Bertso-ibilbidea: Villabona-Amasa

Amaia Agirre-(r)en argazkia Amaia Agirre 2019-09-25
Argazkiak: Beñat Hach Embarek eta Jon Ubeda

Villabona-Amasa –

BEREZ BEHAR VILLABONAKOA

 

Villabona ez da bertsolarien sehaska izan, baina bai bertsolarien eta bertsozaleen elkarleku, bai lehen eta baita orain ere. Villabona ez da bertsolari ezagunenen sorleku izan, baina bai bizileku. “Ezkondu eta gero bizitzera etortzeko ona, Villabona” entzun nion, gaurko zenbait protagonista bezala, eraztuna jantzi ondoko bizialdia herri honetan egin zuen bertsozale bati. “Berez behar Villabonakoa” ahal dela, baina “geroz villabonatartuak” ere badu bere enpadronamentua; ondorioz, badu hemen zer kontatua.

 


 

1.- VILLABONAKO BERTSOGUDUA

1801eko otsaila. Lau mila entzule bildu omen ziren herriko plazan. Inauteriak ospatzen ziren garaian bertso desafio entzutetsua. Urrezko bost ontza irabazlearentzat, sari preziatua. Amezketako Ignazio Zabala eta Hernaniko Joakin Erroizena Txabolategi buruz buru bi ordu iraun zuen saioan. Hara irakurgai orduko kronika bat:

Txabolategi bertsolariaren lehenbiziko aitamena Iztuetak egiten du; 1824. urtean argitaratu zuen Gipuzkoako dantza gogoangarriak liburuan, Billabonako bertso saio baten berri ematen digu:

«Datorren otsaillean izango dira ogei ta bi urte, Billabona’ko plazan jokatu zutela itz neurtu edo bertsoetan bostna ontza urre, lendanaz apustua egiñik, Zabala Amezketarrak eta Txabalategi Ernani’koak; zeñean izandu nintzan ekadoi edo jueztako Zabala’k billatua; baña egun batzuek aurretik eritasun txiki batek artu ninduelako, ez nuen serbitu, eta nere ordez eraman zuen bere erritar Fernando, baita Txabalategik ere Aizarnazabal’ko elizaia; eta Billabona’ko alkate jaunak erabakitzalle D. Jose Mendizabal Tolosa’ko apez aundi sonatu ura ipiñirik, lau milla ta geiago personaren aurketzean kantatu zuten bi orduz jokalariak, apustua egiña zuten bezala; batak besteari asmatu al zitzaten itz-gairik nekezenak irikiaz, nondik eta nola alkar naspilatuko zuten alegiñik aundienak egiten zituztela.

Guziaz ere ain zuzen eta egoki eman omen zituen nork bere itz neurtuak, non apostuko bi orduak betetzean, ekadoi edo juezak, alkargana batu baño lenago, altxatu emen zan plazako jende guzia, deadarrez, esaten zutela: jokalari biak kantatu zutela guziz ongi eta utsaldiarik gabe, entzunleak naikidaturik utzi zituzten moduan, eta beragatik onkai zutela berdiñ-berdiñean gelditzea; zeñean irten omen zan era berean Aizarnazabal’ko elizaia plazaren erdira, eta kantatu omen zuen itz neurtu au:

Txabalategi eta
Zabala gaztea,
askok deseo zuen
kantuz ikustea;
atsegin andietan
geldi da jendea,
bata adinbat egin
bear degu bestea.

Pernandoren erantzuera:

Ezin gentzake bada
beste gauzarik eiñ,
nik gogoan naukana
zuk dezu itzegiñ:
utzi bear ditugu
biak berdiñ-berdiñ,
Gipuzkoa guziak
ar dezan atsegiñ.

Jose Mendizabal’en debedea edo falloa:

Jaunak, mintzo zerate
griña txarrik gabe,
pozkidatu nazute
txit asko alere;
egia esateko
ipiñiak gaude:
bata bezin bestea
kantari onak daude.

Iru ekadoi edo juez oek izanik gizon zentzu aundikoak, griña onakikoak eta berenez itz-neurtulari jakintsunak, eman zuten beren debede edo falloa etzedilla izan iñor ez irabazdun eta ez galtzalle; zergatik aurkitzen zuten jokalari bien artean jakinduria berdiña. Erabakitze ain zogiaren bitartez gelditu ziraden entzuleak atsegin aundiarekin eta naierara pozkidaturik; baita jokolariak ere beren denbora guzirako adiskide mami egiñik».

 

2.- SUBIJANA ETXEA

Kotoizko oihal zurien eta estanpatuen lantegia izan zen Subijana. 1860an eraikitako enpresa. Oihalaren oxidazio eta berotze prozesu konplexu eta aurreratu baten jabe zen, baita koloreztatze eta zuritze gaitasun handiko tresneriaren erabiltzaile ere. Merkatuan arrakasta handiko enpresa, kalitatearen eta salneurriaren arteko oreka ezin hobea zuena. 100 lanpararen argitan 110 gizon-emakume lanean Oria ibaiaren aldamenean.

Gaur egun Mintzola ahozko lantegia dago Subijana etxean, eta oihalak merkaturatzetik urrun dabilen arren, bertsoaren hariak josten eta sormenaren eta historiaren matazak ehuntzen dihardute bertako langile eta boluntarioek. Bertsolaritzaren ikertegia, Ahozko elkargunea, Kulturartea, Xenpelar dokumentazio zentroa, Bertsozale elkartea, Bertsoa.eus, Hitzetik Hortzera

Villabonako etxe edo eraikuntzarik ederrenetakoa izaten jarraitzeaz gain, sorkuntza, ikerkuntza, transmisio eta dokumentazio lan askoren habia da. Bertsoaren inguruko zernahik du han kabida. Ateak barrura irekitzen diren bezala zabaltzen zaizkio kanpora ere, eta hango altxor oro ikusgai eta erakusgai dago. Jakintza oihalez jantzi dute han nire ezjakintasun biluzia, eta han topatu ditut bertso ibilbide honetako zenbat bertsoaldi eta bizipen.

 

3.- TEODORO MUJIKAREN ARTXIBOA

Xenpelar dokumentazio zentroa adinako almazenik ez du 94 urte dituen bertsozale eta bertso jartzaile nekaezin den Teodorok, baina plazer eta ohore handia da gure herrian bera bezalako altxorrak izatea. Mintzolan egin genuen hitzordua eta etxeko lanak eginda etorri zen. Dotorea eta goxoa da Teodoro. Pazientzia eta jakintza handiko bilatzaile eta biltzaile nekaezina ezbairik gabe. Teodoro ere ez da sortzez Villabonakoa, Zizurkilgo Arrieta baserrian jaioa da, eta gaur egun Mintzolaren pare-parean bizi da. Subijana etxeak ezin dezake zaindari eta guardako aingeru hoberik izan. Hainbat liburu idatzi ditu, tartean Errekaldeko intxaurraren itzala, Otaño herrikideari buruzkoa. Villabonako bertso kontu eta bertso kantuez galdegin nionean, pasarte eder hau helarazi zidan Teodorok:

Zizurkilgo Errekalde baserrian, Joxe Bernardo Otaño bertsolariaren gurasoek seme-alaba batzuk ekarri omen zituzten mundura. Horietako bi Juan Joxe eta Joxe Bernardo.

Dirudienez, zaharrena Juan Joxe, eta jakina denez, zaharrena izaten zen etxeko nagusi izateko. Itxura denez, ordea, aitak Joxe Bernardo zuen gogoko, bertsolari egokia zelako eta oso bere begikoa zuelako. Anaia zaharrenak, hau antzeman zuenean, Amerikara ihes egin zuen. Eta luzaroan bere arrastorik gabe egon ziren Errekalden. Ama gaixoak negar asko egiten omen zuen oroitzen zen bakoitzean, eta aita ere garai horietan joan omen zen mundutik, bere barruko penak ahaztu ezinik. Urte askoan anaiaren arrastorik gabe egon omen ziren. Baina halako batez hor itzultzen da Villabonako seme bat Amerikatik, Joxe Joakin Zaldua haren izena. Gizon jator eta prestua. Honek ekarri omen zuen berri pozgarri bat Errekaldeko familia jatorrera. Asteasura etorri aurretik Asteasuko seme Kandidorekin izan omen zuen hizketaldi bat, eta hark esan omen zion Errekaldeko Juan Joxe San Luis herrian bizi zela. Albiste hori Villabonako Albaite baserriko egongelan jaso zuen, eta jakinaren gainean jarritako bertsoak dira jarraian datozenak, Joxe Bernardo Otañok jarriak:

Billabonako kaballero bat
da Jose Joakin Zaldua
bere guraso estimatu bat
bisitatzeko eldu da
esanaz geunden “gure Juan Joxe
Ameriketan galdu da”
bizi dalako aleluya bat
orrengandik azaldu da.

Juntatu eta egiña degu
izketa bat txit formala
Villabonako Albaiten salan
neroni bertan nengoala
Astiasuko Kandidok orri
esan omen diyo ala
dudarik gabe gure Juan Joxe
San Luisen dagoala.

Aspaldi ontan tristerik geunden
iñungo notizi gabez
Ameriketan gure Joan Joxe
bizi ote zan edo ez
ama gaxua gau eta egun
ixildu gabe negarrez
seme ederrak ez diralako
egin da azitzen errez.

Urte batzuek paseak dira
aita guria il zala
esanaz joan zan alkar maitatuz
egunak pasa gintzala
ark jakin balu Ameriketan
semia txit ongi zala
baderizkiyot aldi batian
oraindik biziko zala.

 

4.- ERREBOTE PLAZA

Esanguratsua da Villabonako errebote plaza. Herriko plaza udaletxearen kokagune izateaz gain, errebotearen jokaleku ere bada eta, Zubietako eta Oiartzungo errebote plazekin batera, Gipuzkoako erreferente nagusietako bat da pilotari askorentzat. Gaur egun helduen talde bat eta dozenatik gora gaztetxo dabiltza Behar-Zana pilotari eskolan errebotean jokatzen. Iparra eta hegoa uztarri berean doazen kirol jarduera honek ziurtatua du bere botarria Villabonan, eta pilotalekua metrotan den adina luze iraun dezala, gutxienez, urteetan ere.

Baina nori esker dator Villabonan erreboterako zaletasuna? Eta nondik “Berez behar Villabonakoa” esaera? Biek ote sorburu berbera? Ea zer topatzen dugun historiaren xisteran.

Xabier Lizardik, Domingo Agirrek eta R.M. Azkuek jasota eta erabilia dute esapide hori. Dudakoa da jatorria, baina baliteke Villabonak errebotean izan zen pilotaririk onena eman izana: Pedro Yarza besamotza. Villabonako mankua edo Villabonako txangua bezala ere ezaguna. Eskuin eskua galdu ondoren, lehenik eskuz, gero palaz eta azkenik xistera hartuta aritu zen pilotan, azken honetan lortu zuelarik arrakastarik handiena. Argentinako hiriburuko frontoietako izarra lehenik, Madril, Bartzelona, Rio de Janeiro eta Parisen ere erakustaldi izugarriak eskaini zituen. Euskal Herrian eman zituen bere azken pilotakadak.

1861ean jaio zen, San Pedro egunez, eta bere jaiotzaren 150. urteurrenean, Behar-Zana elkarteak eta Udalak, frontoiko ertz batean harlauza bat ipini zuten bere oroigarri modura.

Bertso jartzaile eta bertsolari askoren sormen iturri izan zen festetako erraldoi bat ere baduen pilotaria. Txirritak hamasei bertso jarri zizkion 1886an. Hona hemen horietako pare bat:

Suerte txarrak jo zualako
beso bat dauka moztua
bañan bestia sano duala
obra da manifestua;
begiyak ernai, memori ona
ankaz ibildun listua
Billabona’n da probintziyako
pelotariyen maixua.

Plazan pelotan asten danian
ez du ematen itxusi
baliyo zuen saiatutziak
etzuan gaizki ikasi
beso-motxa da aziyu ortan
Españiya’ko nagusi
ez det gizon bat bizkorragorik
sekulan iñon ikusi.

Urte batzuk geroago eta milaka kilometro beherago, Juan Inazio Urangak bost bertso eskaini zizkion Kaliformiako Eskual Herria aldizkarian. 1897ko ilbeltzaren 30eko alean Billabonako beso-motza izenburupean honako bost bertso hauek argitaratu ziren:

Billabonako beso-motza da
jokalari biurriya
nola sakean ala da ona
ere errestalariya
onen jokua aurre aldian
da chit ikaragarriya
plazan jokatzen beso bakarrez
oso da ikusgarriya.

Kontrariyuai neurtzen dizkate
sudurra eta kokotza
ziriyak sartzen asten danian
pelotari beso-motza:
besa gaindikan asi ezkero
egiten sake zorrotza
onen zankoko alpargat’aiek
ez dute sentitzen otza.

Errebotian ere frantzesak
oso ikaraz betiak
iduki ditu amaika aldiz
iya barik estiak
irabaztia izanagatik
frantzesak beren ustiak
chaskua beti eman diyote
beso-motzaren jotziak.

Chuliatzen du kontrariyua
maisuzko jokaerakiñ
eziñ liteke jokalaririk
bada jostatu onekiñ
bildurra ere sartzen badaki
beraren joerarekiñ
asten danian joku motz edo
zirika bi paretakiñ.

Onla pelotan ari danian
beso-motza dantzaturik
ez da gelditzen auturik gabe
onen zañetan odolik
beregan ez du iñorengana
ezagututzen bildurrik
argatik plazan ezergatikan
etzaio bada ajolik.

 

5.- JUAN JOXE UGARTEMENDIA IRAOLA

Juan Joxe Ugartemendia bertsolaria izendatzeko Asteasuarra, Billabonako Sorondo eta Ugartemendia amasarra deiturak agertzen dira idatzi eta aitortza zaharretan. Ugartemendia 1905ean jaio zen Asteasuko Lizola-Goiene baserrian, eta 1986an Amasa-Villabonan hil. 1931. urtean ezkondu zen Villabonara, eta Sorondo izeneko taberna erosi zuten. Ezkondu eta biharamunean zabaldu omen zuten hizketan baleki bertsotan egingo lukeen edaritegi-sagardotegi hura. Haren ondotik beste jabe batzuk izan ziren, duela urte gutxi arte Ongi-etorri edo Zaku bezala ezagutu den taberna hain zuzen. Villabonan ezaguna eta maitea oso.

Tabernaren erreleboa hartu zuen familiak Ugartemendia ia gehienetan bertsotan oroitzen du.

Antselmo Larrarte larrauldarrak honela idatzi zuen behin Ugartemendiari buruz: “Aspaldiko kontua da Villabonan, jaialdi handi bat izan zen jaiegun arratsalde batean sei bertsolari, epaimahaia eta gaiak emanda txapelketa azkar baten moduko lehiaketa egin zen. Tamalez ez naiz oroitzen zein urtetan, baina 1947an edo izan zela uste dut. Bertsolariak bikainak ziren: Uztapide, Basarri, Paulo Txikia, Mitxelena, Zaiburu eta Juan Jose Ugartemendia.

Lehenengo hirurak sasoi beten zeuden, Mitxelena gazte bikain zetorren, Zaiburu zahartua zegoen eta eztarri zakarra zuen. Adinez hurrena Ugartemendia zen, Villabonan bizi baina sortzez asteasuarra zen. Bertsolari bezala ez zen hain ezaguna, baina bazituen bere dohainak. Hargintzan eta zurgintzan esku berezia zuen, baserriko lanabesak eta besteak egiteko ez zuen eragozpenik. Gizon jantzia zen, entzuten zekiena. Ni gaztea nintzela gure etxe inguruan lanean ezagutu nuen, langile taldeko burua zen. Gutxien uste zenean bertso pare bat botatzen zituen hark, ondo moldatutakoak izaten ziren. Behin, jaiegun batean lana egin beharra zuten, gu begira geunden eta bi bertso kantatu zituen, eta haietako baten bukaerak honela zioen:

jai egunean hemen gabiltza
elizatikan igesi
bainan animak hau egitia
oraindik ez du merezi”.

Ugartemendia 1936ko txapelketan ere parte hartutakoa da. Tolosako kanporaketan Txirrita atera zen garaile. Orduko berri paperek Ugartemendia de Amasa bezala aurkezten dute. Hona hemen agurrean kantatu zuen bertsoa:

Asteasutikan Ondartza eta
Zarauztikan Baserri
Zestonatikan Uztapide ta
Errezildikan Zepai
Sailburu zarra Errenteritik
Oiartzundikan gazte hori
Hernanitikan Paolo eta
Billabonatik neroni
horra hemen jaunak zortzi herritatik
zortzi jaunak bertsolari.

Ugartemendiaren bertso jarrien sorta ezagunena Migel Errota hil berritan sortuak dira. Denera hamar bertso dira, baina denak ezin ekarri, eta hara lehen hiru bertsoak bere gaitasunen erakusleiho:

Milla ta bederatzireun da
ogei ta amaseigarrena
otsaillan eguna señalatzeko
gendun amaikagarrena;
entierrora joan nintzaden
Migel Errota orrena
danak guztiyak esaten zuten:
“onek utzi digun pena!”
Eta nik nola ez nun artuko
hainbeste maite nubena!

Entiarruan egun orretan
antxe nitzaden tokatu
nik bakarrikan enun pentsatu
asko nituan topatu
lau lagunek bizkarrian da
beste lau zintetatik artu
iru estandarte aurrian da
zer jende zan nork kontatu?
Oriyek danak etziran jungo
bera ez balitz portatu.

Migel Errota il zan bezperan
nik egin niyon bixita
esan ziran “Juan Joxe nua
danok guziyok utzita”.
Erantzun niyon: Migel al zaude
orretaraño etsita?
Malko ederrik ixuri nuben
biyok izketan jarrita
lastima ez al da au ill bearra
orain ederki bizita?

 

6.- AMASAKO ITURRIA

Amasako iturria bezain emaritsua izan zen bertso jartzaile bat ezin ahaztuko dugu Villabona aipatzen dugunean. Luze hitz egin daiteke Luis Rezola Arana Tximelari buruz. 1914ko San Bartolome egunez munduratua. Bakardadeko ametsak izeneko bi liburuen egile eta protagonista da. Tolosarra izatez, baina hau ere Villabonan jarri zen bizitzen Adunako Ramona Zabalarekin ezkondu ondotik.

1936ko gerra hasi zenean, lehenik Loiola batailoian eta gero Jagi-Jagiko “Lenago il” batailoian ibili zen Tximela. 1937an erori zen preso; italiarrek atzeman zuten. Eta kartzelan zela bertsoak idazten zituen. Kartzelako historia soziala islatu zuen besteak beste: gosea, torturak, gaixotasunak, injustizia, herrimina, fusilamenduak, heriotzak… Gerra galdu zutenen memoriarako oso garrantzitsua izan da haren testigantza. Besteak beste Joseba Tapia trikitilariak disko oso bat eskaini zion haren bertso sortak kantu bihurtuz. Tximela kapitainaren izarrak jarri zion izenburu.

Ez da erraza hainbat eta hainbat bertso sortaren artean bat hautatzea. Bakardadean askatasunarekin eta justiziarekin amets egiten zuen kapitainaren emaria orriotara osorik ekartzerik ez dugunez, hona hemen Amasako iturriari jarritako bertsoak agortezina zen bere iturriaren ordain xume gisa. 1967an enkarguz eskatutako bertsoak:

Nik bezelaxe oro opa du
Billabonako erriak
beste eun urtean jarrai dezala
Amasako iturriak
Garai batean bertan ziraden
sendatutzen elbarriak
o, ur maitea, zuregan goaz
gaudenean egarriak.

Mendiak dauka iturburua
arkaitz tartean gordea
onekin igurtziko gaituzte
guri joatean kordea
jaio orduko ori artu genun
gatz pixkatekin ordea
pontetik gatoz ikasirikan
kristau zintzoen legea.

Iturri asko agortu dira
zuk jarraitzen dezu zintzo
babeslaritzat ortxe dituzu
Belabieta ta Loatzo
artzen dituzten euri guziak
gorderikan gaurko atzo
ta gaiñezka dituzun guziak
legortetarako jaso.

 

IRU-BIDE, HIRU KIDE

Inaxio Iguaran amasar bertsolariaren jaiotetxea da Iru-Bide. 1955. urtean jaio zen Inaxio. Gaztetan zenbait sariketatan parte hartu eta plaza batzuk egin arren, urteak dira jendaurrean ari ez dela. Hala ere, aipatzekoa da 1981eko Lizardi Sarian txapeldunorde geratu zela, Juan Manuel Lertxundiren atzetik.

Pedro Artetxe zuten gaiak jartzen. Kantukideak Patxi Iribar, Asensio Iturbide, Nikolas Zeberio, Juan Manuel Lertxundi, Eusebio Lasarte eta Dionisio Iraola. Bigarren saria eskuan, bertso hau kantatu zuen.

Holakorikan ez nun espero
garai hau baino lehenago
baina hoi erabaki dute ta
onartu beharra dago
ez ote nuen nik hau merezi
oraindik kezkatan nago
entzuleak nigan badezute
orain morroi bat gehiago.

1982an ere Zarauzko oholtza gainean zen Iguaran, baina kantukideek apenas duten aurreko urteko kantukideekin zerikusirik. Ez eta gai-emaileak ere, Joxe Mari Aranalde aritu baitzen. Aurreko urtetik Iturbide, Iraola, Zeberio eta Iguaran dira errepikatu zutenak, baina aurpegi berri eta bertsolari gazteak nabarmendu ziren: Andoni Egaña, Aitor Sarasua, Jon Sarasua eta Xabier Euzkitze. Egaña atera zen garaile eta bertso onenaren saria Euzkitzek jaso zuen.

Lizardi saria izanik, bakarkako gai modura “LIZARDI” hitza jaso zuen Iguaranek Aranalderen eskutik, eta honela erantzun zuen:

Gaurko saioa izan dadila
bere omen bat bezala
hain gizon umila baigenduan
jatorra ta zerbitzala
denok badakizute
badira hainbat urte
gure gizon hoi hil zala
gorputzez betiko joan zan baina
oraindik badu itzala.

Euskeraren alde lan egiten
bazuan zenbat pikardi
artzai ona gendun ezkero
nik jarri nahi nuke ardi
egon pazientziko
lorez dira jantziko
gure soro ta belardi
eta euskera bizi dan arte
ez da ahaztuko Lizardi.

Inaxio Iguaran bertsotan ez-ezik gai-jartzaile lanetan ere aritu zen, eta gaur egun familian bertan ditu bertsotarako gaia umetatik dakarten bi bertsolari gazte: Beñat Iguaran semea eta Oihana Iguaran iloba. Iaz, Tolosako Leidor zineman, Atariaren aldeko saioan, 1982ko irudiak jarri nizkien Andoni Egaña eta Beñat Iguarani. Andoni bera eta Beñaten aita (Inaxio) ageri ziren bertan kantuan. Txuri-beltzeko irudiak dira, baina argi geratzen da urteen joanak ez duela barkatzen. Iguaran eta Egaña itxuraz oso aldatuta agertzen dira ordutik hona. Jendearen oso gustuko bertsoaldia izan zenez orriotara ekarri nahi izan dut.

Beñat
Zarautz omen zan esan didazu
ze ezuste arraroa
ordu ezkero denbora degu
dexentea igaroa
zu gazte zaude, mutil lerdena,
sasoikoa, oparoa
ta nere aita berriz dirudi
orain baino zaharragoa. (bis)

Andoni
Hori iruditu baldin bazaizu
ez da Inazion kaltian
hori ikusiz txunditurikan
gelditu naiz bapatian
mila ondorio atera ditut
eta hau hoien artian
pertsona zenbat aldatu leiken
hogeita hamasei urtian. (bis)

Beñat
Kutxilarekin ezin ote zan
horko bizarra urritu
gerri buelta’re alkandoraren
barruan juxtu kabitu
gure ama nola engañatu zun
nik ezin det entenditu
gure amak badu alkandoraren
botoiak haina meritu. (bis)

Andoni
Ba zuen aita sumatu det nik
oso gizon ta tajuan
bertsotan ere fin aritu zen
doinuan eta ujuan
igual norbaitek nere gainbehera
sumatuko zun gaurkuan
baina ideiak etorri zaizkit
ileak joandakuan. (bis)

Beñat
Gure aitai ere aldatu zaio
itxura ta koloria
nolako egurra halako ezpala
ze esaldi dotoria
entenditzeko ez da errexa
baino hola da ordia
gure etxian ezpala irten da
egurra baino hobia. (bis)

Andoni
Iguarandar hauen ondoan
egin det nik hainbat bide
beren lehenengo belaunaldian
aita nuen adiskide
ta bigarrengo belaunaldiaz
aritzen naiz aske, libre
hirugarrena iristen bada
eutsiko diot hari’re. (bis)

Beñat
Gure aitak ere bidea egin nahi
omen zuen pausuz pausu
baino gainetik omen zenbiltzan
eta egin enbarazu
gure aitak utzi zun ta erruduna
Andoni omen zinan zu
baino semia erretiratzen
gehixo kosta bihar zaizu. (bis)

Andoni
Ez naiz halako gizajalea
ez naiz halako piztia
aitak plazari utzi zion ta
ez da hain gauza tristia
nere helburu ez degu Beñat
zu plazaz kanpo uztia
ia nolabait lor dezakedan
aita berriro hastia. (bis)

 

7.- TXOMIN GARMENDIAREN ETXE ONDOTIK

Etxeondo Villabonako auzo eta txoko mitikoa da. Etxeondo era berean, nola ez, txirrindularitzako arropa diseinatzaile eta ekoizle garrantzitsu eta entzutetsua da. Eta auzo horretan bizi da Txomin Garmendia. San Blas egunean 85 urte kunplitu dituen bertsolaria. Egiari zor, Txomin izan nuen bertsotako maisuetako bat; espresuki gure gurasoen garajera astero etortzen zen. Oraingoan ni izan naiz bere etxera hurbildu dena, baina oraingoan ere ni eskean. Berehala eman die nire galderei erantzuna. Burua argi du oraindik Txominek. Villabona hitzari tiraka, 1983an Iñaki Linazasoro idazlearekin batera argitaratu zuen liburua jarri dit esku artean. 7.000 ale atera eta labur geratu omen zen inprentako tirada. Gipuzkoa bihotz-begietan deritzo liburuak. 50 urte ziren Lizardi hil zela eta haren oroitzaren itzala darama izenburuak. Gipuzkoako herri bakoitzari hiruna bertso jarri zizkion Txominek, eta Linazasororen kontu joan ziren argazkiak eta testua.

Bertsolari modura Gipuzkoako herri denetara iritsi ote den galdetu nion, eta begietara begira halaxe aitortu zidan: “Ia denetan aritu naizela uste dut. Baliarrain eta Gatzaga direla uste dut kantatu gabeko herriak. Baliarraindik deitu izan didate, baina nik joaterik ez. Eta Gatzagatik esango nuke ez dudala deirik jaso”.

Miresgarria eta txalogarria Txominen ibilbidea. Dudarik ez da Villabonari ere jarri zizkiola liburu horretarako hiru bertso. Honatx:

Billabona zan garai batean
Amasa zarran mendera
aspaldi asko aunditu zan da
nagusitzan jarri bera.
Kale ta plaza, denda, ostatu,
zer nai badago aukera.
Bost milla eta berreun biztanle
gaur edozeñen parera.

Urteko jairik nagusienak
Santio eta Santanez.
Sarri izanak gu Billabonan
bertsozaleak diranez.
Egoaldi sargoi beroarekin
garaia alaxe danez
ordu gozoak pasata gaude
zerbeza otza eranez.

Amasa dago bizkar batean
basarri onak dauzkala
mendia berriz ardi ta bildots
da larre beiak dirala.
Jatetxe bikain bat ere badu
eta jende serbitzala
San Martinetan urteko festak
negua gertuan dala.

Bigarren bertsoan aipatzen du Villabona herri bertsozalea dela, eta horren adibide dira bertan jokatutako txapelketa, desafio eta erronkak. Horietako batek 1952. urtera garamatza. Txomin 18 urte inguruko mutil gaztea entzule joan zen Berrobitik oinez.

Iparraldeko Xalbador, Zubikoa eta Mattin batetik eta  Hegoaldeko Uztapide, Lasarte eta Lizaso bestetik. Basarri gaiak jartzen. Lehen norgehiagoka Baigorrin jokatu omen zen, eta bueltakoa Villabonan. Bietan hegoaldekoak izan omen ziren nagusi.

San Inazio arratsalde batez jokatu zen desafioa, Villabonako plazan. Txominek bi puntu erantzun buruan ditu oraindik. Lehena Basarrik Lizasori jarria, eta bigarrena Uztapideri:

Herrian pestak eta
nola etorri zera

hori jakin nahiean
arkitzen al zera
seitun emango dizut
nere parezera
jendea kontsolatzera
etorriak gera.

Oiloak egiten al
dute arrautzikan

askotan ekarritzen det
otarra hutsikan
ez zaidazu neri esan
holako hitzikan
bizimodurako
ez da laguntzikan.

Baliteke hemen aipatzea merezi zuen norbait edo zerbait oharkabean itzuri izana. Aditu izan ez eta aritu beharrak halako kontuak dakartza. Eskerrik asko bilketa lantxo honetan zuen hitza, denbora, pazientzia eta eskua jarri duzuen guztioi.

Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa  Villabona-Amasa