Kazetari beteranoen begirada: Joxerra Garzia

Argazkiak: Conny Beyreuther

Joxerra Garzia –

Kazetari beteranoaren begiradak ziento bat istorio gordetzen ditu, garai batean biharamunean kontatzeko jaso eta inoiz ahaztu gabekoak. Baita kontatu gabekoak ere, bidean egindako zauriren batekin batera. Kazetari beteranoaren begiradak asko ikusi duenaren zorroztasuna izan ohi du, eta beste norbaiti oharkabean pasatu zaizkionak argitara ekartzeko berezko sena.

Joxe Mari Iriondori, Nikolas Aldairi, Joxean Agirreri eta Joxerra Garziari egindako elkarrizketa bana[1] jasotzen dira jarraian, irizpidetzat beterania hartzen duen hurrenkeran. Bertsolaritzari buruzko kazetaritza da aitzakia, baina zeharka bertsolaritzaren azken hamarkadetako historiaz hitz egiten da. Beteranoenetik hasita jarri dugu hurrenkera.

[1] 2017an ‘Bertsolaritzaren historia: hedabideratzea, eragiletza eta proiektua (1823-2018)’  tesirako egindako elkarrizketen bertsio laburtua dira.

Joxerra Garzia

 

JOXERRA GARZIA: Telebistarik gabe horien iraultza ez zen hain handia izango, baina horiek gabe telebistako arrakasta ere ez”

 

Kazetari gisa hurbildu zen bertso mundura, Euskadi Irratian Sorgin Afaria programan bertsoari tartea eginez eta Fernando Amezketarra herriarteko lehiaketa antolatuz. ETBko Hitzetik Hortzera bertso programaren sortzailea, lehen aurkezle eta zuzendaria izan zen ondoren. Ikus-entzunezkoetan eredu garatu bat lortu zuen bertsolaritzarentzat. Eragile garrantzitsua Elkartearen sorreran, eta aurkezle, gai-jartzaile eta epaile gisa ere aritutakoa. Bertsolaritzari buruzko doktorego tesiarekin, EHUn hainbat urtez komunikazio alorrean irakasle.

Etxez aldatu berria da  Joxerra. Nekatuak izan ohi dira horrelakoak, eta halaxe dio: “Hurrengo mudantza Polloera”. Neke puntua nabari zaio bertsolaritzari buruz hasten denean ere, urte askoan pasio guztia jarri eta hustuta gelditu denaren nekea. Baina, hizketan hasi bezain pronto pasioa loratzen da berriro ere.  Estilo liburuek gomendatzen duten ordu t’erdiko elkarrizketak hiru ordu pasa hartu ditu oraingoan. Hurrengo lerroak laburpen bat dira berriro ere.

 

Hastapenak irratian

 

Irratian hasi zenuen zure kazetari ibilbidea. Noiz eta nola iritsi zinen Euskadi Irratira?

Hasiera-hasierakoak izan ziren ikastaro berezi bat egin zutenak. Izaskun Barriola, Martin Tejeria, Jon Aizpurua… 82ko bukaeran hasi ziren. Ni horiek hasi eta gutxira sartu nintzen. Martxan jarri eta bost hilabetera lehen oposizioak egin ziren. Ni Tolosako ikastolan nenbilen filosofia irakasten, kasualitatez jakin nuen oposizioen berri, aurkeztu eta atera egin nituen.

Albistegietan hasi nintzen, 83ko maiatzean. Antton Haranburu zen buru. Goizean iritsi eta Deia-ko albiste bana ematen zigun. Euskarara itzuli, berari pasatu eta gidoia prestatzen zigun… Bolada batean albistegi batzuk bertsotan eman behar genituela ere tematu zen. Gogoan daukat San Juan bezperan horrela egin genuela. “Eguerdikoa koplatan egin behar dugu”, berak. Bion artean osatu genituen kopla batzuk, trikiti musika jarri genuen lagungarri eta horrelaxe joan zen. Beste behin, koplatan egin behar genuela agindu zidan berriro, baina guardia zibil bat hil zutela iritsi zen albistea eta alde batera utzi behar koplak. Bat baino gehiago joan ziren koplatan.

Debaldeko Festa eta Sorgin Afaria izan ziren urte haietan gauzatu zenituen bi programa sonatuenak. Zein zen bertsolaritzak programa horietan zeukan tokia?

Uda bitartekoa informatiboetan pasatu nuen eta, handik bueltan, Oterminek gaueko bederatzietatik hamarretara egunero kultura-programa bat egiteko eskatu zidan. Pello Zabaletarekin egin nuen, Sorgin Afaria jarri genion izena eta nahikoa durunda atera zuen. Izena Julian Alustizak baserriari buruz egindako liburu oso on batetik atera genuen: auzo lanean zutik jateko hartzen zen tarteari deitzen zitzaion sorgin afaria. Erdizkakoa esan nahi du, jatordu arina, erdizkako loari sorgin loa esaten zaion bezala.

Bolada hartan, egunero hamalau ordu lan egiten nituen. Saltsa denetan sartzen ginen. Eta Pello Zabaleta oso ona zen idazten, beti testu bikainak egiten zituen, nahiz eta presakako lanak izan, jakintsu bat zen… Zati txikiekin egindako gauza bat zen. Puzzle moduko bat.

Programa horretan, ez bazen albiste potoloren bat, bertsolaritzari ez zitzaion aipamenik egiten. Oso garai bertsuan, ordea, Oterminek esan zidan zerbait egin beharra zegoela bertso kontuetan, erreferentzialtasun guztia Herri Irratiak zuela eta hori ezin zitekeela horrela izan. Hortaz, Debaldeko Festa jarri genuen martxan. Astelenetik ostegunera Sorgin Afaria egiten genuen eta ostiraletan, tarte hori bera, Debaldeko Festari eskaintzen genion. 84ko urtarriletik aurrera hasi ginen horrekin.

Kareta geronek abesturiko kantu batekin sortu genuen: Ostiral iluntzean beatziak alde / ostiral iluntzean beatziak alde / nahi duenak badauka festa bat debalde / ai, oi, ai festa bat debalde. Grabaturiko bertso hautatuak jartzen genituen. Gero, feedback handia geneukan entzuleekin. Haiek erantzuteko galdera mordo bat egiten genuen bertsolaritzaz. Eta gai bat ematen genuen bertsoak jar zitzaten. Hilean behin, irabazle bat izendatzen genuen, eta irabazle horrentzat bertso afari bat antolatzen genuen berak aukeraturiko bertsolari bikotearekin. Azkenik, zuzenean emititzen genuen afari hori. Afari horietako bat Anoetan antolatu genuen Peñarekin. Mañukortarekin, Larruskain inguruan, beste bat…

Entusiasmoa eta naturaltasuna kristorena genuen hasiera hartan Euskadi Irratian. Hilero egiten genuen mozkor afari bat lankide mordo batek.

Fernando Amezketarra herriarteko txapelketa ere jarri zenuten martxan.

1984/1985 denboraldian ere egin genuen Sorgin Afaria. Eta hor, Debaldeko Festaz gain, herriarteko txapelketa egitea erabaki genuen. Asmoa zen azaroan hasi eta finala San Juan egunean Tolosako plazan egitea. Parte hartzeko baldintza bakarra zen bertsolaria urtean gehienez hamar plaza egindakoa izatea. Egaña ere sartzen zan garai hartan. Soldaduskan zegoen, eta Inazio Jauregi eta Luis Otamendirekin osatu zuen Zarauzko taldea.

Espero baino askoz gehiago apuntatu ziren eta, azkenean, hogeita hamaika talde izan ziren. Asteburu bakoitzean hiru-lau saio egin behar izan genituen, eta hurrengo larunbatean laburpena eskaintzen genuen. Eskerrak tokian tokiko jendeak antolatzen zuela: tokia hartu, afaria…  Sekulako giroa sortu zen. Lehenengoa Itsasondo eta Zaldibiaren artekoa izan zen. Gaiak geuk jartzen genituen, aurkezle ere gu, geuk grabatu, bertsoak aukeratu, muntatu… 1985eko ekainaren 24an izan zen finala Tolosan. Segurak irabazi zuen, Intxausti eta abarrekin.

Lagun nituen bertsolariak hartu nituen epaimahaiko: Sebastian Lizaso, Mikel Mendizabal, Millan Telleria, Imanol Lazkano, Iñaki Murua eta Anjel Mari Peñagarikano. Ez genien ordaintzen, afari truke zen, baina, klaro, hainbeste afarirekin Otermin larritzen hasi zen. Getaria inguruan bazen saioa, Elkanora joaten ginen… Txapelketa horretan puntuazioa bistara ematen hasi ginen. Nolabait, laboratorio modura funtzionatu zuen, bertsolariek egin nahi zituzten hainbat gauza probatzeko balio izan zuelarik. Hain zuzen ere, 85 horretan hasi zen Euskaltzaindia frankismo osteko hirugarren Txapelketa antolatzen, eta bertsolariek planto egin zioten, gurean hartutako esperientziatik eurek antolatzeko ardura hartuz. Eta, hain zuzen, geurea ere ez zen berriro egin hurrengo denboraldian, bertsolariek nahikoa lan baitzeukaten eurek antolaturiko Txapelketarekin.

1986ko Txapelketa hori eman zenuten irratitik?

Zabaletak eta biok finalaurrekoak eta finala eskaini genituen irratitik. ETBk finala eman zuen. 

1980ko hamarkada horretan Euskadi Irratian bertsolaritzari buruz egindako gehiago?

Ba, egia esan, geuk egin genuenaz aparte, askorik ez. Hamarkadaren bukaeran, Nikolas Aldaik Mujikaren Euskal Perlak egiten zuen, Patxi Mujikak aurreko hamarkadetan grabaturiko materialarekin.

 

Hitzetik Hortzera martxan

 

Hitzetik Hortzera hasi aurretik, Ahotik ahora izeneko programa bat emititu zuen ETBk. Zer dakizu programa hari buruz?

Esango nuke hilean behinekoa zela, eta Hasier Etxeberriak mugitu zuela. Baina ez nago seguru. 1987an izango zen… Bertso saio bat grabatu eta osorik eskaintzen zen. Depuratuta, baina osorik.

1988-1989 denboraldian hasi zen Hitzetik Hortzera. Nola eta nondik iritsi zitzaizun Hitzetik Hortzera zuzendu eta aurkezteko proposamena?

ETBk ez zeukan batere gogorik bertsoaren alde apustu egiteko, eta hasiera izan zen Elkarte sortu berriaren presio latza. ETBk baiezkoa esan zuenean, ez zuen esan zer eta nola. Hasieran ibili ginen Euzkitze jarriko ote genuen aurkezle. Baina Euzkitzek ez zuen nahi, eta nola ni irratian ibilia nintzen bertso kontuekin, bada, niri tokatu zitzaidan. Euskadi Irratia eta ETB bi enpresa diferente ziren erakunde berdinaren barruan, eta ez zen erraza batetik bestera aldatzea.

ETBk erabaki zuen hilean behin egitea. Telebistan proba egina nuen. Hasier Etxeberriak zuzendu eta Jon Aizpuruak aurkezten zuen Arkupe izeneko kultura-programan, Paperezko Arkupea izena zuen kolaborazio bat egiten nuen literaturari buruz, baina, hortik aurrera, bideo bat zer zen ez nekien.

Lehen urtean erabat bakarrik aritu zinela kontatua duzu. Etzeneukala errealizadorerik, postprodukziorik… Asko ikasi beharra eta larri ibili beharra tokatuko zitzaizkizun.

Ez neukan ez talderik, ez toki bat erredakzioan, ez platorik… Sincro produkzio etxea jarri zidaten, oso jende majoa, baina erdalduna. Jaialdi batean grabaturikoa montatzen hasi eta konturatu nintzen gaiak ez zeudela hartuta. Eta Sincrokoak: “Ah, es que como es de bertsolaris yo pensaba que cuando hablaban no interesaba”. Beste batean, puntua emanda zen bertsoa, puntua ez zuten grabatu eta neuk grabatu behar izan nuen. Aurkezlea puntua ematen lehor samarra gelditzen zela eta gitarra joaz egin nuen…

Platorik ez neukanez, bideo batetik besterako trantsizioak kalean grabatzen nituen: Miramarreko eskailerak, 31 de Agosto kalea eta horrela. Eta teknikoki desastre hutsa zen. Dena nik egiten nuen, eta ez nekien nola egiten zen. Gogoan daukat programa horietako batean, ideia originala, zuzendari, aurkezle, errealizadore, denetan Joxerra Garzia jarri nuela kredituetan. Amatiñok deitu zidan “Hi, hori horrela jartzea itsusia duk”, esanez, eta “Itsusiagoa izango duk hori horrela izatea, ez?”, erantzun nion.

Eskerrak Xanti Etxeberria errealizadorea lagun egin nuen. Hark, ahal zuenean, lagundu egiten zidan, bere lanorduetatik kanpo. Kareta bion artean egin genuen: Oteizaren Xenpelarren irudia hartu, eta bueltaka jarri eta bertso baten audioa azeleratuta jarrita.

Produktore nagusia Iñaki Beobide zen. Nik Etxeberriari galdetzen nion zer behar nuen, eta hark: “Postprodukzioa”. Eta Beobideri esan, eta hark: “Zertarako behar duk?”. “Esango diat hurrengo bileran”, esan behar izan nion; ez nekien zer zen. Hurrena, fundidoak egin beharko genituzkeela, Etxeberriak, eta: “Fundidoak? Ba, mariconadas!”, Beobidek.

Programaren izena nondik dator? Nork erabaki zuen?

Elkarteak interesa bazuen, baina programaren diseinuan zero hartu zuen parte. Izena neurea da.

Egia esan, Debaldeko Festa jarri nahi nion hasiera batean, Xenpelarren bertsotik hartua zen eta gustatu egiten zitzaidan, baina haurrentzat Galde Debalde izeneko programa bat emititzen zen garai hartan eta ezezkoa eman zidaten ETBkoek. Buelta pare bat eman eta Hitzetik Hortzera planteatu nien.

Hilean behin emititzetik asteroko izatera pasatu zen programa, gutxira.

Bai, hasierako hori hamar programa baino ez ziren izan. Eskerrak!

89ko udan, oso ondo funtzionatu zuen ideia bat izan genuen. Koro Lasarte ere tartean zen. Pentsatu genuen polita izango zela hogei bat bertsolarirekin afari bat egitea eta unitate mugikorrarekin, alegia ohikoa baino bitarteko gehiagorekin, egitea jarraipena. Liernin egin genuen, eta hor atera zen Lazkao Txikiren ispiluarena. Gainerantzean, hilean behineko honek ez dut uste audientzia handirik izango zuenik, baina Lierniko afari horrek sekulako oihartzuna izan zuen. ETBk ikusi zuen merkea zela eta funtzionatzen zuela, eta astero egitea proposatu zidaten.

Lehen programa haietan bizi izan nuen egoera prekarioa ikusita, beharrezkotzat jo zuten talde baten laguntza. Maite Odriozola, Olatz Egia eta Ana izeneko bat laguntzaile jarri zizkidaten erredakzioan, luxu totala. Guk editatzen genuen, baina Pello Elizasu jarri ziguten errealizadore laguntzaile, eta Xanti Etxeberria errealizadore. Hala ere, platorik ez genuen eta jarraitu genuen nire aurkezpenak kalean grabatzen.

Denboraldi bukaerarako platoa lortu genuen eta Joxe Mari Gabiria ere sartu zen erredakziora. Besteek telebistaz bazekiten, baina bertsoaz zekien lehenengoa bera izan zen eta laguntza handia izan zen niretzat. Ordu arte bertsoari buruzko erabaki guztiak neuk hartu behar izan nituen, oso bakarrik, eta Joxe Marirekin beste gorputz bat hartu zuen taldeak. Felix Irazustabarrena ere batu zen laster, eta hura ere bertsozalea zen.

 

1990eko hamarkada hasierako booma eta arriskuak

 

Hortik lasterrera bertsolaritzaren boom famatua ematen da. Gogoan duzu noiz hasten zareten nabaritzen?

Audientzia daturik ez zidaten pasatzen niri, baina ETBko jefeen aurpegietan nabaritzen zen ongi ari zela funtzionatzen. Emisio orduarekin ez geunden konforme, ez Elkartea eta ez ni, baina, egia esan, asteroko horrek, igande eguerdietan, audientzia pilatu zuen. Baserrietan ikusi egiten zen.

Pixkanaka, kalean ere hasi nintzen nabaritzen jendeak ikusi egiten zuela. Bertsolari askok komentatzen zizkidaten programaren gorabeherak… Gogoan daukat, hasieran, neuk bakarrik egiten nituen programa horietan, enbarazu baino ez zuela egiten telebistak: irratiarekin mikro bat sartzen duzu eta bost minuturako ahaztuta dago jendea, baina telebistarekin 2.000 watt sartu beharra dago, eta giroan ezaguna zen ez zuela inolako graziarik egiten. Pixkanaka, ordea, alderantzizko fenomenoa eman zen: bi urtean pasatu ginen traba egitetik, saiora joan ez baginen, eskean etortzera.

Bertso saioak ere ugaritzen hasi ziren. 1988an eta 1989an, larri ibiltzen ginen eduki aldetik. Gogoan daukat Gabonetara justu-justu iristen ginela, eta desiratzen egoten ginela otsailean Zestoako saio handi hori ondo ateratzeko, ea horrekin tiratzen genuen. 1991tik aurrera, ordea, perretxikoak bezala hasten dira saioak sortzen… Esango nuke 1991 hasierarako puri-purian zegoela hura guztia.

Zer ekarpen egin zuen Hitzetik Hortzerak  bertsolaritzaren boom horretan?

Nik uste boomaren handiena 1991tik 1993ra izan zela. Konjuntzio bat izan zen: batetik, bozgorailu gisa funtzionatu zuen bertso programa audientziatsua; baina, bestetik, sekulako maila zuen bertsolari multzo handi bat Egaña, Sarasua, Amuriza, Sebastian, Lopategi, Peñagarikano, Euzkitze eta abarrekin, gizarte molde berriarekin konektatzeko gai izan zena. Alegia, bertsolariak Garmendia eta Egileor eta gisakoak izan balira, eta niri gustatzen zaizkit bertsolari horiek ere, telebistak izan zezakeen bozgorailu funtzioa alferrik izango zen. 

1980 hasieran oraindik ere publiko homogeneo bat zuen bertsolaritzak. Horien kultura-kontsumoa kasik bertsotara mugatzen zen, eta konpartitzen zituzten balio batzuk aipatzearekin, kasik nahikoa zuen bertsolariak arrakasta izateko. Baina euskal jendartea beste puntu batean zegoen ordurako. Kultura-kontsumo askotarikoa eta sofistikatua ari zen nagusitzen: literatura, komikia, musika… Beraz, sofistikazio maila horren pare jarri beharra zeukan bertsolaritzak edo jai zeukan. Eta bertsolari horiek lortu zuten maila horretara igotzea. Telebistarik gabe horien iraultza ez zen hain handia izango, baina horiek gabe telebistako arrakasta ere ez.

Bertsozalea ez zen jendea ere harritu zuen aldaketak. Gogoan daukat nola behin Saizarbitoria etorri zitzaidan eta: “Jode, bertsolaritza hori izan zitekeenik ere…”. Eta bertsolaritzaren berrikuntzarekin kritiko azaldutakoa zen Saizarbitoria, baina berrikuntza hori ontzat hartu beharrean aurkitu zen.

Guzti horrezaz gain, garrantzitsuak izan ziren Elkartearen inguruan egin zen gogoeta eta hartu ziren erabaki estrategikoak. Barne irizpideekin funtzionatzen hasi zen mugimendua, eta ez, ordura arte bezala, Euskaltzaindiak kanpotik jartzen zizkionekin.

Sortu zen olatu hark egonezina eragin zuen, eta telebistako arrakastak zekartzan arriskuen inguruan asko gogoetatu zen.

Nire sentsazioa zen hasierako abandono totaletik, arrakasta hasi zenean, kasik gehiegizko fiskalizaziora pasatu zela Elkartea. Eta, denborarekin, gero eta garbiago daukat gehiegi eskatzen zitzaiola programari.

Millan Telleria eta Juanjo Hernanikoa etortzen zitzaizkidan Elkartearen izenean kontsigna batzuk ematera. Baina ez zegoen kontsigna guztiak betetzerik. Herrialdeen arteko oreka, eskolartekoak ere sartzea, erakargarria izatea baina aldi berean pedagogikoa… Ukitu pedagogikoak, esaterako, geneukan ordutegiarekin eta ordutegi horretan izan genezakeen publikoarekin, niretzat ez zuen zentzu handirik.

Elitea gehiegi atera izanarekin ere, beste hainbeste. Nik oso garbi daukat telebista zertarako den. Begiratu beste alorretan, kiroletan eta abar zer egiten den. Telebistak lortu behar du bikaintasuna erakutsiz zaletasuna areagotzea eta, gero, hor sortzen den mugimendu hori kudeatu behar da telebista ez den leku batetik. Elitekoak ez diren jardunak eman behar direla tarteka? Bai, baina eskolarteko finala zuzenean emititu behar dela? Bada ez, zeren kalterako da eta punto. Alegia, telebista erabiltzen bada telebistarenak ez diren lanetarako, okertu egiten da gauza.

Horrek ez du esan nahi, bertsolaritzari dagozkion irizpideak baztertu behar zirenik. Telebistako teknikariekin, adibidez, beste aldera izaten nituen borrokak. Askotan, kalitate txarrekoa izan zitekeen bertso saioko bideoa. Audioak ere ez ziren puntakoak, zenbaitetan. Eta, errealizadoreak “hau ezin da emititu”, esaten zidan horrelakoetan. Baina bertsoa ona bazen, bada, tematu eta emititzea lortzen nuen. Bertsolaritzari buruzko programa batean, bertsoaren kalitatearen irizpideari eutsi behar zaio kosta ahala kosta.

Honenbestez, nahikoa garbi nuen bertsozale gisa zenbaitetan ETBren kontsignak jarraitzen ez nituen bezala, Elkartearen kontsignak ere, kazetari bezala konbentzitzen ez baninduten behintzat, ez nituela jarraituko. Hala ere, interlokuzio interesgarria izan nuen Koldo Tapiarekin. Problema bat zegoenean laguntzeko zegoen, eta bere iritzia ere ematen zuen, baina elkar ulertzea lortzen genuen.

Bestalde, ez dut uste garai hartan piztu ziren alarmak alferrikakoak zirenik. Nire ustez, gerta zitekeen kataklismo bat. Gerta zitekeen Txapelketakoak ez ziren saioak ere gisa horretara planteatzea intentsitate bila. Oreka zaila zen eta, nire ustez, kontu handiarekin ibili ginelako eutsi zitzaion. 

Nondik nora gorpuztu zen arriskuen inguruko gogoeta hori?

Koldok ‘Zaharren Kontseilua’ deitzen ziona urtean hirutan edo gelditzen ginen, sortzen zenean. Bazkaltzeko gelditu, eta eguneko ordenarik eta bukatzeko ordurik gabe aritzen ginen Koldo, Andoni, Sarasua, Murua eta ni. Pentsamendu estrategikoaren gunea hori zen, eta hor sortu ziren arriskuaren ingurukoak ere.

Gero, Siadecori ikerketa handi bat eskatu zitzaion, hamarkada baterako estrategia finkatzeko balioko zuen ikerketa bat. Bertan, hainbat elkarrizketa eta mahai inguru egin zituzten, eta hor ikusi zen kezka garrantzitsuenetako bat telebistaren eta arrakastaren eraginen ingurukoa suertatu zela.

 

Haustura ETBrekin

 

1993ko udan, programa bat emititzera behartzen zaitu ETBk Elkartearen eta zeure iritziaren kontra. Gutxira, uztea erabakitzen duzu.

Hitzetik Hortzera irailetik ekainera izaten zen. Eta 1993ko uda horretako hutsunea betetzeko antologia bat prestatzeko eskatu ziguten. Elkartean ikusten genuen apustua ez egitetik behia zukutzera pasatu zela ETB. Programa ona izan zen, Bertsoak Udanjarri genion izena, eta Alaitz eta Maiderrekin grabatu genuen kareta Loreak udan ihintza bezala… kantuan oinarrituz.

Oso nekatuta nengoen ordurako. Telebistara pasatu nintzenean irratiko soldata bera mantendu zidaten, eta tira. Baina programa hilerokoa izatetik astean behin egitera pasatu nintzenean ere ez zidaten igoerarik egin. Lau urte neramatzan horrela, eta Amatiñori eskatu nion, edo kontratua egiten nuen lanaren parera igotzen zela edo, bestela, hilean behin bakarrik egin beharko nukeela. Ez zidan inongo kasurik egin eta uztea erabaki nuen, 93ko udazkenean. Irratira bueltatu nintzen. Baina Elkartetik egunero neuzkan hoska, 1993ko Txapelketa orduantxe ari zen martxan jartzen, eta ez zela uzteko momentua. Hamar egun baino ez nituen egin irratian. Itzuli eta Txapelketarekin jarri nintzen. ETBkoek ez zidaten soldata igo, eta, gainera, hilean behin beste programa bat egitera behartu ninduten. Zuzeneko bat zen eta horri bai lortu nuen Debaldeko Festa jartzea. Uzten zidaten bakoitzean izen hori jartzen nuen (barre).

Programa horretan gertatu zen bertsolari gazteen zentsurarena, ezta?

Bai, hirugarren programan izan zen. 1994ko otsailean hasi nintzen eta apirilekoan gertatu zen. 

Aldiro, bi bertsolari eta bestelako gonbidatu bat eramaten nituen. Hirugarrenean, Bernardo Atxaga zen gonbidatua, eta bertsolari gazteak eramatea erabaki nuen. Bista ona izan nuen: Irazu, Maialen, Igor eta Unai aukeratu nituen, nahiz eta oraindik ez ziren oso ezagunak.

Esan zidaten kritika egingo zutela, eta esan nien inor iraintzen bazuten neronek moztuko nuela. Espraia atera eta Kalea guztiona daegin zuten pintada. Ikusgarria izan zen, baina ez zitzaidan ezer larria iruditu. Gero, bertsotan oso gauza graziosoak esan zituzten; batean, “desinformazio gehiago orduoro Euskadi Irratian”, bukatu zuen Unaik. Publizitaterako etena zetorren jarraian eta, iragarkien tarte horretan, zalaparta nabaritu nuen, baina aurrera jarraitu genuen. Publizitatetik bueltan Atxagaren elkarrizketa neukan eta oso majo zegoen, sembrau. Konturatzerako, ordea, Maite lankidea azaldu zen Atxagaren atzean paper batean zuzendaritzaren aldetik mozteko agintzen zidatela idatzita zeukala. Burutik pasatu zitzaidan “Kazike hauek…”, baina Elkartea ere bazegoen tartean eta txukun egiten saiatu nintzen. Atxagari galdetu nion: “Oso fuertea iruditu zaik bertsolari gazteena?”. Eta berak, gero Unai eta hauek asko mindu zituena erantzun zidan: “Fuertea? Ez, batere ez. Aukeran ortodoxoegiak, agian”. “Ba, itxuraz ez dago segitzerik eta hemen moztuko dugu”, esateko beta eman zidan, eta zapla moztu zuten zuzen-zuzenean Afrikako lehoien erreportaje bat sartzeko.

Zer iruditu zitzaizun zuri?

ETB barregarri gelditu zela. Horrelako zerbait jasateko gai ez denak ez dauka talentua sobran.

Ehun bat lagun zeuden publiko gisa; oholtzan, Joseba Tapia eta musika talde bat, bertso ,jarri batzuekin prestatu zuten emankizuna eskaintzeko prest… Atxaga bera. Denak aho zabalik gelditu ziren. Eta ETBren ikusleekin ere beste hainbeste gertatu zen.

Ordurako nahikoa tentsio zenuten Elkartearen eta ETBren artean.

Programa ateratzeko akordioa urtero berritzen zen. Eta Elkartearen finantzaketa iturri nagusi bilakatua zen ordurako. Siadecorekin egindako gogoeta 92an burutu zen, eta ETBrekin egiten zen akordioaren azken bi berrikuntzetan tentsio puntu bat nabaritu zen, Elkarteak gogoeta horietan ondorioztatu ziren irizpideak planteatzen zituelako eta ETBk ez zituelako aintzat hartzen. Adibidez, programa gehiegitan errepikatzen zela esaten zitzaien, eta are gehiago errepikatu zuten. Edo udarako antologia hori egitera behartu gintuen.

Bertsolari gazteen zentsuraren kapitulu honen ondotik are gehiago tenkatu ziren harremanak. Sugerentzia bat egon zen zuzendaritzatik esanez Hitzetik Hortzera emititu aurretik eurak ikustea komeniko litzatekeela. Ordura arte niri hori ez zidaten sekula esan. Neronek banekien zer emititu zitekeen ETBn eta zer ez. Otermini esan nion: “Orduan aurretiazko zentsura jarri didazue?”. Eta berak: “Ez, ez, ez, begiratu bat emateko bakarrik”.

Legebiltzarrera ere iritsi zen kontua, HBk nahiz EAk eramanda, eta Zarraoak EiTBko zuzendari orokor gisa, bere azalpenetan esan zuen bertsolariek ez zutela gidoia jarraitu. En fin…

Ni, jada, nazkatua nengoen telebistako lanarekin. Unibertsitatean hasi berria nintzen gainera. Urte bukaera arte segi behar izan nion, ordea, apiriletik abendura telebistan lan egiteaz gain klaseak emanez. Bitartean, 1994ko udan, Añotako bilkura egin zuen Elkarteak eta erabaki zuen ETBrekin zuen harremana etetea. Urtea bukatu zenean, akordioa ez zen berritu eta nik telebista utzi nuen.

Zein izan ziren zure ustez hausturaren zio nagusiak?

Nik esango nuke programaren diseinua, printzipioz, ETBri ez zitzaiola asko inporta. Ni egon nintzen urteetan ez zen horretan sartu. Kantitatearekin geneuzkan gorabehera gehiago… Baina, une jakin hartan, bere agintea erakutsi nahi izan zuen. 1993a eta 1994a urte gogorrak izan ziren giro soziopolitikoari zegokionean. Telebistan ez zen presoen aipamenik egiten, Korrikaren berri ere ez zen ematen… Eta bertsolariak ideologikoki lerratuegi ikusi zituzten ETBko agintariek. Planteatu zuten, zuzendaria eta saioaren eredua eurek ezarriko zutela: kasik erabat bertsoz osatutako eredua nahi zuten, bestelako adierazpen gutxikoa; bertso saioak lau-sei bertsolarirekin antolatu eta saioa bere horretan ematea, euren filtroa pasatu ondoren.

Elkartea, aldiz, beste planteamendu batzuekin zebilen: programa hezitzaileagoa, fokua elitetik harago zabalduko zuena eta abar. Bestalde, programagatik ordura arte ematen zen baino diru gutxiago eskaini zuen ETBk, eta Kultura Sailburuak, Joseba Arregik, Xenpelar Dokumentazio Zentruarentzat aurrez agindua zuen diru bat ere ez zen iritsi. Horrela, 1994ko ekainean, irailean eta urrian egin ziren gogoeta jardunetan, telebistari ezetz esatea erabaki zen. Erabaki horrekin bere diru iturri nagusia galdu zuen Elkarteak eta bi liberatuak langabezira joan ziren.

 

Bertsolaritza telebistaratzen

 

Zuzendari eta aurkezle lanak utzita ere jarraitu zenuen programarekin kolaboratzen, bolada batean behintzat elkarrizketak eginez.

Programaren ardura hartu zuenean, 1999an, Josu Goikok hilean behin elkarrizketa bat eginez parte hartzera animatu ninduen. Eta kolaborazio hori bai hartu nuen gustura, gozatu egin nuen.

Baduzu gogoan Hitzetik Hortzerarako zuk egindakoetatik bereziki gustura utzi izan zaituen elkarrizketa eta erreportajerik?

Niretzat elkarrizketa indartsuena Josu Goikoren etapa horretan Euzkitzeri eginikoa izan zen. Ordu laurden bat izaten zen eta gordin-gordin azaldu zuen arrazoi ideologikoengatik baztertua sentitu zelako utzi ziola plazaz plaza ibiltzeari. Juan Mari Lekuonari egindakoak ere oso gustura utzi ninduen, baina hau potenteagoa izan zen.

Gogoan daukat baita Hitzetik Hortzerako nire azken urtean amore eman nuela, nolabait, ukitu pedagogikoaren kontuarekin, eta Andoni eta Jon Sarasua jarri genituela astero bertsoaldi baten komentarista. Dosi txikietan egiten genuen, hiru minutuko bertsoaldiei hiru minutuko iruzkinak tartekatuz. Ederra izan zen…

Zuk utzi zenuenetik zein izan dira deigarrienak iruditu zaizkizun aldaketak?

Asko berritu da. Josu egon zen bitartean asko segitu nuen. Iruditu zitzaidan puntu ona harrapatu ziola. Asko gustatzen zitzaidan aurkezterakoan zeukan puntu lakonikoa, eta ikusten nuen nik hasitako proiektu beraren luzapena zela.

Gerora, gauza bategatik edo besteagatik, oso ikusle intermitentea izan naiz. Tarteka, saiatzen naiz jartzen, hilean behin edo, baina ez dut nahikoa ezagutzen… Inpresioa daukat ikus-entzule berriak irabazi direla, baina betikoak posmodernitate horrekin ez daudela eroso… Ez dakit xede taldea eta lortu nahi diren helburuak oso garbi dauden. Hala ere, aitortu behar dut, estetikoki eta teknikoki virgeria bat iruditzen zaidala ikusten dudanean.

Badirudi telebistaratzeak gaur egun ez dituela garai bateko kezkak eta eztabaidak pizten. Oreka bat topatu da?

Bertsolaritzak garrantziren bat izaten jarraitu nahi bazuen egin beharra zegoen. Egin zena edo antzeko zerbait. Eta esperientziak erakutsi du asmatu egin zela, orain arte behintzat bertsoa ez delako desnaturalizatu. Batua eta euskalkien arteko aferarekin gertaturikoa gogorarazten dit: baturik gabe ez zegoen etorkizunik, eta, aldi berean, batuak euskalkien dinamismoaren galera ekar zezakeen; berez batuak ez du zertan euskalkia suntsitu, ordea.

Gaur egungo baretasuna, neurri batean, konstatazio horrek ematen duela iruditzen zait. Beste alde batetik barealdia izan daiteke nolabaiteko konformismo baten eta sakontzeko nagi puntu baten ondorioa ere. Alegia, ez dugu asmatzen, beraz, bego. Espero dut hori ez izatea.

Internet, neurri batean, garai batean telebistak zuen audientzia bereganatzen ari da. Iruditzen zaizu hor gailur berri bat etor daitekeela?

1990eko hamarraldian telebistak izan zuen bezalako olatu bat sortzea zaila ikusten dut. Internetekoak bertsolaritzaren komunitatearen baitan ez dauka telebistak zeukan zentraltasuna. Adin tarte batzuek ihes egiten diotelako, eskaintza orokorra oso zabala delako…

 

Bertso kritika

 

Bertso kritika ganorazko baten gabezia izan da urteetan zehar hainbat testutan aipatu izan den beste mantra bat. Zergatik eman izan da gabezia hori zure ustez?

Beti esaten da kritika beharrezkoa dela bertsoa hobetzeko, baina, gero, kritika egiten denean, gaizki hartzen da askotan. Hau gertatu zen jartzen baduzu ez dago arriskurik, baina hau ez zait iruditzen ondo dagoenik esaten baduzu, kontuz. Nik ere egin izan ditut ahalegin batzuk, eta erreakzio itsusiekin egin izan dut topo. Izenik aipatu gabe egin eta bera izan zitekeela ikusi duen baten bat ere haserretu izan zait. Eta horrela, konplikatua da.

Nolakoa behar du bertso kritika batek?

Saio batera joan, eta han zer gertatu den eta zer gustatu zaizun kontatzea, niri hori ez zait interesatzen. Hori da, egun, normalean egiten dena. Hau oso gaizki aritu zen besterik gabe esateak ere ez du, noski, ezer aportatzen, baina ez dut uste hori inoiz egin denik.

Kritikak beharko luke klabe batzuk hartu eta elementu horiek testuinguratzen saiatzea, xehetasun batzuei heldu eta, hori, bertsolaritzak bizi duen unera estrapolatzea. Eta adibide konkretuekin arazo estruktural bat agertzea lortzen baduzu, bada, ondo baino hobeto.

Beti ezingo da hainbeste eskaini, baina, izpiritu horrekin ahaleginduz gero, beti izango da ekarpen bat. Musika kritikak primeran funtzionatzen du, zinem kritikak ere bai, eta haien eredua hor daukagu. Begoña del Tesok, zinemari buruz, iritzi argumentatuak ematen ditu, eta orokortuz, aurrekariak aipatuz…

Egia da bertsolaritza mundu txikiagoa dela zinemarena edo musikarena baino. Euskal literaturaren kritikari antzeko zerbait gertatzen zaio. Baina taxuz egindako kritika batek ez luke inor mindu behar. Gogoan daukat Egunkarian Getxon egindako saio bati buruz aritu nintzela. Nahikoa puntuazio txarra atera zuen Unaik, eta jarri nuen: “Bale, ez du asmatu, baina azpimarratzeko modukoa izan da hizkera kolokiala bertsotan txertatzeko egin duen ahalegina; gero, potaje handiegian sartu da eta ez zaio ondo atera, baina saioak ekarri duen elementu berritzaileena berea izan da”. Esango nuke estimatu egin zuela kritika hura.

Hobetu da azken urteotan?

Ez dut ikusten estrategien esplikazioa, estrategien nobedadeak, zehar lerro diren elementuak, zer pasatzen ari den… ez dut ikusten aurreratu dugunik.

Egia da, egun, bertsolari denak teknikoki ia perfektuak direla, askoz ere aspergarriagoak garai batekoak baino (garai batean bazeuden euren hankasartzeekin izugarrizko algarak eragiten zituzten batzuk), baina bertsoak ongi koadratzen dituen bertsolariak ere izan dezake zertan hobetua. Koadratzeko tranpa gramatikalak edo sintaxi hutsegiteak saihestea, adibidez, hizkuntzaren zuzentasunak oinarrizkoa izan behar baitu. Baina ezin bazaio hori esan, bada, jai daukagu.

Lehen aipatzen nituen arazo estruktural horiek, egon badaude, nire ustez. 2001eko Txapelketan azentuazioaren kontuarekin tematu nintzen, esaterako, ikusten nuelako bertsolari askorengan desnaturalizatzen ari zela. Beti esan izan da bertsolaritza berrikuntzak ezin duela esentziaren galera ekarri. Bada, irizpidea belarritik begira pasatzea, bertsolaritza ahozkotasunetik idatziaren eredura makurtzea arriskutsuagoa iruditzen zait telebistaratzea bera baino…

Tesiarekin ahalegin bat egin nuen marko bat jartzeko. Eta 2003ko nahiz 2005eko Txapelketei buruzko liburuetan ere ahalegina egin nuen markoa kasu konkretura ekarri eta lan mardul bana eskainiz. Prentsan, noski, ezin da horrelakorik argitaratu. Beharko litzateke, batetik, prentsarako iruzkin laburragoa eta, bestetik, formatu luzeko lan akademikoagoa.

Ziurrenik eztabaidagarriak dira planteatu izan ditudanak, baina eztabaidarik ere ez da piztu. Inori ez zaio interesatzen debate hori bertsolarien artean? Ukatzeko besterik ez bada ere. Argi dagoena da beharrezkoa dela berri emate hutsetik, edo ‘primeran aritu ziren’ horretatik gehiagora pasatzea.

 

Hedabidetzeko apustua.

 

Elkarteak apustu garbia egin zuen hedabidetzearen alde. Gaiari buruzko literatura aztertuz honako gakoak identifika daitezke: Txapelketa arretagai nagusi gisa; Hitzetik Hortzera bitarteko nagusi gisa; bertsolariaren ulerkera (framing) berria salgai nagusi gisa; eta Elkartearen komunikazioaren profesionalizazioa neurri tekniko nagusi gisa. Nola ikusten duzu planteamendu hau?

Aipatu duzun hirugarren gakoari gehituko nioke bertsolaria ikusteko modua aldatzeaz gain bertsoa bera, formalki nahiz mamiz, beste kultura-produktuen sofistikazio mailan jartzeko ahalegina egin dela.

Bertsolarien backgrounda aldatu da eta orain bertsoa da produktu bat kultura-produktu modernoekin ohituta dagoen jendea ere asetzeko modukoa. Garai bateko bertsogintzak ezingo zion eutsi zinema, komikia, Internet eta abar ere eskura dauzkan kontsumitzaileari.

Elkartearen komunikazioaren profesionalizazioak ere izango zuen garrantzirik…

2005eko Txapelketan hasi zen hori. Joseba Kamiok ekarri zuen iraultza. Nire ikaslea izandakoa zen. Koldo Tapiari esan nion komunikazio arduradun plazarako ikasle on batzuk bidaliko nizkiola eta tartean bat oso ona. Bera hartzen bazuten sekulako lana egingo zuela, baina tentsioak ere izango zituztela. Eta halaxe gertatu zen.

Komunikazio plan bat aurretik ez zen egiten. Hor bai, egin zen. Kronograma batekin eta lan handiarekin.

Aurretik ere egiten zen modu amateurrago batean, baina hortik aurrera beste dimentsio bat hartu du. Bai, garrantzitsua izan da.

Duela mende eskas medioen arreta gutxi zuen herri kultura aurremodernoaren praktika bat izatetik modernitatean sartu, kultura mediatuaren garaiari egokitu eta masa kulturan sartu-irtenak egitera pasatu da bertsolaritza. Bidaia harrigarria da, ezta?

Hedabideratzearen apustuarekin bertsolaritzak zentraltasun bat lortu du, eta, aldi berean, betiko bertsolaritzaren esparru batzuk gordetzen asmatu da. Irabazitakoa jarri balantzaren alde batean eta galdu omen dena bestean, eta nik zalantzarik ez daukat apustua ongi atera dela.

Garbi dago modernitaterako bidea tradizioan sakontzea izan ohi dela. Baina ez tradizioa gurtzeko, egurtzeko eta unean uneko behar komunikatiboetara egokitzeko baizik. Horixe da bat-batekoarekin egin dena, eta bidaia harrigarri bezain ederra burutzea lortu da. Pena da bertso jarriekin, kopla zaharrekin, esaera zaharrekin eta ahozko ondare kulturalaren beste zenbait elementurekin ez dela bidea osorik egiten asmatu.

Badago berrikuntzarekin oso konforme ez dagoela azaldu izan duen jendea ere.

Nik ulertzen ditut lehengoaren mirarekin daudenak, baina, hedabideetan hainbeste ateratzen ez bada ere, lehengo horrek baditu bere zirkuituak. Sagardotegian ere egiten da bertsotan, eta bertso afarietan edo lagunartean. Librekoak ere funtzionatzen du eta abar.

Intelektual batzuentzat askoz ere erosoagoa litzateke bertsolaritza garai batekoa izango balitz, eurekiko konplexuz betea; alegia, maisutzat hartzen dituena eta marginala. Erakusteko polita, modernitateak ukitu gabeko zelebrekeria etnografikoa.

Apustua beste bat izan da, ordea. Bizirauteko, bertsolariak eurak jarri dira mugimenduaren buru, garai berriei egokitzea erabaki da eta zentraltasuna irabazten saiatzea. Museoan baino nahiago izan da eguneroko mugida kulturalaren erdian egon. Horixe da, hain zuzen, modernoa izatea, eguneroko mugida kulturalaren erdian egotea.

Argi dago Elkarteak sekulako bultzada eman diola bertsolaritzari, baina aurreko belaunaldietan arituriko eragileek ere ekarpen garrantzitsuak egin zituzten, ezta?

Bai. Manuel Lekuonaren ekarpena, esaterako, funtsezkoa izan zen bere garaian. Edo Basarrik ere, izan duen atzerakoi famarekin, oso ikuspegi modernoak dauzka. Baita Aitzolek ere… Basarrik Arestirekin daukan eztabaida ikusgarria da. Bertsolariak ez direla poetekin nahastu behar defendatzen du, eta marko propioaren aldarrikapen horrek sakontasun handia dauka.

Egin den guztia ez da ongi egindakoa izan, noski. Aitzolek, esaterako, formazio klasiko handia zuen eta nahi zuen Txirrita Ovidio izatea. Ahozkotasunari idatzitik begiratzea da hori, Basarrik esango lukeen bezala, bertsolaria poetarekin nahastea, eta begirada horrek luze iraun du, Euskaltzaindiak ere bere egin baitzuen, epaitzeko irizpideak, gaiak jartzeko moduak eta abar baldintzatu dituelarik.

Saiakera hauetan, bertsolaritza bezalako ahozko fenomeno bazterreko bat bultzatzeko ahaleginak berak ere meritu handia dauka, ordea, inguruko kulturetan ahozkotasunari balio handirik ematen ez zitzaion garaietan egindakoak baitira.

Olerkigintzarekin egindako saiakerak huts egin ondoren iritsi zen Aitzol bertsolaritzara. Alegia,  euskal kultura sistemaren ezaugarri bereziek ere, idatzia behar bezala garatzeko behar diren baldintzak oso berandura arte eman ez izanak, eragin dute ahozkoari ohikoa ez den indar batekin eutsi izana.

Horrela da, ahozkotasuna indartzen ari da berriro munduan. Laster ordenagailuek teklaturik gabe funtzionatuko dute, diktatuta, eta gu, atzerapenaren atzerapenez, toki pribilegiatuan harrapatuko gaitu horrek. Baina, neurri batean bakarrik da horrela. Alegia, ahozkotasunak gurean duen indarra baldin badu horretan sinetsi egin delako eta aldeko apustua eta lana egin direlako ere izan da.

Zein dira, zure ustez, etorkizuneko erronkak?

Ikerketa garatu beharra funtsezkoa ikusten dut. Berrikuntza eta bilakaera bera orekatuak izan daitezen, ezinbestekoa da ezagutza sakona eta, horretarako, ikerketa behar da. Aspaldidanik egin izan dira hainbat planteamendu, baina ez dira gauzatzera iritsi. 

Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia
Joxerra Garzia