[Lore Jokoak] Etxahunen oihartzuna prentsan: Von Chamissok Europan (1831)

Von Chamissok Europan –

Adelbert von Chamisso erromantizismo alemaniarreko poeta garrantzitsua izan zen. Jaiotzez frantziarra, familia protestantekoa, protestanteen aurkako jazarpenetik ihesi aldatu zen Prusiara. Militarra zen ogibidez, baina armada utzi eta bizitza gorabeheratsu bati ekin zion. Tartean, eskale bizi izan zen Berlinen bi urtez, eta, lau urtean, munduari itzulia eman zion ontzi errusiar batean botanikari aditu gisa.

 

Von Chamissok Europan
Adelbert Von Chammiso poeta erromantiko alemaniar ezagunak Etxahun bertsolariaren istorio tragikoari kapitulu bat eskaini zion bere Gedichte (1831) liburuan

 

Idazle gisa 1814ko Peter Schlemihls wundersame Geschichte (Peter Schlemihlsen istorio miresgarria) ipuin luzeak egin zuen famatu, baina, gerora, poesian nabarmendu zen, eta Robert Schumman konpositore ezagunak haren testuak erabili zituen hainbat piezatarako.

Bere azken antologia handian, 1831n argitaratutako Gedichten, 94. kapituluari honela jarri zion izenburuan: Des Basken Etchehon’s Klage (Etxahun euskaldunaren arrangura). Bertan, hemeretzi ahapaldiz osatutako poeman Pierre Topet Etxahun bertsolariaren istorioa kontatzen da: emaztearen maitalearekin nahastu eta lagun bati egin ziola tiro, zigorrari ihesi mendian ezkutaturik egin zituela hainbat aste, bere istorioa kontatzen zuten bertsoak sortu zituela gordean zela…

Nola iritsi zen, ordea, bertsolari zuberotar xume baten istorioa poeta frantziar alemaniartu oso ezagun baten eskuetara? Poemari azpititulu gisa ‘Gazette dex tribunaux’ jarri zion Chamissok eta hari horri tiraka deskubritu zuen erantzuna Haritschelharrek: Gazette des Tribunaux egunkari paristarrak Etxahunen epaiketaren berri eman zuen 1828ko abuztuaren 27an, eta hura irakurrita izan bide zuen poetak bertsolariaren berri.

Assasinat commis par méprise (Hilketa errakuntza bategatik) darama izenburutzat epaiketa kroniketan espezializatutako egunkariaren testuak. Eta xehetasun osoz aletzen du Barkoxekoaren epaiketan gertatutakoa: bertsolariaren itxura eta jarrera deskribatzen ditu, epaiketak sortutako ikusmina eta epailearen nahiz lekukoen hitzak jaso, erruduntasun froga gisa bere istorioa jasotzen zuen bertso sorta (Mündian malerusik) aurkeztu zela seinalatu…

 

Von Chamissok Europan
Gedichte. 94. kapituluari honela dakar izenburuan: “Des Basken Etchehon’s Klage” (“Etxahun euskaldunaren arrangura”).

 

Chamissoren olerkian, Etxahun maitasun traizionatuaren eta zorigaitzaren biktima gisa aurkezten zaigu, bere borondatetik harago dauden pasioek gaindituta. Literatura erromantikoak oso maite zituen horrelako pertsonaiak, zorigaiztoko patuak eta pasioek bazterreko bizitza gorabeheratsu batera eramandakoak, eta horregatik joko zuen begiz poetak egunkari batean topatu zuen bertsolariaren istorioa. Chamisso ez zen edozein, eta Haritschelharrek azaltzen duenez, bere poema zela medio Etxahunen istorioak entzute bat lortu zuen Europako zirkulu erromantikoetan. Alegia, erromantizismoa existitzen zenik ere ez zekien bertsolaria figura erromantiko bihurtu zutela.  

Iztuetak Fernando Amezketarra, Txabalategi, Zabala edo Juan Bautista Altamira Aizarnazabalgo sakristaua aipatzen zituen mende hasierako Villabonako eta Tolosako desafioen berri ematean, baina XIX. mendeko lehen hamarkadetan hauen arrastorik ez zen gelditu garaiko prentsan. Pierre Topet Etxahun izan zen bertan lehen aldiz izen-abizenekin agertu zen bertsolaria.

Deigarria lehen agerpen hori epaiketa kronika batean izateea. Egoki adierazten du bertsolaritzak zuen bazterreko estatusa.

Von Chamissok Europan Von Chamissok Europan