Markinako batzarrak
Markinako batzarrak –
Bertsolari elkarte baten beharra
Ez dira txapelketak ziklo honen gailurrak ekarri zituen emaitza bakarrak. Bertsolariek bertsolaritzaz hitz egiteko egindako lehen bilkurak ere garai honetakoak dira.
Markinako fraide karmeldarren komentuan burutu zen lehenengoa, “Bertsolarien Biltzarra” izenarekin 1962ko urriaren 12an. Eta handik aurrera urtero egitea erabaki zen, Migel Mari Juaristi priorea antolatzaile nagusi zela eta Pilarika egunez[1]. Lasak eskaintzen du urtero jarraitu ohi zen egitarauaren eskema:
“[…] eguna mezarekin hasten zen, ondoren aditu baten hitzaldia etorri ohi zen; horrek bukatuta, usadioa zen Aita Juaristik batzarra irekitzea: urtean zehar bertso jardunean gertaturiko gaiak aztertzen ziren, eta etorkizunerako aurreikuspen eta ideia berriak denon artean aztertzen ziren. Bazkaria zetorren ondoren. Bazkal ostean, kantatzeko berotzen zen edonork edukitzen zuen aukera hartarako; librean nahiz gai-jartzailearekin […] Azkoitia frailearen hitzalditxoarekin eta Agur Jaunak kantatuz amaitzen zen.” (2008: 890-891)
Iriondok IX. biltzarrean, 1970ean, eman zuen hitzaldian aurreko urteetan hizlari izandako zenbait izen zerrendatzen ditu: aita Akesolo, Xabier Amuritza, Juan Mari Lekuona, Nemesio Etxaniz eta Gabriel Aresti. Baraiazarrak (1993: 50), beste batzuk gehitzen ditu: Teodoro Hernandorena, Abel Muniategi, Mikel Zarate eta Jose Mari Aranalde. Eta garaiko bertsolari gehienek parte hartu izan zutela ere gaineratzen du, banan-bana baten edo bestearen saio ederra gogoratuz.
Itxura dauka bertso-munduaren inguruko planteamenduak egiteko hitza hartzen zutenak adituak, eragileak edo fraideak izaten zirela bertsolariak eurak baino gehiago, baina badirudi hurrengo zikloan funtsezkoa izango den bertsolaritzaren autoeraketarako ideia, Bertsolari Elkarte bat sortzearena, hainbatetan mahaigaineratu zela. Izatez, prentsara ere iritsi zen planteamendua. Honela, esaterako, Deunoro Sardui bertsolaria, Nafarroako eragile nagusiari, Pedro Díez de Ulzurruni, zuzendu zitzaion, elkarlana proposatuaz: “Euskal Herriko bertsolari guztiak batzeko elkargo bat egitea ere esan izan da hainbat alditan […] Zure berrien zain gelditzen naiz. Agindu!” (Anaitasuna, 1971/V/30, “Díaz de Ulzurruneri gutun irekia, Bertsolariak”). Eta Anaitasunan bertan erantzun zion Ulzurrunek, ardura Euskaltzaindiak hartu beharko lukeela seinalatuz: “[…] Euskaltzaindiak, orain arte egiten duenaz gainera (txapelketak, sariketak) bertsolarien Elkarte hori asmatzen, eratzen eta sor arazten lagundu beharko luke […] bere agintaritza eta nagusigoarekin, Euskal Herri guztiko Bertsolarien Elkartea egin lezake.” (Anaitasuna, 1971/VII/15, “Deunororen gutun irekiari erantzuna”).

Bertsolari aldizkari baten proiektua
Bertsolarien IX. Biltzarrean bertsolaritzari buruzko aldizkari baten proiektua aurkeztu zuen Joxe Mari Iriondok:
“[…] orain astebete Larrean izan nintzan, gaurko bilera honetarako zerbait garbitu beharrez. Besteak beste, BERTSOLARI izena eta izana bildu eta hezurmamitu lezakeen aldizkari baten premia aipatu genuen han, elkarren arteko harremanak, zuetako askoren bertsopaperak, bertsolaritzari dagozkion albiste eta azterketak, dena argitara eman eta zuetako bakoitzari, eta, halaber, bertsozale guztiei epeka-epeka zabaldu ahal izateko.” (Iriondo, 1970: 2)
Aurrerago argitzen zuen hilabetekari edo bihilabetekari gisa funtziona zezakeela egokien eta izenaren inguruko azalpena ere gehitu zuen gerraurreko zikloan Makazagak argitaratutako Bertsolariya hari jarraitutasuna eman nahi zitzaiola zehaztuz. Argitalpen berria ez litzateke, ordea, Bertsolariya hura bezala bertso biltzaile soil izatera mugatuko, kazetaritza lana gehitu nahi bait zion, albisteak eta iritzia jorratzeko aukera. Izan ere, azpeitiarrak Markinara eraman zuena ez zen ideia soil bat, lanketa batez hornitutako proiektua baizik. Horrela, aldizkari berezitu gisa definitu zuen egitasmoa, egun xede-taldea deitzen zaiona ere zehazten zuen bertsozaleetatik euskaltzale guztiengana zabalduz, eta bideragarritasun ekonomikoa ere aurreikusten zion: “Mila bat harpidedun beharko lirake aldizkariari duintasunez eusteko. Eta hogei edo hogeita hamar duro urtean ordainduz bizi liteke […] Bertsolari bakoitzak bere lagunak harpidetu beharko lituzke […]” (id.: 3).
Lantaldearen inguruko zantzu batzuk ere eskaini zituen. Markinarako proposamena lantzeko aldez aurretik egindako bilkuran Deunoro Sardui eta Santi Onaindiarekin bildu zela aipatzen du, eta azken hori proposatu zuen zuzendari lanetarako:
“[…] Larreako aita Santi Onaindia langile purrukatua dela uste dut, eta lan hauetan ondo ikasia. Prest legoke gainera lehenengo urteetako urratsak markatzen hasteko. Orain arte BERTSOLARI izeneko liburua, Mila euskal olerki eder, Olerti, Karmel eta beste lan asko egina da. Denporaz ere (ez nuke esan nahi fraileak alperrak direnik) gutako edozein baino lasaiago ibiliko dela nago, seguru asko. Eta ez dute kontuak hartuko dizkien emaztekiaren beldurrik ere, eta…” (Id.: 4)
Bertso-saioen grabaketarako sarea herrialdeka antolatu beharko litzatekeela ere seinalatu zuen, hainbat izen proposatuaz: Gipuzkoarako Inozentzio Olea bertsolaria eta Donostiako Herri Irratiko Nikolas Aldai; Bizkairako Deunoro Sardui, Santi Onaindia, Enbeitatarrak eta Bilboko Herri Irratiko Pedro Mari Goikoetxea; Iparralderako Mixel Itzaina eta Emile Larre…
Proposamen argi bat eraman zuen, bada, izen abizen eta guzti, baina ez zuen erantzun garbirik jaso. Honela dio Iriondok hitzaldiaren testuan jasotako oharrak: “Hitzaldiaren ostean, elkarrizketa eta berriketan aritu ginen bazkari aurretik eta bazkalondoan; baina nik ez nuen hango aktarik jaso, eta badakit ez genuela erabaki zehatzik hartu, ez bertsolarien elkarte bat sortzeari buruz ez BERTSOLARI aldizkaria egiteari buruz” (id.: 5).
Lore Jokoen zikloan Duvoisinek eginiko planteamenduaren ondoren, bertsolaritzari buruzko aldizkari bat argitaratzeko porrot egiten duen bigarren proiektua izan zen, bada, Iriondorena. Tartean, Euzko Pizkundearen zikloan, Makazagaren eskutik argitaratu zen Bertsolariya aldizkari bat baino faszikuluka argitaratutako bertso jarrien liburu bat baino ez zen izan.
Príncipe de Vianaren “Bertsolari” saila
Nafarroako Diputazioak “Euskararen aldeko saila” deitua sortua zuen 1957an Príncipe de Viana kultur erakundearen barnean Pedro Díez de Ulzurrun buru zuela. Talde horrek 1967an Príncipe de Viana izenarekin euskarazko aldizkari bat argitaratzeari ekin zion. Horrela kontatzen du Díez de Ulzurrunek berak: “1.967an Satrustegi, Kortes Izal, J.M. Lasarte, eta M. Izeta, Urmenetak izendatuta Diputaziora lan egitera etorri ziren. Urmenetak pentsatua zuen etxe guztietan banatzeko euskarazko aldizkari bat argitaratzea. Aldizkari horren aurrean ni jarri ninduen” (La Boina Taldea, 1984: 16). Denbora gutxira, askotariko taldea bildu zen aldizkariaren inguruan: Antton Erkizia, Sagrario Aleman, Aingeru Irigarai, Damaso Intza, Fermin Ixurko, Patxi Zabaleta, Mariano Izeta, Juan Garmendia eta abar; tartean, aipatutako azken biak, adibidez, oso bertsozaleak zirenak. Eta dezenteko arrakasta izan zuen egitasmoak, hilero 8.000 ale inguru argitaratuz.
Markinako bilkuretan aldizkariaren ingurukoak planteatutakoek Príncipe de Vianan lortu zuten nolabaiteko aterpe bat. Izan ere, Euskaltzaindiaren txapelketetan Nafarroakoa antolatzen zuten jende bera zen, eta haiengana jo zuen muga zeharkatu eta Markinako bilkuretan parte hartzen hasia zen Teodoro Hernandorenak:
“Hurrengo urtean ere [1971ko Markinako Bertsolarien Biltzarraz ari da] gaia eztabaidagai izan zen [bertsolaritzari buruzko aldizkari bat ateratzea], baina erabaki deusik hartu ezinik geratu zen batzarra. Orduan, Teodorok proposatu zuen Principe de Viana hilabetekariari orrialde bat eskatzea bertsolaritzarentzako. Denek aho batez onartu, eta Teodororen bizkar utzi zituzten gestio lanak.” (Lasa, 2008: 893)
Aldizkariak orrialde baten partez hilero bi argitaratzeko ardura hartu zuen, eta testu honekin estreinatu zuen saila 1972ko urtarrilean:
“Ekiñaren gaiztoa! Azkenean ere argitaratu behar zaitugu. Zu bai, orri maite, lehengo bertsolarien kondaira ta gaurkoen iraupena lortu-arazi behar dozun orri hori […] Ba dira ia hiru urte Markiñako bertsolari egunean lehenengoz aipatu zinduguzala. Geroztik komisiñoak sortu, batzarrak egin, eta holakoak ugari. Batak au esaten euskun: ‘Ezin dagike oraingoz’; besteak: ‘Diru asko kostatzen da…’. Hor ibili da, bai, umea leporaiñoko uretan, noiz itoko.
Aurtengo bertsolari egunean bultzada bizi bat artu eban, gure asmo zahar honek. Gaiñerakoa, hemendik aurrera, zeuk esango daukuzu, ‘Principe de Viana’-n, hilleoro, bertsolarien eta bertsoaren kondaira eta misterioak argitaratuaz […]” (Príncipe de Viana, 1972 urtarrila 4. or., “Orri berria”)
Sailari “Bertsolari” jarri zioten izena, nolabait Iriondoren zapuztutako proiektuaren jarraipen bat zirela adieraziz, eta sailaren ekarpena ez zen aldizkari batean egin zitekeenaren parera iritsiko, noski, baina proiektuak aipatzen zituen eduki guztiak argitaratu zituen: bertso jarriak, bertso berriak, albisteak, iritzi artikuluak eta abar. Díez de Ulzurrun 1973an zuzendaritzatik kendu zutenean ere eutsi ahal izan zion, eta argitalpenaren itxiera arte, 1978ra arte, argitaratu zen. Horrela, beste asko baino beranduago hasi eta hilabetekaria izan arren, garai honetan gaiaz gehien argitaratu zuten medioen artean kokatu zen, Zeruko Argia, El Diario Vasco, La Voz de España, Diario de Navarra eta Herriaren ondotik.
[1] Honela dio Luis Baraiazarrak egunaren aukeraketaz: “Markinan, koarteletik 50 metrora, Karmeldarren komentuan, beste jai eder bat ospatzen da: Euskal Herriko bersolarien eguna (…) Hain zuzen ere, beren-berengi hautatu zen egun hau, haiek euren festa giroan eta jan edanetan murgildurik, euskal ekintzak eragozteko gai ez zirelakoan” (1993: 50). Hasiera data ezberdin bat ematen duela ere seinalatu beharko da, 1963a. Lanik gehienetan 1962a aipatzen da, ordea.

