Silver bueltan da

Alazne Untxalo-(r)en argazkia Alazne Untxalo 2020-11-13
Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Bertsolari aldizkaria

Silver bueltan da –

Erran ezin den horri guztiari; gorrotatu arren, maitatu beharreko horri guztiari; gezurra borobila diren egia faltsu horiei… bertsoak jartzeko tenorea iritsi zaie nire partetik”

 

Sarrera

Xabier Silveira Etxeberria, (Lesaka, 1976), bertsolaria. Aita portugaldarra eta ama lesakarra. Taberna bateko semea, eta urte luzetan tabernaria izandakoa. Sarritan kontatu digu giro horretako bertsolaritza landu izan duela, Zarrak Berri Xou emankizunarekin, esaterako. Idazlea, A las ocho en el Bule (2007); Maradona barrilete kosmikoa” (2011) eta A las nueve en el Faisan (2012); Gara egunkarian zutabegilea hamar urtez, baina bertsolaria guztiaren gainetik.

Silver bueltan da
Arg: Alberto Elosegi

 

Hau da Interneteko bilatzailea baliatuz, zure izena idatzita agertzen zaiguna. Gertutik ezagutzeko plazera izan dugunok, ordea, badakigu, gizon lotsati, bihotz oneko eta lagun handia zarela. Ikuskera propioa duen pertsona, estilo berezia duen bertsolaria. Lehiakorra, mihi eta begirada zorrotzekoa. Sortzailea, entzuleekin harreman zuzena eta sakona lortzen zuena, giroa iraultzen zuena.

 

Eta zuk, zer diozu:

Nor da Xabier Silveira Etxeberria?

Xabier Silveira? Ez dakit hori ote naizen ni. Baina badakit hori ni naizela.

HASTAPENAK

Anitzetan entzun zaitut erraten, zure osabaren kasete batzuk heredatu eta haiek entzunez zaletu zinetela bertsoarekin. Nafarroako bertsolaritzari dagokionez, bertsolari gazteen hutsunea ikusirik, Bittor Elizagoien eta Manolo Arozenak Bortzirietako Bertso Eskola sortu zuten 1990eko urrian.

Zergatik edo zerk bultzatuta hasi zinen bertsotan? Nor ziren zure ereduak? Norekin eta non izan zen lehenengo plaza?

Nik ez dut oroitzen bertsotan ez nekien garaia. Izango zen, suposatzen dut, baina ez ninduen inork bultzatu, bertsoak berak ez bada. Ikastolara bertsolaritza tailerrak ematera Lontxo Aburuza etorri zenerako, bertsotan egiten nuen nik. Eta ez diot harrokeriagatik;  izugarri bitxia egiten zaidalako baizik, nola gaitasun eta dohainak, edozein dela ere, berezkoak izaten diren maiz. Eboluzioaren teorian hori nola azaltzen duten gustura entzungo nuke.

Nire garapenean, aldiz, ereduak denborak eraman eta ekarri ditu; zinta haietan azaltzen zirenetatik hasita, bada Egaña, Lizaso, Peñagarikano… gazteenak zirelako igual, baina Lazkano, Amuriza, Txomin Garmendia, Enbeita, Lopategi… denak. Gero etorri zen Sarasua, berarekin Euzkitze… eta bat-batean, begientzat erdi grisa, erdi zuri-beltza zen hura, kolorez jantzi zen: Jon Maia! Yoni nire idoloa izan zen urte batzuetan; elkarrizketetan hori erraten nuen behintzat, je, je, je… Iturriaga eta Elortza, Maialen eta Irazu… urteak behar izan nituen berauekin konplexurik gabe kantatzera ausartzeko. Eta azkenik, benetako Andoni Egaña iritsi zen. Gehien entzun eta bideoan gehien ikusi dudan bertsolaria Egaña da, fijo! 1993tik aurrera, guti goitibeheiti, la ostia izan zen.

Oroitzen dudan lehen saioan…, ni baino berrogeita hamar urte zaharragoa zen Bautista Madariaga nuen ondoan eseria, ahaztezina, 1992ko Txapelketako kanporaketan, Sunbillan. Estitxu Arozena eta biok, adingabeak izanik ere, oholtzan azaldu ginen eguna. Eztabaida dezente izan ziren guri parte hartzen utzi edo ez erabakitze bidean, Manolok eta Bittorrek planto mehatxua egin zuten arte. Txapelketaren araudia aldarazi nuen lehen aldia.

Bortzirietako gazte talde hura, berehala hasi zen nabarmentzen Eskolartekoan nahiz Nafarroako Bertsolari Txapelketan.

1992ko apirilaren 5ean, Iruñean jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zenuen; Manolo Arozena suertatu zen txapeldun, eta zu 5. postuan geratu zinen (15 urterekin). Estitxu Arozena eta biak belaunaldi berriaren ordezkari.

Zer gogoratzen duzu egun hartaz?

Dragoi Bola! Bezperan nire anaia Jonek hala proposatuta-edo, Dragoi Bola marrazki bizidunetako abestiaren hitzen bertsioa eginez bota nuen hasierako agurra. Eta orain, txapelketan parte hartuko ote dudan galdetzen didatenean, hortaz oroitzen naiz: zazpi ziren Dragoi Bolak, zazpi txapel ditut… Txapelketara, zertara?

IBILBIDEA

Txapelketei dagokienean, zure ibilbidea oparoa izan da.

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan, txapeldun 1994an. 1997, 2004, 2005, 2006, 2007, 2009 eta 2013koNafarroako Txapelketak irabazi zenituen. 2011koan bigarren, Julio Sotok baino 5 puntu gutxiago lorturik.

1997ko apirilaren 13an Sunbillan jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketan txapela lortzeak zer eman zizun? Zein ziren zure helburuak?

Ez dut helbururik nuenaren oroitzapenik, gainera, garai haietan gauza anitz gertatzen ziren egunero; Euskal Herria sutan argitzen zen lautik hirutan, eta gazteen aurkako sarekadak etengabeak ziren. Hau erraten dut galdera entzun bezain laster etorri zaizkidalako, orduko flashback modukoak: errepide kontrol beldurgarriak, disimulurik gabeko segimenduak, ama mehatxatzeko etxera deitzen zuten… Giro mugitua, alegia. Helbururik ez nuela diot, baina txapeldunaren agurra prest nuen. Botatzeko momentua iristen zenerako prest.

Lehian eta ez jolasean. Zazpi txapel irabazi zenituen guztira. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 2013komartxoaren 23an jantzitakoa da azkena.

Txapel bakoitza ezberdina al da?

Txapel bakoitza baino, final egun haietako bakoitza da desberdina dena. Irudiak, datak, datuak… Txapelak, Nafarroakoan bederen, egunez egun egiten duzuna egiten jarraitzeko baimena dira. Badaude txapeldun atera nintzeneko bizpahiru aldi oroitu ere ez ditudanak egiten. Ospatu ere ospatzen nituen eta!

PLAZAZ PLAZA

Urte luzetan ibili zara kantuan plazaz plaza. Beti aldarrikatu izan duzu taberna giroko bertsolaritza.

Zer alde dago, jaialdi eta taberna giroko saioen artean? Zein nahiago duzu, eta zergatik?

Alde agerikoena da formatu bakoitza baldintzatzen duen zera hori: jaialdietan testua da oinarria, testua da agintzen duena, gaiak eta gai-jartzaileak. Taberna giroko saioetan, ordea, testuingurua da gidaritza hori egiten duena, bideak zabaldu eta ixten dituena. Nondik nora, noiz eta nola, zer eta zertarako, noiz, noiz arte… hori dena.

Bertsolariek unean unekoa kudeatzen dutelarik, entzuleekin lortzen den konexio maila ezinezkoa da polikiroldegiko oholtza batetik lortzea.

Zaharrak Berri Xou emankizun arrakastatsuaren sortzaileetako bat izan zinen. Azaldu, nork kantatzen zenuten, gaien tematika… zer izan ziren urte haiek zure ibilbidean?

Jokin Uranga, Fredi Paia, Haritz Etxeberria Ministro eta laurok ibili ginen. Laurak elkarrekin ustez sekula, baina laurok. Garaiotan hain aipatua den ‘orain eta hemen’ filosofiaren aitzindari izan ginen, milaka urtez egin den zerbaiten aitzindari izaterik badago. Beti eta toki guztietan asmo bakarra, orain eta hemen aritzea. Hasi eta segi. Elkar hartuz, broma jarri. Lagunari zernahi errateko askatasuna, baldin eta ez bazen egia, noski!

Garairik politena izan zen, nahi nuke etorriko diren garaien eredua bilakatuko balitz.

Zer eman eta zer kendu dizu plazak?

Eman zidan bizitza bat. Aldi berean lapurtzen ari zitzaidan bizitza faltan bota ez nezan, nik uste.

2013. urtean plazak uztea erabaki zenuen, zergatik?

“Eskaparateko” bizitza horrek ez zidalako jadanik ematen galdu nuen beste bizitza hartaz ez oroitzeko behar adina poz. Baita Euskal Herrian aldaketa garaia zelako ere, agerikoa zen mundu berri bat zetorrela gurera, eta mundua nolakoa zen jakin arte… isilik  hobe.

Gaur egun, Erratzun bizi zara. Inguruko bertsolariekin elkartu eta kantatzen jarraitu duzu. Intimitatean, baina bertso munduari lotuta. Bertso eskolan, saioak antolatzen, gai-jartzaile gisa…

Nola bizi izan dituzu azken urteak?

Denbora luzean gustura bizi izan naiz bertsorik gabe. Ez nuen Hitzetik Hortzera ikusten, ez Bertsoa.com bisitatzen, ez ezer. Nafarroako Txapelketa etortzen zen garaian hurbiltzen nintzen bertzeak prestaketan zebiltzala jakinik, baina bertzela ja. Jendearentzat ezaguna nintzenik ez sentitzeak ekarri zidan plazerik handiena, hala ere. Hala zelako agian, edo agian nik zera horri arretarik jartzen ez niolako.

Euskaldun bat zerotik ezagutu, zuk beraz, berak zutaz bezain gutti dakiena. Ederra.

Orain, ordea, plazara bueltatzeko momentua iritsi dela sentitu duzu. Zer aldatu da zure barruan?

Begiz ikusten dudana lehen zen bezalakoa den arren, erabat ikusten dut desberdin. Egunero eguzkia mugitzen ikusten dudala erratearekin gehiena errana dut. Hankapean lurra bueltaka darabiltela sinesten dutenentzat, erokeria hutsa da, badakit, horrek, ordea, ez du aldatzen nik egunero eguzkia mugitzen ikustea eta eurak lurraren mugimendu hori inoiz ere sentitu ez izana.

Baina ez da hori bakarrik, dela bertsolaritza, dela politika, pertsonen arteko harremanak edo bizimodua bera. Ez dakit, dena gezurra, edo arras aspergarria da. Dena ‘ikusteko’ da, ezin da ezer ukitu; nork bere bizitzan parte hartzeko modua eseri eta isiltzea da. Eta ea argazkian polit ateratzen garen. Horrela izan behar badu, horrela izan dadila. Hori bai, ez nazala inork behartu ez horrela bizitzera ezta bizimodu hiltzaile honen aurrean isilik geratzera ere.

Ondorioz, erran ezin den horri guztiari; gorrotatu arren, maitatu beharreko horri guztiari; gezur borobila diren egia faltsu horiei… bertsoak jartzeko tenorea iritsi zaie nire partetik.

Silver bueltan da
Silver bueltan da
Silver bueltan da
Silver bueltan da
Silver bueltan da
Silver bueltan da
Silver bueltan da