Ikus-entzunezkoetan bidea egiten
Ikus-entzunezkoetan bidea egiten –
Larruquert eta Basterretxearen Ama Lur (1968)
Ziklo honen gailurrean ez ezik, haustura aldian ere agertu ziren bertsolariak ikus-entzunezkoetan. Bigarren Euskal Pizkundearen ikur izan zen Ama Lur film dokumental luzean, esaterako.
Nestor Basterretxeak (1924-2014) eta Fernando Larruquertek (1934-2016) 1968an Donostiako Zinemaldian estreinatutako filma mugarritzat hartu da euskal zine garaikidearen historian (Roldan, 1999: 20); baita Pizkunde berriak zinemagintzan izan zuen lehen adierazpen gisa ere (Gutierrez, 1997: 169).
Euskal kulturaren sustraietan oinarritutako kontatzeko modu propioa garatzeko saiakera garrantzitsu bat izan zen filma, eta diktadurak desagerrarazi nahi zuen nortasun berezituaren aldarrikapen bihurtu zen. Izan ere, Euskal Herriaren irudi eta soinu bilduma kaleidoskopiko gisa gorpuzturik, nortasun hori osatzen zuten elementu ugari jorratzen zituen: artea, heriotza, herri kirolak, folklorea, historiaurrea, erlijio-magia mundua, herriko jaiak, industria, historia modernoa, hiria… Nestor Basterretxea euskal arte plastikoa tradizionalismotik abangoardiara eraman zuen Gaur taldeko kide izanik, eta Larruquert taldeko kideen lagun, planteamendu abangoardista hauetan oinarriturik burutu zen lan guztia. Izatez. filmaren kartelak Gaur-ko buru zen Jorge Oteizaren Arantzazuko bederatzigarren apostolua hartu zuen irudi nagusi gisa.

Basterretxeak eta Larruquertek 1964an sortutako Frontera ekoiztetxeak sustatu zuen lana 2.500 harpidedunek egindako ekarpenekin finantzatu zen. Eta Espainiako zentsura gainditzeko bizi izandako prozesu bereziki korapilatsu eta luzeak ere beste dimentsio bat eman zion filmaren oihartzunari. Bi urte eta erdi iraun zuen errodajearen ondotik, ia beste bi urte behar izan ziren zentsura gainditzeko. Esaterako, Picassoren Guernicaren irudiak eta elurrak estalitako Gernikako Zuhaitzarena kenarazi ziren, edo “España” gutxienez hirutan aipa zedin exijitu.
Bertsolaritzak filmean zuen garrantziaren lehen zantzua aholkulari lanak egiteko osatu zen hamabi laguneko batzordean Lekuona eta Basarri egoteak ematen digu. Bertsolaritzari eskainitako tarte bat ere badu, bestalde, Ama Lurrek filmaren 62. minututik 67.era luzatzen dena. Bertan Abel Muniategi eta Xalbador entzun daitezke bertsotan, eta haien irudiak ere ageri dira istant batez. Gainerakoan, Muniategi hasita txandan bost bertso abesten dituzten bitartean, laiarekin lanean ari diren gizon batzuk, bertsolariak irudikatzen dituen Soroaren koadroa, tokan jolasean ari diren gizonak eta beste hainbat irudi ageri dira, Artze anaien txalaparta saioarekin bukatzeko[1].
Txalapartarien minutu erdiko saioa amaitzean Oteizak idatzitako testua irakurtzen du offeko ahotsak, bertsolariek abestutakoaren oinarrizko itzulpen bat eskainiaz:
“[…] bersolaris nuestros. El pastor Xalbador y Muniategi el universitario. Se han reunido desde los dos lados del Bidasoa llamados por la fuerza del amor fraterno y se han abrazado en las viejas playas incadas en la tierra. Nos dicen que son hijos de un mismo pueblo; ramas de un mismo árbol, y hablan una misma lengua. Nos recuerdan la antigüedad de nuestro ser vasco; las razones vitales que la mantienen y la obra siempre renovadora de la juventud.”
Eta hainbat euskal jauregi eta baserriren fatxadak ikusten diren bitartean, bertsolaritzaren inguruko azalpena borobiltzen du Oteizaren testuak:
“Txirrita, Udarregi, Pernando Amezketarra, Enbeita, Basarri, Uztapide y tantos otros… Voces de la conciencia popular, crítica, sátira, los bersolaris improvisan sus ideas y las plantan en las plazas y frontones de nuestros pueblos; antiguas y nuevas voces; palabras proféticas; imagen viva del alma vasca; alma de un pueblo cuya historia podría redurcirse al lema que ostenta una vieja casa de Laburdi: ‘Ni tiranos ni esclavos’. La flor de lo intelectual en la rama, la rama de lo popular en el tronco, y el tronco y la raíz de la lengua y la tradición en la tierra.”
Basarrik eta Lekuonak eskaini zitzaketen aholkuena edo sekuentzia horiena baino pisu handiagoa du, hala ere, bertsolaritzak Ama Lurren. Esan bezala, kontatzeko modu propio bat bilatzen zuen filmak, eta bertsogintzaren teknika hartu zuten eredu, lehenik amaiera finkatu eta gero sorkuntza amaiera horretara bideratuz; filma horrela osatzeko ideia Xalbadorren eta Larruquerten arteko elkarrizketa batetik sortu omen zen (Gutierrez, 1997: 172; Roldan, 1999: 21). Bestetik, kopla zaharren logika poetikoa ere erabiltzen da:
“Otra técnica de literatura oral utilizada en la construcción de Ama Lur es la ya citada de utilización de la lógica poética en los encadenamientos o Transiciones, propia de las Kopla Zaharrak […]. Es un “saltar de rama en rama”, al abrigo y amparo de relaciones no intelectuales sino sensibles.” (Gutierrez, 1997: 172).
Bertsogintzaren tekniketan oinarritutako kontatzeko modu hori funtsezkoa da Ama Lurren modernitatea azaltzerakoan. Martinezek azaltzen duenez, ordea, ez du apenas jarraipenik izan lan ildo horrek (2011: 37). Ez dio horrek, noski, garrantzirik kentzen Ama Lurren egindako saiakerari, eta Gutierrezek uztarketari aitortzen dion garrantziaren adierazgarri euskal zinearen tempoari buruzko lanean lehen kapituluaren zati eder bat ahozko literaturari eta bertsolaritzari eskaintzen dizkio (1997: 26-48).
Pontramierren Noël à Bordeaux (1968)
Frantziako telebistarako egindako Noël à Bordaux [Gabonak Bordelen] jite klasikoko dokumental laburra da; etnografia lan bat, pretentsio artistiko eta sinbolikorik gabea. Jean Michel Pontramierren zuzendariak ere ez du arrasto handirik utzi, 1965 eta 1978 artean egindako gisako dokumental labur mordoxkaz haratago.
Lillen kokatutako Office National de Radiodiffusion Télévision Française da ekoizlea, eta dokumentala 1968ko gabon-egunean emititu zen “Vivre en France” [Frantzian bizi] programaren baitan, eredu berari jarraitzen zioten beste hamabi piezarekin batera.
Lehen sekuentzietan, Santxo artzaina ageri da, 81 urtekoa eta 1914ko Lehen Mundu Gerran zauritu zutenetik maingu gelditutakoa. Ardiak dakartza bideetan zehar, Baigorriko baserri batean sartzen dituen arte. Baserriko sukaldeko sutondoan esertzen da ondoren, hainbat lagunekin, eta artazuriketan ari den Xalbadorren eta ondoko aulki batetik erantzuten dion Ximun Ibarra Zubikoaren bertsoak entzuten ditu.
Xalbadorrek ekiten dio: “Aizu zu Sancho, egon zaite ba/ ene eskerraren jabe/ zuri so gaude hemengo denak/ zera hemengo errege/ mendian zinen aspaldi joaina/ oroitu zira halere/ eguerri egiazkoik etzela/ neon artzainikan gabe”.
Zubikoak jarraitu: “Negu aldian izaten degu/ jeneralean egun motza/ ta gehienian denbora txarra/ haizia berrizen hotza/ artzain gaixoa zu ikusita/ nik hartutzen dedan poza/ zenbateraino alegratu naizen/ ez dakizu gaur ontsa”.
Eta Xalbadorren bigarren bertsoaren ondotik Betti Bidarten txistu soinuak lagundurik kantuan jartzen dira denak offeko ahotsak euskal gabonei buruzko azalpen batzuk eskaintzen dituen bitartean.
Gabonetako ohiturei buruzko dokumentalean ageri da, bada, bertsolaritza, berriro ere kostunbrismoaren eta tradizioen markoan.
De La Sotaren Nortasuna (1976)
Gaur taldeko Remigio Mendiburu eskultorearen lanari buruzko metraje ertaineko filma (55 minutu) izango da bertsolariak pantaila handira eramango dituen hurrengoa.
Pedro de la Sota (1949) zuzendariak erbesteratutako familia abertzale baten altzoan Parisen egin zituen zine ikasketak, eta bere lehen filmak frantsesez filmatu zituen. Nortasuna horrekin egin zuen lan lehen aldiz euskaraz eta Euskal Herrian, Aralai ekoiztetxearen sostenguaz.
Lanak Mendibururen zurezko eskulturak euskal izaeraren abangoardiako irudikapen gisa aurkezten ditu, euskal paisaiaren inguru naturaletan kokatuz eta horrekin harremanetan jarriz. Eta naturarekin batean bertsolariak ageri dira, Oteizak azpimarratutako ildoari jarraikiz, euskal arimaren jagole gisa: “Dena historiaurretik datorren armonia batean dagoela dirudi; ura borborka dakarren ibaia, zuhaitzez betetako basoa, Mendibururen eskultura mendiaren erdian… eta txandaka, Mikel Laboa eta hiru bertsolari kantuan zurez eta lastoz egindako etxola batean” (Martinez, 2011: 31).
Imanol Lazkano, Jose Luis Gorrotxategi eta Xalbador dira hiru bertsolariak. Oso modu teatralean, bakoitza etxolaren alde banatan kokatzen dira, zutik: Lazkano atean, Gorrotxategi erdialdean eta Xalbador hondoan. Haien aurrean, lasto gainean eserita, hainbat gazte entzuten. Eta Ama Lurren ez bezala, filmak erakusten duenaren hariari estu lotzen zaizkie, ongi prestaturik dauden bertsoen bidez.
Lazkanok, esaterako, euskal inguru naturalaren jarraitutasunaren inguruan josten du berea: “Mendiak beti gauza handi bat/ erakutsi digu guri/ Baina aspaldian mutatzen doa/ honek gezurra dirudi/ Gizaldiz gizaldi gorde degu/ geure izatean irudi/ Lehen zugaitz eta pago zirenak/ bihurtu dira pinudi”.

Mattin TF3rako (1978)
1971n telebista frantsesak euskarazko emanaldiak emateari ekin zion:
“Dentro de una política de morigerada descentralización, la televisión francesa puso en marcha en 1971 un magazine en lengua vasca producido por el centro comarcal (Aquitania) de su tercer canal. Era la primera vez que el euskera llegaba a los receptores de televisión, pero, ciertamente, quince minutos de emisión quincenal no constituían un alarde de generosidad.” (Unsain, 1985: 315)
TF3n emandako euskarazko ordu laurdeneko erreportaje horien artean Mattin Trekuri eskainitakoa aurki daiteke. Hegoaldean hurrengo urteetan egingo diren bertsolariei buruzko erreportaje biografikoen aitzindari izango da.
Bertsotan egiten die ongietorria Mattinek kazetariei bere etxean (“telebistako langile batzuk bere lanean dira ari/ etorri zaiten adiskideak bihotzez ongi etorri”), eta euskaraz elkarrizketatzen du emakumezko kazetariak. Bertsoa nola egiten den kontatzen du, Auspoarako liburu bat prestatzen ari dela eta abar. Etxeko martxa ikus daiteke tarteka, emaztea eta biak baratzean lanean, emaztea semeari jaten ematen, eta senar-emazteen arteko zirikada batzuk ere badaude jasota. Zenbaitetan irudiekin lotura duten bertsoak entzun daitezke, Mattinek abestuak.
Ahetzen ageri zaigu ondoren bertsolaria; bankutik atera txaketarekin dotore eta tabernara doa. Bertsotan egiten du bertan Xanpunekin eta Txomin Ezpondarekin. Luze elkarrizketatzen dute berriro, eta bertsotara itzultzen dira jarraian. 1978an egin zioten omenaldirako prestakuntzak ere ikusten dira Ahetzeko plazan. Baserrira itzultzen da, eta emaztea elkarrizketatzen dute. Umore ederrean ikus daiteke Mattin eta bere ingurua erreportaje guztian zehar.
Pio Caro Barojaren Gipuzkoa (1979)
1966ko El País Vasco eta 1967ko Bersolaris, poetas populares vascosen ondotik, Pio Barojaren ilobak berriro filmatuko ditu bertsolariak Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak bere mendeurrena ospatzeko enkargatu eta finantzatu zion Gipuzkoa film luzean. Proiektu handia izan zen, hiru urteko grabaketa lanak eskatu zituena, anaia Julio Caro Barojarenak izan ziren testuak, eta Documentales Culturales de Euskadi izan zen ekoiztetxea. Bi bertsio kaleratu ziren: gaztelania hutsezkoa eta elebiduna.
Teknika aldetik oso lan txukuna egin zuen Caro Barojak, berrikuntza handirik ez zekarren arren. Hiru ordu eta erdiko (206 minutu) film luzea modu autonomoan funtzionatzen duten zortzi ataletan dago banatua: Gizona, Harria, Belardiak, Zuhaitza, Nekazaritza, Burdina, Itsasoa eta Hiriak. Bertsolaritzak, soinu banda gisa, filmaren hainbat pasartetan du presentzia: sarrerako kredituetan Iparragirreren “Nere etorrera” entzun daiteke; IV. atalean (Zuhaitza) Iparragirreren “Ezkon gaietan” doinua edo Xenpelarren “Iparragirre abila dela” bertsoak; V.ean (Nekazaritza) Iparragirreren “Agur Euskal Herria” eta “Nere amak baleki”, baita toberak jotzen diren bitartean entzuten den kopla ere; VI.ean (Burdina) Bilintxen “Triste bizi naiz eta” edo VIII.ean (Hiriak) Xenpelarren “Pasaiako Herritik”. Bestelako agerpenak ere baditu: VII.ean (Itsasoa) identifikatu ez den bertsolari bat ageri da San Pedro elizan, eta VIII.ean (Hiriak) Iparragirreri eta Bilintxi buruzko azalpenak eskaintzen dira.
Bertsolaritzari eskainitako tartea, ordea, V. atalean kokatzen da, Nekazaritza deitutakoan. Bertan sagardogintzari minutu batzuk eskaini ondoren, Basarri eta Gorrotxategi ageri dira Martuteneko Barkaiztegi sagardotegian bertsotan (78. minutua). Hiruna ale abesten dituzte sagardotegiek bertsolaritzaren gordeleku gisa izandako garrantzia azalduz, eta bertsolaritzaren historiako figura garrantzitsu batzuk aipatuaz. Aipatuak diren heinean, Uztapide, Xenpelar, Pello Errota, Pedro Mari Otaño edo Txirritaren irudiak erakusten ditu filmak. Jarraian Mattin eta Kosme Lizaso Hondarribiko udaletxearen balkoitik abesten ikus daitezke (83. minutuan), bertsoak entzun beharrean narratzaileak bertsolaritzaz ematen dituen azalpenak entzuten direlarik (bat-batekoaren eta bertso jarrien arteko bereizketa egiten du), Lazkao Txikik eta Mattinek Pasai Donibaneko plazako kioskoan eskaintzen duten saioa entzunaz bukatzeko (zazpi minutu dira guztira bertsolaritzaz).
Nekazaritza munduari, sagardotegiari eta festari lotua aurkezten du, bada, Caro Barojak bertsolaria, eta bertsolarien interbentzioak kostunbristak dira erabat, baina bertsolaritzak Gipuzkoako gizarte tradizionalean daukan pisua ongi islatzen du filmak.

Larruquerten Euskal Herri Musika (1979)
Fernando Larruquetek Euskal Herri Musika izeneko metraje ertaineko lana (64 minutu) zuzendu zuen hamarkadaren azken hondarretan. Banco de Vizcayak sustatu eta Larruquertek beste bi lagunekin osatutako kooperatibak burututako lanak sei kapituluz osatutako serie baten lehena izan behar zuen, baina film honekin agortu zen egitasmoa, eta baita kooperatiba bera ere.
Euskal musika popular tradizionala azaltzea da lanaren muina, eta bertsolariei toki garrantzitsu bat gordeko zaie bertan.
Irungo, Hondarribiko eta Iruñeko koruak, Jean Michel Bedaxagar abeslaria, Goikoetxea eta Artze anaien txalaparta, Maurizia Aldeiturriagaren trikitia, Juan Mari Beltranen Supriñua, Argia dantza taldea, Intxixu antzerki taldea, eta dozenaka abeslari, instrumentista eta talde gehiago ageri dira filmean. Baita Koxme Lizaso eta Felix Iriarte bertsolariak ere. Bi horiek kantuan ari dira, ordea, ez bat-batekoan.
Bertsolaritzari propio eskainitako tartean Lopategi eta Lazkao Txikiren baserri sutondoko saioa ikus daiteke, artzetarren txalaparta erakustaldiaren ondoren. Offeko ahotsak zera dio:
“Gure literatura jatorra bertsolaria da, eta bertsolariak ez ditu behin ere bere kantuak idatzita ipini. Parra-parra hitzetik dariola kantatzen du beti. Gure literatura jatorra bertsolarien ezpainetan bizi da. Beste herrietako literatura liburuetan dago, ura putzuetan bezala. Gure literatura ez da putzua, iturria da.”
Azalpen horiek ez ditu ematen Lopategik edo Lazkao Txikik; beste behin ere kanpoko begirada eta bertsolaritzaren subalternitatea markatzen dira, bada, lanak gaian sakontzeko borondatea ere erakusten duen arren.

Ama Lurrekin antzekotasun handiak ditu Euskal Herria Musika honek; berriro ere bertsogintzaren teknikez baliatzen da, sekuentziak josi eta lana egituratzerakoan: “Como en ‘Ama Lur’ la preocupación de vincular el lenguaje cinematográfico a la literatura popular estuvo presente. Según expresó Larruquert: ‘Hay una búsqueda profunda de lenguaje propio, mediante las kopla zaharrak” (Deia, 1978/VIII/17, “Entrevista con F. Larruquert”)
Ama Lurrek baino harrera hotzagoa izango du, ordea, lan berriak. Hamarkada bat ez da alferrik igaro, kulturalismoa gainditu eta mezu politiko garbiak eskatzen ditu zenbait jendek: “La reivindicación de un cine comprometido con la causa nacionalista y la llamada de apoyo a las instituciones van monopolizando y radicalizando el debate durante este tramo final de los 70” (Roldan, 1999: 25).
Oteiza atera zen filmaren oso alde:
‘Euskal Herri-Musika’ es una magistral realización cinematográfica que nos acerca, nos explica, nuestra naturaleza, nuestro entorno natural como partitura de inspiración visual para nuestras canciones, en integración estética con nuestra vida, nuestros oficios, nuestros juegos, nuestros sentimientos y tradiciones […]. Como cine, la propia estructura narrativa se comporta como canción, imágenes, luz, movimiento, la cámara canta en euskera […].’ (Deia, 1980/I/31, “Un documento etnográfico revelador…”; Oteiza)
Edozein kasutan, planteamendu kostunbristen errepikapena nekea eragiten hasia zen, aurretik euskal gaia jorratu zuen literaturan ere planteamendu berak egin zirelako mende luze batez.
[1] Martinezen lanean Muniategik azaltzen duenez, ikasle unibertsitarioa eta artzainaren arteko kontrastea bilatu nahi izan zuten zuzendariek Xalbador eta biak aukeratuta. Bertsoen grabaketa bera nahikoa inprobisatua izan zela ere gaineratzen du bertsolariak: “Irungo txalet batera eraman eta jardineko zuhaitz batetik mikroa eskegita, ‘Aqui mismo’ bertsotan hasteko eskatu zieten […]. ‘Ez zen ohikoa egoera eta, ez genekien ondo zer egin. Xalbador poltsikoan korbata zuela etorri zen Urepeletik, pelikulan dotore atera behar zuela eta. Orduan, ea zenbat bertso kantatu behar genituen galdetu genien’ […] ‘Pues… pocos, pocos’ […] Eta gaia? ‘Pues sobre lo que queráis’ […]” (Martinez, 2011: 36).

