Xabier Amuriza: “Hamar pertsonaia historikoren bitartez, historiaz mendekatu naiz”
E-postaz jaso genuen berria. Xabier Amuriza idazleak bere webgunean jarri du liburua: Nik ere badakit hiltzaile izaten. Deskargatu, inprimatu, irakurtzen hasi… eta hantxe, historia ofizialaren hainbat protagonista, Amurizak berak zorrotz interpelatuak, amaieran haien memoria hiltzeko. Hobeko dute argi ibili “historialari, pentsalari eta lari guztiek”, egileak liburuaren amaieran idatzi duenez.
Historiaz mendekatu naiz –
Miel A. Elustondo, Idazleak.eus atarian.

Egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizen ez zen lekuan nengoela, ekarri zuen e-postak mezua: lan berria argitaratua zenuen zeure webgunean (amuriza.eus). Zertan zabiltza zure lanak sarean jartzen, dohainik deskargatzeko moduan?
Orain dela bi urteko kontua duzu. 82 urte bete, eta idazteari uzteko erabakia hartu nuen. Noizbait utzi behar nion, jakinik nire idazkiek ez zutela erantzun handirik jasoko. Neure buruari esan nion: “Zertan ibili behar duk heure azken urteetan, heure izatearen azken garaian, arrakastarik izango ez duten lanak idazten? Oraindik ez duk hiltzerik pentsatu behar, baina hire mundualdiak badik muga bat!”. Pentsamendu horiek nerabiltzala hartu nuen idazteari uzteko erabakia. Horrekin batera, ordenagailuan neuzkan hainbat lan plazaratzea izan zen azken lana. Zirkulua ixtea. Bertsolaritza uztea erabaki nuenean bezala. Zirkulua itxi.
Horrela etorri dira titulu horiek denak zure webgunera. Hamaika kontatu ditugu: Mundualdi bat zatika, Herrenaren mendekua, Lehoiaren begirada…
Ordenagailuan gordeta neuzkanak sarean jartzea pentsatu nuen, ze argitaletxe batek nire lanak publikatu nahiko balitu ere, “denak argitaratzerako, zuloan egon nintekek!”, pentsatu nuen. Eta webgune bat ireki eta lan guztiak bertan sartzea erabaki nuen. Harrezkero, hortxe egon dira, inork haietara jotzen zuen, ez zuen, batere ez nekiela, promoziorik ere egin gabe.
Lanak webgunean jarri zenituen, besterik ez idazteko erabakia hartuta. Baina oraingo hau idatzi duzu.
Bai. Hamabigarrena. Tximistak jotzen duenean bezala izan zen, kolpe bat buruan. Pertsonaia historiko batzuk hartu eta alderantzizko historia bat konta zitekeelako irudipena. Bihozkada bat, nahi baduzu. “Pertsonaia horiek hizketan jarri eta zorroztu on bat eman behar zieat!”, pentsatu nuen. ‘Harria pasatu’, esaten dena. Eta gero: “Baina ez. Erokeria duk. Zertan hasi behar diat atzera neure burua nahasten, nekatzen eta katramilatzen?!”. Baina ideiak hortxe segitzen zuen punpaka, eta aproba bat egitea pentsatu nuen, Julio Zesarrekin. Erromatar pertsonaiarik ospetsuena, seguruenik. Eta idazten hasi nintzen.
Nola, ordea? Zer idatzi Zesarri buruz, adibidez, idatzita ez dagoenik?
Nik egin nahi nuena zen Zesarri eta gainerakoei natural kontarazi haiek natural egiten zutena. Eta haiek esatea, ez neuk nahi nuena, baizik eurek natural sentitzen zutena. Pertsonaia bakoitza bere inguruko beste batzuekin gurutzatzea ere interesgarri iruditu zitzaidan. Dena intentzioz, txokea bilatuz, ironia ere baliatuz, egurra emanez, baina ahokada panfletarioak saihesten ahaleginduz. Julio Zesarrena zirriborro modura eginik, beste batekin probatzeak tentatu ninduen. Agripina. Eta berriz galdera: “Orain zer?… Neuk egiten ez badut, inork ez dik egingo!”, pentsatu, eta aurrera egitea erabaki nuen. Ideia lar tentagarria baitzen, bertan behera uzteko. Hala, pertsonaiak aukeratu, zenbat eta nortzuk erabaki, eta idazten jarraitu nuen.
Gaurko egunekorik ez, hala ere.
Ez. Pertsonaia historiko distanteak nahi nituen. Denok eskoletan ikasi ditugunak. Gaurkotasunarekin demarik ez dagoen garaietan ibili nahi nuen. Kriterio horren arabera hautatu nituen pertsonaiak, kontatu nahi nuena kontatzeko balio zutenak. Agripina, Julio Zesar, Alexander Handia, Kleopatra, Karlomagno, Inozentzio IV.a Aita Santua, Gaztelako Isabel I.a, Frantziako Louis XIV.a, Errusiako Katalina II.a eta Ingalaterrako Arthur Ingel. “Oraintxe ikusiko duzue!”, esanez neure artean, eta irakurleengan ere pentsatuz: “Ea norbaitzuek nik beste gozatzen duten!”. Esan bezala, ez nuen nahi diskurtso panfletariorik, arte bat izan zedila baizik. Egurra bai, baina literatura egiten saiatuz.
Egurra, pertsonaia hauei, alegia.
Eta historiari. Historia kontatzen den moduari. Eta pertsonaia hauei, jakina! Merezi duten tokian jarri nahi nituen, ze “Alexander Handia” esan ala “Alexander Kriminala”, bada aldea, e!
Eta kriminalak dira, zure lan honetan behin eta berriz aurpegira esan diezunez.
Izango ez dira, bada! Historiako kriminalik handienak! “Konkistatzaileak” —historian, artean eta pentsamenduaren eremu handi batean—, heroi mitikotzat aurkeztu zaizkigu. Zer da inperio bat? Konkisten segida bat. Zer da konkista bat? Inbasio, brutalitate, suntsiketa eta masakre handi bat, ondorengo zapalkuntza eta esplotazio gupidagabe batekin. Horixe zen adierazi nahi nuena, baina ez neuk zuzenean esanda, beraiei esanaraziz baizik. Kanpainak nolako harrotasunez eta auto-gorespenez egiten zituzten erakutsi. Karlomagnok zer egin zuen, bada, bere bizitza luzean, gerra besterik?!
Eta gerra gerra izan, atzo, gaur, bihar eta beti!
Hala ere, gaurko gerrak —batzuk, behintzat—, oso ezberdinak dira. Gutxienez, antzinako jeneralak frontera joaten ziren. Batzuk bertan hil edo zauritu ere bai. Oraingo buru militarrak ez doaz gudura. Alexander Handia, adibidez, behin baino gehiagotan zauritu zuten. Talka fisikoak agintzen baitzuen orduan.
Eta zuk talka dialektikoa aurkeztu diezu.
Hamar pertsonaia horien historiak idatzi ditut, neure sentieratik. Pertsonaia horiek, historiak emandako pedestaletik, dagokien pedestalera jaitsi nahi nituen. Eraitsi.
Eta hor datoz liburuan, bata bestearen atzetik, arestian aipatu dizkiguzun pertsonaia horiek denak.
Bai, bada! Isabel I.a eta! Amerikaren deskubrimendua. Zer “deskubrimendu” baina? Milaka urtetan han bizi ziren zibilizazioen lurralde bat “deskubritu”? Hura izan zen inbasio garbi bat, txikizio totala, suntsiketa basatia. Eta horrelaxe esan behar da. “Mundua horrela egina al dago?” Zoritxarrez, horrelaxe egina dago. Horrelaxe eraiki zen Espainiako inperioa, hango lur eta zibilizazioak inbadituz, txikituz, erailez, ahal zuten guztia harrapatuz, esplotatuz, hizkuntzak ere galtzera eramanez. Baina, esan dudanez, diskurtsoa neuk egin beharrean, pertsonaiei eurei esanarazi diet zer eta nola egin zuten.
Arestian esan duzu pertsonaia historikook pedestaletik jaitsi nahi izan dituzula. Hilda daudela ere, haien memoria hil duzu. Eta hortik izenburua: Nik ere badakit hiltzaile izaten.
Elkarrizketak eta narrazioak konbinatu ditut. Horretarako, bizirik irudikatu behar nituen. Pizturik, beraz. Eta kapitulu bakoitzaren bukaeran, neuk hil ditut merezi zuten erara. “Zuek bakarrik ez! Neuk ere badakit hiltzaile izaten”. Izenburu indartsua nahi nuen, eta horixe iruditu zitzaidan adierazkorren. Batzuk hasi zaizkit agurtzen: “Bizi al da hiltzailea?”.
Hamar dira liburuko pertsonaiak, baina pertsonaia bakoitzaren inguruan makina bat pertsonaia, gertaera eta datu jakingarri baliatu dituzu. Dokumentazio lan itzela egin beharko zenuen, ala?
Gauza asko toki guztietan agertzen direnak dira, denok dakizkigunak. Interneten lehen begi-kolpean irakurtzen ditugunak. Esate baterako, Aristoteles handia Alexander Handiaren tutore izan zela. Eta tutoreak esan ziola ikasleari: “Gazteegia haiz. Itxaron ezak apur bat guduetan parte hartzeko”. Eta Alexanderrek erantzun: “Itxaroten badut, gaztetasunaren ausardia galduko dut”. Alegia, Aristoteles historiako kriminalik handienetako bat izango zena hezten ari zen! Izango zena, eta izan zedin. Seneka ere Neronen tutorea izan zen. Gero Neronek berak akabatu zuen Seneka. Eta Seneka zen Erromako aberatsenetakoa. Pentsatu behar da, Neronen tutore izateko, zer edo zer baino gehiago izan behar zela. Eta zer esanik ez, Erromako aberatsenetakoa izateko. Gauza bat da bakoitzak zer eta nola idatzi duen, eta beste bat bakoitzak zer parte izan duen sisteman. Nik elementu horiek neure narrazioetara eta pertsonaiekiko solasetara ekarri ditut.
Horretara nindoan, etengabeko elkarrizketan ari baitzara zeure laneko pertsonaiekin.
Batetik, informazioa pilatu dut, Interneten-eta begiratuz. Datuak jaso ditut, neure intuizioaren arabera. Kontatu nahi nuena kontatzeko, ustez baliagarri gertatuko ziren datuak aukeratu ditut, eta balio ez zidatenak baztertu. Sen batek gidatuta jardun dut, elkarrizketak eta narrazioak konbinatuz, ze alde askotatik tiratu nahi bainien pertsonaiei. Elkarrizketak eta narrazioak orekatu nahi izan ditut, zer sartu erregistro batean, zer bestean hautatuz. Neure senari fidatuta. “Hemen elkarrizketa, hemen narrazioa. Ez! Hau narrazioan ez. Hau berari esanarazi behar zioat”. Eta horrela.
Erraz esan duzu!
Gauza konplexua da, ze nahi duzu bizkortasuna, nahi duzu edukia, nahi duzu ondo idatzi, nahi duzu zehaztasuna, nahi duzu kontundentzia, nahi duzu ironia neurtu bat, nahi duzu barietatea, nahi duzu espresiboa izan… Hitz batez, nahi duzu testu literario bat. Horiek denak sartzen dira “sena” esan dudan kontzeptuan. Niretzat, “lana” deritzona lehen zirriborroa da. Gero hura hobetzea, gehitzea, kentzea, zehaztea, indartzea eta behar den guztia egitea gozamen handia da. Gauza asko dira batera zaindu beharrekoak, eta denak daude aipatu “sen” horren barruan. Alegia, sen horretan aurretik sartuak dituzun elementuak.
Historia liburuak gizonezkoz beteta daude, zure honetan ez bezala. Hamar pertsonaia ditugu, lau dira emakumezkoak, gizonezkoak bezain “kriminalak” denak.
Gaztelako Isabel I. horrek, adibidez, egiazki zenbat agintzen zuen ez dakit. Fernandok baino gehiago bai, ze hau erdi lo zebilen beti. Baina Amerikaren ‘deskubrimendua’ zer izan zen badakigu, eta hura Isabel I.ak ordaindua eta gidatua izan zen. Eta berak abiatu zuen Espainiako Inkisizio fatidikoa ere. Torquemada bere konfesore partikularra izan zen. Errusiako Katalina II.a badakigu nolakoa zen. Baita Agripinak duen historiala ere. Berdin Kleopatrak duena. Emakumeak sartu ditut, jakinda, maila batetik gorakoen artean —maila altua, duda barik!—, gizonek eta emakumeek berdintsu jokatu dutela aginpidean.
Horrenbestez, historiaz mendekatu zara?
Neuretzat bai. Badakigu —baten batzuek, behintzat—, nola egin den historia. Badakigu indarrak nola agintzen duen. Nik ez dut iragana aldatuko, oraina ere ez, eta etorkizuna gutxiago. Baina bai, mendekatu naiz historiaz, pertsonaia hauen bitartez. Neure buruari atsegin on bat eman diot. Eta irakurle batzuei ere bai. “Asaskaturik” gelditu naiz. Historia ofizialek mitoak sortu dituzte, bateko Kleopatra eta besteko Alexander Handia edo Karlomagno. Baina, izatez, mito munstrosoak dira. Munstroak dira. Idazleak ez du historia inperante bat idatziko, baina bai jaurti dezake antitesi literario bat. Nik horixe egin dut, plazer handiz.
Hamar pertsonaia ezagunen artean, azkena ezezaguna, Arthur Ingel.
Existitu ez den bakarra, bai. Neuk asmatua. Ingalaterraren kolonialismo beldurgarria erakusteko figura egokirik ez nuen aurkitzen. Viktoria erregina-eta hor daude beti, baina ez zitzaidan iruditzen erregina horrek hainbeste agintzen zuenik. Hala, Arthur Ingel asmatu nuen, honen bitartez Ingalaterraren kolonialismo hiltzaile eta amaigabearen historia erakusteko.
Historiako testu-liburuei kontrapuntu egiteko liburua izan liteke zure lan hau.
Bai, noski! Baina irakasleren bati lan hau gustatzen bazaio, hobe du bere katedran ez erabili, ze armategi guztia etorriko zaio gainera. Egin dezakeena da ikasleei azpitik gomendatu, ezkutuan irakurtzeko. Frankismoan, seminario eta komentuetan egiten genuen antzera.
Liburua zeure webgunean eman duzu. Ez zenuen pentsatu paperezko formatuan argitaratzea?
Egin nuen saiakera bat, baina ezetza eman zidaten. “Desberdinegia” zela, eta horrela. Nik uste dut akojonatu egin zirela.
Gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere galerarik ez luke zure lan honek.
O! Goregi eraman nauzu. Baina ideia on bat eman didazu. Probatuko dut gaztelaniaz, ea nolako soinua ateratzen zaion. Nire webguneak ez dit ezetzik emango.
Hasieran esan duzuna burutik ezin kendurik nabil. Ez idazteko erabakia hartu zenuen.
Neure bizi-esperientzia luzearen amaiera bezala ikusi nuen idazteari uztea. Arrakasta izango nuela jakinik, jarraituko nuen, noski. Baina nik idatziko dudanak, honezkero, ez du tira handirik izango. Nire webguneko Harrien mintzoa-n idatzi nuela uste dut: “Mundua ez dabil ondo. Nire esanak gero eta gutxiago interesatzen dira”. Horixe sentitzen nuen, eta daukadan adinean, ez nago haizearen kontra tematzeko aldartean. Aldartean edo masokismoan.
Liburuaren tituluaren azpian, eskaintza hauxe egin duzu, balizko irakurleak gogoan: “Atsegin on bat hartuko dutela badakidan batzuei”.
Bai! Neuretzat idazten hasi nintzen, baina gero pentsatu nuen nire antzeko beste batzuk ere izango zirela, lan hau gustura hartuko zutenak. Arrakasta lortu duen idazlea arrakastaren gainean doa. Ez da nire kasua. Baina batera nahiz bestera, idazteak denbora luzea darama. Liburu bat egiteko, beste gauza asko utzi behar dituzu egin gabe. Zerbait idazten jarraitzen badut, denbora betetzeko izango da. Horixe baita beste kontu bat! Denbora hutsa zuloa da, eta uste dut oraindik geratzen zaidala denbora eta argitasun zerbait. Zulo hori gustatzen zaidan jardun batekin betetzea ondo etorriko zait beti ere. Ikusiko dugu.
Hobeko dugu zure “ikusiko dugu” horri itxaropentsu eutsi, zeren zemaika baitzatoz liburuaren azken-azkenean: “Historialari, pentsalari eta lari guztiak. Fikzio bat: Historia idazten da gaizki gertatua ez errepikatzeko. Egia: Historia idatzi da errepikatzen jarraitu ahal izateko moduan”. Eta, ondoren, errematea: “Zuek ere harrapatuko zaituztet. Pentsatuko dut nola”. Zer esan behar duzu horretaz?
Nahiago dut erantzuna galderan bertan utzi. Mehatxu bat airean. Bat-batean gogoratu zaidana da nola itzuli beharko dudan gaztelaniara “lari guztiak” hori.