Enare Muniategi
Enare Muniategi

2023-05-03

Pipak jaten

Pipak jaten –

Gure ingurua udazken koloretan ikustera ohituta gauden arren, negu labur baten ostean udabarria uda usainez heldu da. Eta Bizkaia txapelketan murgiltzeko prest dago, udabarria kantuz janzteko. Urte bitan erein, landatu, eta transplantatutako landareen loreek eguzki argitara irtetzeko gogoz eta ilusioz zabaldu dituzte petaloak.

Baina sasoi honetan dena ez da lorea, larrosa edo horia, udabarriko usain freskoa, arropa koloretsuak, marianitoak terrazan, eguzkitako betaurrekoak, oporretako gosariak goizeko hamaiketan, edota umore ona.

Begi zuloak, gorputz eta buru nekatuak, gogo gutxirekin kantatutako hainbat bertsoaldi joan dira, estu eta trabeska, erdi moztuta, erdi “azken puntua ez zen horrela” eta beste erdi igarri bakoez betetakoa ere izan daiteke sasoi hau.

Beste batzuek, ostera, hautu bat egin eta burutzeko asmoz tematuta egiten diote aurre bolada honi. Hau kantatzen ahaleginduko naiz, beste hau esaten, modu honetan adierazten edo bestetara komunikatzen. Neuretzat, guretzat, besteentzat, beste inorentzat edo inorentzat ere ez.

Denok ez diogu berdin aurre egiten, denok ez gara eguzkiaren mugimenduarekin batera eskuin edo ezker mugitzeko gai diren eguzki loreak. Batzuk pipak jango dituzte eta beste batzuk inarra pasa lurrera botatako pipa azalak batzeko.

 

Pipak jaten

Pipak jaten