Lehen ikus-entzunezkoak

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2026-01-09
Ilustrazioak: Patxi Gallego

Lehen ikus-entzunezkoak –

Ikus-entzunezkoetan emandako lehen pauso batzuk ere ekarriko ditu ziklo honen gailurrak. Parisen 1958an Hernandorenak antolatutako saioaren inguruan Frantziako Tele-Parisek eta Alemaniako telebista publikoak eskainitako emanaldiak aipatu dira dagoeneko. Jarraian, topatu ahal izan diren garaiko beste ekarpen batzuk.

 

Madréren Gure Sor Lekua (1956)

Berriro ere Hernandorenarekin egingo dugu topo hemen[1], filmaren sorburua Parisen emandako bere hitzaldi bat baita, antza. Horrela seinalatu zuen Filmaren zuzendariak Madrék 1956an Gure Herria aldizkarian eta halaxe jaso zuen Iriondok ere (2004: 20).

André Madré Hazparnen jaioa zen, Belokeko seminarioan ikasitakoa, frantziar armadan pilotu gisa karrera egin ondoren lehenengo koronel eta gero Frantziako Aire Armadaren buruzagi izatera iritsitakoa Afrikan. Aberri handi / aberri txiki eskemarekin funtzionatzen zen, Iparraldeko euskal komunitatean nagusitu zen identitate formulari jarraituz: “Dudarik gabe eskola zaharreko pertsonaia da: burges plantakoa, frantses eredugarria, euskaldun zintzoa eta fededun handia. Alta, paradoxikoki bera izango da, ziklo berriari dagokion tresna bat (zinema) lehen aldiz euskarara ekarriko duena” (Martinez, 2015: 259).

Filmak garai hartan Euskal Herriari buruz egin ziren beste hainbaten modura, euskal bizimoduaren irudi bukoliko bat eskaintzen du. Horrela, euskaldun fededun baserritar baten bizitzaren aldien kontaketa da filmaren ardatza: haurtzaroa, gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa, aldi bakoitzari lotzen zaizkion pausoei dagozkien irudiekin (haurtzaroko jolasak, gaztetako maitemintzea, helduaroko baserriko lanak…) eta euskal geografiari nahiz euskal giroko bizimodu tradizionalari (pilota, mus txapelketa, festak eta abar) dagozkienekin osatua.

“Bertsolariak” deritzon sekuentzia filmaren bukaera aldera dago jasota, zehazki 1:14:38tik aurrera, eta pare bat minutu irauten du. Honela deskribatzen du Martinezek:

“Bertsotan edo kantuz, Manex Otxobi hazpandarra ari da. Otxobi ez da kantari ez eta bertsolari bereziki famatua. Haren semeek ere gutxitan entzungo omen dute kantuan. Hala ere, grabatzerako orduan hori ez zen oztopo bat; irudia bakarrik hartzen baitzuen kamerak.” (2015: 313)

Ez dago, bada, ziur esaterik Otxobi kantuan edo bertsotan ari den, filmaren soinua ez baita berreskuratzerik izan. Bertsotan ari denaren hipotesia ontzat hartuaz, badirudi Martinezek hala egiten duela sekuentzia horri “Bertsolariak” izena jarriaz, ikertzailearen aburuz historiako euskarazko lehen filma litzatekeen horretan ere bertsolariak agertu zirela baiezta liteke.

 

Gotzon Elortzaren Aberria (1961)

Gotzon Elortza (1922-2012) bilbotarrak erbestera jo behar izan zuen tropa frankistek Bilbo hartzean eta Parisen kokatu zen bizimodua delineatzaile gisa lan eginaz aterata. Hango euskal komunitatean txertaturik bizi zelarik, euskal kulturaren egoeraren kezkak eraman zuen ikus-entzunezkoekin proba egitera:

“Pariseko euskal giroan presentzia aktiboa zeukan Elortzak. Gernika taldean txistulari ibiltzen zen, hainbat ekitalditan argazkilari amateur. Le Monde egunkarian hizkuntza minorizatuei buruzko artikulu bat irakurrita sortu zitzaion euskarazko filmak egiteko ideia.

‘Zera irakurri neban: ikus-entzunen munduan sartzen ez dan edozein hizkuntza minorizatu, hizkuntza hila izango da epe motxean. Inpresionatuta gelditu nintzan horregaz, eta argazkigintza nozio batzuk baneukazenez, beste inork egiten ez baeban, euskal zinea neuk egin behar nebala erabagi neban.’” (Martinez, 2016: 180-181)

Emaztearekin oporretan Euskal Herrira jaitsi eta 16 milimetroko kamerarekin erdi ezkutuan grabatutako irudiak baliatuz Ereagatik Matxitxakora (1960), Aberria (1961) eta Elburua Gernika (1962) film dokumental laburrak osatu zituen oso modu amateurrean.

Bertsolariak Aberrian ageri dira. Bere garaian Herria izenarekin aurkeztu behar izan zuen zentsura ekiditeko, baina aberriaren irudikapen bat dakar filmak. Horrela, offeko ahots baten bitartez zuzendariarentzat aberria zer den definitzen da filmaren hasieran:

“Aberria zer dan inok ezin deike esan, ze bakotxak daroa bere aberria bihotz barrenian. Niretzako aberria hasten da aittite ta amamaren ondoan, neure lehenengo hitzekin, geure hizkuntzan. Euskaraz. Txistuaren hotsa mendibarretan, aurreskulariaren oinkadak geure zelaietan eta bertsolariaren goi argia baserriko zuhaitzartetan […]”

Hamabost minutuko iraupena du guztira lanak, eta Euskara, Dantza eta Bertsoa jorratzen ditu, bada, hiru kapitulu bailiran. Balendin eta Jon Enbeita aita-semeak laster agertzen dira, bigarren hori oraindik ere galtzamotzetan dabilen mutikoa dela, baserri ondoan idi parearekin lanean. Hitzik ez da egiten lehen agerraldi horretan, ezta hurrengo minutuetan Jon Enbeita abereak gobernatzen agertzen denean ere. Victor Olaeta dantzariaren aurreskua dator ondoren, eta horren ondotik aita-semeak berriro idiekin lanean, oilar eta oilo hots artean. Jon Lopategi oso gazte bat laguntzera azaltzen zaienean hasten dira bertsotan Balendin eta biak. Bakoitzak bi bertso botako ditu. Hauek dira lehen biak Lopategi hasita:

“Nire begiak ernari dagoz/ hara ta hona begira/ oraintxe doaz ibarretara/ oraintxe barriz mendira/ Haize gozua egun hontako/ eguzkiaren dizdira/ zeruan dagozan grazi guztiak/ jatorkuz Euskal Herrira.

Euskal Herriak beragaz ditu/ hamaikatxo mendi edar/ Gorbeia, Aizkorri eta Ernio/ Urbasa eta Aralar/ Aurreko zaharrak honeek zainduten/ ibili ziran su ta gar,/ guk bere bardin maite badoguz/ zaintzen egin daigun indar.”

 

Grenholm eta Olsonen Basker (1963)

Dan Grenholm (1921-1995) eta Lennart Olson (1925-2010) erreportari suediarrek, musikari eta folklorista bata, argazkilaria bestea, 1963ko urtarrilean eta otsailean Euskal Herria bisitatu zuten hainbat astez, eta euskal kulturari eta folkloreari buruzko bi dokumental etnografikotarako filmazioa egin zuten. Basker [Euskaldunak], 24 minutukoa, eta Bonde i Baskerland [Nekazaria euskaldunen herrian], 17 minutukoa, Sveriges Radio TV suediar telebista publikoan eman ziren urte bereko udan.

Bonde i Baskerlanden badago bertsolaritzaren arrastorik. Kantuari dezenteko tartea eskaintzen zaio, eta Pedro Mari Otañoren “Mutil koxkor bat” entzun daiteke, esaterako, baina Basker da benetako protagonismoa ematen diona. Bi eszena ikus daitezke bertan, bata bestearen jarraian. Lehenengoan, 18. minututik hasita minutu bateko iraupenarekin Basarri eta Uztapide ageri dira bertsotan, Berrizen, Pedro Juanen tabernan, 1963ko urtarrilaren 27an egin zitzaien omenaldian. Bazkalosteko mahai inguruan ari dira bertsotan, bien tartean Pedro Mari Azpiri Berrizko alkatea eta albo batean Pedro Zenarruzabeitia apaiza dituztela. Puru handiek, ardo kopa ugarik eta bertsoekin algara batean lehertzen diren hainbat gizonezkok osatzen dute eszenografia.

Greholmek bertsolaritzaren ezaugarri batzuk azaltzen ditu off-eko ahots gisa:

“Jaian zehar, abeslariek borroka moduko bat egiten dute. Bertsolari deritze. Hitzak zera esan nahi du: ‘poesia egiten duena, kantuak egiten dituena’. Bi abeslariren arteko elkarrekintza da, maiz elementu satiriko eta barregarriak dituena, baina poesia sofistikatuz ere osa daitekeena. Badira bertsolari profesionalak, publikoa dibertitzeko jaira gonbidatu dituztenak. Baina horrek ez du ekiditen beste batzuk, modu espontaneoan eta inspirazioak gidatuta, baita ere lehian hastea, hitz kantatuen bitartez beren pentsamenduak trukatuz.”

Offeko ahotsaren azpitik entzun daitezkeen bertsoek ere badute interesik:

“Basarri: Gai hori utzita orain,/ norabaitera alde./ Nire bihotzak hauxe/ ez lezake gorde/ Suezia ere dago/ Europaren mende./ Joango ginduke biok,/ soltero bageunde.

Uztapide: Eran egin behar nik/ galdera etortzian/ Ta zelebriak gera gu/ honela jartzian./ Sueziako anaiak/ hemen gure etxian./ Danok bat izango gera/ mugak libratzian.”

Bergarako Umore-Ona Elkartean Jesus Alberdi Egileor eta Jose Mari Gabilondok egindako saioa dator segidan,  kasik bi minutu luzatzen den sekuentziarekin. Oraingoan baso eta kopak ez, botilak dira mahaia alderik alde betetzen dutenak, eta ingurukoen ke eta algara artean edanari buruzko bertsoak osatzen dituzte bi bertsolariek puntuka. Planorik moztu gabe batetik bestera ziztu batean dabil kamera, saioa bera bezalaxe, eta Greholmek bere azalpenak zabaltzen ditu, ikuspegi pertsonalago bat eskainiaz: “Neurri batean bertsolariek flamenkoa gogorarazten dute. Gaiak maitasunetik, politikatik, naturatik nahiz eguneroko arazo sozialetatik datoz. Melodia beti da berdina, eta, horregatik, hitzek musika jarraitu behar dute, nahiz eta hitzak inprobisatuak izan” .

Baskerrek Iturengo eta Zubietako inauteria, pilota partida Oiartzunen, kalejira eta aurreskua Abadiñon, Sakabi eta Egañazpi, idi-dema eta Jose Antonio Lopategi Agerre II.a harri-jasotzailearen erakustaldia Aiako plazan, Zabale aita-semeen txalaparta saioa Martutenen, Zumarragako trikitia eta Ondarroako taberna bateko kantua eta irrintzia erakusten ditu bertsolaritzaz gain. Bonde i Baskerlandek, aldiz, nekazari bizitzaren inguruko hainbat irudi.

Telebista publiko suediarrak zuen kanal bakarrean prime timean eman ziren bi dokumentalak: Basker 1963ko ekainaren 29an, larunbata, 21:10ean; eta Bonde i Baskerland, uztailaren 5ean, ostirala, 21:45ean. Euskal Herrian ez zen inolako emanaldirik izan.

Lehen ikus-entzunezkoak

Pio Caro Barojaren El País Vasco (1966) eta Bersolaris, poetas populares vascos (1967)

Pio Baroja idazlearen iloba eta Julio Caro Baroja antropologoaren anaia Pio Caro Barojak (1928-2015) dokumentalista eta idazle gisa lan interesgarriak eman zituen argitara.

Madrilen Zuzenbidea ikasi ondoren Mexikon (1952-1959) kritikari gisa izan zituen lehen hartu-emanak zine munduarekin, eta 1956an estreinatu zen zuzendari gisa folklore aztekari buruzko El carnaval de Tepozotlán eta euskal folkloreari buruzko Fiesta vasca en México dokumentalekin. Mexikotik bueltan Documentales Folclóricos de España ekoiztetxea sortu zuen anaia Juliorekin batera, eta haren gidoiarekin urte hartan bertan filmatutako El carnaval de Lanz dokumentalak kritikaren harrera ona eta sariren bat jaso zituen.

Bertsolariak ageri diren El País Vasco bere hamahirugarren lana da. Koherentzia handirik ez du errelatoak eta bertsolariak, elementu subalternoei dagokien legez, ahotsik gabe ageri dira:

“Manuel Lasarte eta Uztapide ere halaxe ikusten ditugu, piper-poto handi batek estalitako balkoian kantari. Alta, ikusi egingo ditugu bakarrik. Entzun ez. Izan ere, etnografoari ez zaizkio bertsoak interesatzen eta postal turistiko bat gehiago gisa erakusten ditu bertsolariak, traineren, alardeen, baserrien eta dantzen artean.” (Martinez, 2011: 26).

Urtebete geroago egin zuen lanak, ordea, interes eta balio handiagoa ditu. 1966tik 1968ra bitartean TVEk Espainiako herri ezberdinetako festa eta tradizioei eskainitako “Fiesta” sail dokumentalaren baitan 1967an emititu zen Bersolaris, poetas populares vascos izenekoak, hain zuzen. Parisko emanaldiaren irudirik agertzen ez den bitartean, bertsolaritzari propio eskainitako lehen ikus-entzunezko monografikoa litzateke, eta balio historiko handia du 67ko finala baitu ardatz.

26 minutu eta erdi irauten du dokumentalak, zuri-beltzean ikusten dira irudiak, eta garaiko NO-DOa dakar gogora ezaugarri formalei dagokienez

Kredituetan, Mikel Laboaren “Txinaurriak” entzuten den bitartean, operadoreak ageri dira lehenengo: Jose Aguayo, Jose Luis Urguia eta Carmen Aguado. Iriondok eskaintzen du xehetasun gehiago: “Grabazioa Jose Luis Urkiak egin zuen, Caja de Ahorros Munizipaleko segurtasuneko burua zen, eta bere emaztea Carmen Aguadok, TVEko korrespontsala zena” (J.M. Iriondo, elkarrizketa pertsonala). Muntaketa Guillermo S. Maldonadok egin zuela ageri da jarraian, eta baita gidoigilearen izena ere: Padre Zabala S. J. (alegia, 50 urte beranduago v-rekin sinatzen zuenari euskara batuaren grafia jarri zioten telebista frankistan).

Laboaren kantua luzatzen den bitartean Donostiako hainbat irudi ikusi ondoren, offeko ahotsak dokumentalak bertsolarien finala eskainiko duela aurreratzen du, baina sarrera gisa bertsolaritzaren inguruko azalpen bat eskainiko duen Zavalari emango zaiola hitza. Berrogei urte ez dituen tolosarrak bat-batekoa eta jarriak bereizten ditu, bertsopaperen fenomenoa azaldu eta herriaren historiaren ispilu direla seinalatu, bat-batekoaren izaera inprobisatua azpimarratu… Guztia urduri samar begiak testutik kasik altxatu gabe irakurriaz. Eta bertsolaritzaren historiarekin jarraitzen du biltzaile handiak, Fernando Amezketarra, Xenpelar, Bilintx, Iparragirre, Pello Errota eta Txirritari erreferentzia eginaz.

Iparraldeko bi partaideak aipatzen ditu offeko ahotsak, Xalbador eta Mattin, eta azken hori baserriko lanetan erakusten dute irudiek. Anoetako  pilotalekuko sarrerakoak datoz ondoren, pixkanaka barrura doan jendetza erakutsiaz, narratzaileak txapelketan zehar jokatu diren kanporaketa saioen berri ematen duen bitartean. Saioari ekin aurretik, ordea, epaimahairi ematen dio hitza dokumentalak: Arruek epaitzeko darabiltzaten hainbat irizpide azaltzen ditu, oso hizkera ponposoarekin; Bordarik epaile lanaren nekeak aipatzen ditu, bertsolariak haien lagunak direla eta bertsoaren balorazio objektiboa ezinezkoa dela azpimarratuaz; eta Juan Mari Lekuonak zerbait gehiago sakontzen du balorazio irizpideetan.

Narratzaileak agurra zer den azaltzen du jarraian, finalista guztien agurrak eta haien oinarrizko itzulpen bat eskainiaz[2]. Eta Basarriri eginiko elkarrizketak hartzen ditu hurrengo minutuak: liburuz betetako bulego batean bertsolaritzaren patriarka gisa aurkeztu ondoren, serio eta dotore erantzuten die kazetariaren galderei.

Martinezek epaimahaiaren eta Basarriren interbentzio hauekin nolabait berriro ere bertsolariei ahotsa ebatsiko litzaiekeela seinalatzen du bere lanean: “Bi sekuentzia horiekin, badirudi Caro Barojarentzat bertsolaritzak ez daukala nahiko maila kulturalik, azkenean baserritarren xelebrekeria bat izaten segitzen duela eta horregatik, jende letratuaren intermediazioaren beharra duela ikusleak, dela Basarri edo direla epaileak” (2011: 27).

Hurrengo tartea bertsolari klasikoen errepasoari eskaintzen zaio, haien jaiotetxeak, argazkiak edo haien omenez altxatu diren eskulturak erakutsiz, baserriko lanetan ageri den azken txapeldunaren, Uztapideren, irudiekin bukatzeko.

Azken minutuetan buruz burukora pasatu berritan publikoaren txistuak jasan ondoren publiko hori bera txaloka jarri zuen Xalbadorren bertsoa entzun daiteke: “[…] lehen planoan Urepeleko artzaina ageri zaigu, bere bertsorik ezagunena kantatzen: ‘Anai arrebak, ez otoi pentsa…’. Irudi zirraragarria da, Xalbadorren aurpegiak erakusten duen ezinegona, nola eusten dion haserreari, nola irensten duen listua…” (Id.: 27).


[1] Zizukildarra aktore lanetan hastekotan ere ibili omen zen, 50eko hamarkadako lehen urteetan Robert Bresson zuzendariak Loiolako San Ignaziori buruzko film bat egiteko castingerako deitu  bait zuen: “‘Teodoro, San Ignazioren papera egiteko ez dut ikusten zeu baino egokiagorik’, esan zion Bressonek Hernandorenari. Halaxe, Parisera joan, eta Billancourt estudiotara eraman zuten, gau batez, hitz egin, bere keinu eta jestoak aztertu eta hiru ordu luzeko kasting-proba egiteko.” (Iriondo, 2004: 19). Bresson eta Graham Greene gidoilariaren arteko liskarrengatik bertan behera gelditu zen, ordea, proiektua, Hernandorenaren disgusturako.

[2] Lopategi finala irrati bidez jarraitzen duten entzuleei zuzentzen zaie. Gorrotxategik, Cadizen egiten ari den soldaduska finalean abesteko utzi ahal izan duena, Vietnamgo gerraren kontra eskaintzen du berea.

Lehen ikus-entzunezkoak  Lehen ikus-entzunezkoak  Lehen ikus-entzunezkoak  Lehen ikus-entzunezkoak  Lehen ikus-entzunezkoak  Lehen ikus-entzunezkoak  Lehen ikus-entzunezkoak