“Ostien eta muxuen” balazalak (Bi Bala)

Beñat Zamalloa Akizu-(r)en argazkia Beñat Zamalloa Akizu 2016-08-29
Argazkiak: Ekaitz Filarmendi

Bi Bala –

Iñaki Gurrutxaga eta Aitzol Barandiaran bertso saioz bertso saio aritzetik kontzertuz

kontzertu aritzera igaro dira Bi Balarekin. “Ostiak eta muxuak” banatzen dituzte

musikara eramandako bertsoen eta doinuen bidez. Japoniaraino iritsi dira.

 

Arrasateko Gaztetxean eskainitako kontzertuaren aurretik erantzun zituzten BERTSOLARIren galderak. Japoniatik itzuli osteko lehen kontzertua izan zen Arrasatekoa. “Harritzen” ari dira gertatzen zaizkien gauzekin Iñaki Gurrutxaga (Orio, 1981) eta Aitzol Barandiaran (Ataun, 1986). Julen Goikoetxea eta Xabier Etxeberria dituzte taldekide. Gure Eroyak (Bonberenea Ekintzak) bigarren diskoan eroriez eta heroiez ari dira. Bertso Egun hartan Donostiako Kursaalen buruz buru egin zuten emanaldi entzutetsu haren ostean, ezezko ugari eman zituzten berriz halakorik egiteko. Azkenean, bestelako zerbait eskaintzea erabaki zuten, ordea, eta horri eutsita oihartzun handia lortu dute.

 

Zer aurrelan eskatzen dizue kontzertu batek?

Aitzol Barandiaran: Dinamika bat hartuta daukagu prestatzeko, eta ez gara horretatik asko ateratzen. Azkenean, batez ere, eskatzen duena ez da saio bakoitza prestatzea; baizik eta, ia-ia beti prest egotea, kontzertu kopurua dezentekoa delako. Astean behin entseatzeko dinamika jartzen dugu, eta, aukera baldin badago, tokian tokirako zerbait berezia egiten dugu. Batez ere, geuk sortutako hitzak eta kantak jotzea nahi izaten dugu. Disko berria atera berritan, gainera, ilusioa normala da.

Iñaki Gurrutxaga: Badauzkagu kanta finko batzuk, eta beste periferiko batzuk. Saiatzen gara entseguetan horiek aldiro-aldiro berritzen, ez gelditzeko herdoildurik. Oso segidan pilatu zaizkigu bi disko. Azkenean, kanta mordo bat badauzkagu hor. Kanta denak defendagarri izaten saiatzen gara. Jai giroa sumatzen badugu, jai girokoagoak diren kantuak jotzeko joera daukagu; jendea geldoago egongo dela aurreikusten badugu, berriz, beste batzuk sartzen ditugu…

 

Egin nahi zenuketen hori definitzen joan omen zarete. Nola definitu duzue? Nora iritsi nahi zenuten eta nora iritsi zarete?

I.G.: Definizio handiena arlo musikaletik ailegatu da, ez hainbeste letretatik. Aurreneko diskoa egin genuenean, kantak sortzen joan eta forman hainbesterako batasunik ez zeukaten sorta bat egin genuen; pilaketa lana izan zen, neurri batean. Bigarrena gehiago izan da kantak propio sortzea diskoari begira: zer kanta mota nahi genuen, zer soinu, zer erritmo… zehaztuagoa izan da. Bigarren diskoa kohesionatuagoa da, edo pretentsio hori izan dugu behintzat. Letra aldetik, aurrekoan, mementoko erantzuneko letrak izan ziren: kontzertu bakoitza bazen letra berri bat egiteko motibazioa. Bigarrena gehiago izan da zer gai landu nahi izan ditugun, eta gai horiei buruz letra batzuk idaztea. Dena joan da batera.

A.B.: Eboluzio horietan bi mugarri izan dira: bi diskoak. Hasieran, oso bertsio girotik gentozen, geure burua ez oso serioegi hartzetik eta jendeak gu ere ez oso serio ikustetik, era berean. Lehenengo diskorako baxu jotzaile bat sartu zen, talde ikuskera hartu genuen eta gure kantak jotzen genituen. Espazio aldetik bertsozaleek antolatutako saioak izatetik, musika eszenan sartzen hasi ginen. Bigarren diskoa izan da horren konfirmazioa. Bertso ikuspegia utzi gabe, zabaldu dizkigu musika eszenako esparru gehiago. Martxaren arabera goaz, gu ere harritzen, gertatzen zaizkigun gauzekin. Helbururik ez daukagu, baina bidean gauza garrantzitsuak ari dira gertatzen.

 

Eroriez eta heroiez hitz egiten duzue. Zuek zenbat eta zer duzue eroritik, eta zenbat eta zer heroitik?

I.G.: Eroritik pertsona denok bezala: guk ere gure gorabeherak izaten ditugu, baina erortzen garen aldiro ahalik azkarren ohartu, eta aurrera jotzen dugu. Askotan, lanik handiena hori izaten da: norberaren buruari ez onartzea zulora sartu izana. Onartzen duzun mementoan hasten zara gora egiten. Letrak ez dira horretaz, baina sakonean hori badute. Jartzen zarenean jendearen aurrean, eta jendeak zure hitzak onartzen dituen unetik, hori sekulako aukera da, eta ez zara sentitzen heroi bat, baina asetasun sentipen bat uzten dizu.

A.B.: Heroi ez dut uste, izatekotan antiheroi, mezutik bertatik hasita. Gure kontraesanei buruz kantatzen dugu, eta, neurri batean, jendeak entzun nahi ez dituen gauzez. Jendearen kontraesanetan eta zaurietan behatza sartzen dugu. Hori ez da teorian atsegingarria. Neurri batean, paper hori jokatzeko hautua egin dugu, egunerokotasunean ere horrelakoak garelako, gure artean zein jendearekin. Antiheroi izate horrek erorarazten bagaitu, ez da gure kulpa. Saiatu gara hori ez horrela izaten.

I.G.: Jendeak aditu nahi ez duena ez dakit zenbateraino den aditu nahi ez duena.

A.B.: Lelo errazetik alde egitea da, batetik; eta, bestetik, diskurtso aldetik gordina izatea. Umorez ez dakit, baina ironia handiz bai, behintzat. Harrigarria izan da zein ondo hartu izan diren zenbait letra.

 

Pertsonaren gelditasuna da kritikatzen duzuen gauzetako bat. Proiektu hau bada zuek pertsona bezala mugitzea?

I.G.: Askotan pentsatu izan dudan zerbait da gu ez gatozela ezer berririk egitera. Egia da martxan jarri garen unetik ohartu garela espazio bat bazegoela betetzeko, eta, neurri batean, hartu dugula leku hori. Aitzolek zioenaren haritik, kritika sozialarena egin izan da, baina oso lelo zuzenekin. Ez dakit eragingo duen edo ez duen inguruan, baina publiko batengan hori piztu duela, behintzat, uste dut badela gure buruari aitor geniezaiokeen zerbait.

A.B.: Gure artean, inguruko musikan edo bertsolaritzan ere bai, beti gorrotatu izan dugu mezu erraza, guk kantatu izan dugunean eta besteei entzun izan diegunean. Errazegi hunkitzeko edo betiko kontsignen barruko hitz horiek ez ditugu inoiz ongi hartu, eta horien kontra joaten saiatu gara beti. Saiatzen gara hitzak zaplazteko bat izaten, geure buruentzako lehenengo, baina, gizarte honen parte garenez, gizarte honentzako ere bai. Horrek zerbait mugitzea eragin badezake, gutxi izanda ere, bada garaipen txiki bat, eta orokor samar ikusten ditugun hitz eta lelo horietatik aparteko zerbait.

 

Ostiak, botereari beharrean, herrikideei eman nahi izan dizkiozue. Zergatik?

I.G.: Neurri batean boterearen aurka egitea da. Guk badauzkagu botere txikiak, eta botereak gugan sortzen ditu inertzia batzuk ohartzen ez garenak. Horri aurre egiteko modu bat bada ironia: mingarria eta zirikatzailearen arteko muga. Norberak ere, zenbateko sentikortasuna duen, alde batera edo bestera lerratzen du. Gizartea asko oinarritzen da botere harremanetan. Gu ere memento batzuetan boterean gaude, eta beste batzuetan azpian gaude.

A.B.: Era praktikoan azalduta, gogoratzen naiz Aramaiora joan ginela Fagor itxi zuten astean, eta letra bat egin genuen horri buruz, baina ez esanez “Fagor ez itxi eta gora langileen mugimendua”, baizik eta esanez langileok izan garela ez dagoen bizimodu bat sinetsi dugunak, eta, neurri batean, zaplazteko horren erantzule langileok ere bagarela. Akordatzen naiz oso ondo hartua ez zela izan, oso ondo ez zela ulertu edo ez genuela ondo ulertarazten asmatu. Gurruk esan duen zirikatzailearen, probokatzailearen eta min emango duenaren muga hori oso lausoa da. Hein batean horregatik ari gara hain gustura: desafio bat da soka mehe horren gainetik ibiltzea, jakinda batzuetan asmatuko dugula eta beste askotan hanka sartu eta mina eragingo dugula. Intentzioa onerakoa da, eta merezi du arrisku hori hartzea.

 

Bertigoa aldatzen da oholtzaratzerakoan bertsotarako edo musikarako izan?

I.G.: Oso desberdina da, erantzukizunetik hasita. Bertsolaritzan askoz indibidualagoa da uneko jarduna: kantatzen ari zaren unean beti zaude bakarrik, inoiz ez duzu duoan kantatzen. Talde batean, engranaje guztiak funtzionatu behar du. Engranaje guztiak funtzionatzeko baldintzak asko dira. Egoera pertsonaletik hasi, eta egoera pertsonal hori taldeari komunikatzetik uneko bizipenak oholtzan zauden bitartean konpartitzera. Oriotarra izanda, sekulako konparaketa egingo dut: traineru batean joatea bezala da.

A.B.: [Barreak] Zain zegoen, gaia noiz aterako… Ondo ekarria!

I.G.: Indarrak denok batera egin behar ditugu. Bertigo sentipena ere desberdina da. Bi Bala bezala ere, hasierako bertigoa ez da egungo bertigoa. Hasierako bertigoa gehiago zen ongi aterako zen ala ez exekuzio aldetik, eta, orain, gehiago da gure proposamenak funtzionatuko al duen, ondo pentsatutako proposamen honek.

A.B.: Bi Bala iritsi zitzaidan bizitzaren parera bertsotan distira gutxirekin antzematen nuenean nire burua, motibazio txikiarekin eta akuilu horren faltan. Konturatu nintzen ilusio hori, hitzak sortzeko gogo hori eta bertigo hori Bi Balatik zetorkidala. Estimatzen dut bertigo hori errekuperatu izana. Kasualitatez eta suertez proiektu berri honekin iritsi da.

Elkarrizketa osoa papereko edizioan…

 

 

Bi Bala  Bi Bala  Bi Bala  Bi Bala  Bi Bala  Bi Bala  Bi Bala  Bi Bala  Bi Bala  Bi Bala  Bi Bala