Bertso ibilbidea: Beasain
Bertso ibilbidea Beasain –

Herri guztiek dituzte txoko berezi eta preziatuak, izan lotura bereziren batengatik, izan, besterik gabe, zaion afektuagatik. Gaur, Beasaingo Igartzako auzotik hasi eta Beasainmendirainoko ibilbidea egingo dugu, bertsoarekin lotura duten bost txokotan atseden hartuz. Herriko auzo eta kale gehiago ere aipa nitzake, bertsoarekin erlazioa dutenak, baina niretzat bereziak diren bost hautatu ditut. Ibilbide hau egin eta gero, N1 errepideko ez-dakit-ze seinaletan “Beasain” irakurtzean, nahi nuke burura etor dakizuen bertako ez-dakit-ze ohitura, bertso saio, doinu edo toki; edo hain sakon jarri gabe, hurrena “Beasain” entzuten duzuenean, nahi nuke burura etor dakizuen Igartza jauregia ez den zerbait. Jantzi eguzkitako betaurrekoak eta bisera, baina izan eskura aterkia eta anoraka, hemen ez baitago jakiterik.
Prest? Goazen ba.
1. Igartza jauregia
Esan bezala, Igartzako zubitik hasiko dugu bertsolari ibilbidea. XII. mendeko jauregia da Igartza; 1420an bota zuten, eta 1996an txukundu zuten berriz, gaur egun duen itxura emanez. Kultur jarduerekin estu lotutako tokia da eta herriko hainbat eta hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen da: kontzertuak, errezitaldiak, sari banaketak, lehiaketak, performanceak, bertso saioak, antzezlanak, bilkurak… Esango nuke beasaindarrok estimu handia sentitzen dugula eraikin honekiko; oro har, harro aipatzen dugu Igartzaren inguruko dena delakoa.
Eta Igartza jauregian egiten diren jardueren artean, bada bat herriko sortzaileontzat esangura berezia duena: Beasaingo idazlehiaketako sari banaketa ekitaldia. Bederatzi urtetik hemezortzi urtera bitarteko Beasaingo gaztetxoak idazketara eta sormenera bultzatzen dituen egitasmoa da. Ikastetxeetan ematen zaie ikasleei idazlehiaketako oinarrien berri, eta ikasturtean zehar prestatutako lanak irakasleen bitartez aurkezten dira lehiaketara.

Herriko zenbait sortzailek osatzen duten epaimahai bat egoten da bertan, eta behin saridunak esleituta, Igartza jauregian egiten den sari banaketa ekitaldia berezia izaten da saria lortu duten gaztetxo guztientzat. Ekitaldi horretan, saridunek aukera izaten dute beren lanaren zatitxo bat jendaurrean irakurtzeko eta bertaratutakoekin konpartitzeko, eta momentu bereziak sortzen dira urtero-urtero testuinguru horretan. Egia den arren parte hartzaile guztiek sari banaketan parte hartzeko aukerarik ez dutela izaten, esango nuke urtero-urtero sormen lan bat prestatzeko motibazioa ematen diela hainbat ikasleri lehiaketa horrek. Idazteko ohitura hartzeko, istorioak asmatzearen jolasa ezagutzeko, poesiarekiko interesa topatzeko, literaturara hurbiltzeko eta, oro har, sortuz dibertitzen ikasteko, neurri handi batean, Beasaingo hainbat eta hainbat gazteri idazlehiaketa horrek eman digu aukera. Edo, behintzat, idazlehiaketa horrek mantendu digu zaletasun hori urte luzez bizirik. Hori esatera ausartuko nintzateke. Eta nik Beasaingo idazlehiaketa ezagutu dudanetik, Igartza jauregian egiten da udaberri oro sari banaketa ekitaldia. Horregatik, badu zerbait berezia niretzat toki horrek.
Akordatzen naiz ez-dakit-noizko eskola ordu batean, ez-dakit-zenbat urte nituenean, ikasturtean zehar prestatutako eta idazlehiaketara aurkeztutako bi bertsoko sorta hura saritua izan zela nola esan zidan irakasle batek. Gerora piztuko zitzaidan halako grina berezirik agian, baina ordurako ere bazegoen grinarik pizten hasita. Honela zioten bertso haiek:

Amaren tripan egoten nintzen goxo-goxo erdi lotan,
hantxe barruan entzuten nuen bera kantari askotan.
Geroztik beti bertsoa dago etxeko hainbat txokotan,
sarri ibiltzen naiz ahizparekin haserre eta borrokan,
baina azkenik ohartu gabe ikasi dut nik bertsotan.
Ezagutzen dut Amets Arzallus, ezagutzen dut Elortza,
Habaneraren neurri luzea edo hamarreko motza.
Ezagutzen dut Bilboko BECa, kartzela edo oholtza,
nahiz ahizparekin askotan naizen ikaragarri zorrotza,
aitor dezadan bertsoak sarri hunkitu ohi dit bihotza.
2. Herriko plaza
Igartzatik herrian behera abiatu, Pergolak igaro, eta herriko plazara iritsiko gara. Beasaingo plazak, urteetan zehar, bertsolari mordoa hartu eta entzun ditu, bertso eta doinu ugari gordetzen ditu kioskopean. Herriko hamaika festa, ekitaldi eta elkarretaratzetan hartu izan du bertsoak tokia, eta sarri izaten da herriko plaza herritarren aldarrien, ospakizunen eta protesten bilgune. Badira, ordea, bertso jakin batzuk, urtero-urtero arratsalde batez kioskopetik kuku egiten digutenak eta nik bereziki estimatzen ditudanak; kukua kantari hasten denean, lurra esnatzen hasten denean, zerua argitzen, hormonak nahasten, loreak bistaratzen, Beasainen ere inauteriak ospatzen ditugu. Bakoitzak bere mozorroa soinean hartu, eta kalejiran ateratzen dira eskoletako umeak, inauterietako egun diferenteetan. Gurean, Alkartasuna Lizeoko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasle guztiak biltzen ginen astearte arratsaldez, Mielotxin bizkarrean hartuta zeharkatzen genuen herria, kantu eta dantza artean, eta herriko plazan ematen genion bukaera jaiari. Han, Mielotxinen inguruan egiten genuen dantza, euskal doinuen erritmoan, lehenengo mailakoek bigarrenekoekin eta hirugarrenekoek laugarrenekoekin, eta amaitzean, kopla zahar batzuk kantatzen genituen denok batera, Mielotxini su ematen zitzaion bitartean.
Esaten da umetan ikasitako ohiturek, dantzek, kantuek eta bertsoek markatu egiten gaituztela. Niretzat, Mielotxinen momentua da oso iltzatuta geratu zaidan oroitzapenetako bat. Oraindik ere, Alkartasuna Lizeoko ikasle eta irakasleak inauterietako asteartean elkartzen direnean herriko plazan, joaten gara batzuetan ikustera, eta lehen bi silabak kantatu eta begirada konplizeak sortzeko gai den bertso sorta bat dela iruditzen zait; nostalgiagatik, agian, baina gure lagunartean gaur egun oraindik barre txiki bat ateratzen zaigu, inauterietan gure belarrietara ez-dakit-noren ahotik kopla zahar horiek iristen zaizkigunean.

Aizu, Mielotxin,
Mielotxin, aizu,
zure omenez festan
gabiltz jo ta su. (bis)
Ostegun gizenean
pasa genuen bapo,
nahi genuen guztia
jan genuelako.
(Aizu, Mielotxin…)
Ostiralekoa zen
plakoen eguna,
haizeak eraman zun
Anttoni laguna.
(Aizu, Mielotxin…)
Larunbata omen da
erregularrena,
ta gu gera hemengo
jende jatorrena!
(Aizu, Mielotxin…)
Igandean guztiok
ginen mozorrotu,
elkar ikusita re
ezin ezagutu.
(Aizu, Mielotxin…)
Jaiegun berezia
dugu astelehena,
Tolosara joateko
erabili dena.
(Aizu, Mielotxin…)
Astearten eskolan
disfraz desberdinez,
batzuk pailazoz eta
besteak sorginez.
(Aizu, Mielotxin…)
Eta iritsi gera
azken egunera,
inauteriek hemen
dute amaiera.
(Aizu, Mielotxin…)
3. Arrano elkartea
Plazako aldapa jaitsi eta Arrano elkartean egingo dugu hurrengo geldialdia, honek ere lotura estua izan baitu urte luzetan zehar bertsoarekin. Hitzaldi, aurkezpen, tailer, bertso saio eta beste hamaika ekintzatarako hartu izan dugu beasaindarrok elkarte honetan arkupe.

Joan den urtean bete zituen berrogei urte Beasaingo Arrano Kultura elkarteak; berrogei urte bete zituen lanean hasi zenetik, berrogei urte, Beasainen eragiten eta ekiten hasi zenetik, eta berrogei urte, antolatutako ekintzen bidez, herria batzen hasi zenetik. Lau hamarkada hauetan jende askok osatu du Arrano Kultura elkartea, eta azken urteotan, gazteak erreleboa hartzen ere ari dira, helburuak berrituz eta oinarriak garaira eta gaur egungo kezketara egokituz.
Margolariei, idazleei, musikariei, sukaldariei eta esparru frankotako jende askori eskaini dio Arrano Kulturak leku bat, espazio bat, zeinean senti zitezkeen eroso eta goxo haien jardunean. Horien guztien artean, herria bertsogintzara gehien hurbildu duen eragilea izan da Arrano Elkartea: udazkeneroko bertso jaialdia, festetako baserritarren eguneko bertso saioa eta elkarteko bertso afaria antolatu izan ditu, urtez urte, maitasun eta fede handiz. Beasainen bertso eskolan ibili garen gehienontzat, lehen pausoak emateko lekua izan da Arrano Kultura elkartea, eta hori zor diogu guk, besteak beste.
Iaz, urteurrena zela-eta, Maider Insausti beasaindarrak dokumental batean jaso zuen urteotan guztietan egindakoa eta bizitakoa. Nik, dokumentalerako egindako abestiaren zati bat dakarkizuet:
Nolabaiteko hegaldi honek
elkartu ohi bagaitu gu,
haizerik falta_ez den artean
hegan jarraituko dugu.
Gurean lankidetza
ona darabilgu,
elkarrentzat jarduten
ongi baitakigu.
Arrano elkarteak
oinarri hori du:
taldelanari lotu
izanak beti gu
amore ez ematen
erakutsi digu.
Baina zati handi bat
da herriarena,
erantzuna aldiro
delako zuzena.
Beraz, hauxe da egin
nahi genizukeena:
ahalik aitortzarik
egiazkoena,
zu zarelako zutik
eusten gaituena.
Gerora ere, izan
zaitezten kontziente,
nahi duzuen bestetan
hurbil zaitezkete.
Izan ere, aldiro
zaitzategun bete,
hegaldia airean
sendo eta tente
eusteko behar dugun
haizea zarete.
Nolabaiteko hegaldi honek…
4. Usurbe Antzokia
Arrano elkartetik atera, eta Kale Nagusian behera egingo dugu, Usurbe antzokira heldu arte. Sartu eta besaulki banatan eseriko gara. Zenbat bertso entzun ote ditu oholtza honek… Txapelketetako bertso saioak eta kanporaketak egin izan dira bertan, emanaldi eta ikuskizun diferentetan egin zaio tokia bertsoari, udazkenero antolatzen den bertso jaialdian Euskal Herriko txoko askotako bertsolariak aritu dira kantuan, herriko zein eskualdeko bertso eskoletako gaztetxoek hantxe hartu izan dute lehenengo aldiz mikrofonoa eskuan… Nolanahi ere, nire oroimenean, horiek guztiek baino balio handiagoa duen bertso zita batekin estuki lotzen da Usurbe antzokia: umetan, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetan geundela, bi astean behin etortzen zitzaigun eskolara Bertsolaritzako irakaslea. Eta ikasturte amaieran, ikaskide guztien artean osatzen genuen bertso sorta bat, Bertsometa libururako baliatzen genuena, eta bide batez, gurasoei, lagunei eta familiakoei erakusteko performance bilakatzen genuena. Ekainaren ez-dakit-ze egunetan, egiten genuen txangoa, eskolatik Usurbe antzokira, begiratzen genien pixkanaka betetzen ziren besaulki ilunei gortina atzetik, errepasatzen genituen kantatu behar genituen bertsoak, behin eta berriz, eta berriz, eta urduri-urduri jarraitzen genion aurreko klasekidearen pausoari, mikrofonoaren parera iritsi arte. Esango nuke hantxe sentitu ginela lehenengoz hain-hain-hain urduri. Usurbe antzokiak hori eskaini izan zigun gure belaunaldiko jendeari: lehenengo aldiz lagunen ondoan eta jendaurrean bertsoak kantatzeko toki bat.

Horregatik guztiagatik, txoko honetara ekarri nahi izan ditut duela zortzi urte ikasturte amaierako jaialdian gure ikasgela zirku bihurtu zeneko bertsoak:
Ongi etorri gure Zirkura,
amets guztiak bete
daitezkeen lekura.
Magoak gara eta
barita hartuta
utziko zaituztegu
denak txundituta.
Sega zorrotz bat eta
kutxa bat tarteko,
ba_al da boluntariorik
zatitan mozteko?
(Ongi etorri…)
Oso kontentu gatoz
gaur ekilibristak,
soka baten gainean
gabiltzan artistak.
Guk berez nahiko txarra
dugunez oreka
azpian jartzen degu
beti koltxoneta.
(Ongi etorri…)
Gu ikusten goserik
ez pasatu behintzat,
guk badugu tarta bat
nahi duenarentzat.
Margotu aurpegiak,
ez egon hasarre,
egiozue beti
bizitzari barre.
(Ongi etorri…)
Untxien bila gabiltz
atsalde guztian,
beidatu badaezpada
aulkien azpian.
Bronka bota ziguten haserre lehengoan,
irakaslea sartu
gendun sonbreroan.
(Ongi etorri…)
5. Beasainmendi
Usurbe antzokitik, aldapan gora hartu eta Beasainmendin egingo dugu azken geldialdia, Agortan, Usurbe mendiaren magalean. Iraileko lehen asteburuan izaten dira bertako festak, eta igande eguerdian, urterik urte, jendetza biltzen da kaxko horretan. Goizean goizetik sumatzen da festa giroa; eta ez da bertso doinurik falta izaten. Usurbe mendiko gurutzearen ondoan, meza izaten da hamaikak aldera, eta bertsolariek eta trikitilariek hortxe hasten dute jarduna. Segidan, Usurbeko Igoerari hasiera ematen zaio, eta korrikalariek herriko plazatik Agortarainoko bidea egiten dute, herriko hainbat eta hainbat mendizale eta festazalek Agortan hamaiketakoa eginez itxaroten dieten bitartean. Eguerdiko hamabi t’erdiak aldera, Agortako plaza hartzen dute bertsolari eta trikitilariek, herri-kirolarien tartea heltzen den arte. Orduan, biribil ederra osatzen da harri jasotzaile eta aizkolarien inguruan, eta kirolariek ikuskizun polita eskaintzen diete mendi buelta bat eginez festa giroaz gozatzera hurreratzen direnei. Bazkaldu aurretik, bada urtero-urtero hutsik egin gabe errepikatzen den ohitura bat Beasainmendiko festetan: auzokide zaharrenari omenaldia egiten zaio lehenik, eta 1991n poliziak hil zuen Jokin Leunda auzokideari ere omenaldia egiten zaio segidan. Bietan ala bietan, bertsolariek alea jartzen dute eta bertsoz egiten diete ekarpena bai auzotarrei, bai auzoaren memoriari. Goizeko ekintzak bukatuta, auzo bazkari eder bat egiten da, eta bertakoek kozinatutako otordu goxo-goxo batek mahai bueltan biltzen ditu Beasainmendira hurbildutako dozenaka lagun; hor ere ez da, normalean, bertso eta trikiti doinurik falta izaten. Eta halaxe jarraitzen du egunak, giro ederrean: trikitilariak eta pandero jotzaileak mahai buruan, bertsolariak ondoan, dantzariak plaza erdian, ogi apurrak mahaian, edalontziak eskuan eta eguzkia kokotean. Herritarrontzat egun inportantea izaten da, ikasturteko errutinara bueltatu aurretik herrian egiten den azken festa izaten baita; mendi buelta bat eginez, aspaldian ohitu garen festa eredutik pixka bat aldentzen den festa tipoaz gozatzeko aukera eskaintzen duena.
Mikel Mendizabal jardun izan da, urte luzetan, Beasainmendiko festetan kantuan; hona, 2013an Sebastian Lizasorekin aritu zeneko bertso bat:
Beasainmendin juntatu zaigu
izugarria taldea,
alkoholik gabe dantza_egiteko
badute abildadea.
Bazkalaurretik euzki galgatan
animatu da jendea,
preparatuta etorri da ta
hori da sanidadea.
Han izan garen uda amaiera guztietan, pentsa zenbat eta zenbat bertso entzun izan ditugun. Iaz, Lurdes Urdangarin eta Gaspar Goikoetxea izan ziren auzoko omenduak. Eta haiei eskainitako omenaldian ere ez zen bertsorik falta izan; bikotearen seme-alabek bertso bat kantatu zieten. Bertso horren zatitxo bat dakarkit txoko honetara:
Usurben zoriontsua
duzuenez bizikera,
orain artean bezala
segi zazue aurrera.
Bost txoko horiekin amaitzen da, beraz, Beasaingo bertso ibilbidea. Izango dira, noski, hemen aipatu gabe gelditu diren bertsolari, bertso eta leku ugari, ez baita dena kontatzea ere komeni izaten horrelakoetan.
Urte luzez segi dezagula gure eta inguruko herriak bertso doinuz blaitzen eta noizbait norbaitek aldizkariren batean aipatzeko moduko espazioak eta anekdotak sortzen; orain guri baitagokigu hori, inori egokitzekotan.



