Mundu bat ahoz-aho. Dokumental baten istorioa.

Beñat Gaztelumendi-(r)en argazkia Beñat Gaztelumendi 2017-10-02

Mundu bat ahoz-aho –

“Europa Bat-Batean” ekimena abiapuntutzat hartuta, munduko kantu inprobisatuaren inguruko dokumental bat osatu du Bertsozale Elkarteko Hedapen Taldeak. Hona hemen prozesu eder eta sakon honen atzean dagoena.

“Munduko kantu inprobisatuaren inguruko dokumental bat egin behar dugu”. Bertsozale Elkarteko Hedapen Taldeko asteroko bilera batean sortutako ideia izan zen, erdi txantxetan edo erdi serio. Mintzola Ahozko Lantegiak, dozenaka bertsozaleren borondatezko lanari esker eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren babesarekin “Europa Bat-Batean” ekimena martxan jarria zuen. 2015eko udazkenean Herrialde Katalanetan eta Espainian izanak ginen bertsotan eta jada inprobisatzaile kanariar, katalan eta galiziarrak ezagutuak genituen. Aurretik ere bagenuen munduko hainbat herriren kantu inprobisatuen berri: 90eko hamarkadatik aurrera bertsolari dezentek egin zuten saioren bat Euskal Herritik kanpora, eta 2003an Nazioarteko Topaketak antolatu ziren Euskal Herrian. Oraindik gaztetxoak ginenok harriduraz deskubritu genituen kubatarren bizitasuna, kanariarren txinparta, sardiniarrek tonua lurperaino jaitsita egindako koruak eta katalanen jolaserako gogoa. 2003ko Topaketa haiek mugarri izan ziren bertsolaritzaren mugimenduarentzat: belaunaldi berri batek beste hizkuntza eta gorputz batzuetako kantu inprobisatuak ezagutu zituen eta bertsolaritza gure hizkuntzaren parte izanik munduko beste diziplina batzuei lotuta dagoela ikasi zuen. Kanpo xamarretik bizi izan genuenok bagenuen halako astindu baten premia.

 

MUNDUA: KONTZEPTU ZABAL ETA ESTU HORI

“Munduko kantu inprobisatuaren inguruko dokumental bat egin behar dugu”. Badira tranpa egiten duten hitzak, esanahiz kargatzearen kargatzez jada ez dutenak jatorrian esan nahi zutena esaten. “Mundu” da horietako bat. Globalizazioaren aro honetan, kontinenteak gero eta hurbilago dauden garaiotan, gero eta antzekoagoak dira herrialde ezberdinetatik iristen zaizkigun kultur joerak: gero eta zailagoa da ingelesez, frantsesez edo gazteleraz ari ez diren edukiak jasotzea. Alegia: “mundu” esaten dugunean oso mundu murritza dela, gehienetan, adierazten duguna.

“Europa bat-batean” proiektuan hasieratik ihes egin nahi izan genion munduaren esanahi estuegi horri. Beharbada hizkuntzak eraginda, gazteleraz jarduten zuten inprobisatzaileekin izan genituen harremanik estuenak. Baina hizkuntzen orekari euste aldera, hizkuntza gutxituetan ari ziren sortzaileei ere lekua egin nahi genien. Eta dokumentalaren bidez hori ere ezagutu nahi genuen: hizkuntza gutxituetan ari diren kantu inprobisatuek hizkuntzen biziberritzean daukaten funtzioaren berri jaso nahi genuen, bertsolaritzaren ingurura beste diskurtso batzuk ere ekartze aldera.

 

NOR GARA GU, ZER GARA GU?

“Munduko kantu inprobisatuaren inguruko dokumental bat egin behar dugu”. Bigarren kontzeptu bat ere argitu nahi genuen: ba al dago benetan “kantu inprobisatu” izeneko multzorik? Kontzeptua ongi definitu eta mugatu zuten gure aurretik atzerriko sortzaileekin aritu zirenek. Baina, zaku berean sar al daitezke hizkuntza eta kultura gutxitu batean ari diren kurduak eta gazteleratik eta estatu baten jabe izanda ari diren kubatarrak? Zaku berean sar al daitezke hiriguneetan kantatzera ohitutako katalanak eta landa eremuan aritzen diren austriarrak? Zaku berean sar al daitezke koru batekin aritzen diren sardiniarrak eta gitarra, jarana eta biolinekin jarduten duten mexikarrak? Ba al dago elkartzen gaituen zerbait?

Topaketak antolatzerako zalantza horri buelta eta buelta aritu ginen, eta hipotesi bat ere eraiki genuen: hizkuntza gutxitua edo hegemonikoa izan; mugimendu antolatu bat eduki edo ez; instrumentuen laguntzaz edo ahots hutsez jardun, kantu inprobisatuan ari dena ertzetik aritzen dela normalean. Idazkera asmatu ondoren, botereari lotu zitzaion historia idazteko eskubidea. Boterea zeukanak idazten zuen historia, boterea zeukanaren emozioak agertzen zituen idatzitakoak, botereari lotutako mundu ikuskerak. Idazketara sarbiderik izan ez zuten kulturak ziren ahozko transmisioa gehien garatu zutenak. Guk ezagutzen genituen kantu inprobisatuak ere boterearen ertzetatik sortuak ziren: landa ingurutik, hizkuntza gutxituetatik, Miamitik kilometro gutxitara dagoen uharte batetik… Dokumentalarentzat hari mutur ederra zen.

 

ZAZPI INPROBISATZAILE ETA HIRU ADITU

Hari muturrak korapilatzen hasteko garaia zen beraz. Inprobisatzaileak 2016ko udaberrian eta udan iritsiko ziren Euskal Herrira: ehunka lagun ariko ziren borondatezko lanetan, eta haien laguntza izango genuen elkarrizketak egiteko. Zazpi kantu inprobisatutako ordezkariak elkarrizketatzea erabaki genuen: Yunet Lopez kubatarra; Mireia Mena katalana; Diana Laura Hernandez, Dana Sofia Limon Cordero eta Rebeca Limon Cordero mexikarrak; Simone Monni sardiniarra; Karen Owen galestarra, Zinar Ala kurdua eta, noski, bertsolari bat: Maialen Lujanbio. Eta kontaketako hari-muturrak josteko beste lau adituren testigantzak jaso genituen: Ruth Finnegan antropologoak ahozkotasunak XXI mendeko gizakiarentzat dauzkan funtzioen berri eman zigun; bertsolaritzaren transmisioaz aritu zitzaigun Bertsozale Elkarteko transmisio eragile den Ixiar Eizagirre; glosak katalanaren biziberritzean daukan garrantziaz jardun zen Albert Casals eta ahozko ondarearen berreskurapenaren inguruko xehetasunak eman zizkigun UNESCO Etxean aritzen den Begoña Guzmanek.

Dokumentala inprobisatzaile bakoitzaren kontaketa pertsonaletik abiatzen da: nola murgildu ziren kantu inprobisatuaren munduan, zer ematen dien bat-batean eta ahoz aritzeak… Eta kontaketa pertsonal horietatik abiatuta poliki-poliki ikuspegia zabaldu eta kultura bakoitzean kantu inprobisatuak dauzkan funtzio, balio eta moduez azalpenak ematen dituzte. Eta ederra da ikustea nola gehienak jolas egin nahi hutsagatik murgildu ziren mundu honetan, eta hain oinarri antzekoa duten jardunek nola funtzio eta gorputz desberdinak hartzen dituzten kultura bakoitzaren egoeraren arabera. Bat-batean eta ahoz ari dena plazan ari baita. Eta plazak ederki islatzen du herri bakoitza nolakoa den.

 

ETA HAU DENA, ZERTARAKO?

“Munduko kantu inprobisatuaren inguruko dokumental bat egin behar dugu”. Dokumental bat bai, baina, zertarako? Hitzetik Hortzera eta Bertsoa.eus proiektuetan buru belarri ari den lan-taldea zergatik murgildu zen halako abentura batean? Bertsozale askoren ahaleginetik sortu zen “Europa Bat-Batean” ekimena: bertso-eskoletan aritzen diren gazte askok aukera izan zuten atzerriko kantu inprobisatuak oholtzan ezagutu eta, batez ere, oholtzapean bakoitzaren kezkak eta interesak ezagutzeko. Emozio eta ideia zurrunbilo handi bat ekarri zuen ekimenak, eta garbi geneukan hor bizi izandakoa bertsolaritzaren mugimendu osoari itzuli nahi geniola. Hori da dokumental honen helburu nagusia.

Eta, horrez gain, bertsolaritza urrundik ezagutzen duten horientzat ere gonbidapen bat izan nahi luke “Mundu bat ahoz aho” lanak: bertsolaritza bera mundu ederra izateaz gain beste kultura eta beste mundu ikuskera batzuetarako sarbidea ere izan daitekeela erakutsi dugu. Momentuz zazpi mundu bildu ditugu ikus-entzunezko honetan. Etor daitezela gehiago.

Mundu bat ahoz-aho
Mundu bat ahoz-aho Mundu bat ahoz-aho Mundu bat ahoz-aho