[Lore Jokoak] Emakume bertsolariak: bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean

Ilustrazioak: Patxi Gallego

bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean –

Aipatu da historiako lehen bertso kronika Julien Vinsonek argitaratu zuela 1870ean Revue de Linguistique et de Philologie comparée aldizkarian. Gaineratu beharra dago ‘Concours de Poésie Basque a Sare en 1869’ izenburutzat zeraman kronikaren protagonista nagusietako bat emakume bertsolari bat dela. Maria Luixa Erdozio azkaindarra azken buruz burukora iritsi zen Piarres Ibarrart Jatsukoarekin batera, eta lehen saria bien artean erdibana banatzea erabaki zuen epaimahaiak.

 

bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean
Julien Vinsonek (1843-1926) Revue de Linguistique et de Philologie comparée aldizkarian 1870ean argitaratutakoa da historiako lehen bertso kronika. Bertsolari emakume bat da bertan protagonista.

 

 

bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean

 

Vinsoni deigarria iruditu zitzaion emakume bat bertsotan ikustea: “Ile st assez rare que des femmes improvisent ainsi publiquement; jusqu à present, on n’avait encore vu prendre part au concours qu’une jeune Espagnole de Fontarabie qui n’a plus paru depuis trois ans”. Eta arreta gehiago jarri zion Erdozioren deskribapenari: “Mlle Osorio est assez jolie; trés brune, de petite taille, vive et spirituelle, elle a plu à tous ses auditeurs: on a seulement regretté q’elle n’ait pas été plus émue”.

Erdoziok (1846-1925), Iparraldean ezagutzen den bat-bateko emakume bertsolari antzinakoena, berriro ere lehen saria irabaziko zuen 1875eko Sarako Lore Jokoetan eta hirugarrena 1884an. Puntako bertsolaria izan zen, gutxienez hamabost urteko bertso ibilbidea egindakoa.

 

*Azaleko irudiak: Sarako Lore Joko haietako afitxa eta bat-bateko bertso sariketako bi irabazleak: Maria Luixa Erdozio azkaindarra (1846-1925) eta Piarres Ibarrart Jatsukoa (1838-1919)

 

Bertsolari bati egindako elkarrizketa baten lehen aurrekaritzat har daitekeen testuan berriro ere emakume bat ageri da. Marie Abadiak Parisko La Femme aldizkarian 1896ko urtarrilaren 15ean argitaraturiko La femme dans le Pays Basque artikulu luzean Aña Etxegarairekin (berak Etchegoyen jartzen dio abizena) izandako elkarrizketa laburra txertatzen du. Honezaz gain, Etxegaraik Marie Hargainekin izandako norgehiagoka jasotzen du, bi bertsolarien deskribapen xeheak eskainiz, eta emakume bertsolarien saioak normalizatzeko aldarria ere eginez[1].

 

bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean
Aña Etxegarai Aña Deabrua (1873-1939) Bertsolari bati prentsan egindako lehen elkarrizketa berari egindakoa izan zen. Marie-Émilie-Augustine Coulomb (1837-1913), Antoine Abbadieren koinata, izan zuen elkarrizketatzaile eta Parisko La Femme aldizkarian argitaratu zen testua.

 

Erdozio bezala, Lekorneko Aña Etxegarai (1873-1939) eta Marie Hargain (1860-1925) ezpeletarra puntako bertsolariak izan ziren. Etxegaraik Kanbon 1894an jokatu ziren Lore Jokoak irabazi zituen eta hirugarren saria eskuratu zuen 1896an; Hargainek, berriz, 1888an Kanbon nahiz 1895ean Ezpeletan lehen saria irabazi zuen, 1896an eta 1907an Kanbon hirugarren saria, eta 1894an Hazparnen laugarren saria. Elkarrekin aritu ohi ziren askotan, ibilbide luzekoak izan ziren bat-batekoan, bertso jarriak ere sortu zituzten eta hainbat arrasto utzi zituzten garaiko prentsan.

 

bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean

 

Honela, L’ Avenir egunkariak 1894ko Jokoen kronikan Aña Etxegarai (Marie jartzen diote izena kasu honetan) bertsolari aparta dela dio (“Mlle Marie Etchegaray s’est révelée à Hasparren comme une improvisatrice hors ligne”), 1895ekoez Euskal-Erria aldizkariak eskaintzen duen testuan Hargainek erantzun egokia topatzeko dohain gaindiezina (“qui possède au plus haut point le don de la riposte heureuse”) eta arerioak poltsikoratzeko gaitasuna dituela (“Son dernier mot est toujours un écrasement pour son adversaire”) azpimarratzen da, edota 1896koan garaiezintzat jotzen du (“l’invincible Marie Argain”).

Beraz, ikus daiteke mende bukaera arte eta Abadiaren Iparraldeko Lore Jokoetan emakumeek izan zutela parte hartze esanguratsu bat. Beste kontu bat da parte hartze hori normalizatuta ote zegoen. Esaterako, L’Avenirreko kronistak ere harridura erakusten du ‘sexu ahularen’ garaipenagatik (“Le concours d’improvisation basque nous ménageait une véritable surprise. Jusqu’a ce jour, le sexe fort avait seul l’apanage de ce genre littéraire; mais il est maintenant distancé par le sexe faible”) eta erraz topa daitezke matxismo kirats bortitzagoa duten testuak[2].

Hori, Iparraldeko Lore Jokoetan. Hegoaldekoetan, isiltasuna. Emakume bakar bat ere ez bat-batekoan, eta bertso jarrien lehiaketan aipamen bakarra, 1899ko Zumarragako Lore Jokoetan lehen saria Joxepa Inazi Azkuneri eman zitzaiola dioena.

 

bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean
Joxepa Antoni Aranberrik (1865-1943), Xenpelarren iloba, bere hainbat bertso argitaratu zituen garaiko prentsan.

 

Ez dirudi oso tajuzkoa mugaren alde honetan emakume bertsolaririk ez zela planteatzeak. Kostata bada ere, topa daiteke arrastoren bat. Honela, Argentinako La Baskonia aldizkarian 1906ko abuztuaren 30ean Juliana Agirrezabalagak sinatuta Amezketako jolasak izenburuarekin argitaratu zen testuan Amezketako jaietan Vissenta izeneko panderojoleak eskainiriko kopla saioa aipatzen da. Bestetik, 1902an Enrike Elizetxeak neskazaharrei jarri zizkien bertsoak zirela eta Joxepa Antoni Aranberrik honekin eta jarraian ‘Kajista’ bezala sinatzen duen bigarren gizaseme batekin bertso jarrien bidez izandako polemika famatuan, Elizetxeak Aranberriri Xenpelarren iloba dela nabari zaiola aitortzen dion testua: “Ederki daude Joshepa Antoni eta milla ezker Ibaizabalen izenean. Progatu dezu berso abekin aurrekoan ondorengoa zerala” (Ibaizabal, 1902/IV/11, 1 or., Neskazarrari, Enrike Elizetxea). Edo gogora dezagun Vinsonen lehen kronika hartan Hondarribiko neskatxa baten parte hartzea aipatzen zela[3].

 

Manuela Frantziska Zubiaurre (1837-1916)

 

Kasurik deigarriena Manuela Frantziska Zubiaurre (1837-1916) tolosarrarena izan daiteke. Lore Jokoen ziklo honek bete-betean harrapatu bazuen ere, orduko Jokoetan eta prentsan ez zuen inolako arrastorik utzi. Berari buruzko lehen aipamena bera hil ondoren agertuko da, pare bat hamarkadara. Antonio Maria Labaien Tolosako alkateak umetan herriko konfiteria bateko nagusia zen Manuela bat du gogoan, Bertsolari deitzen zitzaiona, eta Argian ‘Doña Manuela Bertsolari’ izenburua daraman testuan bertsolaria ote zen galdezka ibili dela kontatzen du. Ezetz esan omen dio mundu guztiak. Honela bukatzen du, ordea, berak gerraurreko lehen txapelketa handiaren bezperatan (1935/I/20) argitaratu zen testua: “(…) bertsolariak goratzeko gertu duten egun ontan, Doña Manuela Bersolari aitatu gabe ezin utzi zitekeela iruditu zait. Hainbeste bertsolari gizonezkoen artean, andre baten izena bederik”.

Beste lau hamarkada geroago argitaratuko da berari buruzko bigarren testua, eta hemen baieztatzen da Labaienen susmoa; nolabait bere arrastoa ezkutatzen saiatu ziren arren Zubiaurre bai zela bertsolaria:

“Escribía, imprimía y repartía entre sus amistades los ‘bertso paperak’. Con frecuencia improvisaba pareados, cuartetos y versos en la improvisación normal. Esta afición parece que ya lo cultivaba a sus dieciocho o veinte primaveras cuando dejó hecho un colador a Jose Mari” (La Voz de España, 1977/VI/7, ‘Amores y desengaños de Jose Mari Iparraguirre/Manuela Zubiaurre, le dijo: ‘Ez’…’. Linazasoro, Iñaki).

 

 

Iparragirreren biografian topatutako hariari tiraka topatu du, bada, kazetariak emakumearen berri, Zugana Manuela[4] bertso sorta ezaguna urretxukoari emandako ezezkoaren aurrean idatzi zuela jakinik, bere ondorengoak lokalizatzeko modua egin baitu. Hainbat adituk berretsi dute gerora Iparragirreren musa izan zela eta hainbat datu biografiko eskaini, besteak beste Tolosako konfiteria bateko nagusiarekin ezkondu zela, baina inork ez du aipatu bertsolaria zenik (Arana Martija, 1983a: 102 eta 1983b: 126; Agirre eta Olaso, 1999: 96; San Martin, 1981[5]). Bere ondorengoek, ordea, argi asko berresten dute bazela “(…) he podido constatar que los Bertso Paperak, cartas y demás documentos se los regaló a don Pepe Azcue Zabala-Anchieta, médico tolosano que atendió a la octogenaria abuela en sus últimos achaques. ¿No se podrían encontrar estas reliquias?” (La Voz de España, 1977/VI/7, ‘Amores y desengaños de Jose Mari Iparraguirre/Manuela Zubiaurre, le dijo: ‘Ez’…’. Linazasoro, Iñaki)

Linazasorok testu hau argitaratu ondoren ere beste hamarkada bat joango da emakume bertsolariak berriro plazan agertzen hasterako. Zortzi hamarkadatik gorakoa izango da isiltasuna.


 

[1] Sinadurari erreparatu beharko zaio harribitxi hau nola sortu zen ulertzeko, Marie Abadia, Marie Emilie Augustine Coulomb (1837-1913) jaiotzez, militante feminista izan baitzen bai Frantzian, Conseil National des Femmes Françaieses erakundeko kide gisa eta bai nazioartean, Congrès Internationales des Oeuvres Féminines delakoan parte hartuz. Parisko familia aberats batean jaioa, Lore Jokoak sortu zituen Anton Abadiaren anaia gazteenarekin, Charles Abadiarekin, ezkondu eta koinatuari erosi zion Baigorriko Etxauzia jauregian jarri zen bizitzen. Euskal kulturarekiko ere interesa erakutsi zuen (Pierre Loti ospetsuak Ramuncho eleberri sonatuan eskaintza berezia egin zion Euskal Herriaren ezagutzan emandako funtsezko laguntzagatik ) eta, beraz, bere bokazioak batu zituen La Femme aldizkariko artikuluan euskal ohituren eta euskal emakumearen inguruko azalpenak uztartuz.

[2] Lore Jokoen inguruan topa daitekeen lehen testu luzeak, Le Messager de Bayonne egunkariak 1853ko irailaren 13an eta 15ean Variétés/Rapport sur le concours d’Urrugne izenburuarekin argitaratua, emakume bertsolari baten parte hartzea bitxikeriatzat hartzen du, kartzelan idatzitako bertsoak aurkeztu dituen preso baten parte hartzearekin batera. Eta alderdi positibo gisa emakumea ‘gizontasunez’ eta ‘ohorez’ portatu dela azpimarratu ondoren, bertsotan gaizki egin duela dio, irabazi izan balu gaikur gisa ematen zen aginte makilarekin zer egin ez zuela jakingo (emakumea delako, suposatzen da) esanez errematatzeko.

[3] Bertsolaritzaren Datu Basearen arabera Bilintxen bertsoetan aipatzen den ‘Hondarribiako Joxepa’ pertsona bera izan liteke.

[4] Bost bertsok osaturiko sorta da. Hona lehenengo biak: 1) Zugana, Manuela/ Nuanian pensatu/ Uste det ninduala/ Deabruak tentatu,/ Ikusi beziñ ekiñ/ Naiz enamoratu/ Ojala ez baziñan/ Sekulan agertu. 2) Amorioz beterik/ Esperantza gabe,/ Zergatik egin ziñan/ Biotz onen jabe,/ Zuk esan biar zenduben/ Emendikan alde/ Egiyaz ez naiz ni/ Bizar dunen zale.

Ume eder bati sorta ere berari jarria dela uste da.

[5] Azken hau prentsako artikulu batean argitaratua: Hoja oficial del lunes de la Provincia de Guipuzcoa, 1981/V/04, Iparragirreren kantak (I). San Martin, Juan.

bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean bitxikeriatzat batean eta isilaraziak bestean