Luparekin entzuten

Argazkiak: Conny Beyreuther

Luparekin entzuten –

Bertsolari Txapelketa Nagusia epaimahaitik bizitzeak zamatik baino gehiago du gozamenetik. Asteburuz asteburu, ehunka kilometro metatzen dira, Euskal Herriko lau hegaletan barna; nekea ez da neke bidelagunekiko kalaken laguntzarekin, udazkeneko hosto horail eta gorrailek edo elurteak eskainitako ikuskizun paregabeaz gozatuz bidenabar. Halaber, bertso puntuagarrien denboran ez dago atsedenik, bertsoaldiz bertsoaldi, bertsoz bertso, puntuz puntu, oinez oin, hitzez hitz egon behar baita adi-adi. Hori ere ez da neke, ñabardura guztiak irensten direlako, hosto oraino berdeetatik erortzeko heinean diren marroietarainoko guztiak xehe-xehe bistaratzen balira bezala. Ezin daiteke arreta galdu lipar batean ere; baldintza hori uler bedi makro-argazkilaritzaren gisan: loreei argazkiak hamar zentimetrora egiten jarriz gero oren erdi batez, arreta guztia mundu txiki horretan jartzen da, eta inguruko gainerakoa ezabatzen. Zinez indar-berritzailea den bidaia sakona. Urrun joan gabe, hegazkina hartu gabe, etxe ondo-ondoan, deskonektatzeko parada paregabea. Belarra ez da eremu berde uniforme bat, hurbil-hurbiletik so eginez gero: piru bakoitzak dauka bere forma, bere kolorea, harrixka bat ondoan, inurri bat, erle bat, zulotxo bat, eihartzen hasitako lore bat… Unibertso bat dago, lehen bistara eremu berde soil bat dakusagun lekuan. Hein berean, bertsoak luparekin entzuteak dakar ñabardura guztiak jasotzea, mundu aberats batean murgiltzea.

Epaimahaikide (ai, zein itsusia den “epaile” hitza, sententzia eta kartzela zigorra ematen dituena… nahiago “epaimahaikide”…) bakoitzaren lana da bertso bakoitzari puntuazioa ematea, segundo bakar batzuetan, argazkilariak klisk egiten duen gisan. Hori da, dudarik gabe, epaimahaikidearen lanik zailena, delikatuena eta buruko minak sor eta eztabaida handiak eragin ditzakeena. Delikatua da, jakinez puntu erdi bategatik geldi litekeela bertsolari bat hurrengo fasetik kanpo, puntu erdi batean joka daitekeela finalerako edo finaleko buruz burukorako txartela. Zenbat puntu eman bertso honi? 7 ala 7,5?

Zorionez, zazpi lagun daude epaimahaian. Jakinik bertsoa ez dela matematika eta, beraz, ezin daitekeela ebaluatu matematikako ariketa bat bezala, zazpi lagun izateak ematen du ziurtasun bat. Zazpi buru, zazpi aburu; hamalau belarri, 43 ahori adi. Urte osoko prestakuntza jaso du epaimahaiak (hogei bat laguneko taldea, orotara), hilabetez hilabete ariketa anitz eginez, anitz eztabaidatuz, epai irizpideak xeheki aztertuz… Bertsoak baditu osagai “tekniko” zehatzak, aski “aise” ebalua daitezkeenak. Komunikazio ekintza gisa, gisa batera heltzen da belarri batzuetara eta beste gisa batera beste batzuetara. Belarri horien jabeak ez baitira objektuak, puntuazioa ezin daiteke izan erabat objektiboa, ez eta ere perfektua. Zazpikoteak ordezkatzen du aniztasun bat, publikoan bertan agertzen den aniztasun bera. Bertso edo bertsoaldi batek iritzi kontrajarriak eragin baditu entzuleen artean, ohikoena da hori bera islatzea epaimahaikideen artean ere. Txapelketa bururatu ondoan egiten ditu azterketak taldeak; eta eztabaidak sortu dituzten bertsoaldiak aztertzen dira xeheki. Eztabaidatzen da ausarki; gutxitan lortzen da adostasuna. Hori ere bada bertsoa: denak ez dira aho batez iristen belarri guztietara.

Horregatik, entzule batek dioenean “gaizki epaitu dute; halakoak hirugarren behar zuen, eta ez bigarren”, edo egokitasuna gehiago puntuatzen dela “ideia onak” baino, ohartu behar luke epaimahaikideen artean, hain segur badagoela baten bat, haren sailkapen bera zeukana. Entzuten den puntuazioa, zazpi epaimahaikideek emandako puntuen batuketa da. Nekez egin daiteke irakurketa bat epaimahaiak “saritu” edo “zigortu” duenari buruz, hainbeste irizpide neurtzen direnez, zazpi lagunen barrunbeetatik. Zazpi lagunen iritzi batuketa pertsona bakarraren pertzepzioa baino fidagarriagoa bide da… Bertso bakoitza 0tik 10era bitartean puntuatzen da, hamabost bertso dira saio batean (finalean gehiago) eta zazpi epaimahaikide. Bi bertsolariren puntuazioen arteko aldea handia iruditzen bada, egin zatiketa: demagun 21 puntuko aldea dagoela, epaimahaikide bakoitzeko 3 puntuko aldea da. 3 puntu 15 bertsotan, ez da deus.

 

Maila bikaina

Beste aldetik ikusten duenik ere bada. Zergatik dago halako alde txikia bertsolarien artean? Zergatik dabiltza hainbeste bertsolari 10-20 puntu inguruko multzo batean? Epaimahaia ez delako ausartzen baremoan gora eta behera ibiltzera? Nork uste du bertsolari multzo horietan badirela batzuk besteak baino anitzez hobeak edo eskasagoak? Puntuazio horrek erakusten duena da Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsolarien maila orekatua dela eta, gainera, maila ona dela. Zortzi aulki zeuden BECen. Berri ona da BECen kantatu zuten zortzi bertsolariek biziki maila ona erakusteaz gain, finalerako txartelik gabe gelditu ziren beste hainbestek erakutsi zutela saio ona egin zezaketela, BECera sailkatuz gero.

Azken edizioetatik hona, zortzikotea ez da anitz aldatu. Baina hasi da belaunaldi aldaketa. Aurtengo “gazteak” helduko dira finalera hurrengo edizioetan. Eta horietan emakume franko. Ia ziurtzat jo daiteke, hurrengo finalak parekideagoak izanen direla. Azkenaldian feminismoa gai zentral bihurtu bada ere, ohartarazi behar da bertso munduan lehenago egin zirela gogoeta horiek. Generoari buruzko kezkak (gaien formulazioan eta abar), 2001eko Txapelketatik landa ere azaleratu ziren, eta hausnarketa prozesuak hasi ziren. 2017ko Txapelketan emakume gazte andana baten gaitasuna azpimarratu da. Ez da kasualitatea. 10-20 urte atzera joan behar da, lore horren haziaren bila.

Finaleko atean gelditu den belaunaldi horrek eskaini dizkigu perlak, nahiz eta finalak lortzen duen oihartzun sozial eta mediatikoak itzal egiten dien finalaurrekoei eta kanporaketei. Azpimarratu behar da bertso bikainak entzun direla finalaz aparteko beste faseetan ere. Bakarkako lanetan jartzen da arreta, gehienetan, baina ez da aski bakarka bikain aritzea, saioan nagusitzeko. Ofiziotan bederatzina bertso kantatzen dituzte, eta horietan ongi moldatzeak ematen du, ontsalaz, giltza. Ariketa horietan lan ederrak entzun dira fase guztietan, esperotako bideetatik batzuetan, ustekabe atseginak, beste batzuetan.

Luparekin entzuten

Gizartearen isla

Gaitegi zabala izan du Txapelketak. 2017an kantatutako bertsoak, 2017ko Euskal Herrian, 2017ko gizartean. Deigarria izan da Euskal Herriko politikaren –eta gatazkaren– leku urria. Adierazgarria da. Funtsean, Euskal Herriko egoera islatzen du, ez besterik. Gai pertsonalagoetara joateak eman du bidea ikuspegi zabalagoko bertso-sortak entzuteko. Formulatutako gai guztien eta kartzelako gai irekietatik hartutako bide guztien azterketa eginez gero, ageri da gaur egungo gai eta arazoen errepaso zabala eta xehea egin dela: parekidetasuna, tratu txarrak, besta giroa, besta eta sexua, bikote hasiberriak, bukatutako maitasuna, bikote banatuak, familia birkonposatuak, adulterioa, bikote harreman askeak, etxebizitzen prezioa, gazteen egoera prekarioa, haurren zaintza, kontziliazioaren arazoak, familia bizitza eta engaiamendu politikoa, lan egoerak, esplotazioa, zahartzaroa baserri munduan, osasuna, baztertutako jendea… Alabaina, etxeko arazoek maiz daukate lotura gizarteko eta lan munduko arazoekin; eta hori ederki islatu da Txapelketako bertsoetan.

Turismoaren masifikazioa, herriko denden krisia, baserriaren gainbehera, bazterketa soziala, kutsadura, bazterrak zikintzeko joera… Eta gaur egungo ohitura eta aisialdiak ere sakon aipatu dira: autoa konpartitzea, bidaiak, mendi-lasterketak, diskoteka, tatuatzea, selfiak, wifia, youtuberrak, bideo-jokoak… Gai gehienek ematen zuten bidea intimotik sozialera eta politikara jauzi egiteko, gaur egungo gizartearen argazkia egiteko, gaitzak azalera ekartzeko.

Bide berritzaileak? Iraultzaileak? 2017an transgenero baten larrutik kantatzeagatik harrituta egotea seinale ona da? Berehala ospetsu egin ziren Maialen Lujanbioren bertso haiek bikainak ziren, zeuzkaten baliabide diskurtsibo, poetiko eta lexikalei esker; ez hautatu zuen gaiagatik. Bertso ez hain onak kanta litezke transgeneroaz ere, eta ez gelditu bertso antologikoen zerrendan. Pilotariak jauzi ikusgarria egin dezake, ia erortzeraino: lortuz gero, kintze gogoangarria; baina huts eginez gero, tantoa bestearentzat da.  Hautatutako bidea edo gaia baino gehiago, emaitza da neurtzen dena. Ez erran nahi izan dena, baizik eta erran dena. Gaur egun gai eta ikuspuntu askotara ohitu gara, nork erran lezake zein den berritzailea edo ausarta? Lagun batek dioen bezala, bertso munduak uste badu iraultzailea dela 2017an transexualitateaz kantatzea, mundu horrek arazo bat badu. Zorionez, bertso mundua (bertsolariak eta bertsozaleak), bere zabalean, aitzindaria da gogoeta sozialetan. Bertsozaleen zati handi bati heltzen zaizkio iritzi politiko eta sozial aurrerakoiak.

 

Zer dira ertzak?

Gizarte zabalean “hegemonikoa” dena ez da hain hegemoniko bertso giroan; edo garai batez hegemonikoa izan zitekeen gai bat (artzaintza, adibidez), ez ote da ertzeko gaia bihurtu? Gizarteko “ertzak” hegemoniko bihur daitezke bertso-saioetan, euskal giroa bera nahiko “ertzekoa” denez gero eta ertzei buruzko sentsibilitate berezia daukalako. “Ertzak” eta “periferia” hitza hainbeste aipatu izanak berak erakusten du horretarako joera dagoela, eta ematen duela bertsolariak, baloratua izatekotan, ertz horietan ibili behar duela.

Ertzaren ertzak ere egon daitezke. Jadanik gizartean anitz landu diren gaiei itzuli bat gehiago eman dakieke: kanpora begira diskurtso feminista daukana baina lankide emakumea gutxiesten duena, elizaz eta handizki ezkondu den ateo ezkertiar “eredugarria”… Batzuek eskatzen diete bertsolariei zerbait berria errateko, ohiko ideietatik ateratzeko… Nago bertsolariei ez ote zaien eskatzen beste inori eskatzen ez zaiona. Prosaz (ahoz edo idatziz) betiko iritzi-emaileok betiko orokorkeriak errepikatzen ditugun herrian, bertsolariei eskatzen diegu gogoeta berriekin txunditu gaitzaten, bat-batean, errimatuz eta silabetan ongi kokatuz. Ekar dezagun politikara ariketa hori. Mugimendu abertzaleak badu bere diskurtso hegemonikoa. Zergatik bertsolariak behar du bota milaka lagunen aitzinean, diskurtso ofiziala zalantzan jartzen duen gogoeta kritikoa, zorrotza bezain bikaina izanik ere? Hautu hori eginez gero, guztiz zilegi litzateke, eta eskertzekoa ere. Baina ezin zaio eskatu entzuleen zati handi batek ulertu edo onartuko ez lukeen bertsoa zapla kantatzeak eragingo liokeen deserosotasunerako arriskua hartzea. Horrek ez du erran nahi Txapelketa honetan ez denik izan gogoeta berri eta interesgarririk, deblauki batzuetan, hitz-erdika eta finezia handiarekin beste batzuetan. Kantatu diren edukien azterketa sakona egiten hasiz gero, altxor handia aterako genuke.

Bertsoak edukia behar du. Edukia, irizpide tekniko batzuen arabera eraikitako bertsoan. Diskurtso koherentea, ulergarria (bat-batean ulertzeko modukoa). Arau horiek errespetatzean dago bertsoaren zailtasuna. Hori erranik, bistan da, diskurtso bat eraiki behar da, gure gogoetetan aberastuko gaituena, harridura eraginen diguna, irria, negarra edo emozioa piztuko diguna, poesiarekin txundituko gaituena… Bertsoak zerbait utzi behar dio entzuleari. Ez da beharbada ideia berritzaile bat, ez da mezua… Baina entzulea zerbaitegatik gogoratuko da bertso horretaz. Eta hor dago edukia.

Nola baloratu diskurtsoa? Epaimahaia ez dago diskurtso baten egokitasuna baloratzeko. Anorexiaren gaia umoretik hartu zuten. Ez zaigu inporta zergatik. Entzule batzuek eskertu zuten. Anorexia hurbiletik bizi duen batek, beharbada, pentsatuko zukeen gaia ez zela arinkeriaz aipatzekoa, eta badagoela biderik, gogoeta sakonetara jotzeko. Bide bat gustatu ala bestea, bertsoaren kalitatea (edukiz eta formaz) da neurtzen dena. Zailagoa zatekeen sakontasunetik jotzea, gaia ongi ezagutu beharko bailitzateke. Lortuz gero, beharbada umorearen bidetik baino bertso bikainagoak botako zituzten; huts eginez gero, txarragoak.

 

Kolore ñabardura guztiak

Txapelketan ez da saritzen hautatutako gaitegi edo bide bat, ez da erabakitzen bertsokera bat, ez da hautatzen bertsotarako canon bat. Txapelduna izendatzeak ere ez du erran nahi txapela jantzi duen bertsolariaren estiloa dela hurrengo lau urteetarako sustatu dena, edo aitzineko urteetan bertsokera hori bazterrean gelditu zela, duela lau urte txapela beste batek jantzi zuelako. Ez da erabakitzen nork ordezkatuko duen bertsolaritza edo nork eramango duen gidaritza. Indarra hartzen duen bertsokerak ez dauka zerikusirik txapelarekin (2001ean txapela jantzi ez bazuen ere, Maialen Lujanbioren orduko ekarpenak markatu zuen ondoko urteetako bidea). Bertsolaritzak ez dauka ordezkari bakar bat, ordezkari asko dauzka; eta hala bedi. Udazkeneko hostoen forma eta kolore aberastasunaren gisakoak dira bertsolariak ere, urrunetik antzekoak, hurbiletik desberdinak. Bakoitza mundu bat; bakoitzak dakar bere mundua, bere ikuskera. Udazkeneko gorri biziekin nahasi zaizkigu udaberriko pago berde berrien freskura duten bertsoak.

Txapelketan ez dira islatu bertsokera guztiak, ez da osoki islatzen plazako bertsolaritza, bertsolariek maiz azaldu duten bezala. Baina Txapelketan bertsokera anitzek izan dute tokia. Bertsolari bakoitzak ekarri du bere kolorea, bakoitzak dauka bere estilo propioa. Horiek horrela, bertsolari bakoitza ere badabil estilo bat baino gehiagotan, genero bat baino gehiagotan. Edo ezaugarri batzuk bertsolari anitzek dauzkate. Antzekotasunak aurki badaitezke ere, Txapelketak erakutsi du bertsolariak ez direla uniformeak. Batzuek metaforekin edota hitz jokoekin gozarazi gaituzte, beste batzuek umoretik jo dute, eta ohartu gara umoreak ere era askotakoak direla. Entzuleen artean ere gustu guztietako jendea mintzatu da. Batzuk bertsolaritza tradizional baten alde, beste batzuk bide berriekin liluratuta…

Beraz, ez, ez da erabaki bertsokera bat (eta epaimahaiak ezin du erabaki; bertsoz bertso gehitzen delako puntu kopurua, eta ez ikuspegi orokor baten arabera). Bertsokera anitzek izan dute tokia; entzuleak gisa orotakoak dira. Kolore askotako bertsolariak dauzkagu, eta hala behar du. Herri trinko bat nahi dugu, Maialen Lujanbiok kantatu zuen bezala, baina ongi zehaztu zuen: “Trinko diot, ez artalde”. Eta bertso mundua hori da: trinkoa da, baina ez da artaldea. Horrek ematen dio aberastasuna.

Horretan, mesedegarria da “periferiatik” begiratzea. Ardatza periferietan dagoela kantatu zuen Sustrai Colinak, finaleko azken agurrean. Ertzak eta periferia franko aipatu dira, bai, Txapelketa honetan. Hain zuzen, bertso mundua eredu eta bide-erakusle da horretan ere: periferiak ez dakusa bere burua periferia modura; nazio batu baina deszentralizatuaren isla da Txapelketa. Zazpi probintzietan izan dira saioak, eta zazpi probintzietako entzuleak ibili dira saioz saio. Lekuan lekuko bertso eskolek eta taldeek ziurtatu dute saioen antolaketa, Bertsozale Elkartearen ondoan. Bertsolarietan, gai-jartzaile taldean, epaimahaian eta talde antolatzailean zinezko nazio ikuspegitik egin da lana. Halakorik ez litzateke posible, erdigunean ez balira euskara, euskal kultura eta herri kontzientzia.

Luparekin entzuten  Luparekin entzuten  Luparekin entzuten  Luparekin entzuten  Luparekin entzuten  Luparekin entzuten  Luparekin entzuten  Luparekin entzuten  Luparekin entzuten  Luparekin entzuten  Luparekin entzuten Luparekin entzuten  Luparekin entzuten Luparekin entzuten Luparekin entzuten Luparekin entzuten