Xanti Zabala ‘Lexo’ gure gogoan beti
Gaztetxoa nintzela izan nuen Gaintxurizketa baserriko bertsolariaren berri, Zeruko Argia aldizkariaren azken orrialdeetan maiz plazaratzen zituen bertso-sortak irakurrita. Ederrak ziren, euskararen eta Euskal Herriaren aldeko sutsuak, eta garaiko gertaerez mintzo zirenak. Irrika handiz egoten nintzen Lexoren bertso-sorta berrien zain.
Xanti Zabala Lexo –
Joseba Aurkenerena, ZuZeun.

Gerora, Mikel Arrizabalaga alkatearen lehen legealdian (1987-1991) Lezoko kultur zinegotzia izan nintzen, eta orduan izan nuen Xanti Zabala ezagutzeko aukera, 1989. urtean, Kultur Batzordean biltzen ziren elkarte eta herri erakundeetako ordezkariek bera proposatu baitzuten inauterian, ostiralori arratsean, bertsotan aritu zedin Kale Nagusiko atzealdean, egin nahi zuten barrikotea animatzen. Eta horrela deiturik, etorri zen Josu Zelaia bertsolariarekin batera. Barrikote arrakastatsua izan zen, eta jendea trapujale zakuz eta hegal zabaleko kapeluz jantzita etorri zen. Arrats hartan sagardo goxoaz betetako barrikotea hustu genuen, trikitixa, kantuak eta dantzak noiznahi izan ziren, eta tarteka, Lexo eta Josu Zelaiaren bertso saio zirikatzaile ederrak, plazer handiz, entzun ahal izan genituen. Hurrengo urteetan, barrikotea errepikatu zuten, eta Xanti Zabala etorri zen beti, batzuetan Josu Zelaiarekin, eta besteetan Moises Jaso nafarrarekin.
Orduz geroztik, adiskidetasuna piztu zen gure artean, eta horrela izan zen, Heriok eraman zuen arte. Non zen bertso saioa edo bertso txapelketa, hor ikusten nuen Xanti, Ramoni Elizazu emaztearekin batera, beti irria ezpainetan, eta hitz atsegina solasean. Iparraldeko bertso finalera ez zuen inoiz huts egiten, eta halakoan beti, elkarrizketa goxoa izaten genuela oroitzen dut. Gizon zuzena eta zintzoa zen, atsegina, goitik beherako euskalduna, euskaltzale handia eta egiazko abertzalea. Eta horrela atxiki dut bai ene gogoan eta bai ene bihotzean.
1.- Lezo aldizkarian plazaratu zituen bertsoak
1988an, Kultur Batzordearen bultzadaz, Lezo aldizkaria plazaratzen hasi ginen. Lehena irailean, Santakrutzetan, atera genuen, eta guk eskaturik, Xanti Zabalak Aspaldiko kontuak izeneko bertso-sorta (12 osora, Bizkaiko txerriarena doinuaz kantatzeko egina) bidali zigun aldizkarian plazara genezan, atsegin handiz egin genuena. Aldizkariak bere bidea egin zuen, urtero bi zenbaki plazaratuz, lehena maiatzean Mendekozte Jaietarako, eta bigarrena irailean, Santakrutzetarako. Eta aldizkariak horrela jarraitu zuen 2000ko maiatzera arte, hogeigarren zenbakia plazaratzean, bere azken hatsa eman zuen arte. Laugarren zenbakirako, hau da, 1990ko maiatzean plazaratu zen aldizkarirako, bigarren bertso-sorta ederra bidali zigun; Ogi gogorrari hagin zorrotzak izena zuen, zortzikoa, hamar bertsoz osatua eta Hegoatik Iparrera doinuaz kantatzeko prestatua.
1990eko irailean Lezo aldizkariaren bosgarren zenbakia plazaratu genuen, eta hortxe ere Xanti Zabalak igorritako Ilargia eta gizona izeneko bertso-sorta plazaratu genuen. 10 bertso osora, Xabier Amurizaren Euskal Herritik aparte doinuaz kantatzeko prestatuak. 1991ko maiatzean seigarren zenbakia plazaratu genuen, eta hortxe ziren Xantik bidalitako bertso ederrak. Bertso-sortak Natura edo izadia izena zuen, eta 10 bertsoz osatua zegoen.1991ko irailean plazaratu genuen zazpigarren zenbakian, Nafarroa izeneko bertso-sorta sentikorra plazaratu zuen, 11 bertsoz osatua. Hauxe izan zen ni kultur zinegotzia nintzela plazaratu genuen azken zenbakia, lau urteko denboraldia pasatuta.
Hortik aurrera, eta 2000ko maiatzean bukatu zen arte, Lezoko Elkarte Koordinakundeak, Udalaren diru laguntzaz, hartu zuen, eta baita ederki bete ere, aldizkaria plazaratzeko ardura. Bigarren garai berri honetan, Xanti Zabalak ere parte hartu zuen olerki-sorta berri bat bidaliz. 1993ko irailean, plazaratu zuten hamahirugarren zenbakian atera ziren bertso horiek; Poeta izan nahi izena zuen aipatu sortak, 10 bertsoz osatua zen eta Xabier Amurizaren Euskal Herritik aparte doinuaz kantatzeko prestatuak ziren. Ene irudikoz, bertso hauek autobiografiko itxura dute. Azkeneko bertsoan honela aitortzen digu:
Bizkarrean dudan zama,
luma harturik lan arma.
Nola goratu izadi eta
ortzearen xarma?
Tristuraz ezin dut asma,
saiatu arren, ai ama!!!
Poeta izan nahi eta ezin,
horra nire drama!!!
2.- Xanti Zabalaren nondik norakoak
Xanti Zabala Urdangarin, Lezoko Gaintxurizketa baserrian jaio zen 1942ko urriaren 5ean, eta jaioterritik etorri zitzaion bertsotarako erabili zuen ezizena, Lexo, hain zuzen. Hamaika senideetan gazteena izanki, baserri lanetan aritu izan zen gaztetan, soldaduskara deitu zuten arte. 1969an Ramoni Elizazu Azaldegi hondarribiarrarekin ezkondu eta Irunen jarri ziren bizitzen. Irunen jaio ziren gerora Xabier eta Abel semeak.
Bat-bateko saioetan aritu zen 1960 eta 1970eko hamarkadetan, 1967an Gipuzkoako Bertso Finalean kantatu zuen, eta 1976an Zepai saria irabazi zuen Idiazabalen. Bertso munduan ibili zen beti, sortak idatziz eta plazaratuz, bertso eskolak emanez, bertso jartzaile gisa eta abar.
2002an erretiroa hartu zuen, Zenbait urte beranduago minbizia atzeman zioten biriketan, eta 2012ko martxoaren 21ean, hil zen aipatu gaitzak eramanda.
3.- Udaberriz liburua, Xanti Zabalaren testamentua
2013an, Auspoa argitaletxeak, Udaberriz izeneko bertso bilduma plazaratu zion, Nikolas Aldaik prestatua eta Pello Esnalen hitzaurre adierazgarri batez hornitua. Aldaik hitz-atzean kontatzen duenez, liburua prestatzen hasia zuen Xanti Zabalaren laguntzaz, baina tamalez, Heriok eraman zuen bukatu baino lehenago, egitasmoa nolabait umezurtz utzirik. Hala eta guztiz ere, ordurako, Nikolas Aldaik bazuen materiala bilduta eta prestatuta, eta Ramoni alargunaren eta semeen laguntzaz liburu mardul eta eder hau bukatu eta plazaratu zuen. Ehun bat bertso azaltzen dira bertan idatzirik eta liburuaz gain, bada CD bat bat-bateko hamar bertsoz osatua. Ez da lan makala Aldaik egin duena, eskergarria zinez!

Bere bertsoetan, Xanti Zabalak bizia eta izadia kantatzen ditu maiz, garaiko pertsonaiak eta gertaerak aipatuz. Baina euskara eta Euskal Herria dira, benetan bihotzean, sakon-sakonean estekaturik dituen gaiak. Askatasun falta, euskal etorkizuna egin beharra… arnasten dira, behin ea berriz, bere bertsoetan. Nik, orain, gogoeta moduko idazlan honi bukaera emateko, Kukua, Euskal Herria eta euskara izeneko bertso-sorta ekarriko dut lerro hauetara, nire hitzek baino askoz argiago agertzen baitute Lexok ama euskarari eta euskal aberriari zien maitasun handia eta egiazkoa. Zortziko zaharra dugu, 10 bertsoz osatua eta Hegoatik Iparrera doinuaz kantatzeko prestatua. Kukuak, goiz batez, esperantzarako mezua kantatu omen zion Xanti Zabalari, eta berak bertsotan mezu hori helarazi digu guri. Testigantza eta testamendu ederragorik!!! Egun handira arte, Lexo!!!
Kukua, Euskal Herria eta euskara
…
1.- Zein mezuren udaberri ote dakarzu, Kuku?
Zure ku-ku hotsak badu horrenbeste ezkutu.
Misterio barru hori nahi nuke ezagutu.
Berri onik ez baduzu, egon zaitea mutu!
2.- Aurten ere etorria, urteroko antzera,
ote zatoz behin-betiko gure penak kentzera?
Hainbat amets egin ohi dut zure ku-ku hotsera.
Bat, euskaldun batasuna goazela lortzera.
3.- Euskararen arazoa dabilkigu auzitan.
Ofizialki onartua, erabili gutxitan.
Denok hitzez bere alde, bera preso hesitan.
Zure ku-ku bezain libre bedi toki guzitan.
4.- Euskal Herri bihotzeko, Euskal Herri nirea,
noren erruz zaude ezin aurkiturik bidea?
Aberrien nortasunez duzu eskubidea,
ku-ku hotsa bezalaxe izateko librea.
5.- Herri baten arimaren funtsa hizkuntza bada,
zein deabruk eragin du gurean hainbat traba?
Odolaren mintzorikan gabeak ote gara?
Kukuak du ku-ku hizkuntza, euskaldunok euskara.
6.- Euskaldunak asko gara, egiazkoak zenbat?
Non aurkitu sentipenak saltzen dituzten dendak?
Euskararen arrakastak zer-nolako eztandak,
maitatzeko gai bagina Kukuak ku-ku hainbat!
7.- Nola joka genezake geurearen kaltera?
Geuk ez bada, Herri zahar hau aurrera nork atera?
Ametsaren gauzatzea oraingoan ote da,
udaberriz Kukuaren kantuekin batera.
8.- Lehen harria botatzea errazegia nuke.
Ni ez naiz nor hortarako, ez dut hainbat bertute.
Bakoitzaren ahalegina jarriko bagenuke,
beste Kuku batek ku-ku, ku-ku egingo luke.
9.- Zazpi adar enbor batez euskaldunen leinuak.
behin batean estalirik, horra utzi lainuak,
baina berriz bistan dira eguzki errainuak…
Ipar eta Hegoalde batuz ku-ku doinuak.
10.- Horra hemen nire amets gozoan oihartzuna.
Ea noizbait euskaldunok pizten dugun zentzuna.
Hein handian geuk daukagu biharko erantzuna.
Kukuari hala diot gaur goizean entzuna.