Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Nola betetzen dute gaien zakua?

Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? –

Maider Iantzi, Gaur8n.


Ez sobera emozionatu, epaileek ez digute zirriborratzen dituzten zeinu positibo eta negatiboak, errima eta oinak, galdera ikur eta erlojuen marrazkiak ikusten utzi. Gai-jartzaileak betetzen ari diren zakuan arakatzerik ere ez dugu izan. Iñaki Aurrekoetxeak eta Maialen Belarrak haien lanaren sekretu batzuk kontatu dizkigute, ordea.

 

Zer ohar hartzen dituzte koadernoan?
Maialen Belarra, bere herrian, Donezteben, GAUR8rekin egindako elkarrizketan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

 

Bertsolari batekin parkean izandako elkarrizketa batetik sortu zen erreportaje hau. Urte pila bat darama txapelketan parte hartzen, eta horrek eskatzen duen ahaleginaz galdetu nionean, garbi erran zidan: «Gurea baino, epaile eta gai-jartzaileena da meritua. Guk hartzen ditugu txaloak, baina haiek ere sekulako lana egiten dute».

Esker txarrekoena epaileen lana da. Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa (1970, Bilbo) zeregin horretan dabil 2006tik. Hala azaldu du: «Puntuazioa espero duena bada, asmatu duela pentsatuko du publikoak. Norberari iruditzen zaio bere irizpidea dela onena. Epaile onena epaile diferenteen batuketa da. Gure merituak eta gure akatsak konpentsatuko dira. Arbitroaren lana ona da inork aipatzen ez duenean. Baina hor egon da. Esker txarrekoa da horregatik. Fin ibili denean ez diote esango».

Txapelketak hasi zirenean hiruzpalau adituk epaitzen zituzten. Gero, talde bat sortu zen, gizon nagusiz osatua. Pixkanaka, gaurko argazki zabalagora heldu gara. «Transmisioa ondo egin da, eta gazteak eta emakumeak ari dira bertsotan, gaiak jartzen eta epaitzen», nabarmendu du Gernika-Lumon bizi den epaileak.

 

Lanpara, papera eta boligrafoa

Publikotik aparte, lanparen argitan esertzen den talde hori da epaileena. Bizkaiko txapelketan, sei lagun aritu dira orain arte, tartean Aurrekoetxea, eta fase berrian, gaur bertan Berrizen hasiko den finalaurrekoan, bertze sei sartuko dira. Koadernoa, boligrafoa eta paperak izaten dituzte mahaian. Batzuek kalkulagailua ere bai, baina gernikarrak ez du horren beharrik: matematika irakaslea da eta erraz egiten ditu kalkuluak.

Positibo eta negatiboak, errima eta oinak, galdera ikur bat, erloju bat -pentsatzen denbora eman duela adierazteko- edo bi erloju, halakoak marrazten ditu koadernoan.

«Trebakuntza saioak egiten ditugu, asko txapelketa aurretik, eta urte osoan ere bai. Gai batzuk bereziki lantzen ditugu. Adibidez, genero ikuspuntua eta goitik beherako umorea, indarrezko posizio batetik mendeko batera egiten dena. Txapelketetako saio batzuk entzuten ditugu: bakoitzak puntuatu, eta gero gure arteko diferentziak aztertzen ditugu. Alde nabarmenak badaude, horiei buruz hitz egiten dugu. Agian norbera konturatu ez den xehetasunetan erreparatu dute beste batzuek, edo beste era batera ikusi dute».

 

Eskuak dardarka

Azken bi txapelketa nagusietatik hona bertso eskoletan jakin nahi izan dute nola epaitzen duten, eta Aurrekoetxea azaltzera joan izan da. «Batzuk herrialdeko epaile taldean probatzera animatzen dira eta orduan konturatzen dira ez dela batere erraza. Publikoan zaudela iritzia ematea bai, baina papera eta boligrafoa hartu eta puntuatzean, eskuak dardarka hasten zaizkizu».

«Guri leporatzen digutena denek egiten dute: 0tik 10era 5ak eta 6ak jartzen dituzte». Baleko bertsoa hartzen da oinarri, aparteko meriturik eta akatsik ez duena. Hortik gora edo behera puntuatzen badute, argudiatu egin behar dute zergatia.

10eko batzuk jarri ditu. «Gogoratzen ditut, Bizkaiko finaletan edo buruz burukoetan, bertsolariak onena ematen ari direnean, estasi bat dago, txapelera bidean daudenek burua zukutu dute. Neurri luzean ari dira, sekulako pelikulak kontatzen».

 

Iñaki Aurrekoetxea, Gernika-Lumon (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

 

Suspentsoak ere oroitzen ditu. Txapapera kontzeptua erabiltzen dute epaileek 5etik beherako bertsoentzat. «Ez du ezer esan, ez dio lagunari erantzun, gainera akats gramatikal bat egin du». Nola txapapera?, asaldatzen dira batzuk. «Bai, ondo erantzundako 5,5 puntuko bertsoetatik bereizi behar ditugu. Abanikoa zabaltzen saiatzen gara, bai goitik eta bai behetik».

Gertatu izan zaio saioa berriro entzun, kideekin komentatu eta ohartzea akats bezala hartu duena ez dela hala. «Hortik ikasten duzu eta badakizu zigortzen duzunean ziur egon behar duzula, horregatik zalantza kasuan elkarri begiratzen diogu». Gainera, bertsolariak jarrera du bere alde: «Mikrofono aurrean jarri da, gaia entzun du, saiatu da; 2 puntu baino gutxiago ezin zaio jarri». Poto argia bada, 3 puntu kentzen dituzte.

 

Objektiboa eta subjektiboa

Bertsoa komunikazio ekintza bat da eta testuingurua garrantzitsua da: bertsolaria non eta noiz ari den kantari, eta zer pasatu den azkenaldian. Saioko giroak ere eragiten du.

Epaileek bertsoa entzun, eta bost-hamar segundoan eman behar dute puntuazioa. «Oso zaila da asmatzea. Ezinezkoa. Hurbildu ahal gara, baina asko subjektiboa da». Objektiboa da irizpideetan idatzita dagoena; subjektiboa, bertze guztia. «Ze gozo kantatu duen, zelako ironia fina! Asko gustatu zait», pentsa dezake batek, baina agian ondokoak ez du ulertu.

Gaia, hizkera, neurria, errima eta oinak, doinua, testua, baliabide paratestualak eta denbora hartzen dituzte aintzat baloratzean. Euskal Herri mailan, 2017ko txapelketa nagusiaren aurretik lana egin zuten epaile taldean, gida pedagogiko bat baino, izan zedin neurgailu bat, zer den onargarria eta zer ez.

Bertsozale.eus webgunean daude kontsultagai epai irizpideak. Etengabe berritzen dira, bertsolarien proposamenetara egokituz. Adibidez, 2005 inguruan baliabide paratestualek garrantzia hartu zuten: «Bertso saioetan gero eta gehiago erabiltzen ziren pantailak eta gehiago ikusten genituen bertsolariak. Orduan, geldirik kantatzetik gehiago mugitzera igaro ziren. Keinuak egiten dituzte bertsoa laguntzeko, eta epaileok begiratu egin behar diegu. Publiko zabalarentzat balio du? Hori da inportantea. Gu publikoaren parte gara. Jasotzen eta sentitzen dugunari nota bat ipintzen diogu. Bertsozale adituak gara, ardura bat dugunak».

Bertsolarien egiteko molde berriak agertzen dira. «Esaterako, lerro amaieran esaldia amaitu beharrean esaldia hurrengo lerroarekin jarraitzea, baina lerro amaiera horretan errima dago. Aurreko txapelketa nagusian askok jokatu zuten horrekin, aukera gehiago ematen zielako. Arriskua dauka, ez baduzu ondo komunikatzen, epaileak ez du ondo hartuko, ezta publikoak ere. Ondo eginez gero, meritu izan daiteke».

Azken urteetan lerro aldatzeak erabiltzen dira errimatzeko. «Neurriak ez du eskatzen eta hor ere errimatzen da. Polita geratzen da; espero ez dugun hoskidetasuna beti da baliabide literario bat esana indartzen duena».

2019an ikastaro bat egin zuten, eta epaile berriak prestatu zituzten. Martxa hartu dute, eta finalaurreko eta finalak epaitu nahi dituzte. Aurrekoetxeak ere hori nahi zuen hasi zenean, eta orain bere burua ikusten du albora egin beharrean.

 

Zer ohar hartzen dituzte koadernoan?
Maialen Belarra, txapelketa batean, bertsolari bati gaia ahalik eta argien ematen. (Gari GARAIALDE / FOKU)

 

Bertsozalea da epailea baino lehen. Bertsoak idazten segitzen du eta bat-batean ere aritu zen. «Ondo pasatzen nuen bertso bazkari eta afarietan. Txapelketan asko sufritzen nuen. Ikusten dut beste batzuek nola gainditzen duten egoera hori, nola altxatzen diren. Horren lekuko izatea, nota jartzea, bada oso protagonista izan barik mugimendu horren parte izatea; horregatik sartu nintzen. Sentitzen zara beharrezko lan bat egiten, gertutik bizi duzu, gozatzen duzu bertso onak entzunez, nahiz puntuatzeko ardura izan eta nekatu, bertso oro arretaz entzuten».

Ez da beti sentsazio onarekin gelditzen. «Badira saio batzuk errazak epaitzeko: bertso onak eta txarrak egon dira, oso ondo bereizi duzu zer pasatu den eta emaitza oso argia da. Besteetan, ordea, zer esan duten galdetzen diozu zure buruari. Akatsak nabarmenagoak direnean merituak baino, bertsolariak ere ez doaz pozik. Agurtzen dituzu, eta batzuk triste ikusten dituzu, besteek txarto begiratzen dizute».

Giro polita dute epaile taldean, bai Bizkaian eta bai Euskal Herrian, eta horrek aunitz laguntzen du. «Gehien baloratzen dudana hori da, euskal herrietako jendea ezagutzea».

 

Orekaren bila

Maialen Belarra Eneterreagak (1992, Doneztebe) gauza bera erran digu Nafarroako gai-jartzaile taldeaz. Bera ere ttikitatik ibili da bertso munduan eta zaletasuna baino gehiago da berarentzat. Epailea presarik gabe mintzatu zaigu, gogotsu, eta gai-jartzaile eta aurkezlea berdin. Kafe luze bat hartu dugu, eta argazkilaria ere gelditu da, jakin-minez.

Nafarroako txapelketa ere aitzinera doa, gaur jokatuko da bigarren finalaurrekoa Agoitzen. Gai-jartzaile taldean 11 lagun dabiltza. Horietako zortzi elkartzen dira asteroko bileran, eta hiruk idatziz bidaltzen dituzte proposamenak. Bost, aurkezle ere aritzen dira.

Adin desberdinetako jendea dago eta gehienak emakumeak dira. «Bakoitzak gure izaera dugu, baina gaiak ez daude horrekin lotuta. Ariketa bakoitzeko formatua adostua dagoenez, nahita sortzen dira gai mota batzuk: hausnarketara bideratuak, umorezkoak… Egia da nik gehiago kontrolatzen badut hezkuntza mundua, gai gehiago aterako zaizkidala hortik, baina saiatzen gara gizarteko puntu guztiak ukitzen, ez bakarrik norbere bizipenekin lotutako gaiak». Euskara irakaslea da Belarra.

«Bilerak hagitz interesgarriak dira. Etxerako lanak eginda joaten gara. Badugu zakua deitzen diogun dokumentu bat eta gaiak sartzen ditugu. Bileretan lehenbiziko egiten duguna da astero sortu ditugun gai horien errepaso bat. Filtroa pasatzen diogu gai bakoitzari: funtzionatuko du? Agian ariketa horretan ez, baina bihurtzen ahal dugu ganbarako gai? Ez bazaigu iruditzen ematen ahal duenik, kendu egiten dugu».

Behin ariketa bakoitzeko gai egokienak aukeratuta, hurrengo lana gai horiekin saioa osatzea da. «Dimentsio askotako oreka mantendu behar duzu: adibidez, zortziko handiaren barrenean sortu badituzu hiru gai, horien arteko oreka; bertze saioetan sortuko diren zortziko handi horiekin oreka. Zaila da askotan lehenengo saioa egiten dugunean, justu ditugu gaiak hurrengo saioa egiteko, eta azkenari buruz ez dakigu deus. Eta gero, bertsolari bakoitzak kantatu behar duen ariketa guztien arteko oreka. Oreka taula deitzen diogu. 1 zenbakia duena izango da lehenengo ariketan abokatua, gero suhiltzailea, hurrengoan semea edo alaba… Ez dadila izan bi aldiz guraso. Oreka horrekin asmatzea da gakoa». Bertsolarien aldetik desadostasunen bat ailegatzen zaienean, aunitzetan oreka faltagatik izaten da.

Txapelketan saio bakoitzaren aitzinetik zozketa bat egiten da, orduan ezin dute jakin sortzen duten gai bakoitza norentzat izanen den. Txapelketaz kanpoko edozein jaialditan bai, gai gehienak pertsonalizatuak izaten dira. Baina txapelketan zaku orokor bat sortzen dute eta hortik tokatuko zaizu bat edo bertze.

 

Zilegi eta eroso

Belarrak hirugarren txapelketa du Nafarroan gai-jartzaile taldean. Iaz Euskal Herrikoan ere parte hartu zuen. Gaiak aunitz aldatu eta zorroztu direla azaldu du: «Gaiak jartzerakoan, diskurtso batzuk bilatzen dira. Adibidez, ‘Palestinatik ihesi zoazten bi lagun zarete’ jartzen badugu gai bezala, afera sartzen da hor, zer zilegitasun ote dugun guk halako egoera bat bizitzen ari den norbaiten azaletik kantatzeko. Ikuspuntu aldaketa bat egon da. Hemen nago, Gazaren aldeko manifestazio batera joango naiz, eta nire egoeratik kantatuko dut».

Buelta aunitz ematen dizkiote horri, nola planteatu gaiak zilegitasun hori errespetatzeko. Gero, aunitzetan ez da lortzen. Gauza bera gizon batek emakume baten azaletik abestean, eta alderantziz. «Gauza batzuk zaintzen saiatzen gara, gero eta gehiago. Erosotasuna ere kontuan hartzen dugu. Saio konkretu batzuetan bertsolaria gai baten aitzinean deseroso sentitzea bila dezakezu, horrek barrenean zerbait mugitzen ahal dizu eta horrekin bueltaka gelditu. Baina hori da gai-jartzaile baten lana? Edo eroso eta gustura sentiarazi behar du bertsolaria? Batzuetan bultzatuko du pixka bat hausnarketa batzuk egitera eta bertze batzuetan ez hainbertze».

Kontuan izaten dute zer den politikoki zuzena eta zer den publikoak babesten duena ere. «Badakizu israeldar baten paperean jartzen duzun pertsona batek zailago izango duela publikoarengana ailegatzea, polizia baten roletik kantatzen duenak bezala. Hor ere oreka behar da. Diskurtso batzuk eginak daude, bertze batzuk, ordea, zerotik eraiki behar dira. Gainera, konbentzitu behar duzu erraten ari zarena ongi dagoela, nahiz eta zuk ez hori pentsatu».

 

Bideak ireki

Bertsolariek gai bat aditzen dutenean, burua martxan hasten zaie, eta batzuetan lehenbiziko etortzen zaienarekin kantatzen dute. Bertzeetan, pentsatzen dute ideia bera izanen dutela bertzeek ere, hori delako biderik zuzenena, eta bertze buelta bat ematen diote. Gai on batek bide bat baino gehiago izan behar ditu.

Ganbarakoan, bertsolariak gai beraren inguruan kantari aditu behar ditu publikoak eta gai bat hagitz itxia bada, sei aldiz entzungo ditu gauza berari buruzko hiru bertso. Bileretan, gai batek zer bide izan ditzakeen aztertzen dute. Bost helduleku ikusten badituzte, aitzinera egiten dute gaiarekin, baina denei etortzen bazaie, adibidez, banatu den bikotearen rola, agian ez da egokia.

 

Zer ohar hartzen dituzte koadernoan?
Iñaki Aurrekoetxea, bertso saio batean, kideekin batera bere zereginean kontzentratuta. (XDZ)

 

Gai batek funtzionatzen duen ala ez erabakitzeko, ordubete eman dezakete bueltaka eta bueltaka. Badituzte gaiak kanporaketen aurretik sortutako zaku horretan zeudenak, gerorako utziak, orain arte iritsi direnak. «Ai, agian ez da hain ona», pentsatzen ahal dute, beharbada gai bera hamaika aldiz irakurtzeagatik.

Formulazioa ere zaintzen dute, inori ez biderik ixteko, ez izateko batek zortzi argudio eta bertzeak bi. Gaiko zatitxo bat kenduta, agian aukerak zabaltzen dituzte.

Generoa, adibidez, ez dute markatzen, ez bada hori bilatzen dutela zerbaitetarako. Adibidez, “17 urteko alabak erran dizue beldurra duela etxera bueltatzeko momentuan”. Gainontzean, senideak badira «anai-arrebak, ahizpak, anaiak» agertuko da gaian, eta bertsolarien arabera aukeratuko dute. “Aita” eta “ama” hitzak saihestu eta “guraso” erabiltzen dute. “Seme-alabak” ordez, “umeak” edo “haurrak”.

Umorearen kontzeptua ere aldatzen ari da. «Garai batean egiten ziren txiste batzuk, gorputzari buruzkoak adibidez, mingarriak izan zitezkeen, eta helburua zen bakarrik txistea egitea. Publikoak irri egingo zuen, baina jakin nahiko nuke ondoko bertsolariak zer sentituko zuen. Orain errespetu gehiago dago».

 

Talde lana

Taldean giro ona izatea funtsezko ikusten du, erabaki aunitz hartu behar direlako. «Bakoitzak badaki zein gai sortu dituen, baina taldean errepasatzen ditugunean ez dakigu bakoitza zeinena den. Zure imajinazio eta ilusio handiz sortu duzun gai horrek agian ez du balio. Prest egon behar duzu bileran aditzeko edo ikusteko ez dela hain ona».

Iritzia lasai adierazteko espazio bat da. «Badakizu ez direla haserretuko edo ez dutela deus gaizki hartuko. Helburua ez da bertzearen lana kritikatzea, elkarrekin bertso saio polit bat osatzea baizik».

 

Keinu konplizea

Bertsolariekin konplizitatea izatea ere inportantea da Maialen Belarrarentzat. «Oholtzara igo aitzinetik esperoan daude, tentsio handia dago. Une horiek elkarrekin pasatzen ditugu. Pertsona ia biluzik dago, hauskor ikusten duzu. Espazioa utzi behar diozu emozioak kudeatzeko eta, aldi berean, babes emozionala eman. Keinu bat aski izan daiteke. Bertsolariak eroso sentitu behar du zurekin. Gai-jartzailearen eta bertsolariaren artean lotura badago, errazagoa izango da ziurtatzea gaia ulertu duen, keinu batekin. Badago idatzi gabeko komunikazio harreman indartsu eta beharrezko bat nik baloratu eta eskertzen dudana». Une ttiki horiek aunitz balio dute berarentzat.

 

KOMUNEKO ETA AULKIKO ZENBAIT BITXIKERIA

Epaileek publikoarekin ez nahasteko agindua izaten dute saioaren egunean. Bizkaiko aurreko txapelketako finalean, epaile zela komunera joateko beharra izan zuen Iñaki Aurrekoetxeak. «Ganbarako lana erabiltzen dugu horretarako. Barruan nengoela, Amets Arzallus sartu zen. ‘Aupa Amets!’, esan nion. ‘Aupa!’. Biak zutik komunean, eta saioa komentatzen hasi zitzaidan bertsozaletik bertsozalera. Eta nik: ‘Bueno, bai, zera…’ Ezin nion jarraitu, gustura hitz egingo nuke, baina ez zen momentua. Beste egun batean, han aurkitu nuen Amets. ‘Barkaidak’, esan nion, ‘epaile nintzen’».

Komunarekin lotuta daude bertso saioetako istorio aunitz. Estutasunak ere izaten dira. Gertatu izan zaie epaileei beherakoarekin bueltaka ibili behar izatea.

Nafarroako gai-jartzaile eta aurkezle taldean, berriz, oholtzan haientzat paratutako aulkiarekin dute borroka. Maialen Belarrak kontatu digunez, ttiki samarrak dira gai-emaile gehienak eta sobera altu gelditzen zaie eserlekua. Zutik egoteko denbora gehiegi da aurkezlearentzat, eta han ibiltzen dira eskalatu eta aulkian orekari eusten. Txaloekin du zerikusia Belarrak kontatu digun bigarren bitxikeriak. Txalotzeko ohitura du, baina aurkezleak ezin du txalo jo agurretan ez bada, eta pasa izan zaio ohartu gabe hasi eta gelditzea. Barne-txaloak jotzen ditu.

Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan? Zer ohar hartzen dituzte koadernoan?