Basarriren polemikak
Basarriren polemikak –
Bertsolaritzaren eragile gisa izandako pisuagatik, medioetan zeukan ikusgarritasun apartekoa zela medio, eta bi ziklo ezberdinetan txapela irabazitako bertsolari bakarra izanik, bertsolaritzaren inguruko eztabaidetan Basarriren iritzia izango da erreferentziala gailur honetan: “Bertsolaritzaren behi sakratua, instituzio bat zen alde horretatik Zarauzkoa” (Lasa, 2008: 877). Bere itzal hori asko ari zen luzatzen, ordea, tartean gerrako eta gerraosteko parentesia izan bazen ere, bi hamarkadatik gora ziren posizio horri eusten ziola; moralismoa eta sermoia txertatu zituen gainera bere proiektuaren inguruko diskurtsoan, eta horrelakoetan gertatu ohi denez “behi sakratu”az aspertzen hasita hainbat polemista gurutzatu zitzaizkion bidean: “60ko eta 70eko hamarkadetan eman zen saltsa eta istilu ugari. Horien erdian Basarri topatzen dugu gehienetan, borondatez nahiz borondatez kontra” (Id.: 877).
Arruerekin izango du 1965eko finalean jarri zuten gai baten egokitasunaren kontura (Arrue gai umoretsuen defentsan, Basarri bertsotan txisteak kontatzea zaila dela argudiatuz); Hernandorenarekin bertsolaritza krisian ote dagoen eztabaidatuz edo autozentsura politikoaren inguruan; Gereñorekin bertsolaria poetatzat har daitekeen edo ez…
Guztien errepasoa interesgarria litzateke, ziklo honetan bertsolaritzaren inguruan gertatzen den eztabaida neurri handi batean Basarriren figuraren eta haren proiektuaren nahiz iritzien inguruan ardazten baita. Gehiegi ez luzatzearren, ordea, Ayalderekin eta Arestirekin izandakoetan zentratzea erabaki da, mamitsuenak izan daitezkeelakoan.
Ayalderekin: sagardotegikoa vs gorbataduna
Lehen haserre sonatua 1962an Uztapideren alde txapela galdu berritan Antonio Valverde Ayaldek argitaratutako artikuluak eragin zion. Artikuluak Basarri eskolatua Iparragirrerekin eta Uztapide eskolatu gabea Xenpelarrekin parekatzen zituen:
“Dije una vez que Basarri es el Iparraguirre de nuestra época. Un Iparraguirre motorizado, que en su 4×4 […] va de plaza en plaza […] bueno estará parangonar a Uztapide con Xenpelar, y tan solo por considerar a estos últimos como los representantes del bertsolarismo agreste y tradicional.” (El Diario Vasco, 1963/I/05, 16. or., “Basarri y Uztapide”, Antonio Valverde Ayalde)
Dikotomia hori planteatu ohi denean, horrek beti dakar berekin herriak “lehengo bertsolaria” (alegia, eskolatu gabea, sagardotegikoa) maiteago ote duen errezeloa, eta halaxe adierazten du Ayaldek:
“Es curioso como perviven las ideas y prejuicios antiguos. A Iparraguirre, los rústicos de su tiempo lo tenían por ‘señorito’ porque cantaba con estilo y hacía música. Pues bien, esta misma tarde, un vigoroso abuelo de Oyarzun, comentando el tan sonado torneo último y declarándose acérrimo partidario de Uztapide, me decía, en tono entre admirativo y despectivo, de Basarri: ‘Ori solfeo-ko gizona da’. El viejo Mathías caía en el mismo prejuicio de Xenpelar.”
Idazten duenak meritu guztiak aitortzen dizkio Basarriri, baina desagertzear den mundu horren nostalgia dario Uztapidez hitz egiterakoan; bertsolariaren irudi erromantiko orientalizatuaren magia beste behin ere:
“[…] El publico de hoy y los jóvenes bersolaris actuales saben leer, leen y leerán cada vez más […]. En Uztapide veo el esplendor, la llamarada última de una Euskal-erria entrañable que se nos va por momentos. La cultura nos traerá una etapa nueva —puesto que al bersolarismo y al euskera les ha dado por no morirse— de poesía popular, de la que Basarri es el precursor.”
Min egin zion artikuluak zarauztarrari. Batetik, egia zelako herriak Uztapide gehiago maite zuela. Honela aipatzen du Garziak: “El bertsolarismo de Basarri es más intelectual, por decirlo de algún modo. Responde, como bien ha indicado Juan Mari Lekuona, a un proyecto bien definido. La admiración del aficionado medio, sin embargo, se decanta más por Uztapide” (2000a: 441). Gordinago Perurenak: “[…] galdetu Basarri eta Uztapide ibili ziren herritan zein zuten maitena, eta baserritarrak beti Uztapide esanen dizute; nabaritzen baitzuten besteak zein hanketatik egiten zuen urgun” (Mazantini, 1991, 1., “Basarri-rekin sahieska bertsolaritzari buruz”). Eta Uztapiderekin beti harreman oso ona izan bazuen ere, badirudi faboritismo honek une hartan zapuztu egin zuela[1].
Bestalde, Txirritari 1935eko txapela irabazi zionetik zekarren zarauztarrak sagardotegiko bertsolaria vs gorbataduna[2] dikotomia horren zama. Hainbatetan sumatuko zuen gizon jantzia izanik benetako bertsolaritzat har ote zitekeelako zalantza. Eta lehertu egin zen:
“El amigo Ayalde puede comunicar al viejo Mathías y a todos los habitantes del Globo que ‘Basarri’, desgraciadamente, es un ignorante en solfeo y música […] Tambien andan equivocadísimos quienes me creen un hombre culto, un hombre de formación, un intelectual […]. Sepan todos los que me leen que ‘Basarri’ solamente pisó la escuela hasta los once años de edad […]. (La Voz de España, 1963/I/06, 9. or., “En defensa propia”, Iñaki Eizmendi Basarri)
Ezin ukatu deigarria suertatzen dela bere burua defendatzeko eskolarik ez duela argudiatu behar hori (sagardotegiko bertsolariaren irudi idealizatuak zuen pisuaren adierazle).
Bertsolaritza sagardotegitik atera eta prestigiatzeko bere egitasmoa ere aipatzen du berriro, jarraian txapelketak uzten dituela iragartzeko:
“He podido comprobar que aún existen quienes opinan que el verso tiene que ser eso; que el bersolari ha de ser una especie de bufón, el hazmerreir de las gentes. Muy negro veo el horizonte de nuestro país si la tendencia de las gentes es favorable a este criterio.
[…] Caros lectores míos, ‘Basarri’ ha finalizado su obra. No se los años que me tendrá reservados el bondadoso Dios, pero he tomado la radical determinación de no participar nunca más en un certamen o en un campeonato de bersolaris.”
Lasak azaltzen duenez bi testu haiekin hasitako polemikak bazter guztiak harrotu zituen:
“[…] bi ‘bando’ sortu ziren Uztapide zein Basarriren aldekoak. Ika-mika planteatu zen eran egiazki bazeukan morbo punturik. Bi titularretan labur zitekeen: diszipuluak maisua garaitu du edo ezjakinak ikasia garaitu du […] iskanbila aski erradikalizatu zen eta bertsozale gehienak batera edo bestera lerrokatu ziren; apenas geratu zen taberna zuloetan, kalean, prentsan… iritzia eman ez zuen inor!” (2008: 879)

Arestirekin: poesiarekiko harremana eta sagardotegikoa vs gorbataduna II
Gabriel Arestirekin izandako eztabaida ezagunena beste ardatz baten bueltan hasten da. Arestik euskal poesia ahozko tradizioarekin uztartu nahi izan zuen, ahozkotasuna kultura idatzia baino askoz ere errotuagoa zuen herriarekin konektatu nahian, eta ildo horretatik bertsolariak herri-poetak zirela defendatzen zuen. Basarrik, aldiz, bertsolaritzarentzat marko propioa aldarrikatzen zuen, poesiarekiko autonomoa, Garziaren tesiaren argitara (2000b) egokia zen planteamendutik.
Arestik hasten du xextra: “Artikulu labur honetan gauza bakar bat esan diezaioket Basarriri, bertsolariak ere poetak direla […]. Nik eztut Basarri gorrotatzen, baina uste dut ‘emplio txar batetan dala metitu’” (Zeruko Argia, 1963/ XI/17, “Basarri bertsolariari”).
Ez da badaezpadakoa bertsolariaren erantzuna:
“[…] poetarik onenak bertsolariak dirala eztiteke esan iñolako moduz. Arrantzalerik onenak mineroak dirala esatea añakoa da ori.
Gure artikuluak euskal literaturaren kaltean datozela idatzi dezu baitere. ¡Bejondeizula! ¡Zuk atera dituzu babak lapikotik! Betoz ugari ta ordu onean, euskal literaturaren onerako izango diran Gabriel Aresti’ren artikulu giartsuak. Gauden ixil eta mutu kaltea egiten ari geranok.” (Zeruko Argia, 1963/XI/24, “Gabriel Aresti jaunari”)
Egia esan, hemen jaso daitezkeen lau hitzak baino askoz ere gehiago dakar testu trukaketa honek. Gehiago eta interesgarria, eta gehienean errespetuzko tonu batekin adierazia. Baina egin nahi den planteamenduarentzat esanguratsuenak izan daitezkeenak bakarrik seinalatu behar direnez, bi xehetasun Arestiren hurrengo erantzunean. Batetik, Basarriren “Nire bordatxotik” famatuari erreferentzia eginez tituluari gehitzen dion “Nire oficinatik” maleziatsua. Bestetik, eztabaidan Txirritaren figura txertatu izana:
“Nire iritzian, bertsolaria izateko, eskola orretakoa izan bear da […] Basarri ere eskola orretakoa da, eta ez apurrena. Eztakit nik orain ze aize biurrik itzuli duen pauso oker orretara, baña Basarrik Txirritaren eskola ukatzen badu, bere burua ere ukatuko du.” (Zeruko Argia, 1963/XII/29, “Nire oficinatik: Basarri bertsolariari (jarraipena)”).
Urte gutxi batzuk geroago helduko dio, ordea, bete-betean poetak sagardotegiko bertsolaria vs gorbataduna dikotomiari. Eta Basarriren proiektua kritikatzeko izango da:
“Hasta la saciedad nos han repetido (quizá el que más fuerte y más veces nos lo ha repetido ha sido el ex campeón de bersolaris Ignacio Eizmendi, nuestro nunca suficientemente ponderado Basarri) que por fin los bersolaris salieron “sagardotegui-txulotik”, del agujero que es la sidrería, y se aventuraron en empresas más encomiásticas […] lo peor de todo es que nos lo creímos; y que somos muy pocos los que nos hemos dado cuenta de aquel espejoso engaño”. (Hierro, 1966/VII/02, “La sidrería y el convento [O sobre cúal es la mejor escuela para un bersolari]”, Gabriel Aresti) [3]
Hernandorenaren eta Basarriren arteko polemika bat baliatzen du bere iritzia plazaratzeko. Hernandorenak Iparraldeko bertsolaritzaren motelaldia aipatzen du, eragiletzaren krisia seinalatuz eta saioek jende gutxiago erakartzen dutela azpimarratuz. Basarrik ez du horrelakorik ikusten. Arestik beste ertz batetik heltzen dio gaiari:
“[…] los bersolaris van perdiendo su básico carácter, que no es, en contra de lo que tanta gente cree, la improvisación […] sino que dicho básico carácter es su calidad de poetas sociales, de críticos de la sociedad, de denunciadores de vicios y corrupciones.”
Kamuts bilakatu da bertsolaritza eta kamustasun hori fenomenoa prestigiatu nahian klase jasoei gustua emateko bilatu da beraren ustez. Nolabaiteko klasismo bat legoke herriarekiko deskonexioaren oinarrian: “Ya no son pueblo, ya están más arriba. Ya quizá por eso […] el pueblo empieza a aburrirse con ellos”.
Alde horretatik, adierazgarria iruditzen zaio Arestiri Markinako urteroko Bertsolarien Biltzarra komentu batean burutzea: “[…] hacen su reunión anual en el convento de los Padres Carmelitas de Marquina. A semejante reunión no hubieran arrastrado a Txirrita ni atado (a menos que le hubieran dado una buena soldata). Txirrita se hubiera quedado en la sidrería”.
Berak maiteago du sagardotegiko bertsolaria komentuan batzartzen dena baino:
“Desde que los bersolaris se han acercado al convento por dejar la sidrería, no creo que haya bersolari que se dé cuenta de cuál es su misión, de por qué y para qué compone y canta. Se dedican a hacer reír o hacer llorar, olvidándose de que lo que tienen que hacer, es hacer temblar […] los bersolaris viejos no me dejan elección, me tengo que quedar con ellos o quedarme sin nadie.”
Sagardotegiko bertsolaria vs gorbataduna dikotomia izango da Basarriren polemiken artean gehien errepikatuko dena eta gordinena. Basarriren figuran zentratzen diren kritikak bertsolaritzaren modernizazio prozesuari egindako kritikak bait dira finean. Desagertzear den mundu baten nostalgiak eragindako transformazioarekiko erresistentzia izango da kasu batzuetan. Edo, Arestiren kasuan bezala, transformazioari emandako janzkeraren ingurukoak.
Itzal luzea izango du eztabaida honek. 2007an egin zen azterketa soziologikoan ere ikus daiteke, esaterako, jarrera nostalgikoaren jarraitutasunaren zantzu garrantzitsu bat: % 29 konforme edo oso konforme azaltzen zen “lengo bertsolariek grazia gehiago zeukaten” baieztapenarekin (Aierdi, Aldaz et al., 2007: 69). Edo Basarriri berari ere bi hamarkada luze geroago Perurenaren kritika, Arestik bezala prestigiatzeko ahalegina zurikeriarekin lotzen duena, pairatzea tokatu zitzaion:
“[…] bertsolariak disimulo haundiz, baina, holako egia gordinak isilik gordetzearen alde jarri zituen kantari, eta nola ez ba: orduan jauntxoak oso kontentu, haien gizatasuna zurituko zuten bertsoak entzunez […]. Basarrik kaletar eskuxurien eta nekazari eskulatzen arteko zubia egin nahi izan du, beti ezinezko izan den zubi fantasma bat […] gure bat-bateko bertsolaritza ereduan izandu den bertsolaririk arrotzena eta desegokiena Basarri izandu da, inolako zalantzarik gabe.” (Mazantini, 1991, 1., “Basarri-rekin sahieska bertsolaritzari buruz”)
Urrunago ere iritsi zen, gainera, goizuetarra, bertsolaritza modernoaren desagerpena eskatzeraino:
“Basarrik etzuen inorekin gaizki gelditu nahi, eta gaurko bertsolari ofizialak ere ez […] Guti goitibehiti, haren eskolakoak baitira geroztikako guziak: denendako ahoa zuri, eta egi gordin gutxi […] Bertsolaritza benetan arte miragarria izana da, baina, gaurregungo gizartean lekurik geratzen ez zaioneko artea […] Beraz, ez da zertan agonia luzatzen ari beharrik” (Korrok, 1987, 9. zk., “Bapateko bertsolaritzak jada ez dit balio niri”).
Planteamendu horiek oinarrizko arazo batekin egiten dute, ordea, topo. Hain zuzen ere, Basarri sutu zuen Ayalderen testuan aipatzen zena: “La cultura nos traerá una etapa nueva —puesto que al bersolarismo y al euskera les ha dado por no morirse— de poesía popular […]”
[1] Perurenak berak Basarriri eginiko elkarrizketan ere ateratzen da gaia: “Gai jartzen ere aritu omen zinen bolada batez. Nik aitak kontatua dakit, behin Zepairi jarri zenion puntea: ‘Zein da bertsolaik onena/ gure probintzian?’. Eta Zepaik onela osatu omen zizun bertsoa: ‘Manuel Uztapide/ nere iritzian./ Ala juzkatzen dute/ Gipuzko guztian,/ naiz Basarrik premiua/ atera Frantzian’” (Mazantini, 1991, 1., “Basarri-rekin buruz buru”). Eta bertsolariaren erantzunean argi gelditzen da Uztapiderekiko adiskidetasuna eta 1962ko zaputzaldiaren behin-behinekotasuna: “Ba, ba,… lagunak ginan eta hor eztago… Bertsolaritzan, pilotaritan bezela da. Batzuri gai arintxeagoak gustatzen zaizkie; besteri sakanogoak; beste batzui berriz alkarren arteko pikia […]”.
[2] Uztapide ere gorbata jantzita ibili ohi zen, baina Parisko 1958ko saioaren kronika honek argi uzten du ez zekiela korapiloa egiten: “Uztapidek bazuen krabata. Edan eta berotu eran kenduko zuen gogotik, bainan ez du egin, ez zelakotz fida korapiloa errensituko zuela. Nola baitzuen korrapiloa arrunt kausitua, aitortu dauku emazteak zekola egina Españatik Frantziara buruz abiatzean” (Herria, 1958/V/29, 2. or., “Parisen, koblakariekin”, Jean Irigaray).
[3] Baraiazarrak azaltzen du bigarren honetan lehenagotik zetorrela sesioa: “(…) lekuko ez nintzen izan, baina behin eta berriro entzun dut: Gabriel Arestiren istilua. 1965. urtean edo zen. Bertsolari multzo handi bat bildu zelarik, haien artean Basarri, ustekabean Aresti jauna agertu zen bileran. Harritzekoa hura bezalako heterodoxo bat komentuan agertu izana…! Dirudienez, Markinako Karmenengo bertsolari egun hau zapuztera, desegitera etorri zen beste egitekorik gabe. Basarrik eta beste batzuk, bertsotan eta hizlauz, aurre egin zioten ekaitzari. Dena dela, hainbat bertsolari garraztu zituen horrek eta Basarri ez zen harrezkero itzuli jai honetara (…) Handik egun batzuetara Arestik idazlan bat argitaratu zuen Bilboko egunkari batean, Markinan ospatzen zen bertsolari-jaia zela eta bereak eta bi esanaz.” (1993:52)

