[Lore Jokoak] Humboldt: Europan piztutako jakin-mina

Ilustrazioak: Patxi Gallego

Humboldt –

Erdi Aroan eliteek eta herri xeheak kultura bera partekatzen zuten, baina XV. mendean hasita, inprentaren sorrerarekin, eliteek kultura idatzi bat garatu zuten, eta klase kulturatzat hartu. Izan ere, herri xehe eskolatu gabeak ez zuen modurik inprentatik ateratzen ziren literaturari edo manera egokiei buruzko tratatuak edo sineskeriak atzean utziko zituzten ezagutza zientifikoko lanak bere egiteko. Petrikilo, berriketari nahiz titiriteroen aurrean aho zabalik gelditzen jarraitu zuten, plazan egiten zen ahozkotasunaren festa gisa bizitzen kultura.

 

Humboldt
Karl Wilhem von Humboldt. Bere lanek euskata eta Euskal Herriaren inguruko jakin mina zabaldu zuten Europan.

 

Modu batean edo bestean inprentaz baliatuz, kapitalismoaren lehen garapena, lehen Estatu Modernoen sorrera, ezagutza zientifikoaren iraultza, Erreforma protestantea eta Ilustrazioa etorri ziren, hurrenez hurren. Baita idatzia-jasoa vs. ahozkoa-popularra bereizketa errotu ere, bigarrena atzerapenarekin lotuz. Aristokraziak, goi burgesiak eta elizaren agintaritzak mespretxuz ikusten zuten kultura popularra, eta hura debekatu edo erreformatzeko ekimenak zabaldu ziren Europan.

Iztuetak aipatzen dituen bertsolariekiko burla eta debekuak, edo Frai Bartolomeren sermoia eta Jean Baptiste Camoussarryren koplak, kultura popularraren mespretxu modernista horren isla dira neurri batean edo bestean.

Peter Burke historialari britainiarrak ‘eliteen bestekotze’ izendatzen duen prozesu hau xehetasun osoz azaltzen du La cultura popular en la Europa moderna lan ikusgarrian[1]. Eta prozesu horrek bueltakoa ere izan zuela gaineratzen du lan berean: XVIII. mende bukaeratik hasita, elite horietatik Europa osoa hartu zuen mugimendu Erromantikoa sortu zen, kultura popularrarekiko interes berritu bat ekarri zuena.

1760an James Macphersonek argitaratu zuen Fragments of Ancient Poetry izan zen mugimendu honen lehen bilduma lan ezaguna, Ossian Mc Finn izeneko antzinako bardo gaelikoak sortutako baladen itzulpena. Ondoren, Alemanian biderkatu zen mugimenduaren oihartzuna, Herderren Volkslieder (1778) herri kanten bildumarekin hasi eta Grimm anaien ipuingintza tradizionalaren lanketarekin jarraituz. Kultura popularra nazioaren izpirituaren isla omen zen, eta galtzear ikusi ziren sustrai aurremodernoak gordetzeko kezka zabaldu zen, primitiboarekiko, herrikoiarekiko lilura gailendu.

Mugimendu guzti horren ideologo nagusia izan zen Johan Gottfried Herderrek Europako bazter guztietako kultura popularra bildu eta biziberritzeko deia egin zuen. Eta dei horretan espresuki aipatu zuen euskal kultura. Philosophie der Geschinchte der Menschleit liburuan (1784), Larramendiri erreferentzia egin eta hark hasitako bilketari jarraitu behar zaiola dio. Honela irakur daiteke Julio Caro Barojak gaztelaniara itzuli eta Patri Urkizuk jasotako aipuan:

“Esperamos que pronto la lengua, las costumbres y la historia de un pueblo tan interesante y activo nos serán más conocidas; y lo que ha hecho un Macpherson por los gaélicos, un segundo Larramendi, sin duda, lo hará por los vascos, uniendo los restos de su genio nacional. Probablemente entre ellos se ha conservado la tradición de aquella batalla de Roncesvalles, que ilustrada por la epopeya monacal del arzobispo Turpin, ha dado nacimiento en la Edad Media a tantas novelas y poemas […] (Urkizu, 2006: 28-29).

 

Humboldt

 

Herderren deiari erantzunez, Karl Wilhem von Humboldt (1767-1835) alemaniar hizkuntzalari eta politikariak bi egonaldi egin zituen Euskal Herrian: 1799an eta 1801ean. Euskararen apologista talde baten eskutik ibili zen egonaldi haietan. Apaizak ziren gehienak, hizkuntzalaritzari emanak, eta figura nagusi Pablo Pedro Astarloa eta Juan Antonio Mogel nabarmentzen ziren.

Antzinako kantu eta balada popularren ehizan ez zuen arrakasta handirik izan alemaniarrak, Leloren kantua izan zen jaso ahal izan zuen piezarik garrantzitsuena, baina apologista hauek defendatzen zuten euskoiberismoa esku-eskura jarri zitzaion. Teoria honek euskara Iberiar penintsulako jatorrizko hizkuntza zela defendatzen zuen, eta alemaniarrak Europako markora zabaldu zuen planteamendua: litekeena zen euskara Europako hizkuntzarik zaharrena eta, ondorioz, kontinenteko jatorrizko hizkuntza izatea. 1821ean argitaratu zen Berlinen ideia hau garatzen zuen Prüfung der Untersuchungen über die Urbewohner Spaniens vermittelst der vaskischen Sprache (Espainiako Lehen Biztanleei buruz Euskal Hizkuntzaren bidez eginiko Ikerketen Azterketa) lana. Bere sustraien bila abiatua zen Europa erromantikoan dezenteko oihartzuna izan zuen planteamendu honek, eta hainbat ikerlariren jakin-mina piztu zuen.

Suposa daiteke, aipatu berri diren Madariaga edo Agirre irakurrita, Humboldt hartu zuen apaiz talde hartan bertsolaritzari ez zitzaiola estimazio handirik. Baina, ez zuten denek berdin pentsatzen. Laurogei urte geroago argitaratu bazen ere, Humboldten egonaldi haietako batean, 1801ean, euskarazko lehen eleberri modernoa, Peru Abarka, idatzi zuen Mogelek; eta, Humboldten bidez Europa erromantikoan kultura popularrari ematen zitzaion balioaz jabeturik edo, Mogelek sekulako protagonismoa eman zion bertan bertsolaritzari[2].

Iztuetak aipatzen duen “Artikaste aundiakiko gizon jakinti”en bertsolariekiko lilura ez da kultura popularrarekiko lilura erromantikoa baino. Mogel bera, edo Astarloa, edo Humboldten arrastoari jarraiki agertu ziren ikerlari berriak izan daitezke aipatzen dituen gizon jakintsu horiek.

Iztuetak berak ere mugimendu erromantikoa eredutzat hartu zuela argi ikusten da. Esaterako, erromantikoen ereduari jarraiki, bilketarako deia egitean: “Erbestearrak berak ematen digute biderik aski, geren jostaketak itzkribuz aundizkatzeko ez ezik, biotzez ongitxo maitaturik, naierara gozatzen ditugula, gordakaiatzeko ere” (1990: 147). Edo kultura popularra kultura nazionalaren ikur izan zitekeela seinalatzean: […] la coleccion que ofrezco al público […] no debe mirarse solo como un objeto de pasatiempo, sino como un verdadero monumento nacional […] (Iztueta, 1826: 8). Edo debekatu beharrean babestu egin behar zela aldarrikatzean: “[…] juez onari dagokio erria estalpetzea alako jostaldietan: maneratu eta apaindu berentzako señalaturik dauden tokiak […] aurkeztuko baliz ikustera, obekiago izan bear du animatzeko, ezen ez beldurzeko edo menpea emateko […]” (Iztueta, 1990: 137).


 

[1] Kultura popularraren mespretxu modernistaren zientoka adibide eskaintzen ditu. Bakarra ekartzearren, horrela kontatzen du Frantzian gertatutakoa: “A mediados del siglo XVI, los poetas de la Pléiade rechazaron las formas literarias populares, como el rondeaux, las ballades y los virelais, por otras razones que estuviesen más próximas a las normas clásicas. […] La formulación de los ideales lingüísticos y literarios del clasicismo francés por Vaugelas y Boileau, también implicaba el rechazo de las tradicionales canciones como irregulares y bárbaras; Boileau usaba el Pont-Neuf ―donde actuaban los cantantes de baladas― como un símbolo de todo aquello que debía evitarse en la buena poesía” (Burke, 1991: 383-384).

[2] Altzibarrek seinalatzen du Humbolden balizko eragin hori: “Humboldtek ez ezik, Astarloak eta Mogelek euskal herri-kulturako emaitzak (herri-literatura deitzen dena) aintzat hartu zituzten. Herri-kultur formen zaletasuna Herdergandik zetorkiokeen Humboldti. Honek kutsatu bide zien Astarloa eta Mogeli (…)” (2000: 24). Markinarrari Peru Abarkarako ekarpena egin ziola ere azpimarratzen du: “Berak ezagutarazi bide zizkion Mogeli Peru Abarkan agertzen diren Oihenarten atsotitzak” (2000: 23).

Humboldt Humboldt Humboldt