Herrimamituz, historialariak eta bertsolariek gertuko istorioez aritzeko elkar hartu zutenekoa

Argazkiak: Conny Beyreuther

H-z idazten den historiak baditu h-rik gabe idazten diren istorio kurioso askoak. Militar nahiz marinel arrotzen ingurukoak izan daitezke horiek, jakina, baina baita norbere auzoko intsumisoen edo arrain-saltzaileen ingurukoak ere. Xabier Alberdi historialariak aspalditik zekien hori. Orain Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Andoni Egaña batu zaizkio, bestelako historia horri errimak eta freskotasuna jartzeko.  

 

Nola sortu zen Herrimamituz?

Andoni Egaña: Mantxik kontatuko du ondoen, berea izan zen-eta ideia.

Iñigo Mantzizidor: Pandemia garai horretan, Xabierri Amaia Urbietak egindako elkarrizketa bat ikusi nuen, eta bertan beste gauza askoren artean aipatu zuen nola orain dela bostehun urte beste izurrite bat egon zen eta nola honek eragindako kaltearen ondorioz Zarautzek herri izaera galdu zuen eta Getariako auzo bihurtu.

Hori entzundakoan pentsatu nuen, ostibiri, batetik, eskerrak getariarrek hau ez dakiten, eta, bestetik, kontu honen arrastorik ez neukan eta auskalo honek horrelako zenbat dakizkien.

 

Herrimamituz

 

Erlo telebista Getarian ere ikusiko ote dute…

I.M.: Ez da izan asko zabaldu den zerbait.

A.E.: Ez da ikustea bakarrik, ulertu ere egin behar da (barrez denak) (zarauztarren umorea).

I.M.: Pentsatu nuen jende askok ez dakizkien pasarte mordo bat izan behar zituela Xabierrek, eta, buelta gehiegi eman gabe, deitu nion galdetzeko ea prest zegoen horrelako batzuk bertsotarako abiapuntu gisa jartzeko.

Baietz esan zidan, gustura asko egingo lukeela, eta orduan pentsatu nuen bigarrena Andoni izan zitekeela. Hark ere baiezkoa eman zuenez, aurrera.

X.A.: Mantxik deitu zidanean esan nion oso ideia interesgarria iruditzen zitzaidala, normalean historiara gerturatzen ez den jende bati gai hauek erakargarriago egiteko modu bat izan zitekeela. Gustura eman nion baiezkoa.

 

Hirurak herrikideak izanda pentsa daiteke aurretik ere izango zenutela elkarren ezaguera.

A.E.: Bai, dezente. Ezagun soilak baino gehiago ere bagara, tratu dezente izandakoak.

 

Ekipoa erraz osatu duzue orduan.

A.E.: Bai, bai. Pandemia bukaeran, tarte luze batean, edozer martxan jartzea asko kostatu zen; batean esaten zutela has zitezkeela horrelako ekitaldiak, hurrengoan kontrakoa esaten zuten… Horrek dezente atzeratu gintuen, baina gure artean oso erraz moldatu gara.

 

Zer ariketa klase planteatzen dituzue?

A.E.: Xabierrek herriko historiaren pasarte batzuk aukeratzen ditu eta pasarte horretako pertsonaien rolak ematen dizkigu.

X.A.: Bai, gehienetan hori egin izan dugu, errazena hori delako eta aukera ematen digulako pertsonaia historiko horiek berpizteko.

I.M.: Ematen duen beste aukera bat da iraganeko kontuak gaurko kontuekin lotzekoa. Gai batzuk, zoritxarrez edo zorionez, ez dira hainbeste aldatu, eta garai bateko abiapuntua emanda gaurko kontuei ere heldu ahal izaten diegu.

A.E.: Ia beti dago garaiak nahasteko aukera. Xabierrek duela hiru lau mendetako istorio bat kontatu du Santa Klarako komentuaren ingurukoa. Mantxi moja paperean jartzen du eta bisitari bat naizela jartzen dit niri. Ba, ni izan naiteke Txurruka (Zarauzko alkatea).

 

Herrimamituz

 

Neurriak ere jartzen dizkiezu?

X.A.: Ez. Hori libre aukeratzen dute. Bai, saiatzen naiz pasarteak kronologikoki ordenatuta ematen; alegia, zaharrenetatik hasi eta berrienekin bukatzen. Egin daiteke bestelako planteamenduren bat, baina guk horrela egin izan dugu.

A.E.: Entzuleak errazago jarraitzen du haria horrela.

 

Zenbateko saioa izaten da? Ordubete edo?

A.E.: Gehiago, gehiago. Ordubete Xabierrek bakarrik jaten du, ondo preparatuta ekartzen baititu pasarteak (barreak). Saioaren grazia hori ere bada. Oso pasarte interesgarriak ekartzen ditu, eta ondo kontatzen ditu gainera… Ordu eta erdi ondo pasata izango da saioa.

 

Bertsolariok bazenuten historiarekiko zaletasunik?

A.E.: Bai, niri gustatzen zait. Datu zehatzak ezagutzea bai, baina, batez ere, garaian kokatu, zer gertatu zen ezagutu eta gertatutako horrek gerora zer ondorio izan dituen ikustea iruditzen zait ariketa interesgarria.

I.M.: Ez dakit historiarekiko zaletasuna dudala esatea gehiegi ez ote den, baina tokiko historiako pasarteak bai gustatzen zaizkit. Orain etxe bloke hauek dauden tokian garai batean halako baserria zegoen, eta etxe horretakoak halako familiakoak ziren, eta halako eta holako egin zuten… Horrek beti deitu izan dit arreta.

Horregatik, ekimen honi heldu nionean, tokiko historiari heldu behar geniola pentsatu nuen, ez Gipuzkoako historiari edo zerbait orokorragoari; alegia, entzutera doanaren interesa pizte aldera: “Joño, gure herriko historiaz ari dira, halako etxekoak aipatu ditu” eta abar.

 

Herrimamituz

 

Aurreko historiaren lanketa guztia Xabierren esku uzten duzue erabat ala animatu zarete ekarpenen bat egitera?

A.E.: Zarauzko saioan ez genuen ekarpenik egin. Xabierrek herriko historia oso ondo kontrolatzen du. Usurbilgo Aginagan egindakoan ez geneukan guk ezagutza handirik, eta bakarrik moldatu zen, primeran gainera. Hurrengoa Zaldibian daukagu eta hor bai pasa dizkiogu pista batzuk: Iztueta eta abar…

X.A.: Nik gehien kontrolatzen dudana itsasbazterrekoa da, itsasbazter zabala. Tesia Aro Berriko Gipuzkoako itsas ekonomiari buruz egin nuen, baina, noski, itsas ekonomia ez da murrizten moila duten herrietara. Ontziak egiteko egurra ez zuten getariarrek Getarian mozten…

Egia esan, Gipuzkoa osoak zuen itsasoarekin lotura, baina egia da baita ere, barrualdean badaudela beste historia batzuk nik hainbeste landu ez ditudanak. Hala ere, jar naiteke beste horietara ere.

 

Zarauzko saioa izan zen lehenengoa. Jendearen aldetik ze feedback iritsi zitzaizuen?

A.E.: Etorri zitzaigun jendea esanez saio polita izan zela.

X.A.: Nik uste gozatu zutela.

A.E.: Izatez, Zarautzen gehiago egiteko modua ere egon daiteke. Esango nuke eskolako gaztetxoentzat saio bat eta herritarrentzat beste bat nahikoa erraz egin genitzakeela.

I.M.: Burutik pasatu izan zait auzoetakoak egitea ere. Azken Portun saio bat adibidez…

X.A.: Azken Portun Azken Portuko kontuekin, San Pelaion San Pelaioko kontuekin beste bat… Zarautzek ematen du aukera horretarako.

A.E: Vista Alegrek ere badauka bere historia…

 

Bertsolariok bazenuten saioan Xabierrek atera zituen pasarteen inguruko ezaguerarik?

A.E.: Gehiena ezaguna suertatu zitzaidan niri.

I.M.: Nik ez hainbeste. Gerra Zibilean Zarauzko hondartzan lurrartu zuen hegazkinaren historia adibidez, ez nuen ezagutzen, eta latza iruditu zitzaidan; nola Espinosa traizionatu zuen pilotuak eta fusilatu egin zuten gero.

 

Herrimamituz

 

Nik ere ez dut ezagutzen kontu hori.

A.E.: Fusilatu zuten Eusko Jaurlaritzako sailburu bakarra izan zen.

X.A.: Alfredo Espinosa. Mediku gazte bat zen, Union Republicanako burua Bizkaian, eta Jose Antonio Agirreren gobernuan Osasun sailburu izendatu zuten.

A.E.: Gogorrena da bera jada Frantzian zegoela Bilbo erori zenean.

X.A.: Bai, Bilbotik hainbat ontzitan haur mordo bat ebakuatu zuten Bordele aldera, eta Osasun sailburu gisa bera ibili zen guzti horren buru. Horretan ari zirela, Bilbo erori eta Jaurlaritza Santanderrera mugitu zen. Handik ere ihes egin beharra izango zuten laster Frantzia aldera, eta Espinosa bertan zegoen jada. Baina iruditu zitzaion bere tokiak Gobernuko gainerako kideekin batera behar zuela, zuzenena abioneta bat hartu eta Santanderrera joatea zela.

A.E.: Abionetako pilotua frankistek erosi zuten, ordea, eta gezurretan aparatuak matxura bat zeukala esan eta Zarauzko hondartzan lurrartu zuen, Espinosa preso har zezaten.

I.M: Andoniri Espinosaren papera tokatu zitzaion eta niri pilotuarena. Bazegoen hor zer kantatua.

 

Ikusten da bi hauek historiako kontuekin gozatu dutela, eta zuk bertsoarekin?

X.A.: Bertsozalea beti izan naiz. Ez txapelketetara joaten diren horietakoa, baina zalea bai, eta hauekin asko ari naiz gozatzen.

Geroztik, pare bat saio antolatzera ere animatu naiz Donostiako Euskal Itsas Museoan. Bertan zuzendari nabil, eta beti jarduten naiz probaketetan jendea museora nola erakarri; komiki modura atera izan ditugu gauza batzuk, edo antzinako aldizkariak geuk idatzitako historiako kontuekin berrargitaratu…

 

Zer saio izan dira horiek?

X.A.: Zerbait soilagoak izan dira, erakusketa konkretuen inguruan antolatutakoak, erakusketaren gaia gai bezala jarrita. 

Andonik eta Uxue Alberdik egin zuten saio bat, eta Jon Maiak eta Amets Arzallusek beste bat.

A.E.: Ni beldur pixka batekin joan nintzen eta oso saio polita atera zen. Gaia latza zen, esklaboak abandonatuta utzi zituzten irla hori… Nola du izena?

X.A.: Tromelin. Indiako Ozeanoko irla txiki-txiki bat da, kilometro karratu bat baino gutxiagokoa, eta, XVIII. mendean, 60 bat esklabo beltz abandonatuta utzi zituzten han hamabost urtez.

A.E.: Esklaboak garraiatzen zituen ontziak hondoa jo zuen irla ondoan. Tripulazio zuriak baltsa bat egin zuen eta beltzei agindu zieten ahal bezain pronto itzuliko zirela euren bila. Beste espedizio bat izan zen handik urte mordo batera agertu zitzaiena, eta, ordurako, dozena erdi bat baino ez ziren gelditzen bizirik irlan; dozena erdi bat emakume eta haur bat.

X.A.: Bada gai bat gaur egungo hainbat egoerarekin lotura handia duena: Afrikatik datozen migranteak nola askotan itsasoan abandonaturik hiltzen diren, nola abandonatzen diren errefuxiatu edo migrante eremuetan, giza esplotazioa, arrazismoa eta abar.

A.E.: Han abandonatutako bi beltzen paperean jarri gintuen Uxue eta biok. Uxueri baikorraren rola tokatu zitzaion, ‘bai, agindu bezala, laster etorriko dira gure bila’, argudiatuz, eta niri ezkorraren rola. Hor kantatzen duzu ‘ni zuri hauekin ez naiz fidatzen, Netflix izango degu hemen hauek itzuli baino lehen’ eta, listo, askatu zara nolabait historiak ezarri dizun garaitik.   

 

Bertso zaharrak historia egiteko iturri gisa ere tokatuko zitzaizkizun, ezta, Xabier?

X.A.: Bai, bai. Nahikoa praktika zabaldua da hori.

Iturri literarioak beti erabili izan dira historiografia egiteko, eta bertsoak are egokiagoak dira garaian garaiko bizierak, pentsaerak edo baita hizkerak ere ezagutzeko. Ez dira, akaso, bere soilean erabiltzeko moduko iturriak, baina iturri osagarri gisa bai. Gerra karlistei buruzko historia egin nahi bada, begira zenbat bertso dagoen gerra karlisten inguruan.

Neronek tesia egiteko garaian erabili nituen, adibidez, Ternuarako bidaiaren inguruko bizipenak eta miseriak kontatzen dituzten kopla eder batzuk. Aita Zavalaren liburuak askotan ibili ditut esku artean, eta asko gustatzen zaizkit.

A.E.: Hor kontuz ibili beharko da apokrifoekin. Lehengo batean pote batzuk hartu nituen Goikorekin eta kontatzen aritu zitzaidan, txioren bat ere bota du, Txirritaren Canovasenak ez direla Txirritarenak.

X.A.: A ez, e?

A.E.: Oso estilo anaforikoa darabilki eta hori ez du beste inon egiten. Estilo hori apaizek erabiltzen zuten sermoietan.

 

Herrimamituz

 

Apaiz listoren bat, beraz, berari baino Txirritari kasu gehiago egingo ziotela jakitun…

X.A.: Ostras, hori oso interesgarria da… Egia da bertso zaharrekin ibili naizenean askotan egin dudala topo egiletza nahikoa badaezpadakoekin. Sorta bera Xenpelarrena dela batean eta beste norbaitena dela hurrengoan… Dena dela, egilea bata edo bestea izan, iturri interesgarri bat dira.

Gaur egungo errealitatearen inguruan egiten dituzuen bertsoak ere erabiliko dira historia egiteko hemendik berrehun urtera.

 

Hasieratik zenuten Zarauztik irteteko ideia, edo Zarauzkoak ondo funtzionatu zuela ikusita hasi zineten Herrimamituz kanpora mugitzen?

I.M.: Zabaltze aldera Mankomunitatearekin harremanetan jartzea pentsatu genuen hasieratik. Mankomunitateko bost herriak, denak kostaldekoak izanda eta gertukoak, egokia iruditu zitzaigun, baina ez digute kasu handirik egin.

A.E.: Mankomunitatea emozionalki ez da oso erreferente argia. Denok maite dugu gure herria, eta gure auzoa, baina bere Mankomunitateak emozionatzen duen pertsonarik ez dago. Zaborrak eta urak bakarrik gestionatzen dituen entitate bat izanda… Esan ditzagun egiak, ez dakit zentzurik baduen hainbeste soldatak, emozionalki erabat ezdeusa den instituzio baterako (barrez).

Aurrera begira zer bide ikusten diozue?

I.M.: Zaldibian ekainaren 9an daukagu, gaueko hamarretan. Hortik aurrera, etortzen dena.

 

Herrimamituz

 

Lankuren bidez eskaintzea otu zaizue? Normalean gorputz pixka bat hartzen duten gisako saio bereziek izaten dute hor toki bat.

A.E.: Oraindik gorputza hartzeke dauka honek, ordea.

I.M.: Lankuren bidez arazoa izan daiteke barrualdeko herrietatik deiak hastea eta ezezkoa eman beharra izatea. Edo probintziaz kanpokoren bat tokatzea. Lehen esan duen bezala, Xabier kostako herrietan dago espezializatua eta Gipuzkoako eremuan, batez ere.

X.A.: Historialari gehiago topatu beharko ditugu, ekimenean parte hartzeko prest dagoen jende gehiago (barrez).

A.E.: Baina hire kontaerara ohitu gaituk…

I.M.: Zumaia bai da egokia horrelako zerbait egiteko, Zumaian egongo dira mila istorio egoki.

X.A.: Gauza asko daude bai. Oso polita egin daiteke Zumaian. Edo Orion…

 

Gehiago egiteko gogotsu zaudete, beraz.

X.A.: Bai, ni gainera ikasten ari naiz. Lehenengoan pixka bat galduta ibili nintzen nire aurkezle lanetan. Ez neukan oso argi noiz begiratu behar nien bertsolariei eta noiz publikoari, eta gehiena publikoari bizkarra emanaz egin nuen. Bigarrengorako konpondu nuen hori.

A.E.: Xabier oso egokia da istorioak kontatzen, kontalari ona da eta kasik ipuin modura azaltzen ditu pasarte historikoak, ez paper batetik irakurrita. Baina egia da bi lan dauzkala: batetik, historia kontatu behar dio publikoari, eta, bestetik, guri gaia jarri behar digu, eta Zarauzko saioan gehiago kosta zitzaion bitasun hori, baina konturatu ginen eta konpondu genuen.  

X.A.: Nik uste dut formatu interesgarri bat dela, hain zuzen ere bertsolariek gertukoarekin eta gaurkotasunarekin loturak egiteko daukaten freskotasunagatik eta erraztasunagatik.

Jende askok historia oso urruneko kontu bat bezala ikusten du, atzean gelditutako zerbait balitz bezala. Kosta egiten zaigu historialarioi gaurko arazoentzat argitasun asko atzekoa ezagututa lor daitekeela bistaratzea. Bertsolariek egin ditzaketen loturak interesgarriak dira zentzu horretan.

 

 

 

Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz Herrimamituz