Gailurra: Euskaltzaindiaren eskutik txapelketa nagusiak berriro (1958-1967)
Euskaltzaindiaren eskutik txapelketa nagusiak berriro –
Hernandorenaren txapelketen gailurra Parisen: lehen aldiz telebistan
Pariseko lehen egonaldia (1958)
Hernandorenaren txapelketek eten bat izan zuten 1950eko hamarraldiaren erdialdera. Parisera aldatu zuen bizitokia familiarekin, eta Parisko Cervantes dispensarioan lortu zuen lana dentista gisa. Dispensario hura SIA (Solidaridad Internacional Antifascista) erakundeak sortu zuen errefuxiatu espainiarrei laguntza zerbitzuak eskaintzeko, eta hamar urte egin zituen bertan lanean zizurkildarrak.
Parisen egonagatik, ordea, ez zion bertso-munduaren eragiletzari uko egin. Pariseko Euskaltzaleen Biltzarrak, Euskalduna erakundeak eta Euskal Etxeak urtero Eskuararen Eguna antolatzen zuten, eta, Hernandorena tartean izanik, 1958ko ekitaldirako bertsolari txapelketa bat antolatzea erabaki zuen. Urruñan egin zuten lehenengo kanporaketa saio bat, eta Basarrik, Uztapidek, Mattinek eta Xalbadorrek lortu zuten Pariserako txartela.
Euskal Herrian dezenteko jarraipena egin zitzaion txapelketari (Herria, Aranzazu, Diario Vasco eta La Voz de España), tartean Basarri irabazlearen kontakizuna jasoz. Erbesteko euskal prentsan ere izan zuen oihartzunik, Hernandorenaren eskutik (Amerikako Euzko Deya eta Pariseko Euzko Deya). Bestalde, 1960ko hamarraldian antolatu ziren txapelketen harira Iparraldean ez zela bertso-mundua mugitzen esan zion norbaiti erantzunez, Parisen jokatutako saioen berri zehatzagoa eman zuen Hernandorenak berak 1965ean argitaratu zituen hiru artikulutan. Eta Uztapidek ere kontakizuna eskaini zuen Lengo egunak gogoan liburuan. Bertso-saioez haratago, Parisen bertsolariek egindako hiruzpalau eguneko egonaldiaren inguruko hainbat xehetasun ezagutzen da, beraz.
Egun haietan Frantziako hiriburuak bizi zuen giroa dakar gogora Hernandorenak: “Algeriako gerla zala ta egun oietan Parisen beldur aundia zegoen mementu batetik bertzera erreboluzionea sortuko ote zen. Paris arras itxusia zegoen gendarmez eta karroz josia” (Herria, 1965/IV/22, “Pertsulariak Parisen”). Sorbonako unibertsitatean Hernandorenak berak bertsolaritzaren inguruan emandako hitzaldiarekin ekin zioten finalaren egunari. Gero, Eiffel dorreari egin beharreko bisita etorri zen Uztapidek kontatzen duenez:
“Lenbiziko lana Torre Eiffel ikustea egin genduan. Gora igo puntara, andik bera begira jarri ta lurrean gizona txikia gelditzen zan, txindurria bezela […] Paris ederki andik ikusten da. Erdi-erdian dago ori, torre ori, ta alde guzietara begiratu ta urruti zeuden aren egalak.” (1975: 226)
Finala jokatu zuten ondoren, jendez mukuru zen Euskal Etxean. Hernandorenak hainbat gonbidatu ilustre aipatzen ditu: “[…] Unescoko bat edo biga, jakintza gaietako jende aunitz, Euskadiko Lendakaria Agirre, Eskualtzaleen Biltzarreko buruzagi Dassance eta abar” (Herria, 1965/ IV/22, “Pertsulariak Parisen”). Basarrik epaimahaiko egondako izen batzuk gehitzen dizkio: “[…] todo el Jurado estaba integrado por catedráticos y profesores de la Sorbona: catedrático M. Possonpiez, Padre Echarriton, profesor Cabillon, profesor Dagorret, etcétera” (La Voz de España, 1958/V/20, ‘Basarri triunfador en el concurso de París’; Lekuona). Eta Herriako kronikariak epaiaren inguruko zalapartatxoa jasotzen du: “Hernandorena jaunak erran duelarik: ‘orai jujeak joanen dira deliberatzera’ jendea hasi da botz batean erraiten: ‘Mattin!, Mattin!…’. Eta pena hartu du dudarik gabe, jakin duelarik jujeen arrapostua: lehen Basarri, bigarren Mattin, hirugarren Chalbador eta Uztapide” (Herria, 1958/V/22, “Parisen, koblakariekin”; Irigaray, Jean). Ematen duen azalpenak gero Xalbadorrek 1967ko finalean jasan beharko zuen arazoa ekartzen du gogora: “Zendako nahi zuen jendeak Mattin? Eskuara Basarrik baino aiseagoa duelakotz Frantziako eskualdunendako —eta hok ziren gehienik intzutera jinak— […]”.

Sariak besapean hartuta oraindik ere turismo gehiago egiteko animoa izan zuten bertsolariek: “[…] visitar el Panteón de los Hombres Ilustres, Los Invalidos, etc […]” (La Voz de España, 1958/V/20, “Mi Atalaya Montañera”; Eizmendi, Iñaki Basarri). Hernandorenak kontatzen duenez metroa ez zebilen langileen greba zela eta, eta joan-etorri guztiak oinez egin behar izan zituztenez nekatuta bukatu zuten, batez ere Xalbadorrek eta Mattinek. Hala ere, gauean kabareta ikustera animatu ziren denak: “Lido, Parisen ezagunenetako kabaret bat da. Eta bertara ez da sos batekin edo birekin sartzen… […] Sartu baginan sartu, amar minutu baino lehen Xalbador lo gelditu zitzaigun maiaren gainean burua emanaz. Basarri, aldiz, begi-belarri zegon bertako ikuskizun politari begira” (Herria, 1965/IV/22, “Pertsulariak Parisen”; Hernandorena, Teodoro). Uztapidek ere graziarekin kontatzen du pasarte hau: “An bata baño bestea politagoak asi ziran ateratzen, eta Mattin bereala asi zan lepo-luzeka. Bestela ezin zuan, ba, ezer ikusi […] Besteak santuak giñan, baña iñor ez nuan atzera begira ikusi nik. Xalbadorrek, artxek lo piskaren bat egin zuan […]” (1975: 227)
Biharamunean ere turismo gehiago egiten jarraitu zuten. Baita bertsotan egiten ere:
“Ikusi genduan museo ori; baña gure Ernandorenak bertsoak botatzea nai eta an ziran komeriak. An bertsotarako giroa palta, eta girorik gabe ez da bertsotan egiten. Lenbizi amaiketako ederra egin, eta gero, norbere gustoko lagun batzuek jiran dituanean, orduan bertsotarako gogoa etortzen da […] ordea, Hernandorena etzen errez etsitzekoa. Gero museoaren gañera atera giñan, eta Paris guzia ikusten zan, andik begiratuta; eta an aurrean zer ikusten genduan kantatzeko esan zigun Ernandorenak.” (id.: 228-229)
Bueltakoan bere proiektuari eusteko animo berrituekin nabari zen Basarri:
“Desde nuestras primeras actuaciones […] hace unos veinticinco años, tomamos la firme resolución de […] dejar a un lado los procedimientos de los bersolaris que nos precedieron; con la sana idea de elevar un poco el nivel del bersolari […] Nos consta a nosotros que gustabamos en la provincia.
Era una evolución inesperada y el público no estaba suficientemente preparado para aceptarlo de grado […] ¡Cuánto se ha avanzado en pocos años a este respecto! […] bersolari actual que, de las lóbregas tabernas, ha pasado a las aulas de las Universidades: Salamanca y la Sorbona, por ejemplo.” (La Voz de España, 1958/V/20, “Mi Atalaya Montañera”)
Uztapide, berriz, kontentu baina nekatuta: “Iru egun pasa ta urte bete pasata bezelaxe aspertu edo ez dakit, ba, zer esan ere. Gu Parisen izan giñala, ta poz orixe. Ernandorenari eskerrak joan giñan gu Parisera; bestela ez giñan joango sekula igual”. (1975: 230).

