Auspoa, 60 urteko altxor azkengabea

Juan Luis Zabala-(r)en argazkia Juan Luis Zabala 2021-10-22
Argazkiak: Conny Beyreuther

Auspoa –

Joxemari Iriondo eta Pello Esnalekin solasean

 

 

Bestela ia erabat eta betiko galdurik legokeen altxor izugarri aberats eta azkengabea bilatu, aurkitu, balioetsi, gordea izateko prestatu eta nahi duenarentzat baliagarri jarri izana aitortu behar zaio Antonio Zavala zenari (Tolosa, 1928-Iruñea, 2009), Auspoa bildumaren sortzaile eta bultzatzaile nagusi eta funtsean bakarrari.

Zenbat neke eta poz ekarriko zizkion asko jakin gabe ekin zion bideari halako batean:

“Ni, egun batez, ez dakit zein aizek bultzata, edo zein izarrek argi eginda, etxetik atera nintzan, begiak zabal eta belarriak erne, eta nere gogoko pitxiak eskuratzen asi nintzan, naiz eta jasotzen nituenak zenbaitentzat utsaren urrengoak izan”.

Duela 60 urte, 1961ean, kaleratu zuen Zavalak Auspoa bildumako lehen liburua, Ramon Artolaren Sagardoaren graziya, hirurehundik gorako sailaren aitzindaria. Zavalak bere bildumaz eta artxiboaz arduratzeko izendatu zituen oinordekoetako bi dira Joxemari Iriondo (Azpeitia, 1938) eta Pello Esnal (Andoain, 1950), gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten eta argitaratzen dituen Auspoa eta Hauspoa sailen arduradunak. Solaskide apartak Zavalaren bildumaren historia errepasatzeko eta gaur egun duen balioaz mintzatzeko, besteak beste.

 

Auspoa

 

 

Auspoaren hastapenak eta historia

 

Noiz eta nola bertsozaletu zen Antonio Zavala?

Joxemari Iriondo: Ume garaian, oporretan Adunan zuten etxera joaten zen familia, Zabale baserrira, eta han ezagutu omen zituen lehen aldiz bertsolariak. Baina gero erabat liluratu zuen Tolosako Zerkausian bertsopaperak kantatzen entzuteak. Saikola eta beste bertsolari asko ibiltzen ziren orduan horretan. Eta geroago, Oñan zegoela, Pedro Mari Otañoren Alkar liburuak liluratu zuen…

Pello Esnal: Baina deigarria da: Zerkausian ere bertsoa baino gehiago bertsolaria bera da Zavala liluratzen duena, eta haren inguruan biltzen zen jendea. Eta Adunan ere bai… Giroa, kontatzen zituzten istorioak… Mundu hori.

1961ean argitaratu zuen lehen liburua, baina 1956an eman zuen asmoaren berri, Arantzazun, Euskaltzaindiaren Biltzarrean.

P.E.– Arantzazun esan zuen 50.000 «estrofa» zeuzkala bilduta, 50.000 bertso alegia, eta horiekin «una obra magna» argitaratzeko asmoa zuela. Zer esan nahi zuen «obra magna»horrekin? Egingo nuke Plazido Mugikaren hiztegia bezalako liburu lodikote bat izango zuela buruan, liburu bakarra, edo gehienez bi, baina obra bakarra. Berak, jesuita izanik, uste zuen jesuitek argitaratuko ziotela obra hori, Mensajero argitaletxeak edo. Jesuitek ezezkoa eman ziotenean hasi zen aurreikusten bide berri bat, eta horrela sortu zuen Auspoa bilduma. Antonio Pérezi esker dakigu: Zavalak, Arantzazuko lehen hitzaldia eman eta handik gutxira, Xabiertik Oñara joan zenean, 1956an, maestrillo edo maisu praktikak amaitu eta gero, bertsoz betetako maleta eraman zuen hara, eta han, Oñan, teologia ikasten zuen bitartean hasi zen lan hauek bideratzen, eta berak, Antonio Pérezek berak, lagundu zion liburuen diseinua egiten, marrazki eta guzti. Horrek esan nahi du ordurako jesuiten ezezkoa jasoa zuela, eta beste bide baten bila zebilela. Hasieran «obra magna»izatekoa zena, obra bakar hura, Auspoa bilduma bihurtu zen. Hor plazaratuko zituen, lehenik, ehun bat bertsolariren bertsopaperez osatutako liburuak; gero, prosazko liburuak. Guztira, hirurehun obra. Hor ikusten da bizitzak berak markatu ziola bidea.

Jesuita zen, gizon ikasia, kultura handikoa. Min ematen zion mundu kultural eta akademikoak bertsolariak gutxiesten zituela ikusteak?

J.I.– Ez dakit horri begiratzen zion. Horrek baino indar gehiago izan zuen berak sentitzen zuen lilurak, berak bertsolaritza neurriz gain jasotzea ere ez baitzuen onartzen. Bertsolaritzari berari zegokion lekuan jartzearen aldekoa zen, ez gorago eta ez beherago. Norbaitek bertsolaritza «subgeneroa» zela esaten bazuen ere, azpigeneroa, Zavalari mingarria egiten zitzaion hori entzutea.

Zer harrera izan zuen haren lanak hasiera hartan?

J.I.– Jesuitetan denek ez zuten berdin ikusten. Batzuek defenditu zuten; esate baterako, Juan Goikoetxeak, Goikoetxea Txikia esaten genionak eta Iñaki Goikoetxeak, Goikoetxea Handia esaten genionak.

Aita Aranzadi zuen kontrario nagusietako bat…

J.I.– Ez aita Aranzadi bakarrik, beste batzuk ere bai. Gaztelumendi sermolari famatua ere bai. Trikitiaren aurkako obsesioa zuten horiek, «infernuko hauspoa» deitzen zutenaren aurka zeuden amorratuta, eta Auspoa izena ere ezin zuten onartu, zeharo desegokia iruditzen zitzaien. Ni irratian hasi nintzenean, lehenengo grabazioak Joxe Mari Bergara jesuitak zeuzkan eginda, Azkoitiko bi soinu-jotzaile eta Bergarako batenak. Bergara jesuita zen, baina bazekien irrati-entzuleek horrelakoak eskatzen zituztela. Haren aurrekoek, ordea, ez zuten horrelakorik ametitzen. Eta geroago ere izan zituen beste kontrario batzuk Zavalak.

 

Korrontearen aurka hasi zen, beraz.

P.E.– Komeni da Zavalari buruzko klixeak eta estereotipoak haustea. Jesuita eta karlista izango zen; baina, lehenik eta behin, pieza bateko gizona izan zen, bere bide propioa urratu eta ibiltzen asmatu zuena, klixe eta eskema guztien gainetik eta azpitik.

Laguntzaileak ere izan zituen…

J.I.– Esate baterako, Valentin Zamora apaizak asko lagundu zion. Juan Goikoetxeak ere bai, Goikoetxea Txikiak. Hark esaten zion: «Zuk segi aurrera, gaur ezer balio ez badute ere, bihar edo etzi paper horiek asko balioko dute eta».

P.E.– Beste bat, Zavalak berak asko estimatzen zuena eta lehen ere aipatu dudana: Antonio Pérez, asturiarra. Adinkidea, ikaskidea eta jesuita hura ere. Egingo nuke zerikusi handia izan zuela Auspoaren sorreran. Pérezen aitak Bilbon egin zuen lan gerra aurretik, Elejabeitia enpresan; eta, enpresari lan batzuk atera Kanaria uharteetan, eta hara joan zen aita hura familia osoarekin, 1935ean. Gero, Antonio Pérez jesuita sartu zen. Herri literatura asko estimatzen eta ezagutzen zuen Pérezek. Irakurle amorratua zen. Esaterako, Martin Fierro irakurria zuen, eta zati handiak omen zekizkien buruz. Bertsolaritza ere ezagutzen zuen, Pio Barojaren obra irakurrita. Entzutekoak izango ziren bi Antonio lagun minen hizketak. Hizketa horien harira sortuko zen Zavalaren egitasmo handia. Bizitza osoan izan ziren adiskide. Bat egiten zuten bien ideiek eta gustuek.

Arreba ere izan zuen laguntzaile, Arantxa.

J.I.– Bai, hasieran. Eta urte askoan, harik eta IVA (BEZ Balio Erantsiaren Zerga) ezarri zuten arte. Hura gehiegizkoa izan zen Arantxarentzat, eta Auspoako lanak utzi egin behar izan zituen. Orduan pasatu zen Antonio Etor argitaletxera. Etorrekin bizpahiru urte egin zituen; eta gero Sendoa argitaletxera jo zuen, Joakin Berasategirekin. Joakinek oso ondo hartu zuen, eta ondo ordaintzen zion, baina baita asko eskatu ere, eta sokatira batean ibiltzen ziren beti biak.

Beste laguntzaile batzuk ere aipatu izan dituzue: Balendin Enbeita, Jose Artetxe…

J.I.– Balendin Enbeitak Bizkaiko bertso zahar asko eman zizkion. Jose Artetxek ere lagundu zion, bai. Eta beste asko ere izan zituen laguntzaile. Laguntzaile onak. Orio aldean eta, baserriz baserri, denak pasatu zituen. Bertsopaperak jaso eta gero, kopiatu eta itzuli egiten zituen. Baina, gero, bakarren batzuk itzuli gabe geratu ziren, eta, halakoetan, emandakoak haserretu egiten zitzaizkion.

P.E.– Bertsopaperak inprimatzen zituzten Inprentetan ere bertso asko jaso zuen; Errenteriako Makazaga inprentan, adibidez.

Bertsopaperak jasotzen eta argitaratzen hasi eta jabetu zen amaierarik gabeko bidean sartu zela…

P.E.– Hark jasotako bertsopaperen inbentarioa egina dago. Falta da hori hartu eta lantzea. Zenbat bertsopaper bildu zituen?

J.I.– Auskalo!

P.E.– Bost mila? Hurrengo pausoa da horiek denak hartu, ikusi zein diren errepikatuta daudenak, zeintzuk diren bertsio –bertsio desberdinak ere ateratzen baitzituzten–, non aterata dauden… Baita zeintzuk ustiatu zituen, hau da, zeintzuk dauden liburuetan argitaratuta, eta zeintzuk ez. Eta argitaratu gabeen artean, zenbaten argitalpena zeukan bideratua. Asko zeuzkan lantzen hasiak. Bai: badago oraindik ere zeregina.

Baina, bertsoena amaierarik gabeko bidea zela jakin arren, prosazko lanak argitaratzeari ere ekin zion. Zerk bultzatu zuen horretara?

J.I.– Herri hizkuntza bildu nahi zuen.

P.E.– Lanak erakutsi zion bide hori ere. Esaterako, Auspoa bildumako laugarren liburuak oso hitzaurre polita du. Pepe Artolaren bertsoaz osatutako liburua da, Ustez laguna detanizenekoa. Zavalak, hitzaurrea idazteko, bi iturri baliatu zituen: Peperen alaba Modesta eta erraina Maria Antonia Kortajarena. Urratua zegoen bidea. Horien testigantza bezalakoekin osatu zuen Txirritari buruzko lehen liburua (Auspoa, 18 eta 19). Berehala etorriko zen Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua (Auspoa 32). Horien munduak liluratu zuen. Garai hartan, Manuel Lekuonak eta Gabriel Arestik-eta asko goraipatu zituzten liburu horiek. Kontaketa horietan altxorra ikusi zuen Antoniok, eta haiek ere jasotzen hasi zen. Beste horrenbeste gertatu zitzaion erdarazko liburuekin, Biblioteca de Narrativa Popular bildumakoekin.

Umbelino Ayape ezagutzea izan zen abiaburua bilduma horren kasuan.

P.E.– Lehenagotik ere sumatua izango zuen. Xabierren bizi zela, autoa hartu eta inguruko herrietara joaten zen. Behin, Bardeara joan eta Umbelino Ayaperekin egin zuen topo. Eta hura kontatu eta kontatu hasi zitzaion… Zavalaren gozamena! Txoratuta egoten zen herrietako aitona-amonei entzuten. Ez dakit liburua egitea ez ote zen aitzakia bat besterik.

J.I.– Kulturaren zentzu oso kuriosoa zuen. Mendizale amorratua zen eta esaten zuen Euskal Herriko mendi guztiak ezagutzen zituela.

P.E.– Bai, Euskal Herriko gailur guztietan egona zela esaten zuen, eta ez zuen entenditzen nola egon zitezkeen eskalatzaileak hainbeste denbora harkaitzari begira, paisaiari bizkarra emanez. Naturan ere bilatzen zuen beste mundu hori, Tolosatik Adunara mutil koskorretan oinez joaten zenekoa… Dena bat da, denbora guztian gauza beraren bueltan gabiltza Zavalari buruz hizketan hasiz gero.

J.I.– Behin, zuzenketak egiten nekatuta, Xabiertik Zangoza aldera atera eta hango aitona batekin egin omen zuen topo. Hango tonuarekin egin dio diosala, «Hola, buenas!» esanez. Elkar aurkezterakoan eta jesuita zela esan ondoren, gizonak esan dio: «A, zuek bai jakintsuak! Gu analfabetoak gara». Bidean aurrera kontu-kontari doazela, gizonak, apatx batzuek utzitako arrastoei begira, esaten dio Zavalari han basurde bat pasatu dela bere kumeekin, baita zer aldetara jo duten ere. Orduan Zavalak: «Eta zuk niri esaten didazu jakintsua naizela? Nik ezin izango nuke hori sumatu. Zuek bai jakintsuak benetan!». Hori zuen buruan. Jakintsuak besteak zirela, herriko jendea.

Bizitza osorako eta gehiagorako lana eman zion bere buruari.

P.E.– Une batean, esan zuen saihesbide eta hari-mutur asko agertzen zitzaizkiola bere ibilbidean eta galgari sakatzen ibili behar izan zuela. Beragatik izan balitz, bere lana ez zen inoiz bukatuko. Berak esaten zuen 150 urte bizi izanda ere ez zitzaiola zer eginik eta zer argitaraturik faltako.

J.I.– Ikusi egin behar zen artxiboa nola zeukan! Hil zenetik hamabost bat egunera Xabierrera joan ginen Frantxis Lopez de Landatxe, Koldo Mitxelena Kulturuneko orduko zuzendaria eta biok, 2009ko urtarrilaren 15 edo 16an, eta artxiboan gauza asko ordenatuta zeuden, baina beste asko nahastu xamar.

 

Auspoa

 

Oreka eta desoreka ekonomikoak

 

Ekonomia aldetik nola moldatu zen liburuak argitaratzeko?

J.I.– Hala moduzkoa izan zuen hasiera. Harpidedunak egin zituen, baina erdiek ere ez zioten ordaindu, ez zuen hori kontrolatzen.

P.E.– Auspoa hasi aurretik propagandako orri batzuk zabaldu zituzten eta jende askok eman zion baiezkoa. Lehen liburua ateratakoan, izena emandako guztiei bidali zieten, gero kobratzeko asmotan. Baina 300 liburu kobratu gabe gelditu ziren. «Ipurdiko ederra izan zen guretzat, baina hori bezalakorik ez dago inozenteak eskarmentuan sartzeko», zioen Zavalak.

J.I.– Bertso jaialdietan askotan izaten zen grabazioak egiten, eta bi edo hiru mutil koskor jartzen zituen Auspoako azkeneko aleak saltzen. Ateratzen zuten %25 mutil koskorrei ematen zien. Hau da, galeran ateratzen zen. Behin, Errenterian, mutilik aurkitu ez eta bera jarri zen saltzaile. Ale bakarra saldu omen zuen, Koldo Mitxelenak erosi ziona.

P.E.– Denbora guztian horrela ibili ziren. Azkenean, lehen esan dugunez, arreba Arantxak BEZ edo IVA atera zenean erabaki zuen uztea, Balio Erantsiaren Zerga. Orduan esan zion Antoniori «ni honaino iritsi naiz».

Eta 1988tik 1990era arte Etor argitaletxeak kaleratu zituen Auspoa bildumako liburuak.

J.I.– Arantxa arreba dirua galtzen aspertu zenean, liburuak Etor argitaletxearekin ateratzen hasi zen Zavala.

Beste bi urtez bere kabuz aritu ondoren, 1992an liburuak Sendoa argitaletxearekin kaleratzen hasi zen.

J.I.– Sendoa argitaletxearekin hasi zenean, Joakin Berasategirekin, argitaletxeko arduradunarekin, ondo ibili zen, baina Joakin abiadura batean zihoan eta Antonio beste batean. Dirua bai, baina Joakin sokatik tira eta tira eta Antonio ezinean. «Pareja de hecho»ziren biak, Joakinek hala esaten zuen askotan. Uztapideren Lengo egunak gogoan egin zutenean –hau lehenagoko kontua da, 1974koa–, Joakinek liburua eskuetan behar zuela esaten zion, ordurako ale mordoa zuelako saldua, baina Zavalak denbora behar zuen hura amaitzeko… Horrekin asko sufritu zuen, diru aldetik ondo moldatu arren. Ahozko testua jaso, idatzizkoa txukundu, inprentara bidali, probak zuzendu… dena egiten zuen berak… Garia egin, ebaki, errotara eman, ogia egin, ogia saldu… dena berak.

P.E.– Idazleei behar adina ez ordaintzeak ere kezkatzen zuen Zavala. Uste dut Uztapidek poliki kobratu zuela Lengo egunak gogoan liburuarengatik.

J.I.– Egileari ez zitzaion liburu bakoitzeko ehuneko hainbesteko bat ematen, kopuru bat baizik, hainbeste. Eta Joakinek esaten zuen Uztapideren liburuarekin denentzako iritsi zela dirua, bai Uztapiderentzat, bai berarentzat, bai Antoniorentzat, bai saltzaileentzat, denentzat… Saltzaileei komisio onak ematen zizkien eta etxez etxe ibiltzen ziren hamar saltzaile zeuzkan… Gauza bera gertatu zen Xalbadorren Odolaren mintzoa-rekin. Maila honetan, prosazko euskarazko libururik salduena Uztapideren Lengo egunak gogoan da, eta Xalbadorren Odolaren mintzoa, bertsotan. Uztapiderena baino ere gehiago Xalbadorrena azkenean.

Zavalaren dirua Jesusen Lagundiak administratzen zuen, beste jesuita batzuena bezala?

J.I.– Auspoa, berez, autonomoa zen. Gero, konpainiarekikoak egin beharko zituen, beste jesuita guztiek bezala. Antonio kritikoa zen konpainiarekin, baina, aldi berean, oso berea zuen konpainia. Bromatan askotan esaten zuen: «Antes éramos Compañía de Jesús y ahora somos, ¡Jesús, qué compañía!». Baina ez sartu makila hautsiarekin ijitoen arteko bakeak egitera. Material ona erabiltzen zuen grabazioetarako eta. Antonio hil eta gero, haren artxiboa jasotzera joan ginenean Xabierrera, Jose Luis Zinkunegi zegoen han nagusi, eta esan genionean Antonioren gelan sartu nahi genuela, bera presente egon zedila eskatu genion. Han, besteak beste, Zeiss Ikon argazki makina bat zegoen, sortu den kamera garestiena eta onena seguru asko. Han utzi genuen eta pena daukat, hura artxibora ekarri behar genuen. Grabaketa lanak egiten, kaseteekin hasi zen, eta gero DAT sistemara pasatu zen, baina horrekin arazoak izan zituen, eta zinta asko hor geratuko ziren deszifratu ezinda.

P.E.– Argazkilari ona zen. Makina ona izango zuen, baina gustua ere bai argazkietarako.

J.I.– Koldo Mitxelena Kulturunean, Antonioren artxiboan, identifikatu gabeko diapositiba asko egongo da oraindik ere… Ondo egindako diapositibak.

 

Auspoa

 

Zentsura ofiziala eta bestelakoa

 

Francoren aginte betean ekin zion lanari Zavalak. Zentsurari nola aurre egin zion?

P.E.– Zentsura beti lotzen dugu frankismoarekin, agintariekin, eta hori hor dago, ezin da ukatu. Baina bestelako zentsura ere asko nozitu zuen Zavalak: bertsolariaren edo idazlearen familiarena. Behin baino gehiagotan egin zuen atzera, eta izenak kendu behar izaten zituen liburuetatik, familiak hala eskatuta, eta eskatu gabe ere bai.

J.I.– Jose Tejeriaren Muatseko gertaerari buruzko bertsoekin, adibidez. Familiakoren bat biziko zela eta kontuz ibiltzen zen.

P.E.– Tolosako Izaskun auzoko norbaiten gerrako kontuekin liburu bat egin nahi izan zuen Zavalak, eta dena egina edo bideratua zuenean, edo antolatua behintzat, familiak ezetz esan zion, ez ateratzeko liburua. Disgustu handia zuen. Hain omen zen ederra kontakizuna.

J.I.– Eta ez dira lehengo kontuak bakarrik. Gaur ere badira halakoak. Nik badaukat hil zen bertsolari bati buruzko liburua preparatua, baina familiak ezetz esaten dit, ez ateratzeko. Zer egin behar diozu?

Eta beste zentsura, zentsura ofiziala, ezarri al zioten?

P.E.– Behin edo behin aipatu genion gai hori, eta berak esaten zuen horretarako azkarra izan behar dela, jakin behar dela zentsura toreatzen. Argia izan beharra zegoen, ez sartu inorekin zuzenean eta gauzak disimuluan esan.

Antonio Arrueren babesak ere lagunduko zion.

J.I.– Bai. Lagunduko zion hark ere. Arruerekin oso harreman kuriosoa zeukan. Arrueren artikuluekin sukaldaritzako liburu bat egina zeukan Zavalak, Auspoan argitaratzeko primerakoa. Baina ez zuen nahi hura argitaratzerik Auspoan. Zergatik ez zuen nahi? «Bai, berriz ere esango dute karlista horiek…». Gero, Andres Urrutia euskaltzainburuak Zavalari hala proposatuta, Euskaltzaindiak kaleratu zuen liburua.

 

Auspoa

 

Zavala, ikerlari

 

Zuk, Pello, Zavalaren ikerlari alderdia aldarrikatu izan duzu, ez zela biltzaile eta editore hutsa.

P.E.– Agerian dago hori. Hasteko, bertsopaperak bildu, bertsoen egilea identifikatu –batzuetan egilearen izenik gabe ateratzen baitziren–, egileka edo gaika ordenatu, egileari buruzko informazioa jaso, gaien testuingurua atzeman…

J.I.– Parrokietako liburuak arakatu eta… Zer ez zuen egiten behar zuen informazioa bilatu eta osatzeko? Eguneko 24 orduak zeuzkan lanerako.

P.E.– Har dezagun, esaterako, Zapirain anaiak liburua (Auspoa, 123-124-125). Lehen esan bezala, 1956rako bilduak zeuzkan 50.000 bertso. Horien artean, noski, Zapirain’dar Joxeba izena zeraman liburuxka bat, Nere bizitzako bertso batzuek izenburuarekin. Nor zen Zapirain’dar Joxeba hura? Erraza zuen itzulpena: Joxe Zapirain. Gero konturatuko zen Juan Kruz Zapirainen anaia zela. Halako batean, 1974an edo 1975ean, bi anaia horien bertsoak eskuetan zituela joan zen Errenteriara, haien jaiotetxera: Bordaxar baserrira. Batetik, ea bertso gehiago bazituzten eta eskuetan zituen bertsoen testuingurua ezagutzera. Bestetik, bi anaia bertsolari haien berri jakitera. Bordaxarren, Manuel bizi zen, baserrian geratutako Joxeren semea. Eta Zavala hasi zitzaionean aitaren eta osabaren berri galdezka, hark berehala esan zion bazeukatela Hondarribiko Amute auzoan anaia fraidea, kaputxinoa, eta hark zeukala aitaren bizitza idatzita. Antoniok hala ezagutu zuen Ataño, Salbador Zapirain. Eta Atañok, berriz, eskuizkribua Damaso Intzak zeukala, Iruñean. Hartu autoa eta Iruñera, eta hala eskuratu zuen eskuizkribua. Koldo Mitxelena Kulturunean dago jasoa gaur egun, eta Internetez ere ikus daiteke eskuizkribu hori.

Ikerlan, landa-lan handia…

P.E.– Baina itzul gaitezen Bordaxarrera. Han dugu Antonio berriro ere Manueli galdezka: «Eta aitaren bertsoak ba al dauzkazu?». Eta Manuelek: «Ez. Norbaitek eraman zituen eta ez dakigu non dauden». Zavalak etsi ez eta: «Zuen aitak bazekien eskribitzen?». «Ez, Aitzondoko Pilarrek pasatzen zizkion». Zavala, Aitzondoko Pilarrengana. «Bai, nik kopiatzen nizkion. Koaderno bat inprentarako eta bestea neronek gordetzen nuen». «Eta non dago zure koaderno hori?». «Anaiak dauka. Datorren asterako hemen izango duzu». Horrela eskuratu zuen Zavalak Aitzondoko koadernoa izenez bataiatu zuena. Besteak beste, koaderno horri esker baieztatu zuen susmo bat: askotan, hobeto zeudela idatzita koadernoetako bertsoak, inprentan argitaratzen zirenak baino. Susmo zaharra omen zuen Zavalak hori. Hala dio hitzaurrean. Bertsoak, behin baino gehiagotan, akatsekin ateratzen zirela inprentetatik. Batzuetan, garbizaleren bat izango zen tartean. Zapirain’dar Joxebaizena jarri zuena-eta. Horren argitan, hobeto ulertzen dira Zavalak bertsoak transkribatzerakoan egindako zuzenketa-lanak. Gehiago ziren inprentek egindako akatsen zuzenketak, bertsolariak egindakoenak baino.

Hori ere Zavalak egin behar…

P.E.– Baina ez da hor amaitzen kontua. Zapirain anaiak liburuan gaude oraindik. Hor plazaratu zituen, besteak beste, Juan Kruz Zapirainen Brabanteko Genobebaren bertsoak. Harrigarria da nolako informazioa jaso zuen horiei buruz. Lehenik eta behin, Manuel Lekuonak haiei buruz idatzitakoak. Hori espero genezakeen. Ez genezakeen espero, ordea, irakurtzea Jose Migel Barandiaranek bi tokitan jasoa zuela antzeko ipuin bat. Harrigarria da zenbat lantzen zituen gaiak.

J.I.– Atila bezalakoa zen Antonio. Soil-soila gelditzen zen hura pasatzen zen tokia, hondar handirik gabe. Ez zuen etsitzen azkeneko paper-puntak eta informazio-izpiak bildu arte.

P.E.– Zavalaren zenbait liburutan, doktore tesiak daude ernamuinetan. Hori inork baino hobeto ikusi du Jabier Kalzakortak. Edozein harri eta zur uzteko doktore tesia egin du Jabierrek, Zavalaren Euskal erromantzeak abiapuntu hartuta, Antoniok urratutako bidea azken muturreraino ibiliz, hark erakutsitako hari-muturrei jarraituz, hark egina orraztu eta osatuz. Eta Luzia Alberrok nolako etekina atera dien Zavalaren lanei bere doktore tesi bikainean? Merezi du poliki irakurtzea Bertsolarien ahoz: Modernizazio prozesua eta identitate bideak Gipuzkoan, 1830-1936.

J.I.– Hor dago Bosquejo de historia del bertsolarismo ere, nork osatu eta biribilduko zain.

 

Auspoa

 

Zavala eta euskara batua

 

Ez zuen euskara batuan idazten, baina Auspoako liburu batzuetako testuetan onartu zuen, eta euskaltzain osoa izan zen. Zer iritzi zuen euskara batuari buruz?

J.I.– Joxe Lizasoren liburuko hitzaurrea batuan idatzi nuen nik, Joxerena batuan ez badago ere, eta Zavalak ez zuen inolako trabarik jarri. Pellok [Pello Esnal] liburu horretarako idatzitako testua ere batuan eginda dago; baita Mondragoiko kalezaiñaren bertsoaklibururako idatzi nuena ere Zavalaren inguruko guztiek, Inozentzio Oleak, Ibai-ertzek, Joxe Mari Lertxundik, Txomin Garmendiak, Joxe Aierbek, h gabe idazten zuten, eta berak ere halaxe, baina ez zegoen batuaren kontra.

P.E.– Klixe hori ere gainditu beharra dago, Zavala jesuitarena eta Zavala karlistarena bezala. Zavala ez zen euskara batuaren aurkakoa. Euskara txarraren aurkakoa zen. Alde horretatik zirikatzen genuenean, erantzun berbera ematen zigun beti: non dago Auspoan baino euskara batuagoarik? Hori ederki biribildu zuen Pello Zabaletak: Auspoa irakurri gabe ez lukeela inork euskaraz ezer idatzi behar.

J.I.– Erdaraz pentsatzen ez zuenaren euskara estimatzen zuen.

P.E.– Behin esan nion ez zegoela Koldo Mitxelenak Auspoari Egan aldizkarian egindako harreraz kexatzeko moduan, oso aldeko iritzia eman baitzuen, eta esan zidan: «Bai, baina garbizalea ez naizelako». Zavala ez zuten huskeriek kateatzen.

 

Auspoa

 

Auspoa, Zavala hil ondoren

 

Kezkatzen zuen Zavala bildumaren etorkizunak?

J.I.– Etorkizunak kezkatzen zuen, bildumarekin zer gertatuko zen jakiteak, baina uste dut kezka hori geuk sortu geniola berak berez kezka izan baino gehiago. «Utzi niri nire lanak egiten», esaten zigun, «erantzukizuna nirea da». Eta baita hau ere: «Nire artxiboa puztu egin duzue zuek, eta hori ez da egia, mitifikatu egin duzue, eta hori ordainduko duzue oraindik». Beste esaldi hau ere bazeukan: «Bat baino gehiago erotuko da artxibo hau ordenatzeko ahaleginean». Berak bazekien anabasa handi xamarra zeukala, eta gauza asko zeuzkala bideratuta, baina beste asko bazterrean utzita. Hori bazekien berak eta ez zuen horrekin lotsagarri geratu nahi.

P.E.– Horren harira komeni da gogoratzea nola lan egiten zuen. Hasten zen liburu batekin eta nekatzen zenean utzi. Berriro aurreko bati heldu, eta nekatutakoan utzi hura ere. Bizpahiru obra batera. Artxibora etorriz, berriz, haren kezka zen nola eta non utzi esku onetan. Beldurra zien erakunde handiei, Deustuko Unibertsitateari edo Eusko Jaurlaritzari. «Bai, eramango dute eta auskalo zer egingo duten!», esaten zuen. Artxiboa ulertu eta balioetsiko zuen norbait nahi zuen horretarako. Behin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin kontua nahiko bideratuta zegoela, gaizki-ulertu bat izan genuen Aldundiko orduko Kultura arduradunarekin. Gero lanak, hautsitako zubia konpontzen. Zubi horrek bi alde zituen: batetik, Zavala konbentzitu; bestetik, Aldundia konbentzitu. Eskerrak berehala Joxe Joan Gonzalez de Txabarri izendatu zuten ahaldun nagusi. Hark berehala ikusi zuen zer egin eta azkar hasi zen lanean. Beste alderdia konbentzitzea falta zen, Zavala.

J.I.– Bi putre bezala joan ginen Pello eta biok Xabierrera, 2005eko otsailean. Hamaiketakoa egin genuen Antoniorekin ostatuan eta, gero, herrira joan ginen buelta bat ematera. Handik komentura itzulita esan genion guk hitza hartuta itzuli behar genuela etxera. Eta orduan baietz esan zigun, Gipuzkoako Aldundiari utziko ziola artxiboa. Eta arrazoia zen berak jasotakoaren ehunetik laurogei Gipuzkoan jasotakoa zeukala. Digitalizazioa ere aipatu genion orduan, Gipuzkoako Aldundia dena digitalizatzeko pronto zegoela, Euskaltzaindia ere bai. Eta hori ere ontzat eman zuen. Horrela konbentzitu genuen, harengana putreak bezala joanda, artxiboa Gipuzkoako Aldundiari entregatu behar ziola, eta Aldundikoei kontratuak prestatzen hasteko agindu zigun. Baina 2005eko bilera hartaz akordatuta, askotan egoten naiz pentsatzen zein lotsagabeak izan ginen. Zavala konbentzitu nahian, nik esaten nion han utziz gero, Xabierren, jesuita legoei artxibo osoa baratzean erretzeko aginduko ziela norbaitek eta horrek ez zion grazia handirik egin.

Lotsagabeak izan zinetela diozu. Baina ondarea salbatzea zen zuen helburua, ez irabazi edo etekin pertsonala.

J.I.– Bai. Ordurako bere oinordeko izendatuta geunden Pello [Esnal], [Javier] Kalzakorta eta hirurok, Frantxis Lopez Landatxerekin batera. Baina gogorra izan zen. Ez zen lehenbiziko hitzetik biguntzen direnetakoa. Karakter handiko pertsona zen, eta konpainian jendea kontra bazuen ez zen beti konpainiakoen kulpaz izango, berak ere izango zuen zerikusirik horretan.

P.E.– Gonzalez Txabarrik kontua bideratu zuenean, garrantzitsua izan zen jesuiten probintzial Juan Migel Arregiren laguntza ere. Ekitaldi polita egin zen Gipuzkoako Foru Aldundian, 2005eko azaroaren 11n, Zavalaren artxiboaren dohaintza sinatzerakoan. Hitzaldirako, apunte batzuk eskatu zizkidan Joxe Joanek. Ortega y Gasset irakurtzen ari nintzen orduan. Eta Ortegaren bi pasarte bidali nizkion, biak «jenio» hitza ardatz zutenak. Batean zioen jenioa dela, azken batean, bere zeregina asmatzeko gai dena; eta bestean, jenioa dela errealitatearen lauso ilunean puska berri bat aurkitzeko gai dena. Zavalak irribarre egin zuen hitzaldiaren pasarte horiek entzun zituenean ahaldun nagusiaren ahotik, eta «hori Pellorena da» esan zuen. Gustatu egin zitzaion jenioarena. Uste dut bete-betean asmatu genuela. Bai: jenio bat izan zen Antonio.

Lasaitu al zen dohaintza egin eta gero?

J.I.– Ez dakit lasaitu zen. Guk esan genion bizi zen artean ez genuela ekarriko artxiboa Donostiara. Artxiboaren muina han utzi behar genuen, bera esku hutsik ez uzteko, berak lanean jarraitzeko. 2009ko urtarrilaren 2an hil zen eta orduan bai, urtarrilaren 15ean eta 16an ekarri genuen artxiboa Donostiara. Oso ondo hartu gintuzten, Jose Luis Zinkunegi nagusia buru zela. Lehenago, hileta geuk nahi bezala antolatzeko aukera ere eman ziguten eta hori ez dute jesuitek sarri egiten.

Auspoa

 

Auspoatik Hauspoara

 

Zertan ari zarete orain zuek, Auspoa eta Hauspoa bildumetan?

J.I.– Badauzkagu argitaratzeko lan batzuk, Zavalak bizi balitz argitaratuko lituzkeenak seguru asko, baina gertatzen da lan handia eskatzen dutela. Jakin nahiko nuke zenbat zientoka ordu lan egin zuen Pellok Txantxangorri kantaria-ren euskara batuko bertsioa egiteko, nahiz eta Aldundiko Euskara Zerbitzuak oinarrizko lana egin aurretik.

P.E.– Gustuko lana, ordea. Atañoren euskara zoragarria da. Horren beste libururen bat ere atera beharko genuke. Bestalde, Iparragirreren liburua ere aurreratuta zeukan Zavalak, baina amaitu gabe. Orain Jabier Kalzakorta ari da lanean horretan, orduak sartu eta sartu. Hilketei buruzko liburu bat ere hasita dago, baina hori bukatzeko ere ordu asko behar dira eta langile trebatua.

J.I.– Pilotari buruzko bertsoena ere atera beharko genuke, Zavalak buruan zuen eta.

Auspoako lau liburu berrargitaratu dituzue dagoeneko euskara batura aldatuta. Zer asmorekin?

J.I.– Euskara batuko bertsioek lan handia eskatzen dute, baina, gero, irakurtzeko askoz errazago geratzen dira. Alde handia dago, erraztasunaren aldetik, Txantxangorri kantaria-ren Auspoako bertsiotik Hauspoa bildumakora. Eta Pello Errotaren alabaren liburuaren kasuan ere bai, eta Neronek tirako nizkin-en kasuan eta Iñaki Alkainen Gerrateko ibilera-renean. Herri euskara konplikatu xamarra da irakurtzeko, kontalari edo idazlearen doinuaz jabetu beharra dago eta ez da beti erraza izaten. Batura aldatutakoan, aldiz, segituan hartzen zaio doinua. Irakaskuntzan jende askok bertsio berri horiei esker ezagutu du lehen aldiz Auspoa. Beste kasu batzuetan akaso ez litzateke berdin gertatuko. Uztapideren Lengo egunak gogoan liburuaren kasuan, adibidez. Hori batuan jartzeak zenbat eransten du?

Erakundeen behar adinako laguntza duzue? Gehiago beharko zenukete?

J.I.– Uste dut Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur egun ematen duen laguntza ona dela. Zavalari hainbesteko bat ematen zioten eta laguntza teknikoa, bizi izan zen azken urteetan.

 

Auspoa

 

Auspoaren balioak

 

Zer balio du zuen ustez Auspoa bildumak? Aitortzen al zaio duen balio hori?

J.I.– Ez dut uste. Koldo Mitxelenak Orixeri buruz esandakoa esan daiteke Zavalaz ere, agian indar handiagoz: «Gure ondorengoek, orain pixkaren bat ahazturik badaukate ere, aurkituko dute berriz egunen batean Orixe [Zavala], harrimenez eta espantuz». Oso gogokoa zuen Joakin Berasategik esaldi hori.

P.E.– Zavalak egina hor dago. Jenio hark aurkitutako errealitatearen puska ere bai. Ale bikaina eskaini zion Bertsolari aldizkariak Zavalari 1999an (34. zenbakia), Honoris kausadoktore izendatuta gero. Askoren testigantzak daude hor jasota. Zenbat ikuspegi ezberdin, Zavala eta Auspoa miresten! Hizketa honetan ere azaldu dira izen batzuk: Manuel Lekuona, Gabriel Aresti, Jabier Kalzakorta, Luzia Alberro, Pello Zabaleta, Koldo Mitxelena…

J.I.– Irakurtzekoak dira, gainera, Anjel Lertxundik, Bernardo Atxagak, Luis Gardek eta Joan Mari Irigoienek idatzitako hitzaurreak, hurrenez hurren, Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin, Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua, Iñaki Alkainen Gerrateko ibileraketa Atañoren Txantxangorri kantaria liburuei.

Pelikulak edo serieak egiteko gaiak eta istorioak ere ugari aurki daitezke.

J.I.– Bai horixe! Esate baterako Uztapideren Lengo egunak gogoan pelikula bat da.

P.E.– Iñaki Alkainen Gerrateko ibillerak ere bai, eta baita aipatu berri ditugun hiru horiek ere.

Ikerketarako bide ugari ere zabaltzen du Auspoak. Baliatzen ari al dira horiek beharko lukeen neurrian?

J.I.– Lehen esan bezala, tesi batzuk egin dira eta mugimendua badago. Karrera bukatzen ari diren gazteentzat altxor bat da bilduma. Nik animatuko nituzke gazteak horretara. Etorkizuna hori da.

 

 

Antonio Zavala, zauri eta enigma

 Bizitza osoko lana hartu zuen bere gain, inork halakorik agindu gabe, Antonio Zavalak. Zauri batek bultzatu zuen horretara Pello Esnalen ustez, barruko zauri batek, eta horregatik jarri zion Antonio Zavala, zauria hauspo izenburua Auspoari buruzko liburuari (2015).

Zavalaren zauriaren atzean «etena» dagoela uste du Esnalek. «Zer eten? Eten orokorra, sustrai luzeak dituena eta gizartearen arlo banatan –kulturan, filosofian, erlijioan, artean… –, adierazten dena… Hitz gutxitan esateko, Mendebaldearen eta Ekialdearen artean dagoena, Grezian sortutako eten orokorra eta oraindik ere nozitzen ari garena. Eten horrek, nire ustez, eragiten zion zauria eta hori gozatu nahian ibili zen bizitza osoan. Badago hor gaia aztertzeko. Bernardo Atxagak “Hautsi da anphora” idatzi zuen; joan da mundu zaharra…».

Horretaz apenas hitz egin zuen Zavalak, Esnalek dioenez. «Ez dakit berak ere zer neurritan landu zuen gai hori, baina landu gabe ere ikusten da min egiten ziola. Bertsopaperetan eta herri literaturan halako zirrikitu bat-edo aurkitu zuen, paradisu galduaren halako isla moduko bat. Hori azalarazten ibili zen denbora guztian, nire ustez».

Aldundia artxiboaren katalogoa egiten hasi zenean, kanpoko enpresa bati eman zion enkargua, eta hor, besteak beste, Paul Aldamiz aritu zen. Lana bukatzen ari zirela, konfiantza hartuta, han gauza bat falta zela esan zion Aldamizek Esnali: Zavalaren liburutegia. «Liburuez gain, Antonio Pérezen eskutitz pila bat ere badago artxiboan. Paulen hitz horiek tximista bat izan ziren niretzat. Orduan etorri zitzaidan gogora nola, Deustun Honoris Causa doktore izendatu zutenean, Zavalak niretzat erabat ezezaguna zen autore bat aipatu zuen: Ralph Waldo Emerson, La confianza en uno mismo liburuaren egilea, besteak beste. Esanguratsua da izenburua, eta ezin hobeto erretratatzen du Zavala. Ez dakit zein neurritan den gure artean ezaguna autore hori, baina zenbait obratan asko aipatzen da. Aintzat hartzekoa da Zavalaren aitormena. Oso landua izango zuen Emerson. Antonio Pérez adiskidea bost urtez Estatu Batuetan egona zen ikasten, eta litekeena Emerson haren bidez ezagutu izana Zavalak».

Ralph Waldo Emersonen La confianza en uno mismo liburuko pasarte hau nabarmendu du Esnalek, Zavalaren sakoneko motibazioekin lotura estua duela iritzita:

Gizona herabea da eta barkamena eskatzen du etengabe. Jada ez da tente ibiltzen, eta ez da “nik pentsatzen dut” edo “ni naiz” esatera ausartzen, santu edo jakintsu bat aipatu besterik ez du egiten. Belar-izpi baten aurrean edo loretan dagoen arrosa baten aurrean lotsatu egiten da. Nire leihoaren azpian sortzen diren arrosa horiek ez diete erreferentzia egiten lehenagoko beste batzuei, ez eta hobeak diren beste batzuei ere; direnak dira, Jainkoarekin batera egun honetan existitzen direnak. Haientzat ez dago denborarik. Arrosa besterik ez dago, bere existentziaren une bakoitzean perfektua. Kusku bat loratu baino lehen, bere bizitza osoa akzioan sartzen da: lorean jada ez dago ezer gehiago; sustrai biluzian, aldiz, dena dago. Une oro bere izaera asebetetzen da, berak natura asetzen duen bezala. Hala ere, gizonak geroratu edo gogoratu besterik ez du egiten. Ez da orainaldian bizi: bere begiek iraganaren nostalgia sentitzen dute, edo hanka puntetan dabil etorkizuna asmatu nahian eta inguruan dituen aberastasunei jaramonik egin gabe. Ezin da zoriontsua izan, ezta indartsua ere, naturarekin orainaldian bizi arte.

«Jarri “bertsoa” edo “herri literatura” hor, “loretan dagoen arrosa” jartzen duen lekuan, eta horra Zavalaren ispilua; hura eta haren lana ulertzeko giltza», Esnalen iritziz. «Askotan esaten zuen Zavalak: “Bai, hor ibiltzen dira teologoak, ‘la naturaleza de los ángeles en la obra de Santo Tomás de Aquino’ eta antzekoak idazten eta lantzen. Utzi bakean santuei eta bestelakoei…. Heuk zer esaten duk?”. Sututa esaten zuen hori. Hark sutan hitz egiten zuenean…!»

«Mistika kristauan bada Angelus Silesius poetaren poema ezagun bat», jarraitu du azalpena Esnalek, «arrosari buruz honako hau dioena: “Arrosak ez du zergatirik, arrosa loratzen delako loratzen da. Ez zaio ardura bere burua, edo inork ikusten duen edo ez”. Gai bera da. Utzi gauza dagoen bezala, ez manipulatu, ez hasi bila zergatik, zertarako eta zera hori guztia. Nik uste dut Zavalak bertsoa horrela ikusten zuela: ez erabili bertsoa Euskadi salbatzeko, euskara salbatzeko edo ez dakit zer lortzeko. Dagoen-dagoenean utzi, gozatu».

Emersonek «naturarekin orainaldian bizi arte» ezin dela ez zoriontsua eta ez indartsua izan dioenean, Zavala «bete-betean» ikusten du esaldi horretan Esnalek. «Honek klixe guztiak apurtzen ditu. Baina deigarria da. Honetaz galdetu eta ihes egiten zuen. Batetik, gai zailak direlako, eta, bestetik, berak bazekielako zertan ari zen eta horrekin nahikoa zuelako».

Gogoeta horiek guztiak bere «irudikeriak edo ameskeriak» izan daitezkeela aitorturik ere, Esnalek argi du erreferentzia horiek ez direla berak asmatuak, egiaztatuta daudela, eta Zavalaren zantzuek «beti hortik» jotzen dutela. «Pentsamendu intuitiboaz eta pentsamendu deduktiboaz aritu zen eman zuen azken hitzaldi batean. Intuitiboa Ekialdekoa da, deduktiboa Mendebaldekoa. Naturaren txikizioa, klima aldaketa… hortik etorri dira; pentsamendu deduktiboaren muturreko emaitzak dira. Ekialdeko pentsamendua intuitiboa da, kontenplatiboa, gauzak dauden bezala uztearen aldekoagoa. Zavalak hori ikusi zuen bertsolaritzan. Eta berak esaten du hori. Beraz, egiten dudan interpretazioak badu oinarri bat ere. Dena den, misterio bat zen Zavala, enigma bat».

 

 

Antonio Zavala, bakardade emankorra

Duela 60 urte ezagutu zuen Joxemari Iriondok Antonio Zavala, Auspoa bildumako lehen liburua argitaratu zuen urte berean, eta adiskide handiak izan ziren harrezkero. «1961eko urrian aurkeztu zidan Juan Lekuona Urrutiak bere lagun eta herrikide Antonio Zavala. Bi jesuita melar-melar eta luxe-luxe ziren, gosea pasatakoak biak», ekarri du gogora. «Esan zidan bertso zaharren liburuak argitaratzen hasita zegoela eta lehena prest zeukala. Harpidedun egin nintzen eta hamabost egun geroago Muatseko hilketaren bertsoak jarri nituen irratian. Jose Tejeriarenak. Azpeitian bazen okin bat, Trastorno esaten ziotena, eta hark kantatu zituen, nik eskatuta. Denuntzia izan genuen, Tejeriaren familiarena, esanez ea zer eskubide genuen bertso haiek irratian emateko».

Askotan deitzen zioten elkarri telefonoz Zavalak eta Iriondok. «Nik merezi baino konfiantza handiagoa zeukan nirekin, eta badira elkarri sei aldiz hots egindako egunak. Oraindik hemen daukat haren mugikorraren zenbakia. Azken urteetan, Xabierren bizi zela, Mugiron biltzen ginen, Lekunberrin, erdi bidean. Liburu bat ekartzen zidan, nik begiratu bat emateko, eta hurrengoan, hura itzulitakoan, beste bat ekartzen zidan. Manuel Arriolaren Mondragoiko kalezaiñaren bertsoak horrela egin genuen. Niri asko eskatzen zidan eta nik gustura egiten nuen».

«Sekulako irteerak zituen, ume-irteera asko», Iriondok oroitzen duenez. Ez zen, horrenbestez, haserrerik gabeko adiskidetasuna izan bien artekoa. «Behin bere koinatak, Izaskunek, galdetu zidan ea Antonio eta biok ez ote ginen inoiz elkarrekin haserretzen. Eta nik esan nion baietz, egunero haserretzen zitzaidala, baina hurrengo egunean berdin-berdin hots egiten geniola elkarri, ezer pasatu ez balitz bezala».

«Gauzak behin eta berriz galdetzen zituen eta bere gabezia afektibitatea zen, bakardadea», dio Iriondok. «Bakarrik ibili zen beti, eta askotan esaten zuen: “Eskerrak bakarrik ibili naizen, bestela egin dudan lanaren erdirik ere ez nuen egingo”. Oso nekez ematen zuen konfiantza, baina konfiantza ematen zuenean oso gozoa zen».

 

 


 

 

Bibliografia

 

Auspoa saila Interneten:

 

* Saileko liburu ia guztiak pdf formatuan deskargatzeko aukera dago Euskaltzaindiaren webgunean:

 

https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_xslt&lang=eu&layout=auspoa_galeria&view=frontpage&Itemid=601

 

Saila ezagutzen hasteko liburu hautatu batzuk

 

* Antonio Zavala: Txirrita (Auspoa arrunta, 18-19 zenbakiak, 1962)

* Mikela Elicegui eta Antonio Zavala: Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua (Auspoa arrunta, 32, 1963) (euskara batuko bertsioa Hauspoa bilduman, GFA, 2016)

* Sebastian Salaberria: Neronek tirako nizkin (Auspoa arrunta, 38 zenbakia 1964), (euskara batuko bertsioa Hauspoa bilduman, GFA, 2016)

* Balendin Enbeita: Nere apurra (Auspoa arrunta 117-118 zenbakiak, 1974)

* Uztapide (Manuel Olaizola): Lengo egunak gogoan (I eta II) ( Auspoa ertaina, z/g, 1974)

* Xalbador (Fernando Aire): Odolaren mintzoa (Auspoa ertaina, z/g, 1976)

*Iñaki Alkain eta Antonio Zavala: Gerrateko ibillerak (Auspoa arrunta, 148, 149, 150) (euskara batuko bertsioa Hauspoa bilduman, GFA, 2018)

* Ataño (Salbador Zapirain): Txantxangorri kantaria (Auspoa arrunta, 137 zenbakia, 1979) (euskara batuko bertsioa Hauspoa bilduman, GFA, 2020)

* Antonio Zavala: Auspoaren auspoa (I eta II) (Auspoa arrunta, 239-240 zenbakiak, 1996)

* Pello Esnal: Antonio Zavala, zauria auspo (Auspoa arrunta, 332 zenbakia, 2015)

 

Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa Auspoa