki. Baina berak berea egin zuen».

Akaso bertsoetan eta plazan ez zioten lekurik utzi egin zezakeen ekarpena egiteko. Baina belaunaldi berrienetara iritsi da haren irudia eta haren eredua. «Eskerrak halako emakumeen berri izan dugun, iraganaren ikuspegia osatzeko», errematatu du Eizagirrek.

Testuinguruaren kontra
Testuinguruaren kontra
Testuinguruaren kontra