[Lore Jokoak] Anton Abadia: esploratzailea

Ilustrazioak: Patxi Gallego

Anton Abadia: esploratzailea –

Etxetik zetorkion dirua Anton Abadiari (1810-1897). Michel aitak Zuberoako Ürrüstoi herrixkatik Dublinera emigratu zuen eta kanal bat ustiatzeko enpresarekin hasi zen dirua egiten. Gero, ontzien armadore, arma trafikatzaile eta Banque de Franceko bazkide gisa osatu zuen poltsa, eta emazteak zekarrena gehitu zitzaion gainera, Elisabeth Thompson of Park Dublingo familia aberats bateko alaba bakarra baitzen.

 

Anton Abadia: esploratzailea
Westland Rowko St Andrew elizan bataiatu zuten Antoine Abbadie (1810/I/13). Iturria: Patri Urkizu.

 

Euskararekiko lotura ere etxetik jaso zuen, aita euskaltzale sutsua baitzen. Sei seme-alabei euskara irakatsi zien, neskame euskaldun bat ere ekarrarazi zuen hizkuntza hori gehiago praktika zezaten, eta euskarazko hiztegigintza eta gramatika lanak sustatu zituen.

1820an, Frantziako Tolosara aldatu zen familia, eta 1828an, Parisera. Bertan, 1830ean ekin zien zuzenbide ikasketei Antonek, baina bere formazioa ez zen alor horretara mugatu: “Garaiko irakasle hoberenak ditu: zuzenbidean Cousin, Guizot eta Villemain; mineralogian eta geologian Brogniart eta Brochant de Villiers; zoologian Duméril; astronomian Biot eta Arago handia: azken horren ikasle kuttuna dugu Anton” (Davant, 2012: 71).

 

Anton Abadia: esploratzailea
Westland Rowko St Andrew elizan bataiatu zuten Antoine Abbadie (1810/I/13). Iturria: Patri Urkizu.

 

Xahorekin lotu zuen adiskidetasunaren adierazgarri, argitaratu zituen lehen bi testuak haren lanen ingurukoak izan ziren. Batetik, Atharratzekoaren Études grammaticales sur la langue euskarienneri (1836) aitzinsolas luze bat egin zion frantsesez. Euskararen berezitasunez aritu zen, besteak beste latinarekin, hungarierarekin, finlandierarekin, laponierarekin, hebreerarekin, sanskritoarekin (Xahok ikertua), georgierarekin eta kitxuarekin alderatuz (poliglota zen bokazioz, eta hamalau hizkuntzatan moldatzera iritsi zen). Bestetik, urte berean, Analyse du voyage en Navarre de M. Chaho argitaratu zuen prentsan, Xahoren idazkera eta abertzaletasun sutsuak goraipatuz.

Hitzok argitaratu zituenerako urteak zeramatzan bere bokazio nagusiaren prestaketan. Britainiarrek eta frantsesek Afrikaren esplorazioari ekin zioten mende erdi bat lehenago eta abentura haietan parte hartzeko irrikan zegoen. Honela, 1837an Etiopiarantz abiatu zen bere anaia Arnaudekin batera, eta hamabi urte egin zituen han. Niloren sorburua topatzea zen espedizioaren helburu nagusia, baina denetariko lanak burutu zituen geografian, geologian, astronomian, biologian, hizkuntzalaritzan eta etnologian. Anaiaren babesa behar zuen horretarako, buruzagi feudalen arteko gerlek astintzen baitzuten herrialdea, eta denetariko gorabeherak bizi izan zituzten[1]. Horrek guztiak sona handia eman zien Frantziako komunitate ilustratuaren artean, eta itzultzean, Niloren sorburua aurkitu zutelakoan[2], hainbat sari eta ohorerekin hartu zituzten, tartean presidenteak emaniko Chevalier de la Legion d´Honneur izendapena.

 

Anton Abadia: esploratzailea
Arnaud Michel Abbadie (1815-1892) anaia. Bidaide izan zuen Antoinek bere Etiopiako abenturan.

 

Bueltakoan, Aragorria baserria erosi zuen Urruñan eta Abadia jauregia eraiki zuen bertan, astronomiako behatoki eta guzti. 1851tik hasita Lore Jokoak antolatzeari ekin zion, sariak bere poltsikotik jarriz, eta laster deitu zioten “euskal kulturaren patriarka”. Funtsezko erreferentzia bihurtu zen Lehen Euskal Pizkundera bidean.

Luis Luziano Bonaparte 1855ean ezagutu zuen, Londresera eginiko bidaia batean, eta 1856tik aurrera euskararen inguruan egin zituen ikerketetarako behar zuen taldea osatzen lagundu zion. Ordura arte izan ez zuen babesa eskaini nahi izan zioten euskarari bi adiskideek: “Erakunde publikoek, euren ohizko axolagabekeria eta utzikeriagatik betetzen ez zuten lana, Abadiak eta Bonapartek hartu zuten beren gain. Maila herritarragoan eta Iparraldeari lotuago Abadiak, jende ikasiagoarekin eta Euskal Herri osokoekin arituz Bonapartek” (Zuazo, 1991: 12-13).

 

Anton Abadia: esploratzailea

 

Charles Louis Bonaparte ere, 1848tik II. Errepublikako presidente eta 1852tik Bigarren Inperioko enperadore zena, Luis Luziano lehengusuari euskalgintzarako baliatu zuen pentsioa nahiz ‘printze’ titulua eman eta Xaho erbesteratu zuen bera, laguna zuen Abadiak[3]. Politikoki enperadorea sostengatzen zuen xurien bandora lerratu zen, eta hauen hautagai gisa Hendaiako alkate izan zen 1871tik 1875era.

 

Observations relatives à la physique du globe, faites au Brésil et en Ëthiopie, rédiges par R.Radau. Benjamin Duprat. Paris, 1860. Iturria: Patri Urkizu.

 

Urruñan finkatu arren ez zion inoiz bidaiatzeari utzi. Hainbat ikerketa txango egin zituen (Jerusalem 1850ean, Norvegia 1851n, Espainia 1860an, Aljeria 1867an, Haiti 1882an, Afrikako Ekialdea 1883an eta Turkia 1884an), eta askotariko gaien inguruan argitaratu zuen, nagusiak Etiopia nahiz astronomia izan baziren ere. Lan horiengatik guztiengatik hainbat aitortza jaso zuen, bestalde: Frantziako Zientzia Akademiako urgazle izendatu zuten 1852an, kide oso 1867an eta lehendakari 1892an.

 

Louis Lucien Bonaparte (1813-1891). Hizkuntzalaria eta Charles Louis Bonaparte enperadorearen lehengusua. Euskara aztertu eta euskal kultura sustatzeko baliatu zituen honek emandako Printze titulua eta pentsioa.

 

Hain zuzen, Akademiako bilera bat prestatzen ari zela hil zen, Parisen, eta albisteak garaiko prentsa frantsesean oihartzun garrantzitsua izan zuen. Euskal kulturaren sustatzaile gisa ere esploratzaile lanak egitea tokatu zitzaiola idatzi beharko zuketen heriotza-ohar haiek.

 

Louis Lucien Bonaparteren gutuna Antoine Abbadieri. Londres 1874/X/20. ‘Ene D’Abbadie jaun maitea, kanpainatik itzultzean aurkitu dut Sarako afixa eta Prone delakoaren ale polita. Har itzazu nire eskerrik beroenak, eta kontsidera nazazu ohi bezala zure adiskide. Iturria: Patri Urkizu.

 


 

[1] Davantek eskaintzen du kontu zaporetsurik: “Indarrik ez du Negus delako enperadoreak […] printze serios eta zuzen bakarra, Guoxo delakoa. Haren alde jarriko da Arnauld, eta gudalburu bilakatuko” (2012, 108). Baita Urkizuk ere: “Inarya-n Abba Boggibo erregeak bere ezkontza-anaia gisa hartzen du Arnaud, eskatzen diolarik bere partez joan dadin Kafka-ko erregearengana beretzat eskatzeko haren arreba” (1997: 18).

[2] Erraturik zeuden: Nilo urdinaren iturburua zen topatu zutena, eta ibai nagusia Nilo zuria izan. Horrek sorburua Etiopiatik urrun du, hegoalderago, Tanganyika eta Victoria lakuen inguruan

[3] 1836an Brasilera egindako espedizio batean elkar ezagutu eta lagun egin ziren. Adiskidetasun horren lekuko gisa Abadia jauregiari azken harria jarri behar zion enperadoreak, baina 1870eko alemanen aurkako guda galdurik, desterrurako bidea hartu behar izan zuen honek. Gaurdaino harri baten hutsunea gelditu da jauregiaren balkoietako batean, adiskidetasun haren lekuko hori ere.

Anton Abadia: esploratzailea Anton Abadia: esploratzailea Anton Abadia: esploratzailea Anton Abadia: esploratzailea Anton Abadia: esploratzailea