[Lore Jokoak] Bertsolaritzaren historia soziala markatuko duten bi indarrak

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2024-01-30

Aipatu den gisan, eta Peter Burkek azaltzen duenez, Erdi Aroan Europan zehar aurki zitezkeen kultur komunitateetan eliteek eta herriak kultura bera partekatzen zuten, baina, Modernitatean sartzearekin, eliteek kultura idatzia garatu zuten eta kultura komuna zenari bizkarra eman zioten.

 

Bertsolaritzaren historia soziala markatuko duten bi indarrak
Laster-koplariak Baigorrin. 1913. Iturria: Patri Urkizu.

 

Euskal kulturaren kasuan bertsolaritzaren inguruan topa ditzakegu bai kultura partekatuaren eta baita eliteen bestekotzearen arrasto zaharrenak. Erdi Aroan euskal nobleziak ere bertsotan egiten zuenaren froga Esteban de Garibai historialariak jasotako Martin Ibañez de Labieroren hilobian eta Milia Lasturkoaren eresia lirateke, XIV. mende bukaerakoa eta XV. mendekoak, hurrenez hurren[1]. Bestekotzearen lehen arrastoa ere garai bertsukoa da, 1452ko Bizkaiko Foruek ezarririko profazaden eta hiletarien bertsoen debekua[2]. Deigarria da, berebat, lehen arrasto horiek denak emakume bertsolarien ingurukoak izatea.

XVII. mendetik aurrera eliteek bueltako bideari ekiten diotela gaineratzen du Burkek, Erromantizismoarekin kultura popularra berriro deskubrituko dutela. Hemen ere bertsolaritzaren ingurukoak arrasto oso goiztiarrak dira euskal kulturaren historian, Iztuetaren testuetan topatutakoak hain justu. Zentzu honetan aipatu beharra dago lehen euskal erromantikotzat hartu izan dela Iztueta.

Bi prozesu hauen oinarrian leudekeen bi indar nagusiak, kultura idatzia/jasoa lehenesten duen ahozko kultura popularrarekiko mespretxu modernista, eta ahozko kultura popular hori balioan jarri, gorde eta sustatu nahi duen lilura erromantikoa, izango dira bertsolaritzaren historia sozialaren inflexio ziklikoak markatuko dituzten indarrak.

Lehen Euskal Pizkunde foruzaleak ekarri zuen Lore Jokoen gailurraren motorra Xaho, Abadia, Kanpion, Manterola eta enparauen lilura erromantikoa izan zen. Gailur horren haustura ekarri zuen Etxegarai, Agirre eta gainerakoen garbizalekeria, funtsean, mespretxu modernista gisa uler daiteke.

Aurrerantzean ere bertsolaritzaz egiten diren irudikapen positibo nahiz negatiboetan funtsezkoak izango dira bi indar edo joera kontrajarri horiek. Horrela, gerraurreko Pizkundeak hasieran olerkigintza lehenestearen, frankismoak lehen oldarraldiaren ondoren erakutsitako tolerantziaren edo euskal idazle garaikideen kritiken oinarrian, esaterako, mespretxu modernista legoke. Eta bertsolaritza sustatzeko egin diren eta egingo diren ahalegin guztiek badute zerbait lilura erromantikotik.

Ziklikoki agertuko dira bi indarrotan oinarritutako bertsolaritzaren maiseatzaile ala apologistak, debekuak nahiz sustapen ekimenak, mespretxuak zein laudorioak, eta, edozein kasutan, bertso munduak bere bidea egiten asmatuko du, Lore Jokoen garai haietan lehertutako Big Bangari jarraipena emanez.


 

[1] Martin Ibañez de Labieroren hilobian 1393koa da. Hil berriaren, Martin Ibañezen, alargun Sancha Ortizek, negar batean abesturiko bertsoek osatzen dute. Milia Lasturkoaren eresia, aldiz, XV. mendekoa da, eta hildakoaren ahizpa baten bertsoek nahiz horiei erantzunez Pedro Garcia alargunaren andregai berriak, Marina de Arrazolak, abesturikoek osatzen dute. Bat-batekotzat jotzen dituzte bi bildumak bai San Martinek (1967), bai Azurmendik (1980), baita Gabilondok berak ere (2016).

[2] “Titulo 8, Ley I. […] sobre Mugeres, que son conocidas por desvergonzadas, y rebolvedoras de vecindades, y ponen coplas, y cantares a manera de libelo infamatorio (que el Fuero las llama profazadas)

Titulo 35, Ley VI: …de aqui adelante quando quier que alguno muere en Vizcaya o fuera de ella…, persona alguna de todo Vizcaya, Tierra llana, villas e ciudad no sea osado de hacer llanto mesandose los cabellos ni rasgando la cabeza, ni haga llantos cantando… so pena de mil maravedis a cada uno que lo contrario hiciere […]”.

Bertsolaritzaren historia soziala markatuko duten bi indarrak Bertsolaritzaren historia soziala markatuko duten bi indarrak