Gorbatarik gabeko bertsolariak

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2026-01-14
Ilustrazioak: Patxi Gallego

Gorbatarik gabeko bertsolariak –

Aurreko belaunaldia agorturik

Uztapide, ziklo honetako txapeldun handia, mutu gelditu zen bertso-saio baten erdian:

“1972ko […] apirilaren 30a zen eta bertso saioa zen Anoetako (Donostia) Atano III.a pilotalekuan. Kantari, Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Gorrotxategi, Mattin Treku, Xalbador, Azpillaga, Lopategi eta zortziek ziharduten, gai jartzaile lanetan, berriz, Joxe Mari Iriondo. Bakarkako lanerako deitu zion horrek Uztapideri, eta ohi baino denbora gehiago hartu zuen. Bertsoa kantatzen hasi, eta gelditu egin zen; berriz ekin, eta ez zitzaion esandakoa ulertu. Buelta erdia eman eta bere lekuan eseri zen Manuel.” (Martin, 2009: 36)

Xenpelar Dokumentazio Zentroan aurki daiteke audio hura, eta benetan zirrara eragiten du: “Barkatu” da txapeldun handiari ulertzen zaion hitz bakarra.

Medikuarengana eraman zuten saioa bukatu bezain pronto, eta bihotzekoa izan zuela argitu zuen hark. Zestoarrak ezin izan zuen gehiago jendaurrean bertsorik eskaini. Azpillagak saio hartan emandako agurrak erakusten du bertsolariak zeukan itzala eta haren hutsuneak zekarren galera: “Bertsolarien buruzagia/ hartu baitigu ondoezak/ ta haren partez agurtutzea/ ongi iduritutzen zat;/ agur ta txalo eder bat danok/ Uztapide zarrarentzat/ oker bat gertatu izan zaigu/ ta hartzekua da aintzat” (id.: 36) .

Hamarkada bat bazen Basarri txapelketetatik erretiratu zela. Lasarte ere ondoezik zebilen. Xalbadorren heriotza tragikoa etorriko zen 1976an, haren omenaldi egunean gertatutakoa… Ziklo hau bere gailurrera eraman zuten bertsolariak agortzen hasiak ziren 1960ko hamarraldia bukatu zenerako. Haustura dator hor ere, eta belaunaldi berriari tokatuko zaio bidea egiten jarraitzea. Honela adierazten dute Joanito Dorronsorok eta Juan Mari Lekuonak:

“[…] Uztapidek bere bizitza idazteak, etab., esan nahi du, bertsolaritza prosagintzaraino heldu den honetan […], belaunaldi honek bere gorena jo duela. Proiektua bete du. Eta inguru honetantsu Uztapide ere isildu egiten da, lehen Basarri bezala […]. Edozein moduz ere, gogor samar esanda, 67/68 aldera, beranduenik Auspoa-ko liburu horiekin, gizaldi hau beheraka sartzen da. Uztapide, Mattin, Xalbador bera laster. Emateko hoberenak eman balituzte bezala, AUSPOA-ko liburu horiek testamentu antzera ikus genitzake, bai Uztapiderena, bai Xalbador-ena. Jarraiko urteetan ikusten duguna, belaunaldi berri baten errelebua da.” (1987: 21)

Gorbatarik gabeko bertsolariak

Bertsolaritza soziala: Amurizak Lopategiri eginiko elkarrizketa

Belaunaldi berriak hartutako protagonismoa seinalatzen du Garziak ere, eta protagonismo berriari jarrera berria lotuko dio: “A medida que se percibe el fin inminente del dictador, aumenta la necesidad de decir las cosas de una manera más directa, con o sin permiso de la autoridad gubernativa” (2000a: 451).

Testuinguru berriak bertsogintza berria dakar beste behin. Dorronsorok honela azaltzen du:

“‘Onena’-ren Sariketaren ondoren hilabete-pare batera gertatzen da Etxebarrietaren hilketa, ondoren etorri den guztiarekin. Giroa oso bestelakoa da. Gaien aldetik egundoko aldakuntza dator, ezta?, eta gaien trataeran ere bai. Nolabait, bertsogintzari ondo datorkio, gehiegikeriak aparte, kontrabandoko mezu bat transmititzen aritzea. Edozein gai jartzen zitzaiela, bertsolariek aterako zioten puntta politikoa.” (1987: 22)

Eta Amurizaren kontakizunak ere beste hainbeste dio:

“Burruka armatua sortu zen, apaizak ‘lotsagabeturik’ zebiltzan, gazteriak egundoko sua zekarren, adin gehiagokoek, gerran ibiliek eta beren baitan abertzale mina gorderik zeukatenek, pozez eta emozioz ikusten zuten ‘buelta’ hura. Gizarteko estamentu guztiak ukitu zituela mugimendu hark esan liteke […] bertsolaritza ere harrapatu zuen, gai politikoek garrantzi haundia hartzen zutelarik […]. Grebak eta gainerako arazo sozialak gero eta leku gehiago zeukaten bertsogintzan.” (1987: 33)

Saltsa hartan barruraino sartuta zebilen Amurizak Lopategiri Anaitasuna aldizkarirako 1967an egindako elkarrizketak ezin hobeto islatzen du bertsolaritza sozial honen izpiritua. Eta badu bestelako esangurarik ere, bertsolari batek beste bertsolari bati eginiko lehen elkarrizketa baita, bertsolariek eremu mediatikoan inolako bitartekotzarik gabe, berezko ahotsaz, aritzeko garatzen ari ziren gaitasunaren erakusle:

“—Gaurko Euskalerriak ze bertso-tankera eskatzen dauala uste dozu, bertso-gaieri begiratuz batez be?

—Gaurko Euskalerriak gaurko gaiak eta gaurko bertsolariak gura ditu. Bertsolaria barre eragiteko bakarrik ezta, batez be erriaren itxartzalle baño. Eta erririk ezin leiteke itxartu gai sakonak eta gaur-gaurkoak sarriago erabilli ezik.” (Anaitasuna, 1967 urria, “Yon Lopategui, Bertsolari Aundia”; Amuriza, Xabier)

Gerra aurretik Lauaxetak edo Basarrik egiten zuten bezala Kepa Enbeita hartzen da eredutzat, ordura arteko bertsolari politikoena:

“—Euskalerrian izan diran eta gaur dagozan bertsolari guztietatik bateri monumentu bat egitekotan, zein aukeratuko zeunke? Zegaitik?

—Kepa Enbeita. Bere momentuari beste iñok baño obeto erantzun eutsolako, gaurko ta aurrerantzeko bertsolarien ejenplutzat jarritea merezi daualako.”

Arestik eskatzen zuen bertsolari eredua, kritika sozialera bideratutakoa, nagusituko da. Baina sagardotegira bueltatu beharrik gabe, berriro ere bertsolari jantzia jartzen baita xedetzat. Tradizionalismoak, edo frankismoak berak, maite duen behe kulturaren irudikapen horrekin hautsi nahi da ezbairik gabe:

“—Bertsolaritza barriztatzeko ta gaurkotzeko ze bide ikusten dozu ta nundik jo bear dala uste dozu?

—Bide bakar bat baño eztago: Kulturadunen artean bertso-zaletasuna sortuarazotea, edo obeto esanda, bertsolari sentitzen diran gazteai al danik jakintza aundiena emotea. Muniategi lako dozenerdik Euskalerria euren donura dantzatuko leukie.”

Muniategi jartzen du Lopategik adibide gisa. Hain zuzen ere hilabete batzuk lehenago Amurizak berak iruzkindu eta goratu zuen bertsolari bera. Testua Zeruko Argian argitaratu zen kasu horretan, eta honela egiten zion sarrera Amurizak:

“Bertsolaria ta bertsolaritasuna, oraiñarte behintzat, geien batez baserriari eta langille-gendeari loturik egon da. Bertsolarien artean, naizta azkarrak eta burutsuak izan, eskoladun gitxi daukagu oraindik. Orrezgañera edo orrexegatik bear bada, bertsolaria modatik pasatzeko arriskuan dago, gazte-entzule askoren belarrientzat gaurkotasunik eztaukan antxiñako ots besterik ezpaita […] Euskalerri barri bat altza naiez ari dan gazte […] oneitariko asko dagoz bertsolaria euskal-kontzientziaren pizgarri bezela aintzat artzen eztabenak […] Origaitik aspaldiz nengon bertsolari gazte baten izena Zeruko Argira ekarri naiez, naizta ia askok lendik ezagutu, gaztea, eskolatua eta gaurkoa dalako.” (Zeruko Argia, 1967/II/26, 12.or.. “Abel Muniategi, bertsolari ta unibertsitarioa. Bertsolaritza bide barriak zabaltzeko kapaz da”; Amuriza, Xabier)

Bertsolariak herriaren ahotsa behar duela aldarrikatzen duen Muniategiren bertsoa azpimarratzen du, besteak beste, Etxanokoak: “[…] Altaboz on bat izatia da/ bertsolariaren lana/ ni ez naiz emen zure aurrian/ zerbait esaten dedana/ Euskalerria bera da gure/ agoz kantatzen dauana”. Baita bertsolaritzaren berritzeko grina, eta aldaketa politikoekiko konpromisoari abestutako hau ere: “Aurreratuaz doa erria/ mudantzak datoz aukeran/ ta zuk diñozu bertsolaria/ ia estankatu ote dan./ Gaurko mensaje barria dator/ guk darabilgun euskeran/ itz egiteko deretxua ezin/ ukatu leike ezelan/ bertsolariok kantauko dogu/ plazan ez bada kartzelan”.

 

Debekuak eta zigorrak: Azpillaga eta Lopategiren ausardia

Jon Azpillaga (1935-2017) eta Jon Lopategi (1934-2019) altxamendu militarraren bezperatan jaio ziren, eta barru-barrutik pairatu zuten gerra bidegabe haren sufrimendua: “Azpillagaren aita, Itsasalde batailoiko gudaria, 1937ko maiatzaren 9an hil zen gerra frontean, semeak hamasei hilabete zituenean eta emaztea haurdun zuenean. Lopategiren aita, ostera, kartzelatu egin zuten bi lehengusu Artxandan galdu ondoren” (Larreategi, 2012: 20).

Lopategi 1961eko edizioan Bizkaiko txapeldun atera zen, Azpillaga 1962koan, eta handik aurrera elkarrekin aritzeko deitzen hasi zitzaizkien plaza askotatik. Bertsolari asko eta belaunaldi gazteeneko gehientsuenak lotu zitzaizkion bertsolaritza sozialaren olatuari, baina garai batean Basarri eta Uztapide bezala herriz herriko ibilieran bikote artistikoa osatu zuten muxikarra eta mutrikuarra olatu honen ikur bihurtuko dira. Larreategik azaltzen du arrakasta horren neurria: “[…] urte berean sei aldiz izan ziren Zaldibian eta Ataunen […] egun berean lau saio behin baino gehiagotan egin zituzten. Lopategik haietako egun bat gogoratzen du oraindik: 12:00etan Artean izan ziren, 14:00etan Miraballesen, Munitibarren 17:00etan eta Gizaburuagan 21:00etan” (2011: 21-22).

Aho bizarrik gabe abesten zutelako deitzen zituzten batetik eta bestetik: “Dudarik gabe, jorratzen zituzten gaietan topatu behar dugu bikotearen arrakasta […] biek aitortzen dutenez, publikoak zirikatzea eta egurra ematea exijitzen zien; politikaren alorrean gertatzen zirenei buruz abestea” (id.: 28).

Bota ohi zituzten bertsoen adibide asko daude jasota. Bi hauek, esaterako, egun ere zigortuak izango lirateke ezbairik gabe:

“Hona Azpillagak garai hartan botatako bertso baten azken bi puntuak: Guardia Zibilak joango balira/ ta gu utzi bakarrikan,/ orduan ez zen hemen izango/ metraileta beharrikan. […] Lopategi ere ez zen atzean gelditzen: Armak hartuta legien kontra/ bestien lurrak berendu/ berak indarra daukatelako/ txiki daneri gailendu/ arma beharrik gaur ez litzake/ elkar maiteko bagendu.” (Paya, 2013: 54-55)

Lehenengo isuna Urnietan abestutako saio baten ondoren etorri omen zitzaien. Azpillagak Franco gaixorik zegoela bota zuen, eta Lopategik belar txarra ez dela erraz garbitzen erantzun. Herriko gazteek ordaindu zuten orduko hartan isuna. Gehiago etorri ziren ordea: “Honezkero kontua galdu duten arren, 7.500 eta 10.000 pezeta arteko bospasei multa behintzat jarri zizkieten hamarkada batean” (Larreategi, 2011: 39). Eta isunen ondotik guardia zibilen bisitak eta kuartelerako hainbat joan-etorri. Baita debekuak ere: 1967tik 1970era eta 1972tik 1975era plazan aritzeko debekua ezarri zion bikoteari Bizkaiko gobernadoreak. Karteletan beste bertsolari batzuen izenak jarriaz plazak egiten jarraitu zuten, ordea. Honela azaltzen du Azpillagak: “Gu horretaraxe jarri ginen eta benga! Guardia zibilak eta txibatoak bazter guztietan egoten ziren. Baita Iparraldera joaten ginenean be. Askotan, saio biharamunean tailerrera guardia zibilak agertu eta koartelera, eta multa eta kristoa. Baina segi!” (Barandiaran, 2011: 20). Kartzelan ere egin zituen egun batzuk Lopategik, bertsotan egiteagatik jarritako isunak ordaintzeari uko egin ziolako, “arresto sustitutorio” zeritzona betetzen.

Gorbatarik gabeko bertsolariak

Ez ziren, noski, gisa horretara ibili ziren bertsolari bakarrak. Joxe Agirre, Joxe Lizaso, Lazkao Txiki, Gorrotxategi, Igartzabal eta bera ere aritu zirela aipatzen du Lazkanok (Barandiaran, 2011: 20). Txomin Garmendia ere aipatzen du Lopategik (Larreategi, 2011: 41). Edo Xalbadorren bertso honek, Txiki eta Otaegiren exekuzioaren biharamunean Alfontso Irigoienek eskatuta Euskaltzaindiaren bilkura batean kantatua, sona handia izan zuen: “Hain hitz ederrak errex lerratzen / dira gure ezpainetan / errexkiago sendi delarik / zauria gure barnetan. / Hoien arimak Jaunak har bitza / betiko zeru gainetan / eta isuri duten odola / sar bedi gure zainetan”. Eta Lazkao Txikik guardia zibilekin izandako pasadizoa ere ezaguna da oso: “¿Y qué van a cantar ustedes?”. “No sabemos”. “Pues vaya cantaores de los cojones”. Jazoera Getariako saio batera bidean izan zela gogoratzen du Iriondok, eta bera aurkezle zen saio batean, Uztapideri bihotzekoak eman zion hartan, gertaturikoa kontatzen du:

“Uztapide bera, Joxe Lizaso, Gorrotxategi, Azpillaga eta neuri isuna ezarri ziguten. Gaia zera zen: “Odolkiak ordainetan”, eta itzulpena egiterakoan, “una tradición antiquísima en el país” jarri nuen. Uztapide zen hasten, eta “nola egingo ditugu ba odolki onak, zerririk haundienak Madrilen daude eta” bota zuen, eta Lizaso-Gorrotxategi-Azpillagak bide berdinari jarraitu zioten. Garai hartan Carlos Claveria zen Gipuzkoako Delegacion de Turismoko buru zebilena eta ez zen inor bakean uztekoa. Ez dut esango nor zen, baina badakit “txibatazoa” zein “euskaldun jatorrek” sinatu zuen bakoitzari berrehun pezetako isuna proposatuz.” (elkarrizketa pertsonala)

Zavalak, berebat, Arruek Lazkao Txikiren alde egindako gestioak aipatzen ditu:

“Igande batez, ez dakit zein urtetan, bazkalondoan, telefono dei bat izan zuten Arrueren etxean. Nor izango eta:

—Xalbador bertsolaria nauzu. Goierriko alako erritan naiz, bertsotara etorria. Lazkao-Txiki ere kantatzekoa zen, baiña zensurak galerazi egin dio. Ez al zenuke aren alde zerbait ere egingo, emendik aurrera eragozpenik izan ez dezan?

—Bai. Aalegiñak egingo ditut —erantzun zion Arruek.

Ala, urrengo egunetan ate joka jardun zan, Lazkao-Txikiri mesede ori egitearren, bertsolari au ere asko maite baitzuen.” (2008: 21)

Edo Amurizak ere badauka gisako konturik: “Neuri ere gertatu zitzaidan Izurtzako ermita batean Santa Agedan, Abel Enbeita eta biok kantuan, ni gazte-gaztea sotanarekin, eta dantzariek ikurrina atera zutelako Goardia Zibila agertu eta arrapaladan handik ihesi joan beharra” (elkarrizketa pertsonala). Eta harrigarriagoa dena, baita Joseba Sarrionandia idazleak ere: “Ni bertsolaritza zela-eta egon nintzen lehenengoz Guardia Zibilaren kuartelean, ez preso, teknikoki, baina preso sentsazioarekin” (2015: 10). Abel Muniategiren hitzaldi bat antolatu zuten, eta hark Mugartegi ekarri hitzaldia bertsoekin osatzeko. Guardia Zibilak Mugartegik kantatuko zituenaren itzulpena nahi zuen aurretiaz, eta ez zuten amatitzen kantua inprobisatua izanik hori ezin zitekeenik.

Garaiko prentsan, batez ere Anaitasunan, hainbat testu topa daitezke halako debeku eta zigorrak salatuaz. Arantza Lasak, esaterako, Azpillagari eta Lopategiri elkartasuna adierazten zien 1969ko abenduan (Anaitasuna, 1969ko abendua, “Bertsolari bi”). Xabier Gereño da kezka agertzen duen beste bat, Bizkaian bertsoak entzuteko ezarritako debekuagatik gazteenek ez dutelako bertsolaritza ezagutzeko modurik (Anaitasuna, 1973/I/30, 9. or., “Neure lantokitik atala / Bertsolariak”). Edo Armendaritz izenordearekin sinatutakoan Bizkaiko gobernadoreak bertsolariei Durangoko Azokan eta Azkueren omenaldian abesteko baimena ukatu diela salatzen du (Anaitasuna, 1973/ XI/15, 6. or., “Gure munduko albisteak / Bertsolariak galerazirik”).

Debekuek eta zigorrek ez zuten, ordea, Gereñok kezkaz iradokitzen zuen bezala belaunaldi gaztearen arreta urruntzen. Alderantzizko efektua zutela esan daiteke: “Anekdota hori kontatzen dut, bertsolaritza ezezaguna zelako, oso baserritarrekin lotua, eta geuri ere, debekatua eta marjinala zelako interesatzen zitzaigulako. Zeren gu ja bertso libreen haritik gindoazen” (Sarrionandia, 2015: 11).

 

Barne arrakala: Loiola Herri Irratiko sariketaren boikota

Bertsolaritza soziala ez zen guztien gustuko suertatu, noski: “Joera horrek zenbait jenderengan muzina eta azpijana sorrerazi zuen, gisa honetako esamesak zabalduz: ‘Hori ez duk bertsoketa, politika baizik’. ‘Orain bertsolari txarra ere ona izan zitekek, politikan pixka bat sartuz gero’” (Amuriza, 1987: 33).

Basarri bera, esaterako, deseroso agertzen zen egoera berriarekin:

“Politikan sartu ezkero, onengatik edo arengatik egundokoak esan ezkero, txalorik zaratatsuenak irabaziak […]. Berdin da bost xentimo balio ez duan bertsoa bada […]. Beste batek mundukorik onena kanta dezala, ta iñor iraintzen ezpadu, politika kutsurik ezpadu, ixiltasun nabarmena […] ez dago txalorik eta esker onik.

[…] Politika bearrezkoa da, errigintza dalarik. Guk ere ba-degu geurea, ta txalogarri derizkiogu gaiñontzekoek izatea.

Bertsolari jaialdi bat, ordea, ez da mitin bat bezela. Bertsozale purrukatu diranak bertsoak entzutera joaten dira, ta ez mitiña entzutera.

Politikari bere sailtxoa emanarren, andik kanpo egiteko aundiak ditu bertsolariak. Sail zabalagoak, alegia, ontaz eta artaz itzegiñaz.” . (Goiz-Argi, 1977/XI/05, “Bertso jaialdiak obetzeko”)

Deigarria suertatzen da gerra aurretik bertsolaritzaren egiteko politikoa aldarrikatuz argitaratu zituen hainbat testurekin alderaketa egitea. Esaterako, 1935ean El Dían argitaratutako hau: “Euskera apaindu ta goraltzen, aberriari abesten, Abenda edo ‘arraza’ zarra indartzen […] ta beste olako gauzetan lenen lenengo beardu bertsolariak, askotan izlari askok baño geyago egin lezakete ta. Bide ontatik jokatzen diran bertsolariak, Euzkadi gure aberri maitearen aldezlerik bikañenak dira” (El Día, 1933/XII/22, “Bertsolariak”).

Bistan denez, ez zaizkio alferrik pasatu berrogeita lau urte. Ez da, ordea, bertsolaritzaren politizazio horrekin disgustura dagoen bakarra. Zalegoaren zati bat bertsolaritzatik urruntzen ari dela abisatzen du zarauztarrak Goiz-Argiko artikuluan: “Benetako bertsozale urrutiratu oiek inguratu bear dira berriro. Ortarako, ordea, iñoiz utzi bear etzan bide zuzenari ekin bear dio jendeak.”

Amurizak hainbat ñabardura egiten dizkio Basarrik planteatzen duenari (1987: 34-36). Honela, politizazioa gorabehera, beste esparruak ere jorratzen zirela dio batetik eta bertso politikoa bertsolaritzaren historiako ziklo guztietan landu izan zela gogorarazten du bestetik[1]. Aldi berriaren nobedade nagusia formatuan legoke Etxanokoaren iritziz, bertso jarrietatik bat-batekora pasatzean, eta hamarraldi horietan jarriak izandako motelaldiarekin lotzen du, azkenik, aldaketa hori.

Ñabardura horiek azpimarratu beharrekoak izanagatik, bistakoa da Basarrik iradokitzen duen barne arrakala hori egiaz ematen dela. Eta badirudi abertzaletasunak ezker abertzalearen garapenarekin bizi duen barne arrakalaren isla litzatekeela. Honela deskribatzen du egoera Bertsozale Elkartearen lehen koordinatzaile izan zen Koldo Tapiak:

“Tapiak esplikatutakoaren arabera, bi joera zeuden nagusi: bata balio tradizionaletan oinarritzen zuena —moral kristaua, ohitura zaharrak, errespetua…—, eta bestea nahas-mahas handi batean frankismoaren kontrako borroka giroan sortutako joera —tradizioa bai, baina eguneratuagoa; erabakietan esku hartzea; independentzia; moral irekiagoa…—. Parametro horietan erabaki behar zuen bertsolariak bere jardunaren nondik norakoa, eta, ia legea den bezala, bertsolari heldu gehienak lehen joerakoak ziren eta bertsolari gazte gehienak bigarrenekoak. “Horregatik, ‘Lehen bai bertsolariak!’ hori. Eta bestea zen: ‘Hauek bai bertsolariak!’, haiek bai esaten zutelako zer egin behar zen. Ja ez zen nahikoa askatasuna esatea; independentzia edo sozialismoa esan behar zen.” (Barandiaran, 2011: 24)

Markinako bilkurak egiteari utzi zitzaion 1974ean. Hemen ere giro nahasiaren zantzuak ikus daitezke:

“Batzuk komentuan bilerak egiteari ez zioten zentzurik aurkitzen. Areago oraindik, pixka bat kontrara ere jarri ziren. Bazen aukerarik inguru naturalagoetan bildu eta bertsotan aritzeko. Komentuan bertan ere, orduan nagusi zen Fabian Juaristi amorotoarra, ez zen ekintza horren aldeko agertu. Sukaldaritzako lanak zirela, hau dela eta bestea dela, bertan behera amaitu zen.” (Baraiazarra, 1993: 53)

Arrakalaren adiera garbiagoa Loiola Herri Irratiko bertsolari gazteen sariketarekin gertatutakoak ematen digu. Nobedadeekin zetorren 1974koa, Loiolaz gain Donostiako eta Bilboko Herri Irratiek ere eskainiko zuten, eta lehen aldiz entzuleen bozketa bidez aukeratu ziren parte hartzaileak. Hauek izan ziren hamabi bertsolari bozkatuenak (eta bakoitzaren bozka kopurua): Hauek ziren hamabi bertsolariok eta bakoitzak jasotako bozka kopurua: Angel Peñagarikano (146 boto), Mendizabal (143), Olalde (122), Telleria (118), Ziarda (110), Sebastian Lizaso (109), Salbador Laka (98), Aittola (91), Elgetzu (69), Iñaki Murua (41), Angel San Migel (38) eta Jesus Mª Jauregi Altzo (35) (Iriondo, 2000: 10). Azaroaren 8an hastekoa zen sariketa martxan jartzeko urriaren 31n bilerara deitu zituztenean, ordea, gazteenen ezezkoarekin egin zuten topo antolatzaileek:

“Ematen zuten lehen arrazoia zen ez zeudela sartuta bertsolari gazte guztiak, alegia, ‘denak ala inor ez’. Baina hori ezinezkoa zen guretzat, handiegia esku artean geneukan liga formatuan egiteko. Bestalde, bestelako formatu batekin ezinezkoa zitzaigun entzuleen bozketak bideratzea, azpiegiturarik ere ez geneukan bertsolari askoren arteko saio asko antolatzeko…

Bigarren arrazoi bat ere gaineratu zuten orduan: ‘Gure herria borrokan ari den bitartean, bizi den egoera politiko eta sozialarekin, horrelako lehiaketa batean parte hartzea fribolitate bat da’” (J.M. Iriondo, elkarrizketa pertsonala)

Planto hitza darabil Iriondok, eta jarrera horren atzean, bertsolari gazteek euren profil propioa, bertsolaritza sozialari lotua, markatu nahi izan zutela plantea daiteke. Izan ere, Loiola Herri Irratiak abertzaletasun klasiko tradizionalistaren izpiritua islatzen zuen nolabait:

“[…] Anaitasunako kazetariak (Anjel Zelaieta) Loiolako irratia “baserri kutsuduna eta neokapitalismoaren barrutikoa” bezala deskribatzen zuen. Kontuan izan behar dugu hori garaiko ezkerreko euskaltzale batzuen ikuspegia zela, Anaitasuna 1971ko euskaldungo berritzaile baten adierazpidea batzen zuen aldizkaria baitugu […] Loiolako irratiak euskaldungo tradizionalaren irudia betetzen zuela esan nahi zuen kazetariak, hots, Loiolak irudikatzen zuen Euskal Herria Basarri kazetariak bere zutabeetan erakusten zuenetik hurbilago zegoela Anaitasunak berak erakutsi nahi zuen Euskal Herri berritzaile horretatik baino.” (I. Agirreazkuenaga, 2017: 119)

Abertzaletasunaren arrakala, belaunaldi artekoa, mugimenduaren lidergotzaren ingurukoa… arnasten ziren giroan. Eta guztiak laburbilduz betiko klasikoa vs berria dikotomia ere bai. Horrela, 1960ko hamarkadan eragile garrantzitsua izandako Arrue karlista, jada zahartua, 1970eko hamarkadako bertsolaritzak arroztua deskribatzen du Zavalak (2008: 22). Gutxira hilko zen Arrue, eta honek maite zuen bertsolari klasikoa, bertsolaritzaren eredu tradizional eta subalternoena, atzean gelditzear zen ekosistema zaharraren behin betiko desagerpenarekin.


[1] Bertsolaritzaren izaera politikoaren historiari Xabi Payak ematen dio errepasoa ‘Komunitate inprobisatuak’ (2012) lanean. Etxahunen, Xenpelarren, Iparragirreren, Otañoren, Elizanbururen, Txirritaren, Basarriren, Uztapideren eta Xalbadorren bertsoetan ideologia politikoak utzitako markak aztertzen ditu, Lopategi eta Azpillagarekin gauza bera egin aurretik.

Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak  Gorbatarik gabeko bertsolariak