Xabier Amuriza: "Funtzionario batek lagundu zidan 'Hil ala bizi' nobela kartzelatik ateratzen"

Xabier Amuriza –

Harri Fernandezek Deia egunkarian.


 

GIZA ESKUBIDEEN ZINEMALDIAN ‘APAIZ KARTZELA’ DOKUMENTALA PROIEKTATUKO DA GAUR ARRATSALDEAN ANTZOKI ZAHARREAN

 

Xabier Amuriza

 

Xabier Amuriza bertsolaria 1969tik 1975ra Zamorako apaiz kartzelan espetxeraturik egon zen, beste asko bezala, frankismoaren aurka eta Euskal Herriaren eskubide politiko, sozial, kultural eta linguistikoen alde borrokatzeagatik. Bere testigantza, beste elizgizon ohi zenbaitenekin batera, Oier Aranzabalek, David Pallarèsek eta Ritxi Lizartzak sinatu duten Apaiz Kartzela dokumentalean jaso da. Gaur, Antzoki Zaharrean proiektatuko da Giza Eskubideen Zinemaldiaren programaren baitan.

Zer sentitu zenuen pelikula honetarako Zamorako kartzelara itzultzean?

Denborarekin norbere sufrimendu lekura itzultzeak oroitzapen gazi-gozoak ekartzen ditu. Hainbeste denbora pasa eta gero, itzulera zirraragarria izan zen, emozio handikoa. Ni 1975ean atera nintzen, baina beste batzuk gelditu egin ziren bizpahiru urtez. Nik ez nuen itzuli nahi izan, baina 50 urte pasata, gauzak beste modu batean ikusten dituzu. Baten batek esan zidan ez al nuen amorrurik sentitzen; ez nintzen mendeku bila joan, gure bizitzako momentu batera itzultzera izan zen. Zoragarria izan zen, batik bat, bagenekielako zertara gindoazen: dokumentu garrantzitsu bat sortzera. Gainera gure alaba ?Miren Amuriza? ere etorri zen; eta etxean hainbeste aldiz entzundako hura ikusi egin zuen. Uste dut Euskal Herrirako eta mundurako dokumentu interesgarria izango dela Apaiz Kartzela.

Munduan ez da beste apaiz kartzelarik izan.

Mundu modernoan nik ez dut ezagutzen, Europa aldean behintzat, horrelakorik; horrexegatik itxi zuten, traba egiten zielako. Kontradikzio handia zen. Konkordatua aldatua egongo da, baina Vaticanoaren eta Espainiako Estatuaren arteko tratua indarrean dago.

Elizgizonak izanik eta kartzelan zeundetela, nola sentitzen zenuten Elizaren papera horretan guztian?

Jende asko pasa ginen eta ez dut esango guztiok berdin pentsatuko genuenik. Batzuk, oraindik ere, apaiz izaten jarraitzen dute. Guk banekien han isolaturik geundela abade izanagatik bai, baina bereziki arazo politiko, sozial eta kulturalengatik. Euskal Herriak frankismoan bizi zuen egoeraren kontra borrokatu ginelako, maila batean. Preso moduan bizi izan genuen, elizgizon moduan baino.

Konkordatuak agintzen zuen kleroak ezin zuela kartzelara joan.

Zigorrak komentutan edo monasterioetan bete behar ziren. Guk aurre egin genion horri eta beste gauza askori. Euskal Herriak bizi zuen olatu orokorrean hori irlatxo bat zen. Gerora, dispertsioarekin egoera gogortu egin zen, baina garai hartan dispertsiorik ez zegoen ezarrita; eta gu han geunden, Zamoran, isolaturik. Ez genuen kanpoko munduarekin inongo harremanik. Pribilegioa izango zena, gure-tzat zigor handiagoa bihurtu zen.

Zuek preso politikoekin egon nahi zenuten.

Hori zen gure planteamendua. Konkordatuan zetozen pribilegioei uko eginez, hori lortu nahi genuen, gure burua preso politikotzat geneukalako. Apaizak ginen, baina ez geunden han apaiz izateagatik, delitu politiko bat egotzi zigutelako baizik.

Zu, konkretuki, beste batzuekin batera, 1969an Bilbon gose greba eta itxialdi batean parte hartzeagatik zigortu zintuzten.

-Bost lagunek gose greba eta itxialdia egin genuen. Aurreko beste ekintza batzuetan ere parte hartu genuen, adibidez, Derioko itxialdian. Nik beti diot ez ginela antifrankistak izateagatik bakarrik egon; gu Euskal Herriaren eskubide politiko, sozial, kultural eta linguistikoen aldeko borrokarengatik izan ginen kartzelatuak. Horrelako ekintza askotan parte hartu genuen. Gauzak berotzen hasi ziren, eta aurki jabetu ginen apaiz izateagatik geneukan inpunitatea bukatu eta guregana etorriko zirela, eta halaxe izan zen.

Nolakoa zen kartzelako egunerokotasuna?

54 bat elizgizon pasa ginen Zamoratik. Euskal Herrikoak gehienak, bereziki Bizkaia eta Gipuzkoakoak. Madrildar pare bat pasa ziren, baita galegoren bat ere, eta bizpahiru katalan. Hasieran masifikazio handia zegoen. Tunela egin ostean, kondena txikiko zigorra zutenak Carabanchelera eraman zituzten Zamorara eraman beharrean. Horrekin, kanpotik sartzen zitzaigun oxigeno apurra kendu ziguten. Zazpi lagun, hiru urtez, inor berririk ikusi gabe egon ginen. Kartzelako erakundearekin konfrontazioak bilatzen genituen. Lekua ere txikia zen: momenturen batean 25 bat ere egon ginen. Bisitak ere gutxi izaten genituen. Kartak zentsuratu egiten zituzten, vis a visik eta horrelakorik, pentsatu ere ez. Esan behar da, gerora, beste kartzela batzuk ere asko gogortu zirela.

Protestak ere egin zenituzten. Nolakoa zen funtzionarioen jarrera?

Zenbat eta protesta gehiago, kartzela gogorragoa egiten ziguten funtzionarioek. Batzuk erdi paso egiten zuten, baina gehienak zorrotz aritzen ziren gure kontra. Adibide bat jartzearren, Zamorara iritsi nintzenean Zerbitzu buru bati honakoa entzun nion: Antes luchamos contra los padres y ahora lo haremos contra los hijos. Horrekin jai izango genuela pentsatu nuen.

Lurrazpiko tunel bat eginda ihes egin nahi izan zenuten. Nola egiten da zulo bat tresnarik gabe?

Han harrapatzen genuen edozerekin, tenedore puska bat… Nola egiten den? Denbora askorekin eta zorte handiarekin. Hasi ginenean ez genuen pentsatzen azkeneraino iritsiko ginenik, baina horrela izan zen (barre egiten du). Urte bat baino gehiago eman genuen horretan. Ezin zen egunero lanik egin. Lurrarekin ere zortea izan genuen, ez zen harrizkoa eta, hondar-lurra baizik. Lanak erraztu zizkigun horrek, baita zuloa eror-tzeko arriskua handitu ere. Ez da sinisten erraza, baina egin zen.

Tunelaren amaieran argia ikustera iritsi al zinen?

Bai. Une hunkigarria izan zen hura. Oraintxe ikusten ari naiz: argi zulotxo bat, orratz begiaren antzekoa. Ez genekien zer alturatan geunden, alanbre batekin kalkulatu genuen: metro erdira. Momentu magikoa izan zen.

Kartzelan zinela ‘Hil ala bizi’ idatzi eta Aldous Huxleyren ‘Bai mundu berria’ itzuli zenuen.

Preso egon nintzen denborarako ez nuen askorik idatzi, batez ere, ez genuelako kanpora ateratzeko modurik. Hil ala bizi idatzi nuen, baina hori ateratzea epopeia galanta izan zen. Orain bai, aitortu dezaket, hil egin baita, funtzionario baten laguntzarekin atera nuen. Horrelako tokietan ere egoten dira aingeru-guardako batzuk. Bertsoak ere lehenengo urtean egin nituen, baina ez zegoen ateratzeko modurik. Zu ere bertsolari hangoa da eta Hiztegi errimatua, gehien bat, han egin genuen; lan kolektiboa izan zen. Atera nintzenean, zirriborro gordina ekarri nuen.

Kartzelan zinela aita hil zitzaizun.

Ezusteko handia izan zen. 64 urterekin hil zen. Bat-batean azkenekotan zegoela esan zidaten eta Basurtora eraman ninduten bera ikustera. Gogorra izan zen. Gainera martxan jarri zuten dispositiboarekin etxekorik apenas ikusteko aukera izan nuen. Gerora, hildakoan, itzultzea eskaini zidaten. Baietz esan nien, baina gero zer izan zen aurretik jakin izan banu, ezetz esango nuen.

Zergatik?

Nik ez nuen aita hilda ikusi nahi; baina pentsatu nuen, agian, aita ikusiz, etxekoak, parajeak eta herria ikusteko aukera ere izango nuela. Pentsatzen nuen Urkiolatik ekarriko nindutela eta Burgos aldetik ekarri ninduten. Aita etxean zegoela uste nuen eta Basurton zegoen, gorputegian. Aitaren gorpua, hilotz bat, ikusi, eta buelta egin genuen. Ez seniderik, ez lagunik, ez parajerik ez nuen ikusi. Itzulera tristea izan zen oso.

Xabier Amuriza
Xabier Amuriza
Xabier Amuriza
Xabier Amuriza