Urko Egaña: “Liburua izateko asmotik, formatu desberdinak hartzera pasatu da ‘Geure Mitologia’ proiektua”

2022-04-15

Urko Egaña –

Nerea Urangak UZTARRIAn.


 

Urko Egañak (Azpeitia, 1979) Geure mitologia, Potx eta Lotxen ibilerak liburua, kantua eta ikus-entzunezkoa aurkeztu ditu. Leire Derteanoren ilustrazioekin eta Potx eta Lotx pailazoekin elkarlanean osatu du proiektua. Aurkezpen emanaldia apirilaren 6an egin zuten Ataunen (Gipuzkoa), hango Jentilbaratza kultur elkarteko antzezleek lagunduta.

 

Urko Egaña

Geure Mitologia, Potx eta Lotxen ibilerak’ liburuaren aurkezpenean, Urko Egaña makurtuta.

 

Haur txikiei zuzendutako Geure mitologia, Potx eta Lotxen ibilerak liburua, kantua eta ikus-entzunezkoa ardatz dituen proiektua aurkeztu berri du Urko Egaña bertsolari azpeitiarrak. Bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezko diziplinak uztartuta aurkeztu zuten Egañaren lan berria joan den asteazkenean, apirilaren 6an, Ataunen, Potx eta Lotx pailazoek eta Jentilbaratza kultur elkarteko aktoreek. Pertsonaia mitologikoei buruz Egañak egindako koplak biltzen ditu liburuak, Leire Derteanok egindako ilustrazioek lagunduta, horrez gainera kantua eta ikus-entzunezko bideo bat ere baditu.

Geure Mitologia proiektua aurkeztu duzue. Nondik nora sortutako egitasmoa da hori?

Oñatin bizi naiz ni, eta pandemia baino zertxobait lehenago, hango ikastolako irakasle batek, nire alabaren ikas-maila guztirako, pertsonaia mitologikoen inguruan kopla batzuk egingo al nituen galdetu zidan. Dozena erdi bat kopla osatu nituen. Ondoren, bertso haiek erabili ahal zitzaketen galdetu zidaten handik eta hemendik: guraso batzuk ibilaldi mitologiko bat egiteko, Zumarragako eta Oñatiko beste ikastetxe batzuetan erabiltzeko… Hori ikusita, euskal mitologiaren inguruan material gehiago sortzea pentsatu nuen. 11 kantatzeko libururako marrazkiak egin zizkidan Leire Derteanorekin harremanetan jarri nintzen nire asmoaren berri emateko, eta ilustrazioak egingo zituela esan zidan. Handik aurrera, pixkanaka-pixkanaka proiektua loditzen joan da. Josu Zubia Potx pailazoa laguna dut –bera pailazoa baino lehenago musikaria da–, eta hari koplak musikatzeko modurik ikusten ahal zuen galdetu nion, eta hura ere batu zen proiektura. Azkenean, harekin lanean ari nintzenean ez nekien pailazoarekin edo musikariarekin ari nintzen. Musikaren bidez, liburua izateko asmotik formatu desberdinak hartzera pasatu da Geure Mitologia, Potx eta Lotx pailazoekin elkarlanean

Zer esan nahi duzu horrekin?

Berez liburua da sortu duguna, baina liburuaren bukaeran bi QR kode jarri ditugu: horietako batek zuzenean audio bat deskargatzeko aukera ematen du, eta besteak, berriz, bost minutu inguruko ikus-entzunezko bat ikustekoa.

Euskaraz sortu duzue proiektua, baina zeinu hizkuntzari ere lekua egin diozue.

Euskarari garrantzia ematea ondo datorkigu, hala sentitzen dugulako. Baina gorren komunitatearen hizkuntzari keinu bat egitea ere betegarria da, eta horretan saiatu gara. Oñatiko, Azpeitiko eta beste herri batzutako gorren komunitateak ezagutzen ditut, eta horiek beren hizkuntza propioa dute. Zeinuen hizkuntza, euskara bezalaxe, hizkuntza gutxitua da. Zeinuen hizkuntzan euskarazko hitzak badauden arren, ez daukate halako indarrik. Arantxa Martin zeinuen hizkuntzaren itzultzaile eta irakasleari proposatu nion ea proiektuan parte hartzea nahi zuen, eta sortu dugun ikus-entzunezkoan zeinu hizkuntzaren bidez koplak helarazten ditu Martinek. Nik inguruko jendeari erronka bezala esanda daukat kopla batzuk ikastea gustatuko litzaidakela zeinuen hizkuntzan. Saiatuko naiz horretan, eta Arantxa ere prest azaldu zait erakusteko.

Liburua Ataunen aurkeztu duzue, jende askok parte hartu duen emanaldi baten bidez, gainera.

Euskal mitologia aipatuta niri aurrena bururatzen zaidan herria Ataun da, eta aurkezpenerako Ataungo Jentilbaratza kultur elkartearekin jarri nintzen harremanetan, eta mundu bat zabaldu zitzaidan, edozer egiteko prest azaldu zirelako. Aurkezpen emanaldirako Potx eta Lotx pailazoekin gidoi bat prestatu genuen, eta Ataungo 26 bat aktorek parte hartu zuten aurkezpen ekitaldian, pertsonaia mitologiko desberdinak antzeztuz. Bukaeran, liburua eta ikus-entzunezkoa aurkeztu genituen.

 

Urko Egaña

Geure Mitologia proiektuaren aurkezpen emanaldia Jentilbaratza kultur elkartekoekin, apirilaren 6an, Ataunen.

 

Beraz, tokitan gelditu dira hasieran sortu zenituen dozena erdi koplak, ezta?

Bai, hala da. Aurreneko koplak sortu nituenean, haurrei buruan berehala sartzen zitzaizkiela, azkar ikasten zituztela, konturatu nintzen. Orduan, euskal mitologiaren inguruko jakintza pixka bat zabaltzeko helburuz sortu nituen kopla gehiago. Nik nire ahalegina zentzu horretan egin dut, eta gero, beste guztiek jarri dutenarekin borobildu dugu proiektua. Lan hau osatzeko bidean izugarri gozatu dugu. Leire Derteanoz, Potx eta Lotx pailazoez, Arantxa Martinez eta Jentilbaratza kultur elkartekoez gainera, beste batzuk ere parte hartu dute proiektu honetan. Ekaitz Garmendia musikari azpeitiarraren estudioan grabatu dugu, Karrantzan. Olatz Amozarrainek txirula jo du kantuan. Gertuko eta inguruko jendea elkartzen joan nahiz, eta jende asko ezagutu dut bidean, eta oso-oso gustura nago.

Bertsozale elkarteak ere lagundu dit proiektuarekin, eta Bertso Ikasgelan jarri dute eskuragai libururako sortutako ikus-entzunezkoa. Era horretan, bideoa eskura egongo da bertso eskoletan edota ikastetxeetan material gisa erabili ahal izateko.

Zer adin tarteko haurrei zuzendutakoa da?

Aurkezpenerako prestatutako emanaldia 6-7 urtetik aurrerakoentzako modukoa da. Liburua, berriz, letra larriz dago idatzita, eta irakurtzen hasten ari direnentzako modukoa izango litzateke.

Non eskuratu daiteke Geure Mitologia, Potx eta Lotxen ibilerak liburua?

Azpeitian Garoa tabernan daude salgai liburuak, eta Elkar liburu-dendetan ere egongo dira, baita Potx eta Lotx pailazoen webgunean eta haiek nonahi egiten dituzten emanaldietan ere.

Behin proiektua eta liburua aurkeztuta, hemendik aurrera zer?

Ez dakit ezer ere. Aterik ez dugu itxiko, ikusiko dugu.

 

Urko Egaña
Urko Egaña Urko Egaña Urko Egaña Urko Egaña