[Lore Jokoak] Kanpionen 'Euskaroak' eta Donibane Lohizuneko 'Zazpiak Bat'

Ilustrazioak: Patxi Gallego

Kanpionen ‘Euskaroak’ eta Donibane Lohizuneko ‘Zazpiak Bat’ –

Asociación Eúskara de Navarra aukeratu zuen Abadiak lankide gisa. Ez alferrik, Hegoaldean sortzen ari ziren euskararen aldeko elkarteen mugimenduan aitzindari eta erreferentzia nagusi baitzen hura.

 ‘Euskaro’ deitzen zitzaienen talde zabal batek (Kanpion, Iturralde, Aranzadi, Oloriz, Landa, Lagarde, Ansoleaga, Irazoki, Iñarra, Etxaide, Gaztelu, Azkona eta abar) bultzatzen zuen Elkartea, eta talde hori izan zen Europan zabaldu ziren teoria nazionalisten argitara herrigintzari lotu zitzaion lehenengoa (Aizpuru, 2000: 64). Baita hizkuntzaren alderdi sozialaz osoki jabetu eta proiektu soziokultural bat praktikan jartzen aitzindari ere (Larrinaga, 2007: 132-133).

 

Kanpionen 'Euskaroak' eta Donibane Lohizuneko 'Zazpiak Bat'
Arturo Campion izan zen Lore Jokoak Hegoaldera ekarri zituenetako bat.

 

Arturo Kanpion (1854-1937) izan zen talde horren buru. La Paz egunkarian berak egindako deialdiari erantzunez sortu zen elkartea (1877), eta berak jarri zituen XX. mendeko Bigarren Pizkundearekin loratuko zen abertzaletasun berriaren oinarri teorikoak, zeina euskal nazioaren bereizgarri nagusitzat ezarriko zuen Sabino Aranaren abertzaletasunetik ezberdinduko baitzen zentraltasun hori hizkuntzari esleituz[1].

Majuelok azaltzen duenez, bertsolaritzaren ezagutzari propio lotu zitzaion Kanpion euskal kulturan sakondu nahi izan zuenean: “Inmerso en el estudio de la lengua vasca amplió su conocimiento […] de poetas populares o bertsolariak […]” (2011: 53). Ongi ezagutzen zituen Europako erromantizismoaren teoriak eta haiek aipatzen zuten herriaren arima bertsolaritzan kokatzen zuen iruindarrak: “Los inicios del desarrollo intelectual de Campión se orientaron desde esas mismas premisas, adecuadas a su momento histórico […] en defensa del carácter nacional vasco que identificaba con la peculiaridad lingüística y la poesía popular de los bertsolariak” (2011: 209).

 

Kanpionen 'Euskaroak' eta Donibane Lohizuneko 'Zazpiak Bat'

 

Hegoaldeko lehen Jokoen antolaketan buru-belarri murgiltzeaz gain hurrengo urteetan askotan topatuko dugu, bada, Kanpion Jokoetako epaile lanetan, baita bat-bateko saioetan ere.

Bestalde, Kanpionek eta, oro har, Lehen Pizkundeko lehen olatua harrotu zuen belaunaldi osoak, literatura erromantikoaren tradizioari jarraituz historia eta mitoa nahasten zituen lanketa garrantzitsua egin zuten (Larrinaga, 2007: 133). Hain justu, Kanpion izan zen Xahoren Aitorren kondaira itzuli, eta 1878an Euskaroek sortu berri zuten Revista Eúskaran berrargitaratuz Hegoaldean ezagutzera eman zuena[2]. Honela, politikoki foruzaletasunaren inguruan gauzatu zen mugimendu honek, alderdi politiko bat gorpuzteko gai izan ez bazen ere, eragin garrantzitsua izan zuen sortze bidean zen abertzaletasunaren iruditerian:

“El imaginario literario creado por Campión y sus compañeros […] tuvo una gran repercusión en toda Euskal Herria […]. Las ideas políticas de Campión tuvieron gran influencia en el nacionalismo navarro y me atrevería a señalar que también en el guipuzcoano […]” (Aizpuru, 2000: 65).

Kanpionen 'Euskaroak' eta Donibane Lohizuneko 'Zazpiak Bat'

 

Lore Jokoen garaikur gisa emandako makila. Iturria: Patri Urkizu.

Mugimendu horren eskutik altxatu zen ikur garrantzitsuenetako bat euskal komunitatea euskararen bueltan batzen zuen “Zazpiak bat” izan zen. Aurretik foralismoak “Hirurak bat” eta “Laurak bat” gisakoak jorratuak zituen, baina 1880ko nahiz 1890eko hamarraldietan ikur berria nagusitu zen. Iparraldean ereindako hazia izan zen, gainera, neurri handi batean. Aipatu dugu Abadiaren Jokoetan lelo hori zeraman makila izaten zela garaikurra, eta aurretik ere, Xahok Abadiaren hitzaurrearekin argitaratu zuen 1836ko gramatikak ‘Zazpi Uskal Herrietako Uskalduner’ zekarren eskaintza gisa. Badira formularen aipamen zaharragoak Axularrengan, Garaterengan edo Larramendirengan, baina badirudi bi lagunen eskaintza hau abiapuntu bat izan zela. Xahok hainbatetan aipatu zituen zazpi probintziak bere idatzietan, eta Abadiak nahiz Duvoisinek idatzitako eskutitzetan kontzientzia abertzale garatu bat hauteman daiteke[3].

Jokoak Hegoaldera pasatzean mugaz bi aldeetarako bertsolarien joan-etorria ez da areagotu baino egingo, eta garaikurrak idatzita daramatzan hitzek geroz eta oihartzun zabalagoa izango dute. Horrela, 1892an Donibane Lohizunen ospatu ziren Jokoetan lelo nagusitzat hartu zen “Zazpiak-bat” formula. Eskualduna aldizkariaren kronikak ematen du ikurrak hartua zuen indarraren berri:

“‘Zazpiak bat’, horra zer dugun irakurtu Donibaneko Eskualdun buruzagiek beren etxe aintzinetan, bai eta ere bide bazterrean, bi aldetarik hedatuak zituzten bandera ederretan. Zazpiak bat: hitz berak ziren ageri, erran badezaket, harat-hunat elgarri irriz eta agurka bezala zabiltzan begitharte alegera guzietan. Zazpiak bat: ez zen han bertze solasik” (Eskualduna, 1892/VIII/26, “Eskualdun bestak”).

 

Omenaldi bazkaria egin zitzaion ekitaldi hartan Abadiari, eta omendu gisa mahaiburuan eman zuen hitzaldia amaitzeko ‘Zazpiak bat’-en aldeko topa eskatu zuen, berriro ere Eskualdunan irakur daitekeenez (Eskualduna, 1892/IX/23, Le toast d M. Antoine d’Abbadie). Aurrerantzean urtero egingo zen topa hori, eta saritutako hainbat bertsotan ere agertuko zen formula (Casal, Hiribarren, Ibarrart, Adema-Zalduby, Oxalde, Arrese-Beitia, Otaño eta abar). Foruzaletasunetik abertzaletasunerako pausoa dakarren formula horren erabilera zabaltzeko funtsezkoak izan ziren, bada, Lore Jokoak.


 

[1] Nafarroan euskarak bizi zuen egoera larriaren jabetzak eragindakoa zatekeen hizkuntzarekiko kezka berezi hori (Amezaga, 1994: 40), eta arrazarekiko atxikimendurik eza, berriz, Kanpionen jatorriak berak argitu lezake: “Campión, proveniente de una familia de origen francoitaliano, rechazó el criterio racial como criterio de nacionalidad, afirmando que ninguna nación europea lo cumplía” (Madariaga, 2008: 64).

[2] Aurretik Francisco Navarro Villosladak eleberri gisa argitaratutako kondaira berri batean, Amaya o los vascos en el siglo VIII, txertatu zuen (1877). Eta Kanpionen itzulpenaren ondoren Juan Mañe y Flaquerrek Euskal Herritik kanpora ere zabaldu zuen El Oasis. Viaje al País de los Fueros lanarekin (1879). Harrera beroa egin zitzaion.

[3] Aizpuruk Abadiaren ideologiaz: “Su relación con el movimiento romántico, el conocimiento del caso belga y su experiencia de la lucha irlandesa por la independencia son factores importantes a la hora de explicar sus múltiples actividades culturales en el País Vasco” (2001: 34).

 

Kanpionen ‘Euskaroak’ eta Donibane Lohizuneko ‘Zazpiak Bat’ Kanpionen ‘Euskaroak’ eta Donibane Lohizuneko ‘Zazpiak Bat’ Kanpionen ‘Euskaroak’ eta Donibane Lohizuneko ‘Zazpiak Bat’ Kanpionen ‘Euskaroak’ eta Donibane Lohizuneko ‘Zazpiak Bat’ Kanpionen ‘Euskaroak’ eta Donibane Lohizuneko ‘Zazpiak Bat’ Kanpionen ‘Euskaroak’ eta Donibane Lohizuneko ‘Zazpiak Bat’