Hiru begirada txapelketari: Maite Berriozabal, Miren Amuriza eta Nerea Bruño

Hiru begirada txapelketari: –

Testua: Manex Mantxola
Argazkiak: Andoni Lubaki

 

“Drama bitarteko izan daitekeelako, baina ez helburu”

 

Hiru begirada txapelketari

 

Miren Amuriza Plaza (Berriz, 1990)

Bertsolari modura hartu du parte. Bere hitzetan, Txapelketak irauten duen hiruhilekoa bertsolaritza erdigunera ekartzen duen fase bat da. Nahiz eta bertsoa, bere egunerokotasunean, zehar-lerro modura ikusten duen. Izan ere, bertso eskolak ematen ditu aste barruan, eta asteburuetan plazaz plaza dabil. Zerbait azpimarratzekotan, ibiliaren ibiliaz bertsoaren bueltan egindako lagunak aipatzen ditu.

Maite Berriozabal Berrizbeitia (Berriz, 1987)

Gai-jartzaile taldeko kide izan da Txapelketan. Bertso eskolan hasi zen eta handik ia kasualitatez igaro zen paper aurrean eta mikro atzean gaiak jartzera. Bere hirugarren Txapelketa Nagusia izan da azken hau eta, plazako lan indibidualarekin alderatuz, Txapelketako gai-jartzaileen talde-lana aipatzen du desberdintasun gisara. Mirenek bezala, bertsoari esker eraikitako harremanei ematen die balioa.

Nerea Bruño Artazkoz (Atarrabia, 1978)

Epaile lanetan aritu da bigarren aldiz Txapelketa Nagusian. 14 urte zituela hasi zen Iruñeko bertso eskolan eta, pare bat urtez bertso mundutik at ibili ostean, 25 urterekin berrartu zuen Nafarroako Txapelketari esker, kasu honetan, epaile modura. Bere hitzetan, bertsoak ez dauka Miren edo Maiteren egunerokotasunean daukan adinako pisua, neurri batean, herri erdaldun batean bizi delako. Lortu du inguru euskaldun bat topatzea, baina bertsozalea oraindik ez. Dena den, baditu lagun bertsozaleak eta intentsitate handiz bizi du bertsoa, bereziki Txapelketa garaian. Bere hitzetan, ez litzateke egun dena izango bertsolaritzarik gabe.

 

Talde bakoitza nola hasten da Txapelketa prestatzen?

Maite. Uda aurretik hasi ginen taldean elkartzen, hemezortzi kide, Euskal Herriko lurralde guztietatik, inoiz baino gehiago. Hasierako bileretan elkar ezagutu, ariketak erabaki, gai-poltsa osatzen hasi eta abar egin genituen. Familia guztietan bezala, badaude arau batzuk ez direnak adosten baina hor daudenak. Hala ere, ia gai guztien inguruan hausnartu eta erabakiak hartu ditugula iruditzen zait.

Gero, Txapelketa aurkeztu eta orduan bai. Orduan hasten gara saioz saioko lanketarekin: zortziko nagusiko tipologia, zein motatako gaiak, faseen banaketa, formulazio idealaren bila. Aktualitatea eta norberaren bizimodua ere hor daude. Gauzak horrela, irailetik abendura bildu gara luze eta maiz; hasieran, Billabonan; gero, Zarautzen, udako OTA kendu zutenean, kar-kar.

Gai-jartzaile taldearen dinamika laburtzekotan: neurotiko kuadrilla bat esaldi bati bueltak ematen infinituraino.

Nerea. Martxoan hasi ginen elkartzen epaileen talde dinamizatzailea. Zortzi formakuntza eginak genituen uda heltzerako. Bertan, aurreko Txapelketetako bertsoaldiak entzun, puntuatu eta bakoitzak geure epaiak justifikatu behar genituen, gero taldean eztabaidatzeko. Lanketa bereziak ere egin ditugu gai konkretuekin, emozioekin adibidez, eta exijentea izan da, baina baita oso aberasgarria ere. Gainera, aurten ez zait iruditu talka handirik sortu denik puntuaketekin. Badirudi bertsozaleak ulertu duela gurea lan zaila dela, eta akatsak egin daitezkeen arren, borondate onez goazela.

Zerbait hobetzekotan, badira idatzi gabeko baldintza batzuk. Esaterako, norbere herrialdeko bi final epaituta eduki beharra Txapelketa Nagusian epaitu ahal izateko. Ez zait gaizki iruditzen, baina baliteke hori moldatu behar izatea, bereziki epaile taldearen parekidetasuna bermatze aldera.

Miren. Bertsolarion kasuan bakoitzak bere funtzionamendua dauka. Ni pertsonalki abuztuan hasi nintzen etxeko lanekin. Bi lan daude: norberak koaderno aurrean egiten duena, errimak eta esan nahi denaren lanketa, eta bigarrenik, bertso eskolakoa. Gu Durangon batu izan gara Igor Elortza, Unai Iturriaga, Jon Maia, Manu Goiogana eta Abarkas. Horiez gain, Oihana Bartra eta Miren Artetxerekin ere ibili naiz. Niretzat bakarkako lana ederra da, baina bertso eskolan elkartzearena —ez abesteko bakarrik—, elkarrekin egon eta hitz egiteko, coaching edo zaintza hori, oso garrantzitsua da. Hain indibiduala den Txapelketara ekipotxo sentsazio horrekin joatea, urratu nahi diren bideak konpartitzea, ederra izan da.

 

Nolakoa da entzule gisa saioetara joatea?

Nerea. Saio batean epaitzea tokatu ez arren, beti joaten zara tentsio puntu batekin, gainontzeko epaileekiko enpatia hutsagatik bada ere. Ez dut koadernorik eramaten, lotsa ematen dit, baina etxean bai, hor egoten naiz lasai-lasai eta puntuatzen dut. Bertsoez gozatzen dut, baina zaila izaten da epaile txip hori ahaztea.

Maite. Jendeak kristoren komentarioak egiten ditu, saioa aurkezten amaitu eta <<Bueno, lanak amaituta, ezta?>>, <<Zuk jartzen dituzu gai guztiak?>>, <<Maialeni nahita jarri diozue gai hori?>>… Mesedez, e! Edo esaten dizute <<Ez dut ulertu gaia, nor da ama?>> eta zuk <<Kaka, ez zegoen ondo formulatuta.>>.

Gaiak jartzera zoazenean, gehiago da bertsolarien zaintzaz arduratzea edo ea Torrotxo hor agertuko den ez dakit nondik, bertsolariek gaia ondo ulertuko duten… neura puntu horrekin bizi dut.

Egia da niri kostatu egin zaidala lehenengo saioetara joatea. Lagunekin osatu dut taldea eta joan izan naiz, baina ez dut guztiz deskonektatzea lortzen, saio guztiak direlako zure lana.

Miren. Nik uste dut, beste gauza askok bezala, Txapelketak ateratzen duela gure onena eta ez hain ona ere. Azken finean, denok bihurtzen gara epaile txiki batzuk publikoan gaudenean. Eta hor ibiltzen gara kantatzen denaren azterketa kritiko bat egiten, gure buruan saio paralelo bat osatzen, <<nik hau esango nuke>>, <<horrela kantatuko nuke>> eta abar. Gainera, adiskideren bat ari bada kantuan nabaritzen diozu badabilen, badakarren edo ez, eta antsietate puntu horrekin bizi duzu. Horrekin batera, harrapatu izan dut nire burua kideei akatsak ateratzen, eta ez zait batere gustatu. Baina bueno, lehiaren ajeak, badakizue.

 

Nolakoa izan da bertsozaleekiko harremana?

Nerea. Txapelketa garaian marra bat dago gure artean. Izan ere, badira fundamentu handirik gabeko kritikak, serio hartu beharko ez liratekeenak, baina hartzen dituzunak, eta horrek ere eragiten du pixka bat distantziatzea. Gainera, epaileok kode etiko bat daukagu eta, esaterako, ezin dugu saio osteko korroetan geratu, elkarrizketa bat egin behar badigute galderak Elkartearen komunikazio sailetik igaro behar dira eta abar. Neurri asko hartzen dira, baina iruditzen zait bertsolariek merezi dutela epaileon partetik ahalik eta objektiboenak izaten saiatzea.

Maite. Ba, niri izugarri gustatzen zaizkit korroak. Saioa amaitu eta ordu erdiz hizketan geratzea frontoiko atean itzela da. Gainera, aste osoa igaro ohi dugu mundua amaituko denaren beldurrez guk gaiak formulatu ezean, eta tertulia horiek balio izaten digute berriz lurrera jaisteko.

Nik irakurri ditut txio eta artikulu pila bat, tartean kritika oso negargarri batzuk ere bai. Gauza batzuk ezin izan ditut esan, neuretzat gorde ditut, horrek daukan kostuarekin, baina oro har, ni oso bertsozale korrientea sentitu naiz. Nahiz eta batzuetan barruko gai-jartzaile maniatiko horrekin topo egin, saio amaieran esan ahal izatea <<Ba, nire ustez, ez dakit nork irabaziko du>>. Uste dut, Txapelketaren zati hori gabe ezingo nukeela bestearekin bakarrik konformatu.

Miren. Nik ez dakit zergatik sartzen zaigun Txapelketako entzulea urte osoan zehar plazaz plaza dabilen bera ez denaren paranoia hori. Niretzat, saioetara joan eta ikustea betiko jendea dela hor dagoena, saio gehienetan dabilena eta ezagutzen duguna, bertsolarien kodeak ulertzen dituena… Niretzat publikoa aliatu bat da.

 

Txapelketa honetan aipatu da entzulea aspertzeko beldurra, baita ariketa berez serioak umoretik hartu izana ere. Zein iritzi daukazue umorearen presentziaz Txapelketa honetan?

Nerea. Baliteke jende batek umorea deitzea barre algaraka jartzen zaituen ateraldi horri, baina umorea izan daiteke ironia puntu hori, irriño bat ateratzen dizun keinu bat… Egia da Txapelketak pisu bat hartzen duela eta jendea tentsio batekin dagoela, baina ez zait iruditzen umore faltarik izan denik, inondik inora.

Maite. Nik uste, zerekin konparatzen denaren araberakoa dela. Baliteke inork bere herrian urtean behin egiten den bertso afariarekin alderatzea, baina kontestua kontestua da. Saio guztiek behar dute, Txapelketan zein plazan, bertsoaldi serioagorik gero umorera itzultzeko, hots, kontrastea. Gainera, gai-jartzaile taldean lan egin da tragikoa saihesteko baino, aukera bakarra izan ez dadin.

Miren. Egia da Txapelketak ematen diola solemnitate bat, gu ere ez garela egoten hain solte, eta orain arteko joera bat bai izan dela, publikoarengan enpatia bat sortze aldera, dramatik jo izana. Baina azken urteetan iruditzen zait bagabiltzala horri buelta ematen, eta drama gratuito bat ez dela lehen bezain ondo hartzen entzulearen partetik. Bertsolarion artean ere egin dugu lanketa bat egokitzen zaizkigun gaiei buelta bat gehiago emateko, zerbait gehiago aportatzeko. Ni pertsonalki ez nintzen gustura geratu Durangoko bakarkakoarekin. Drama bitarteko izan daitekeelako, baina ez helburu.

 

Bertsolaritzaren diskurtsoaren eboluzioaz.

Maite. Gaiak dira oso ‘gu’. Batzuetan, entzun orduko badakit nork eta nondik proposatutakoa den. Bi plano bereizten ditut: bakoitzak beretik eta bere bizipenetatik dakartzanak, batetik, eta zer entzun nahi den, bestetik. Saio guztietan tematika taula bat osatzen dugu gaiak banatzeko, orektazeko, bertsolari  baten rola ez errepikatzeko…

Gai erredundanteen garai batetik gatoz eta lan egin dugu gauzak esentziara ekartzeko. Bai, iruditzen zait eboluzio bat eman dela entzuleen, gaien eta bertsolariengan, gure jendartean bezala. Eta uste dut gauza batzuetan bereziki tematu garela, tematu ezean ez liratekeelako irtengo. Iraultza nork egin behar du, bertsolariak edo gai-jartzaileak? Esango nuke bertsolari batzuek bide berriak urratu dituztela Txapelketa honetan, eta nik uste, gai-jartzailea pauso bat aurretik ez bada, maila berean joan behar dela, baliabideak eskainiz eta salto egin nahi duenari tranpolinik kendu gabe.

Miren. Ados nago Maitek esandakoarekin. Noski, hemen Txapelketaz ari gara, baina eboluzio hori plazetan eman dena da. Egia da plazako zirkuitu desberdinak daudela, baina ni ibili naizenetan ohikoak diren gaiak irten dira. Hor dabilenak izan du aukera demostratzeko, ez dabilenak, ba ez. Duela zortzi urte Berrian albiste batzuk ziren titular eta beste batzuk bigarren mailako. Ba, Txapelketan berdin. Hor konturatzen gara badela Txapelketara bakarrik doan entzule bat, hots, harritzen dena.

Kontua da bakoitzak ardatza non jartzen duen. Azterketa batean bezala, ziur sartuko diren gaiak daude. Azken urteetan, nahiz eta kirolari edo ehizari buruz ezer gutxi jakin, bagenekien jakin beharrekoetan sartzen zirela eta ahots horietatik nola abestu jakin behar genuela. Zer gertatu da? Ba, orain rol hegemoniko horietatik at zeuden pertsonaia batzuk ekarri direla erdigunera eta, noski, etxeko lanak egin behar.

Nerea. Niri gaien berrikuntzak ez zaizkit batere arrotzak egin. Somatu dut aldaketa bat egon dela, baina ondo integratua izan da. Berrikuntzak diren aldetik nabaritu egiten da bakoitzak nola daukan gai jakin bat garatuta. Ez baita gauza bera elkarte batean jiji-jaja ibiltzea, amona bat izatea edo banandutako guraso bat. Gai jakin bati abestu ahal izateko ezagutu eta landu beharra dago. Exijenteagoak dira orain gaiak, nire ustez.

 

Bertsotan ondoen nork egin duen erabakitzeaz gain, zein funtzio betetzen du Txapelketak? Diskurtso komunak eraiki, gaiak erdigunera ekarri…

Miren. Gure egunerokoan bizi duguna daramagu Txapelketara, inoren ordezkari izan gabe. Tarte horretan dago gure erantzukizuna, jasotzen dugunetik zer ematen dugun eta zertarako. Nik bi aukera ikusten ditut: jasotako moduan eman eta hor geratu, denok baitakigu zerk funtzionatzen duen eta nola konplitu; edo ahalegina egin entzulea beste leku batera mugitzeko, krak txiki bat eragiteko bada ere.

Nire ustez, aurtengo Txapelketan azaleratutako berrikuntza diskurtsiboak zentimetroka egindakoak izan dira, bertsoz bertso eta plazaz plaza.

Maite. Txapelketak balio du duela zortzi urtekoa entzun eta ikusteko non geunden eta nora heldu garen. Ezer ez da gertatzen kasualitatez, inork ez du ezer abesten Txapelketan lehenengo aldiz. Kantatu badu da lehenago landu duelako plazan. Baina Txapelketaren bozgorailutik ondo abesteak eragin handia dauka diskurtso jakin baten onarpenarekin. Memoria kolektiboan geratzen delako.

Nerea. Txapelketak ez du diskurtso bat eta bakarra eman. Nik uste bakoitzak berea daukala. Argi ikusi dut nork landu duen zer, nork asmatu duen eta nork ez. Funtsa da Txapelketak zer aportatzen dion plazari eta alderantziz. Txapelketa Txapelketa da, beste intentsitate batez bizi dugu, bere momentua du. Baina, gero, bertsoak jarraitzen du, ez da hor geratzen lau urte barrura arte.

 

Hedabideen eta sare sozialen jarraipena. Zer iruditu zaizue?

Maite. Nire osasun mentalerako ez da egokiena izan. Iruditzen zait neurria hartuz gero ona dela, zabaltzeko balio duela, gai batzuen inguruan eztabaida bultzatzea aberasgarria dela. Gainera, beti esan izan ohi da euskaldunok ez daukagula gurea kritikatzeko ohiturarik, daukagun apurra babestu beharra daukagula, txikiegiak garelakoan. Hala ere, edo agian oso didaktikoki ulertzen ditudalako gauzak, ez zait iruditzen aurten oreka topatu denik, saltsa gehiago egon da funtzio eraikitzailea baino.

Nerea. Maiterekin ados. Nire kasuan, jarraitu baino, iritsi egin zaizkit. Irakurri ditut txioak eta abar, eta, iruditzen zait, kasu askotan errespetua faltatu izan zaiola bati baino gehiagori komentario batzuekin; sarri, kritika baino, burla hutsa izan dira. Pilotan bezala da, niri pilotari hau gustatzen zait eta berak irabaztea nahi dut, nahiz eta gaizki jokatu.

Gero, egon daitezke mila korro eta abar, baina hor geratzen dira gauzak, eta badirudi, Maitek esan bezala, Txapelketak komentario horiek publikoki zabaltzeko aitzakia eman duela. Ez zait gaizki iruditzen errespetuaren langa igaro ezean, baina umoreak ez du dena justifikatzen, gauza serioa baita.

Miren. Ni ere saiatzen naiz distantzia mantentzen. Baina lehenengo aldiz eduki dut sentipena sareko plaza paralelo batean esponituta egotearena. Nahiz eta denok daukagun barneratuta, txaloak jasotzeko pribilejioa daukagun une beretik, kritikak onartzen ere jakin behar dugula, kasu batzuetan, muga batzuk pasatu egin dira eta interesgarriak izan zitezkeen eztabaida asko desbirtuatu, tamalez.

 

Feminismoak inoiz baino pisu gehiago izan du Txapelketa honetan, baina hori ez da kasualitatea izan. Urteak dira bertso munduko jendeak kezka horien bueltan batzeari ekin ziola. Nola lantzen du bakoitzak bere esparruan?

Miren. Maite eta bion kasuan, Bizkaiko Zilekoak taldeko kide gara, apur bat Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Ahalduntze Bertso Eskolaren ildo beretik doana. Bigarren ikasturtea dugu batzen hasi ginela Elkartean zegoen kezka batetik abiatuta. Kezka: Bizkaiko Txapelketan emakumeen presentzia falta; eskolartekoan ez zegoena, baina hurrengo saltoa ematerakoan bai. Adin tartea DBHtik gurera artekoa da, bi hilean behin elkartzen gara, beti dago hizlari bat eta helburua saretzea da, piña egitea. Badirudi emaitzak eman dituela, aurtengo txapelketan emakume pila bat izango garelako: lehenagokoak eta berriak.

Konfiantza eta ahalduntzea, hori lantzen dugu gehienbat. Eta poztekoa da 16-17 urteko gazteekin aritzea, guk euren adinean genituena baino askoz landuago baitituzte gaiak. Noski, guk ez geneukan espazio hori, eta iruditzen zait, horrelakorik ez zela sortuko igaro ginen desertutik igaro izan ez bagina.

Maite. Mirenek esan bezala, Zilekoak taldeko kide gara. Horrekin batera, gai-jartzailetzan ere landu beharreko zerbati dela iruditzen zait. Izan ere, denok ez gara abiatzen puntu beretik, eta horregatik izan dira hain garrantzitsuak egindako formakuntza eta lanketak; hots, jendarteak ematen diguna plazari eskaini ahal izateko.

Nerea. Nafarroan ari dira biltzen, baina gazteen problematikatik, generoarenetik bainoago. Txapelketak izan du feminismotik nahiz eta finalean ez den islatu plazetako errealitate hori. Nik garrantzia ematen diot epaileen arteko parekidetasunari, eta badago ildo horretan formakuntzak bideratzeko interesa. Gure taldean badira emakumeak ez direnak feministak eta interesgarria egiten zait denok begiratzen jakitea feminismoaren prismatik; badakizue, betaurreko moreak janzten jakitea.

 

GALDERA LABURRAK

 

Hiru begirada txapelketariMAITE

Leku bat: Zarautz, bertan egin ditugu gai-jartzaile taldearen bilerak.

Momentu bat: Irungo saioa, aurkeztea egokitu zitzaidan eta ileak puntan jarri zitzaizkidan Maialenen bakarkakoarekin eta entzuleek emandako erantzunarekin.

Doinu bat: Mexico lindo y querido.

Bertsoaldi bat: Durangoko Oihanaren bakarkakoa, amonaren paperetik.

Arantza bat: Bakarra ez, batzuk geratzen dira Txapelketan hobeto egin zitezkeenak. Nik badakizkit, baina ez ditut esango, zeren iruditzen zait jendea ez dela konturatu.

Txapelketak emandako opari bat: Finaleko paseoa egin ahal izatea. Ez dut oroitzen nori begiratu nion ezta hankarik nuenik ere, Tourreko azken metroak egitea bezala, baina deskantsatuago.

 

Hiru begirada txapelketariMIREN

Leku bat: Kotxea, bai bakarrik egindako egosaldi guztiengatik, baita saioetara egindako joan-etorriengatik ere.

Momentu bat: Badakizunean, datorrena datorrela, egon behar dutenak hor egondo direla eta saio osteko besarkada hori. Bereziki Durangoko saioko egunean bertso eskolako 5-6 urteko gaztetxoenak nola etorri ziren. Eta, noski, batzuk aspertu egiten zirenez, hor ibili ziren koadernoetan saioaren kronika marrazten, beraien erara. Lurreratzen laguntzen dizuten keinuak dira.

Doinu bat: Bakarkakoek hartzen dutenez protagonismoa, Gizona da zoroa, zortziko txikikoa.

Bertsoaldi bat: Zaila bakarra aukeratzen. Maialenenak, esan gabe doa. Maitek esandako Oihanarena edota Nerea Ibartzabalen hilekoarena.

Arantza bat: Nire ama kar-kar! Ez, serio: Zallako bakarkakoan pentsatu nuen <<Hau lehenengoa izan bada, gainontzekoak hobetik joan daitezke>> eta pena horrekin geratu naiz: nahi nuen guztia ezin egin izana bakarkakoetan.

Txapelketak emandako opari bat: Saio guztietan tokatu izana lagun bat bertsokide.

 

Hiru begirada txapelketari

 

NEREA

Leku bat: Irungo saioa, zerion energiagatik. Sentsazio kolektibo hori.

Momentu bat: Horixe bera.

Doinu bat: BECen Ametsek kantatu zuen Laboaren Lore sortu orduko, bertsoak ez ziren agian hain onak izan, baina zeinen ongi kantatuak!

Bertsoaldi bat: Maialenen BECeko amatasunari buruzkoak. Izan ere, ni ama bakarra naiz, bueno izango naiz (haurdun dago), eta berak hortik kantatu zuenean, konexio moduko bat sentitu nuen, hausnarketa horiek nire baitan egina bainintzen. Oso berezia izan zen.

Arantza bat: Finaletik inor kenduko ez banu ere, pena geratu zait belaunaldi berrien ordezkaritza faltagatik.

Txapelketak emandako opari bat: Proiektuaren parte izatea bere horretan opari bat da.

 

Hiru begirada txapelketari
Hiru begirada txapelketari
Hiru begirada txapelketari
Hiru begirada txapelketari
Hiru begirada txapelketari
Hiru begirada txapelketari
Hiru begirada txapelketari
Hiru begirada txapelketari
Hiru begirada txapelketari
Hiru begirada txapelketari
Hiru begirada txapelketari
Hiru begirada txapelketari