Bertsoak eman, bertsoari itzuli

Mixel Aire bertso giroan hazi zen, eta bertsoa hazten lagundu du azken unera arte

Argazkiak: Conny Beyreuther

Bertsoak eman bertsoari itzuli –

Bertsoak eman bertsoari itzuli

Mixel Aire edo Mixel Xalbador (1944-2025) gizon maitekorra, maitagarria eta maitatua zen. Beti erraten zuen bere ardiak eta bildotsak zenbat maite zituen, ez multzoa, baizik eta bakoitza, 400eko artaldeko bakoitza. Jendea ere hala maite zuen, bai etxekoak, ahaideak, lagunak eta gainerako bertsolariak, zaharrak zein gazteak. Irribarre zabal eta eztiarekin agurtzen zuen jendea, beti goxoki, umilki, zalaparta handirik atera gabe. Ez zuen bere burua erakusten, baina zegoen lekua beti epeltzen zuen haren presentziak.

Urepelen (Baxenabarre) sortu zen, 1944ko maiatzaren 5ean, Xalbadorrenean, mendiko laborari etxe batean. Lau belaunaldi bizi ziren, garai hartan, etxe hartan: Mixel bera eta bere urtebeteko arreba Henriette, Leonie Etxebarren ama eta Fernando Aire aita, Paxkalin Etxart amatxi (Fernandoren ama), Maria Erro birramatxi (Paxkalinen ama), Aurizberrikoa (Nafarroa), eta oraino sortetxean bizi ziren hiru izeba gazte. Ordukotzat hilak ziren Mixel Aire aitatxi (Paxkalinen senarra) eta Fernando Etxart birraitatxi (Paxkalinen aita). Zenbait urte geroago etorriko ziren Daniel anaia eta Marie-Helene arreba gazteena. Aitaren aldeko bi izeba eta osaba bat Kalifornian bizi ziren, eta amaren aldeko osaba bat Argentinan, Urepeleko eta inguruko herrietako (Aldude, Baztan…) familia gehienetan gertatzen zen bezala. Beste izeba andana bat ere bazuen, Euskal Herrian.

Etxeetan jende anitz bizi zen garai hartan, taloak ziren ohiko otordua. Mixelen haurtzaroan, diru gutxirekin hazi behar izaten zen familia, eta laborantza lanbide gogorra zen, are gehiago mendialdeko etxalde batean. Ez zegoen oraingo tresneriarik, eta eskuz egin behar izaten ziren lan haiek. Haurrak, gazteak eta helduak, denak aritzen ziren baserriko lanetan, maiatzean artajorran, uztailean belarretan, agorrilean soroak egiten, irailean artoa biltzen…  Lan dorpeak ziren, eta ez zitzaizkion gustatzen. Indarkako lanak ziren, 40 kiloko belar meta bizkar gainean eraman behar izaten baitzuten zurubian gora, sabaira (sabaia belartegiari erraten zaio Baxenabarren, eta teilatupeko solairuan egoten da). Belarra han idortzen zen, eta artoa, aldiz, ondoan zegoen ganerrean edo bihitegian.

Martxoan artazuritze egunak izaten ziren. Etxeko guztiak eta auzoetakoak biltzen ziren lan hartan. Lan nardagarria izan zitekeena kantuz eta istorio kondan aritzeko arratsa bihurtzen zen; etxe barneko besta bat, nolabait, kanpoan halako elkarretaratzerik eta erromeriarik antolatzen ez zen garaian.

Bertsoak eman bertsoari itzuli

Kantu eta bertso giro handia zegoen Urepelen, beste herri ttipietan bezala. Mixelen haur denboran, hainbat ziren bertsotan ari ziren urepeldarrak, haien izenak bertsolaritzaren historian ez badira gelditu ere: Joanes, Piarre, Jamattitt… Historian gelditu dena, eta bertsolari handienetako baten fama daramana oraindik ere, Xalbador da, Mixelen aita. Nerabea zela hasi zen bertsotan, Urepeleko ostatuetan; nekez lotuko zitzaiokeen bertsoari bertso-lagunik ez balu izan. Mixel haurrak hala aditu zituen haiek guztiak.

Joxe Tolosa zaldibiarra (Gipuzkoa) artzain gisa joan zen Urepelera, eta hark eraman omen zuen ostatuan bertsotan aritzeko ohitura. Bertsoaren hazia loratzeko lur emankorrera heldu zen, dena den. Mixelen aitatxi, Mixel Aire, kantari ona zen, elizako kantari izendatua. Haren aita bertsotan aritzen omen zen, bertso haien arrasto gutxi heldu bazen ere.

Bat-bateko bertsoak, zirtoak, batak besteari koplaka erantzuteak eta bertso sorta zaharrak gurutzatzen ziren Urepeleko ostatuetan eta plazetan, edo ospakizun bazkarietan. Denak ez ziren biziki trebe bat-batean, baina baziren bertso zaharrak buruz zekizkitenak eta bertso sorta osoa kantatzen zutenak. Halako giroan, Urepelen bertsozaletasun handia zen, eta Mixel haur-haurretik bertsozaletu zen.

Etxean berean kantu zahar andana ikasi zuten, bai artazuritzeetan, bai bestela ere. Aitak sorta andana irakatsi zien haurrei (Ifarraldeko kantu zaharrak (1976) disko bikoitzean grabatu ere bai). Horietan gustukoena zuen Itsua eta sastrea, Piarres Ibarrart Jatsuko (Lapurdi) bertsolariak 1892an idatzi zuena eta Donibane Lohizuneko sariketa batean bigarren saria eskuratu zuena. Ibarrart bat-bateko bertsolari gisa ere aritu zen, besteak beste Anton Abadiak antolatutako Lore Jokoetan.

Kantu horiek guztiak entzunik bertsozaletu zen Mixel, kantu haiek guztiak, funtsean, bertsoak zirela eta kantu haien egileak bertsolariak zirela oharturik, nahiz eta Xalbadorrek Odolaren Mintzoa liburuan idatzi zuen ez dela gauza bera bertso sortak idaztea eta bat-batean bertsotan aritzea.

Bertsoak eman bertsoari itzuli
Arg: Bertsularien Lagunak

Xalbadorrek bat-bateko bertsolari gisa egin zuen bide artistiko nagusia. Urepeletik kanpo ibilbide oparoa egiten hasia zen, Mixel haurra zela, eta Euskal Herriko bat-bateko bertsolari hoberenak Aldudera ere etortzen ziren, bi urtetik behin, Mixel Itzainak antolatutako bertso saiora. Mixel Aireren gaztaroan ez zen aise herritik urruntzea kultur ekitaldi baten jarraitzera, beraz, bertsolariak herrira edo ondoko herrira etortzea gertakari handi gisa bizi zuten. Mixelek ez zuen huts egitekoa saio hura.

Etxean baitezpada entzuten zuten beste saioa irratitik heltzen zitzaien. 1950eko hamarkada bukaeran sartu zen irratia baserrian. Nagusiki frantsesez mintzo zen, baina espainolezko sintoniak ere atzematen zituzten. La Voz de Guipuzkoa irratiak bazuen euskarazko irratsaio labur bat, Nere bordatxotik atala zuena, Inazio Eizmendi Basarri bertsolariak aurkeztua. Basarrik istorio bat eta zenbait berri kontatzen zituen eta, azkenik, bertso pare bat kantatzen. Xalbadorrenean haren entzule leialak ziren.

Mixelek zinez maite zuen bertsolariak entzutea, baita kantatzea ere. Baina aita bezala bat-batean bertsotan hastea ez zen hain erraza izan. Aita, eta beste bertsolari gehienak, nerabezarotik hasi baziren ere, Mixelek 23 urtetan kantatu zuen lehen bertsoa, Marie-Helene arreba gazteenaren komunioan:

 

Arreba maite-maitea

onar zizkizu nere zorionak

gu zuri esker baikaude hemen

goxotasunean denak,

lagun zaitzala gaur hartu duzun

Jesukristo gure jaunak,

Beti maitatzen orai artean

bezain aita-amak.

 

Aitak anitz sustatu zuen, erraten zion ahalegina egiteko, eta ausartu behar zuela, nahiz eta bertsotan ez hain ongi aritu, baina Mixel ez zen menturatzen. Izatekotan, ostatuan aritzen zen lagunekin, aita eta beste zenbait bertsolari herriko bestetan ari ziren bitartean bertsotan. Baina nahiago izaten zuen denbora hartu, bertsoa ongi pentsaturik botatzeko. Bertso ona botatzen zuenean, aitak erraten zion: “Ederra bota duk, baina bakarra”. Pentsatu gabe bertso gehiago botatzen entseatzeko aholkatu zion.

Azkenean, Añorgan (Gipuzkoa) egin zuen bat-bateko lehen bertso saioa, aitarekin. Añorga herri garrantzitsua izan da Xalbadorren eta haren emaztearen eta seme-alaben bizian, familiak adiskide handiak egin baitzituen han, Jose Mari Aranalde hango erretorearen inguruan. Aranalde Xalbadorren miresle eta adiskide izan zen, eta haren lagun Mikel Atxaga, Jexux Mari Mujika eta Kaximiro Aizpurua eta Maitere Telleria senar-emazteak eta haien seme-alabak ere jarraitzen zitzaizkion Xalbadorrenera. Lotura trinko hura ez da sekula eten.

Bat-bateko bertsolaritzako ibilbide franko laburraren ondotik, Kaliforniara joatea erabaki zuen, 25 urtetan. Bi izeba, Mari eta Xane (aitaren arrebak), bazituen Ameriketan; osaba han zendu zen gazterik. Amaren lehengusu bat ere joan berria zen hara bizitzera. Mixelen aitatxi, Mixel Aire, ere zenbait urtez bizi izan zen Elkon (Nevada), Euskal Herrira itzuli eta Paxkalin Etxartekin ezkondu aitzin. Paxkalin, aldiz, Chinon (Los Angelesetik hurbil) sortu zen, eta haur denboran itzuli, gurasoek Xalbadorrenea erosi ziotenean Maria Micaela Urrels izebari. Paxkalinen anaia gehienak, berriz, Estatu Batuetara joan ziren bizitzera, gaztetan.

Izebak Euskal Herrira joaten ziren tarteka, eta familiak Kaliforniarekin lotura hertsi hura izanik, Mixel animatzen zuten denboraldi bat egitera joan zedin Amerikako Estatu Batuetara, diru pixka bat irabaztera. Garai hartan nekez atera zitekeen bizipidea Urepelen, ez bazen kontrabandotik. 1960ko hamarkadan gazte franko joan zen Euskal Herritik Kalifornia eta Nevada aldera, besteak beste Aldudetik eta Urepeletik edota Baztandik. 1969an, Mixel azkenetakoa izan zen hara joan zirenen artean. Lehenago lan kontratua aitzinetik eskuraturik joaten ziren, baina gero eta zailagoa izan zen hori. Mixel kontraturik gabe joan zen. Los Baños herrian hasi zen lanean, hango bizkaitar baten artaldea zaintzen. Karabana batean bizi izan zen Kalifornian iragan zuen lehen neguan. Gero, Chinora joan zen, eta 1.600 buruko behitegietan aritu zen lanean. Behiak jeztea zuen lana.

Bertsoak eman bertsoari itzuli

Ez zuen ia batere ikasi ingelesik. Hain zuzen ere, euskal diaspora nahiko zabala eta batua zen, eta beti euskaldunen artean egoten zen. Hiru baztandar eta bizkaitar bat zituen hango lagun hoberenak. Diasporan bertsolariak ere baziren, hots, Mattin Etxamendi eta Johnny Kurutxet (2024ko azaroaren 27an zendua) sortzez Ezterenzubikoak eta Jesus Goñi Oronozkoa. Haiekin ere adiskidetu zen.

1972an Xalbadorrek hilabeteko bidaia egin zuen Kaliforniara, hango diasporak ordaindurik. Batetik bestera ibili zen bertsotan, Euskal Etxeetan zein euskaldunen ostatuetan, eta Mixel semea harekin aritu zen.

Xalbadorrek ez zuen Amerikako Estatu Batuetako lehen bisita. 1960an ere izan zen, Mattin bertsolariarekin batean, Nevadan eta Kalifornian. Besteak beste Renon, Bakersfielden eta Chinon egon zen; Chinokoa geldialdi berezia zuen, han bizi baitziren arrebak eta osabak, eta baita Urepele-Aldude inguruko beste adiskide batzuen senideak ere, horien artean Joanes Harriet Premundo aldudarrarenak, besteak beste Mike Bidart, artean haurra zena eta gerora kantari aritu zena eta Xalbadorren miresle handia.

San Frantziskoko euskaldunek bertso saio handia antolatu zuten, Saratoga Springs parkean. 2.500 lagun joan ziren Mattin eta Xalbador entzutera, baina arazo tekniko batzuen ondorioz, mikrofonoa bat-batean gelditu zen eta bertso saioa ezin izan zuten jarraitu. Bertsolariak eta entzuleak atsekabetuak ziren, baina istilu haren ondotik erabaki zuten San Frantziskoko euskal komunitatearen kluba eratzea, eta gerora Euskal Etxea.

Bertsoak eman bertsoari itzuli
Jexux Arzallus eta Mixel Aire. Donibane Lohizune, Xilabako saioa, 2008. Arg: Bertsularien Lagunak

Hamabi urte geroagoko amerikar biran semea aspaldiko partez ikusteko parada izan zuen. Aitari ez zitzaion atsegin semearen Ameriketako aldia hainbeste luzatzea. Bertso sorta luze bat ere igorri zion, Semeari, herrira itzultzeko eskatuz. Mixelek berak ere Euskal Herrira itzultzea zuen amets, herriminak franko gogorki jo baitzuen.

Bost urteko egonaldiaren ondotik, 1974an hartu zuen etxerako bidea. Ez, ordea, aitzinetik beste bertsolari baten bisita izan gabe. Hain zuzen, urte hartan Ernest Alkhatek zenbait aste iragan zituen Kalifornian, eta elkarrekin aritu ziren bertsotan.

Mixel Airez eta Ernest Alkhatez gain, beste bertsolari gazte multzo bat hasia zen Nafarroa Beherean. Haien bidelagun izan zituzten Jean-Pierre Mendiburu, Joanes Arrosagarai, Jean-Louis Hariñordoki Laka eta Txomin Ezponda, eta baita Fermin Mihura lapurtarra ere. Xalbador 1976an eta Mattin 1981ean zendu ondoan, bertsolari belaunaldi berria segurtatua zen Ipar Euskal Herrian. Haiekin jarraitu zuen zahartxeago zen Manuel Sein Xanpunek ere. Zenbait urte geroago, Aitor Sarasua eta Jexux Arzallus ere batu zitzaizkien.

Plazetako bat-bateko bertsoak ez zituen plazerez egiten, ordea, Mixelek. Aitaren jarraipena hartzeko bezala igotzen zen plazara, jendea deitu eta deitu ari zitzaiolako. Aita hil berritan, Arbotiko (Baxenabarre) apeza joan zitzaion otsailean antolatu behar zuten bertso saiora joateko galdez. Mixelek ez zuen gogorik, baina aitak utzitako zuloa norbaitek bete behar zuela ihardetsi zion saioaren antolatzaileak. Handik goiti, saio gehiagotara deitu zuten, hutsune bat estali beharraren ardura bizkar gainean eraman behar balu bezala.

Bertsoak eman bertsoari itzuli
2013 Bertsolari Txapelketa Nagusiko zazpigarren final aurrekoa, Baztan pilotalekua. Elizondo, 2013ko azaroaren 30a. (Gari Garaialde / Bostok Photo)

Baina nekez aritzen zela zioen. “Sobera xintxoa haiz bertsolaria izateko”, erraten zion aitak, lehenago. Xalbador, ordea, bestazalea zen eta gustatzen zitzaion orenak pasatzea ostatuan; Mixeli ez hainbeste. Bizkitartean, ostatuak ziren orduko bertso eskolak, nolabait errateko…

Zailena izan zitekeen entzuleek aitaren mailarekin konparatzea. Hala ere, hori ez zuen karga gisa bizi; kontziente zen ez zela aita bezain ona, baina eginahalak egiten zituen duin aritzeko, eta horrekin konforme zegoen.

Mixelek zioen ez zela bere baitarik izan bertsolari, ez zuela berezko dohainik, aitak bezala. Dohaina duenak ere landu behar du, bertsolari ona izateko. Ustez dohain gutxiago izanik, Mixelek indar handia egin behar izan zuen bertsotan egin zuena egiteko. Ez zuen neurrien arabera ikasi bertsotan, baizik eta doinuen gainean, lehengo bertsolariek bezala. Ez ziren ohartzen ea zortziko txikian, handian, hamarrekoan edo zertan ari ziren. Doinuari segi, errimatu, eta aitzina!

Jendartean egon behar zen anitz, bertsotan trebatzeko, baina Mixelek ardiekin iragaiten zuen denbora gehiena, eta familiatik urrun, hainbat hilabete. Urepelera itzuli zenean, Mari-Michele Bethart herritarrarekin ezkondu zen 1976an, eta hiru alaba sortu ziren ezkontza hartatik, Miren, Amaia eta Paxkalin, gerora Aire Ahizpak kantari hirukotea osatu zutenak. Pokomotzenea etxean bizi ziren, baina Mixel lurrik gabeko artzain lanetan ari zenez, negua Amikuze eskualdean iragaiten zuen, ardien bazkalekuetan, eta uda Urepeleko Sorogain inguruko artzain etxolan. Ardi gasna egiten zuen, eta emaztea ibiltzen zen merkatuetan gasna saltzen, eta geroago Miren alaba ere bai.

Mendian ardiekin bertso onak sortzeko egoera ideala zela pentsa zezakeen hiritarrak. Hala ote zen ere galdetzen zioten. Artzain ona ez daitekeela bertsolari ona izan erantzuten zuen Mixelek, ordea. Artzainak ardiez arduratu behar du, eta bertsoa pentsatzen ari baldin bada bitarte horretan, ezin omen ditu ardiak ongi zaindu, edo denbora gehiago ematen omen du; eta artzain ona bada, bertso on gutxi pentsatzeko astia omen du.

Bertsoak eman bertsoari itzuli
Hazparne, Bertso Udalekuak, 1998. Arg: Bertsularien Lagunak

Aita bertsolari ona zen, baina Mixelek zioen ez zela artzain ona. Funtsean, “Urepeleko artzaina” laboraria zen artzaina baino gehiago, Xalbadorrenean ardiez gain, behiak eta gainerako abereak ere baitzituzten, landu behar ziren pentzeez gainera. Urepeleko artzaina, egiazki, Mixel zen.

Ardiez gain, bertsoa eta bertsolaritza ere zaindu nahi zituen, eta erran liteke plazan aritzeko gogoagatik baino gehiago kantatu zuela Ipar Euskal Herrian bertsolaritza bizirik mantentzeko arduragatik. 1977an, Artxanberri eta Patxi Errota saria irabazi zuen Zaldibian. Urte berean, Añorgako Orixe sarian eta Idiazabalgo Zepai sarian ere parte hartu zuen.

1980an Nafarroako Bertsolari Txapelketara egin zuen jauzi, eta baita txapela jantzi ere, Lesakan. Geroztik, urtero parte hartu zuen 1991ra arte, eta beti heldu zen finalera. Beste bi txapel ere irabazi zituen, bata 1985ean Leitzan, eta bestea 1988an Iruñean. Hiru aldiz txapeldun izateaz gain, txapeldunorde ere izan zen, 1984an Sunbillan eta 1990ean Goizuetan (urte hartan taldekako txapelketa izan zen).

Hamarkada hartan, bertsolari anitz Nafarroa Beherekoak ziren (lapurtar bakar batzuk ere aritzen zirenez, haiek ere sartu ziren Nafarroako Txapelketan), txapelketa antolatu ahal izateko denen beharra bazegoelako. Alabaina, Mixelentzat guztiz naturala zen Nafarroako Txapelketan parte hartzea, urepeldar gisa nafar sentitzen baitzuen bere burua. Hargatik, biziki maite zuen Nafarroako Txapelketa, giro onean aritzen zen, eta etxean bezala sentitzen zen Nafarroa Garaiko bertsolariekin ere. Horiek horrela, gipuzkoarrekin ere goxoki aritzen zela zioen.

Ulertzen zuen batzuek txapelketak kritikatzea, bertsolaritzaren funtsa ez dutelakoan errespetatzen. Baina Mixelek nahiago zuen txapelketetan kantatu, norbaitek gaia emanda, ostatuan librean baino. Ostatuan ari zitezkeen gai bati buruz orenak eta orenak, eta hori ez zuen gustuko.

Bertsoak eman bertsoari itzuli
Epaile Xilaban, 2014ean. Arg: Bertsularien Lagunak

Saioen hastapenean, jendaurrera ateratzean, zainetan izaten zen, gainerako bertsolari gehienak bezala, gaizki aritzeko beldurrez. Baina saioa aitzinatu ahala lasaitzen zen. Teknikari baino garrantzi handiagoa ematen zion edukiari. Nahiago zuen teknika aldetik zenbait akats zituen baina zerbait polit erraten zuen bertsoa, teknikoki perfektua baina mezu aldetik hutsa baino.

Bakarka baino nahiago izaten zuen ofizioka aritu, nahiz eta lan hartan ere ez zuen bere burua trebe ikusten. Ofizioka aritzean, lagunaren bertsoa entzun behar da, baina Mixel ondoko bertsoa pentsatzen aritzen zen… Dena den, urtez urte teknika landu zuela eta hobetu zuela zioen. Aitaren liburua eta aitaren bertsoak anitz irakurri zituen, eta hura izan zuen eskola nagusia. Horrez gain, Manuel Lasarteren bertsoak eta beste hainbat ere anitz irakurri zituen.

Une batetik aitzina, bertso saio gutiagotara deitu zuten. Hori gertatu zen Bertsularien Lagunak elkartea sortu zenean. Lehenago, herrietatik zuzenean deitzen zieten bertsolariei, baina elkartea sortuz geroztik, elkartearen bidez lotzen ziren bertsolariak. Aldaketa harekin, bertsolari batzuk beste batzuk baino gehiago aritu ziren, eta zenbait eztabaida ere sortu ziren elkartean. Mixeli ez zion trabarik egin plaza gutxiagotan kantatzeak, ez baitzen bereziki gustura aritzen plazan.

Plaza anitz herriko bestetan izaten ziren, zikiro besta egunean, zehazki. Saio gogorren oroitzapena zuen. Jendea ez zen bertsoak entzutera joaten, baizik eta zikiroa jatera, edatera, lagunekin solasean aritzera, besta egitera… Bertsolariak betegarri gisa jartzen zituzten, eta publikoak kasurik egin gabe aritu behar izaten zuten. Ez ziren baldintza egokiak bertsotan txukun aritzeko. Argi zuen bertsolaria entzuleak ere egiten duela, entzuleak artoski entzuten badu, bertsolaria aiseago ari delako, baina azantza handia baldin bada, ez daitekeelako bertsorik kanta.

Arg: XDZ

Bertsopaper andana bat ere idatzi zuen. Anitzetan, eskatzen ziotelako, ezteietarako eta horrela. Horretaz aparteko bertso sorta guti egin zituen hastapenean, bere baitarik. Baina geroago hainbat aldiz idatzi zituen eta Herria astekarira igorri.

Euskal Herriaren egoerarekiko kezka ere adierazi zuen bertsoetan. Funtsean, hauteskundeetako zerrenda abertzale batean ere aurkeztu zen behin, EMArekin (Ezkerreko Mugimendu Abertzalea). Ez zen alderdi hartako kide, baina zerrenda osatzeko jendea behar zuten, jende ezaguna barne. Gogotik eman zuen izena, ez baitzuen neholako ahalkerik publikoki abertzale gisa agertzeko, Ipar Euskal Herrian abertzale izatea biziki gaizki ikusia zen garaian.

Hori zioen Mixelen bihotzak. Eta ez zegoen prest onartzeko Nafarroan erran ziezaioten “Frantziako bertsolaria” zela. Bihotz hori ez zaio aldatu. Hargatik zioen bere bertsogintzan ez zuela aldaketa handirik izan. Beti jarraitu zuen trebatzen, baina erraten zuen bertsolariaren bihotza ez dela aldatzen.

Bertsolaritzaren egoerak kezkatzen zuen, aldiz. 1980ko hamarkada bukaeran, Ipar Euskal Herrian bertsolaritza ahultzen ari zela ikusten zuen. Ez zetorren belaunaldi berririk, eta publikoan ikusten ziren aurpegiak beti berak ziren, nahiz eta hamabost urte lehenago baino jende gehiagok jakin bertsoa bazela.

Hala ere, Mixelek ez zuen itxaropena galdu. Ikusten zuen ikastoletan hasiak zirela bertsolaritza irakasten haurrei. Beraz, gutxienez, ikastoletako haurrek jakinen zuten bertsoa zer den. Hor egon zitekeen etorkizuneko bertsolarien hazia. Bitartean, Mixelek eta bere kideek bertsoari eusteko ardura zuten, eta tinko eutsi zioten, bertsoa bizirik atxikitzeari.

Eta haziak bere fruituak eman zituen. Bertso eskolak sortu ziren, eta bertsolari belaunaldi berri bat hasi zen plazan. Mixelek hurbiletik jarraitzen zuen haien bidea, eta harro zegoen Iparraldean bertsolari gazte bikainak atera zirelako.

Baziren urteak Mixelek Nafarroako Txapelketa utzia zuela, eta guti ibiltzen zela plazetan. 2000. urtean Lapurdiko bertsolari gazte batzuk hasi ziren Nafarroako Txapelketan, eta Amets Arzallusek jantzi zuen txapela. Urtez urte gero eta gehiago ziren Lapurdiko bertsolari gazteak, eta azkenean Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketa (Xilaba) antolatzen hasi ziren.

Mixelek, maitasunez eta elkartasunez, hurbiletik jarraitu zuen bertsolari gazte haien bidea. Eta parte hartzeko gogoagatik baino gehiago, Xilaban parte hartu zuen 2008an eta 2010ean, lehenbiziko edizio haietan guttieneko bertsolari kopuru batera heltzeko gisan. 2010ean erabaki zuen plazak uztea. Handik aitzina entzule izaten jarraitu zuen, eta kilometro andana egiten zuen bertso saioak eta txapelketak jarraitzeko. Azken unera arte hurbiletik jarraitu zuen bertsolaritza. Ororen buru, hiru belaunaldiren arteko katebegia izan zen, aitarena, berea eta gazteena. Hari eta beste batzuei esker, bertsoa ez da sekula isildu Ipar Euskal Herrian.

2025eko urtarrilaren 14an zendu zen, moltsa mehe baina bihotza beterik.

Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli  Bertsoak eman bertsoari itzuli