Iparraldean Hernandorena
Iparraldean Hernandorena –
Bertsolari bila ikerlari pribatu baten pare
Gerratik ihesi muga zeharkatu zuen Hegoaldeko jende askok. Errealitate gordin horrek ondorio positiboren bat ere izan zuela seinalatzen du Dorronsorok:
“Baina txarra ere ez da dena. Halabeharrez, beti gertatzen den eran, Euskal Herriaren egoera eta sasi-muga hori tartean dela, askok beste aldera joan behar izan du eta han bertsogintza bizteko aukera dator. Hernandorena han dabil. Baita Monzon ere. Basarri ere bai, gerra ondorengo hiru urtetan behintzat. Errexil bertsolariak ere, hor mugan goardian dagoela, pentsatzen du ‘bueno, nik joan egin behar diat hemendik’ eta hanka egiten du bere metraileta eta guzti Francoren zeretik beste aldera. Bertsolari bat gehiago Iparraldean.” (Dorronsoro eta J.M. Lekuona, 1987: 14)
I. Mundu Gerraren bukaerarekin pizkunde kultural polita bizi izan zuen Iparraldeak. 1946an Baionako bikarioak antolatutako udaleku euskaldunak aipatzen ditu Martinezek, urte berean Euskal Gazteriaren Biltzarrak Baionan antolatutako euskal dantzen erakustaldia, 1948an Biarritzen antolatutako Eusko Ikaskuntzaren Kongresua, edo urte horretan Baionan antolatutako “Euskal kantaren gala” eta Ramuntxo euskarazko antzezlanaren estreinaldia. Loraldi horretan gerratik ihesi muga zeharkatutako errefuxiatuek izandako parte-hartzea ere seinalatzen du, Hernandorenaren ekarpena espresuki azpimarratuaz (2015: 79).
Ez zen geldirik egoteko gizona zizurkildarra: Gernikako Elai Alai haurren dantza taldearekin Europan zehar hainbat emanaldi egin zituen hilabete luzez; familiaren ondora itzuli behar izan zuenean dentista kontsulta bat jarri zuen; hura itxi ziotenean, kontrabandoari ekin zion, inportazioari eta esportazioari gero… eta 1940ko hamarraldiaren erdialdean bertsolaritzaren eragiletzan buru-belarri murgiltzea erabaki zuen.
Bazekien zertan ari zen. Erabakigarria izan zen Aitzolek txapelketen antolaketari ekiteko hartu zuen erabakian, eta Txirritaren omenaldiko argazki ikonikoan ere han zen. Are gehiago, bera izan zen argazkiaren antolatzaile. Honenbestean, Basarriren kasuan bezala, txapelketen jarraipena izango zen bere proiektua.
Eusko Alderdi Jeltzaleari aurkeztu zion egitasmoa, baita Euskaltzaleen Biltzarrari ere, baina, gerraurrean nahiz gerran buruzagi jeltzale garrantzitsu bat izana zen arren, ez zion inork kasu handirik egiten. Honela kontatzen du Hernandorenak berak: “[…] bi alderdiko buruzagiei, eten gabe, bein da berriz eskatzen genien, bertsolariak billatzen saia zitezela, euren bilkurak alaitzeko eta bide batez, gizon aien doai miresgarriak Erriari ezagutarazteko. Erantzuna beti bera zan: ‘alde ontako Euskalerrian ez dago bertsolaririk!’” (Príncipe de Viana, 1974 abendua, “Sumbilla’ko Ximun Ibarra bertsolariari”; Hernandorena, Teodoro).

Esan bezala, ez zen, ordea, errez etsitzen zuen gizona:
“Gogoan dugu, bein batez, Donibane Loitzuneko kalean, Eskualtzaleen Biltzarreko buruzagi bat[1] arkitu gendun […] bertsolarien arazoa berriztu gendun. Eta berak erantzun: “Zuen aldean, Gipuzkoan bai; badira pertsulariak: baiña emen, ez. Leen bazen bat, Senpereko Mattin; baiña ura… il zan. Gainera, zertarako dituzu pertsulariak? Bistrotan (tabernetan) irri eginarazteko bertzetarako ez dute balio!’ […] une artan bertan artu gendun, gure iduriz bide bakarreko zan erabaki bat: Ipar Euskalerriko baztar guziak, zeatz-meatz miatzen saiatuko ginan, bertsolariak ba-zen edo ez jakiteko.”
Esan eta egin, bertsolaritzaren historian hainbatetan gertatu den gisan, bakarlanean antolatutako ekimen harrigarria burutu zuen: “Bakar bakarrik hasi zen, inongo kultur erakunderen laguntzarik gabe. Erbi zakurren edo ikerlari pribatu baten pare ibili zen, non zer suma, Ipar Euskal Herrian zehar” (Lasa, 2008: 774).
Hamarkada batzuk geroago, prentsaren bidez azaldu zuen nola egin zuen lan hura, eta hari horri tiraka, ibili zuen bide osoa berregin daiteke. Honela, Principe de Vianaren 1975eko urtarrileko zenbakian kontatzen duenez, Mattin izan zen bere peskizei esker topatu ahal izan zuen lehen bertsolaria:
“[…] Bertsolari billa Ipar-Euskalerrian miatzen asi giñanean Donibane-Lohitzunen bizi giñan eta lendabiziko ‘bertsolari-arrastoa’ bertan eta Sarako erri inguruan atera gendun. ‘Bai, —esan ziguten— Sarako festetan entzun izandu omen zuten bertsolari bat…’, baiño nor zan eta nungoa zenaren arrastorik gabe. Galdetuz-galdetuz Ahetzekoa ote zanaren susmurra izan gendun.
Bereala erri ortako jaun erretorearengana jo gendun, eta baita ere onek, guk bilatzen gendun bertsolariaren baserria erakutsi […] Atea jo bezain laixter, Mattin bera azaldu zan gure aurrera […] ‘Ba…! tarteka tabernan aritzen gera, pixka bat berotzen geranean’ […]”
Juan Goikoetxea Akotei Iratiko basoan lanean zebilenaren entzutea zuten:
“[…] Iratiko basoa ordea, Naparroa, Baxe-Naparratik eta Zuberoa’gandik mugatzen zuan urrutiko baso aundi-zabal bat zan […] ‘Inun izatekotan, Donibane Garazin jakingo dezu lantoki orren berri’ […] iru seme-alabak artu eta Garazira joateko erabakia artu gendun […] mendi azpian zeuden kable batzuk aurkitu genituen eta, oien ondoan, mendi-gora zijoan bidexka bat […] Basoan, lanean ari zan tokira inguratu giñan […] ‘Zure billa nator Goikoetxea’. ‘Nere billa mendi punta ontara?’, erantzun zidan berak arrituta.” (Príncipe de Viana, 1975eko otsaila, 6. or., “Bertsolariak”)
Goikoetxearen bidez jakin zuen Ximun Ibarra zeritzon Sunbillako bertsolaria Iratiko etxola batean bizi zela. Hau ez zen, ordea, aurreko biak bezain prest agertzen zizurkildarrak antolatu nahi zuen sariketan parte hartzera: “Begira, nik neguan errira, Sunbillara itzuli bear det. Eta euskerazko festa batean ibili naizela jakiten badute, zigortuko naute herrian euskeraz itzegite utsa ere galerazita dago […]” (Príncipe de Viana, 1975eko martxoa, 6. or., “Euskalerrian zear…. Bertsolari billa. Ximun Ibarraren ezagutza eta bataioa”). Izen faltsuarekin (Zubikoa gisa bataiatu zuen, lagun baten baserriaren izena) aurkeztu zitekeela iradoki eta gaiak ez zirela konprometituak izango ziurtatu ondotik lortu zuen bertsolariaren baiezkoa.
1936ko finalean bertsolari gazteenaren saria eraman zuen Felix Iriarteren ezagutza ere bazuen. Garazin eta Baigorrin ibili zen horren bila, azkenik Banka herrian topatu zuen arte. Baiezkoa eman zion eta baita beste bertsolari baten berri ere:
“[…] Aldudeko ostatuan noizian beinka aritzen den mutiko bat ezagutzen det’.
—‘Oso ondo. Gazte ori ere ekarrarazi bear genduke Donibanera. Non bizi dan badakizu? Joango nitzake bera ikustera. Berarekin, bosteko taldea osatuko genduke: saioketa baterako naiko.’
—‘Utzi ori nere kontu, erantzun zigun Iriartek; bear dena nik egingo det…’
[…] Bertsolari gazte ura, ‘XALBADOR’! zan; Urepel’eko bertsolari gaztea, denborarekin, Euskalerria’k egundaino ezagutu dituan bertsolari goragarrienetan, goren-goreneko bat izango zan bertsolaria (Príncipe de Viana, 1975eko apirila, 6. or. “Euskalerrian zear… bertsolari billa. Iriarte’ren bidez, Xalbador”).”
[1] Aristorenaren (1992: 7) eta Iriondoren (2004: 22) arabera Louis Dassance zen buruzagi hura, Euskaltzaleen Biltzarraren lehendakaria.

