ABTX22: Araba is different

Izar Mendiguren-(r)en argazkia Izar Mendiguren 2023-01-17

Araba is different –

Oharra: arabar bertsolariekiko intolerantzia bukatzear dagoen sindromea da. Tentu: belaunaldi berriek indartsu hartu dute oholtza, Arabako bertsolari klasikoei aurre egiteraino. Oholtzan ere, aldaketa garaiak datoz.

 

Saguzarren sindromea izan du 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketak: belaunaldi gazteek hankaz gora jarri dute guztia. Peru Abarrategi Sarrionandiak irabazi zuen txapela, ekainaren 11ko final handian, Manex Agirre Arriolabengoarekin buruz burukoa jokatuta. Oihane Perea Perez de Mendiolak hirugarren egin zuen, Iñaki Viñaspre Simonek laugarren, Xabi Igoa Erizek bosgarren eta Paula Amilburu Izargaraik seigarren. Txapelketak, ordea, gogoan izateko izen eta izan gehiago utzi ditu.

Txapelketa ez da helmuga, baina bidea markatzen du. Bakoitzaren marka uzteko edo hausteko aukera ematen du, bederen. Ez zen eskakizunik isilean igaro finalean, zentzu horretan ere; Peru Abarrategi Sarrionandia txapeldun berriaren agurrak erakusten duenez:

 

Eskakizun txikitxo bat aterako dut plazara

Nahiz Aramaixo ta Oion ez den berdin beharbada

probintzi txiki honek du bere-berea euskara

batzuek ahaztu arren gu ere euskaldun gara

beraz konplexu guztiak doazela pikutara

ama berdinak erditu baditu zazpi alaba

merezi duen moduan zaindu (e) zazue Araba!

 

Serapio Lopezek jantzi zion txapela Peru Abarrategi Sarrionandiari, 1982. urtean Arabako bertso eskolen sortzaileetako bat –eta kide aktiboa, oraindik ere- izaki.

Bereziki txapelketa dotorea osatu dute Arabako adin guztietako gazteek: belaunaldi aldaketak dantzan jarri du sailkapena. Txartel “ziurra” zuten bertsolari batzuei aurrea hartu diete gazteek (Asier Otamendiri kasu), eta finalaren atarian geratu dira izen eta izan berriak (Maddi Agirre, esaterako). Batzuen hasierako agurra izan daiteke finalerdietan goia jotzea, baina bukaerako agurretik ere utzi du 2022ko Txapelketako uztak: Oihane Perea Perez de Mendiolak entzuleen eserlekutik jarraituko du aurrerantzean lehia, kantatu zuenez: “Egurra eta harria eman ditut hemen kontua hori da/ gazteak eta komunistak nire esperantza dira/ beraz igual jaitsiko naiz lehendabiziko aulkira/ gehiago disfrutatzeko beste batzuen dirdira”.

Gasteizko Europa jauregian jokatu zen Arabako finala, ohi ez bezala. Printzipal antzokian egin izan da azken urteetan, baina areto aldaketak ez zuen eragin zaleengan: 450 lagunek jarraitu zuten saioa bertatik, eta batek daki zenbatek telebista, irrati edota Internetetik. Harrika eta irrika aritu ziren bertsolariak, nor baino nor.

Finalerdiak, bizi bezain estu

Espero bezala, garestia izan da Arabako finalerako txartela. Araian (maiatzaren 28an) eta Izarran (maiatzaren 29an) jokatu ziren bi finalerdiak, eta saio onak izan baziren ere, koska bat gorago igo zuen langa bigarren finalaurrekoak. Lehen finalerditik Oihane Perea Perez de Mendiolak soilik (Araiako irabazlea) lortu zuen Europara sartzea, baina haren atzetik geratu ziren  hurrenez hurren Unai Anda, Maddi Agirre, Asier Otamendi, Andere Arriolabengoa eta Felipe Zelaieta. Azpimarratzekoa da Unai Anda eta Maddi Agirre gazteek osaturiko txapelketa, finalaren atarian geratu baitziren biak ala biak. Araba zazpigarren alaba izanagatik, gazteak indartsu, ausart eta bizi datoz.

Izarrako saioa Manex Agirre Arriolabengoak irabazi zuen, baina oso fin jardun zuten bertsolari guztiek, eta bostek eskuratu zuten azken geltokiraino iristeko txartela: Peru Abarrategi Arriolabengoak, Xabi Igoa Erizek, Iñaki Viñaspre Simonek eta Paula Amilburu Izargaraik.

Finala, ezustekoa?

Final gaztea utzi du 2022ko Txapelketak. Beteranoek ez zuten hutsik egin: Manex Agirrek, Oihane Pereak eta Iñaki Viñasprek bigarren, hirugarren eta laugarren postuak eskuratu zituzten hurrenez hurren. Dena den, Xabi Igoa eta Paula Amilburu ez ziren atzean geratu. Seitik lau bertsolari Aramaiokoak ziren: harrobi eta eskola sendoa dute bertan, bistakoa denez. Hala ere, eskualde eta kuadrilla gehienetako bertsolariek hartu dute parte Txapelketan; Arabako Bertsozale Elkarteak hezkuntza formalean zein aisialdian azken urteetan egindako lanaren emaitza.

Zortziko handian eskolako zuzendaritzako kideak izan ziren Manex eta Oihane. Sexu heziketako adituak zetozela eta, zenbait gurasoren kexa jaso zuten, eta ikasle batzuk ez zirela klasera etorri zioen gaiak. Sendo hasi zuen finala Manex Agirrek: “Hemen gurasoek dute errua ta umeek galtzen dute”, bota zuen lehen bertsoan. Ofizioak goitik jarraitu zuen: “Hautsi bezate neska-mutilek korseta ta erregela / eta gorputza bi eskuekin disfrutatu dezatela” kantatuz borobildu zuen Oihane Pereak ariketa. Iñaki Viñaspre eta Peru Abarrategi etxegabetzea geratzea lortu zuten bi auzokide izan ziren. Irmo eutsi zioten egoerari biek, Iñaki Viñaspreren bertsoak islatzen duenez: “Agenda 20-30 horren koloretsua zen/ baina gero heltzen da txakurrada ta hasten da zu kolpatzen/ zer gizarte mota ari gara eraikitzen ta osatzen/ eskubide oinarrizkoena ez bada errespetatzen?”. Xabi Igoa eta Paula Amilburu, aldiz, duela 25 urte erbesteratutako alabaren zain jarri zituen Aintzane Irazusta gai-jartzaileak. “Dio herrimina ezin duela bere barrenetik kendu/ gureak igual ez du izenik, baina mina ematen du”, aitortu zuen Xabi Igoak bigarren bertsoan. Paula Amilburuk bikain itxi zuen ofizioa: “Urteak pasatuz Alemanian bere bizitzaren gudan/ Check point Charley ere jarri zaio gure alabari mugan/ eta zer eragin euki duen oindik ezin jakin gugan/ besarkada bat emango diot, ez dakit askauko dudan”.

Hamarreko txikian Oihane Perea eta Peru Abarrategik lortu zuten umoretik publikoarekin gehien konektatzea. Jubilatuta txakur bat adoptatu zuten, eta ihesi zihoala eta zikiratu edo kapatzea zuten eztabaidagai. Peru Abarrategik ederki kokatu zuen gaia: “Eme bat ikusten du orduan akabo/ herriko auzo denak ditu hark igaro/ konponbide zehatzik maitez ez dago./ Bere onetik dugu irtenda zeharo/ ia gure semea baino okerrago!”. Itzela izan zen Oihane Perearen erantzuna: “Txakurrak hausten ditu kristal ta bonbillak/ zikiratuko dugu, kitto iskanbilak / Sobrebaloratuta daude barrabilak”. Entzuleek barrez eta txaloz egin zuten eztanda. Baina ez zen leherketa hor bukatu. Paula Amilburuk eta Manex Agirrek pelikula galanta asmatu zuten, hilerrira begira leihoak zituen etxea erosteko aukeraren aurrean. Paula Amilburuk argi zuen ezetza: “…Eta zombiak, Manex, gustukoak zero…/ imajina zazu bat altxatu ezkero”. Manex Agirrek ere umoretik segi zion: “eta etxe berrian hilerria, bingo!/ bertan botelloi asko ez dute egingo”. Azkenik, Iñaki Viñaspre eta Xabi Igoa influenzerren munduaz aritu ziren, psikologoarenean egin baitzuten topo estresak jota. Viñasprek influenzer izateari utzi nahi zion, baina Xabik ez. Mingaina eta begirada zorrotz zituztela erakutsi zuten biek ofizio osoan zehar, amaieran kasu. “Twitter, Insgtagram, Facebook… denak amatatu/ eta influentziak kalean bilatu”, aletu zuen hirugarren bertsoa Viñasprek. Igoak ere bereari eutsi zion: “Guztiok dauzkagunez tresna hoien beharrak/ guk egiten ditugu onak edo txarrak”.

Puntu-erantzunetan orotariko errealitateak egokitu zitzaizkien bertsolariei. Paula Amilburuk horrela erantzun zion bere lehen erronkari: “Besteen onarpena bilatzen da sarri” esaldia halaxe borobildu zuen: “Mespretxuz begiratzen diogu elkarri/ likeak- storyak ta holako abarri / behar dena da beste denen lekuan jarri”. Azpimarratzekoak izan ziren, halaber, Peru Abarrategi Sarrionandia txapeldunaren bi aleak ere.

Seiko motza eta bakarkakoa izan ziren lehen faseko azken bi ariketak. Manex Agirre eta Peru Abarrategiren lana izan zen osoena. Medikuntzako ikasleak zirela hilotzekin praktikak egiten hasi berri zeuden, eta zorabiatuta haizea hartzera atera ziren. “Hildako hauek noizitk ikasi dute hitz egiten?” kantatu zuen Abarrategik, eta Agirrek bide beretik jo zuen, “lanean hasi ta hala/ begiratuta, aibala!/ Iruditu zait une batean keinu egin didala!”.

Bakarkakoetan, orotariko gaiak eta heldulekuak jorratu zituzten bertsolariek. Epaileen puntuazioek Manex Agirre eta Peru Abarrategi jarri zituzten txapelaren ehizan. Entzuleen artean jakin-mina zen nagusi, puntu gutxiren baitan antzeman baitzitekeen bigarren fasea. Eta hala izan zen. Marierrauskin eta printzea bilakatu zituzten buruz burukoan bi aramaioarrak, baina rola aldatzea erabakita. Orduantxe hasi zen txapelarekin dantzan Peru Abarrategi, Iparragirreren doinuan. 12ak baino lehen etxeratzea erabaki zuen ofizioan Abarrategi printzeak, mozkortuta zegoela eta. Manex Agirrek ez zuen zirrikitua alferrik galtzen utzi: “Baina hain planta oneko/ zaude dagoenek / handia zara, mutila / Ea non kristo ipintzen duzun kristalezko zapatila”. 

Kartzelako ariketan hartu zion gain Peru Abarrategik Manex Agirreri, zehatz eta originaltasunetik kantatuz, ohi bezala. Gaiak festa giroan etxera laguntzeko eskatu behar izan zuela zioen, eta irabazi izana nola ospatu zuen kontatu zien entzuleei; buruz buruko gaiko printze mozkortuaren istorioa erreskatuta. Eta, erraz kateatuta.

Txapeldun berria jakin berritan hiru publiko zein oholtza gainean bi erreakzio amaigabe: txaloak eta zorion aurpegiak. Arabako Bertsolari Txapelketak epe labur eta luzera begira zerbait utzi badu, harriak eta irriak izan dira; oreka eta babesa. Txapelketaren puntuazio-zuri-beltzetan kabitzen ez diren kolore, sentimendu eta elkar zaintza. Eta horrek ez du preziorik. Are, oraingo eta etorkizuneko belaunaldi berriei begira sekulako balioa dauka.

Dena ez da lehia. Arabak zerbait izan badu beti, eraldatzeko eta esperimentatzeko  bokazioa izan da. Banaka baino, taldean egin eta ireki dela bertsolaritzaren bidea. Orain beste lurraldeetan ere jokatzen diren taldekako bertsolari txapelketak non sortu zirela pentsatzen zenuten ba? Araba is different. Euskara eta bertsoa normaltasunez eta egunerokotasunean bizi dugunontzat ez dago mugarik. 2022ko txapeldun Peru Abarrategik agurrean kantatu bezala, bada garaia jomugan baino, balioan jartzeko. “Merezi duen bezala zaindu zazue Araba”.

 

Arabako Bertsolari Txapelketa 2022, bideoak

 

Araba is different Araba is different Araba is different Araba is different Araba is different Araba is different Araba is different Araba is different Araba is different Araba is different Araba is different Araba is different