[PERLAK] Lehen kronikak: euskaraz gazteleraz baino lehenago (1880)

Ilustrazioak: Txema Gartzia Urbina

euskaraz gazteleraz baino lehenago –

Euskararen komunitatea txikia eta ertzekoa izanik, oso berandu sartu zen gure hizkuntza prentsan. Izatez, bertsolaritzaren hedabideratzea hizkuntza berarena baino goiztiarragoa izan zen: bertsolaritzari buruzko prentsako lehen testua, esan bezala, 1823an argitaratu bazen, euskarazko prentsako lehen testua 1834an argitaratu zen (‘Erritar maiteac’. El Correo del Norte. 1834ko maiatzaren 5ean).

Esan bezala, bertsolaritzaren inguruko prentsako testurik zaharrenetan, XIX. mendearen lehen erdian eta hurrengo bi hamarkadetan, frantsesa izan zen hizkuntza erabiliena. Gaztelerak hartu zuen toki hori 1870eko hamarralditik aurrera, besteak beste Bilintx eta Iparragirreri buruzko testuekin. Eta euskara ez zen nagusituko XX. mendeko Aitzol eta enparauen Lehen Euskal Pizkundearen olatu Jeltzalea iritsi arte (1920ko eta 1930eko hamarkadak).

Euskara atzetik eta berandu ibiliko da beti, bada, Euskal Herriko kazetaritzaren historian. Bertso kronikari dagokionean, ordea, euskarak aurrea hartu zion gaztelerari, egun gutxiko aldeagatik izan bazen ere: Klaudio Otaegi (1836-1890) zegamarrak sinatu zuen Euskal-Erria aldizkarian 1880ko irailaren 2an, Bertsolariak Ondarrabian izenburuarekin. Bertsolaritzaz prentsan euskaraz argitaratutako lehen testua ere bada hau. Gaztelerazko lehen kronika ere Euskal-Erria aldizkarian atera zen, 1880an baita ere, baina irailaren 26an sinatuta.

Otaegik, familia pobrekoa izanagatik, herriko organo-jotzaile plaza atera zuen 14 urterekin eta Gasteizen irakasle ikasketak egin ondoren, 22 urterekin, irakasle plaza Hondarribian. Euskaltzale porrokatua izan zen eta bere maisutza lanetan haurrei dotrina euskaraz irakasteko metodo bat garatu zuen. Louis-Lucien Bonapartek bere berri izan zuenean laguntzaile gisa hartu zuen euskalkien inguruan eginiko hainbat ikerketatan landa-lanak egiteko, eta harreman luze bezain estua izan zuten.

Euskal-Erria aldizkarian sorreratik izan zen kolaboratzaile. Bertso jarri ugari argitaratu zituen, euskarazko itzulpen batzuk eta baita kazetaritza testuren bat edo beste ere. Aldizkariko kolaboratzaile euskaldun gehienek elebitan argitaratu ohi zuten, baina nagusiki gazteleraz. Otaegik, ordea, denak euskaraz idatzi zituen.

Kronika eskutitz gisa dago idatzia, Euskal-Erria aldizkariko zuzendari Jose Manterolari zuzendua. Saioaren atarikoekin ekiten dio, bertsolariak zein ziren zehaztuz, eta balkoitik balkoirako saioaren berri ematen du. Librean egindako saioa da, bertsolaritza ikuskizun moderno gisa instituzionalizatu aurretiko ereduari jarraitzen diona, ez dago sariketarik, eta, ondorioz, ez dago epaimahaiko, sari banaketa eta gisakoen aipamenik. Aitzitik, gaia bai jartzen zaie eta bertsoen zenbaketa ere badakar, bai goizeko saioarena eta baita arratsaldekoarena ere.

Bertsotan esandakoen nondik norakoak ez ezik, jendearen erreakzioak ere jasotzen ditu kazetariak. Entzutera bi mila lagun bildu omen ziren.

 

euskaraz gazteleraz baino lehenago

 

Bersolariak Ondarrabian, Klaudio Otaegi, Euskal-Erria (1880)

 

 “Manterola jauna: Aspaldi ez da izan, nire adizkide maitea, Ondarrabian, aurten bezelako pestarik, batezere euskal-izkuntz, bere lege ta oitura zar eta ondasunai dagokien gauzen gañean; bada Ayuntamentu edo Batzarre argidotarrak, ezaguturik zeñen on dan antziñako jostaera egogiak berriztzea gaurko denbora naasi oetan, ekar erazi ditu bi bersolari obeenetakoak (…)

Atzo goizean etorri ziran Udarregi eta Gorria, pozez beterik, gusto eman naiean, eta aurkeztu zitzazkion Alkate jaunari, diosala egitera eta galdetzera zer punturen gañean, non eta nola nai zuen neurtutzea beren indarrak. Eranzun zien, ongietorria egiñaz, arratsaldeko iruretan izango zala jostaera ori eta orduan esango zitzaiela zeren gañean mintzatu bear zuten. Bereala zabaldu zan uri chit Noble, Leial, Suspar eta beti Piel onetan berri au, eta baserririk urrutienetatik bildu zan alako moduan jendea ezik kale ta eche guziak bete ziran berealase.

Biek leio banatan aurrez aur, asi ziran eskerrak emanaz Batzarre, kabildu eta jende guziari, eta aditzera eman zuten bazekitela Uri onek daukazkiela bere eskutarmak galanki apainduak, izandu zituelako lengo denboretan asko ume erne eta azkarrak, ala ichasoz nola idorrez, zekizkitenak bere bizia ematen erlijio eta libertadeen onean, eta aurrera ere, beren ustean, izango dutela ondorengoak aen antza (…) Udarregik esan zion bere lagunari, kopla eder baten bidez, mintzatu bear zirala euskal-erriari dagokion jolasgairen gañean, eta orretarako iruditzen zitzaiola punturik egokiena Gurutzea eta Arbola.

 

euskaraz gazteleraz baino lehenago

 

 

Ez nezake ezan iñolaere emengo jendearen otsarea, chaloak eta irrintziak aipamen au aditzean bersolari aiñ egoki eta aion gordiñ aren aotik. Abian eranzun zion Gorriak, batere zorrik etzion beste berso batekin, eta instante onetatik bukaeraraño etzan aspertu jendea chaloka, bibaka eta ojuka, aliketa azkeneko bersoarekin aditzera eman arte illunabarrean egingo zutela beste ekiñaldi bat, ikusirik aiñ atsegiñ aundiarekin izandu zirala adituak beren itzalkarrak.

Ordu bat iraun zuen lendabiziko zall onek, eta denbora onetan bota zituzten, gelditu gabe eta supituan, 55.na berso, bakoitza zortzi oñekoa (…)

Zazpietan asi ziran berriz, eta zortzirek bitartean bota zituzten, bien artean, 121 berso, neurri bainatan batzuek, zeñ baño zeñ obeagoak (…)

euskaraz gazteleraz baino lehenago euskaraz gazteleraz baino lehenago euskaraz gazteleraz baino lehenago euskaraz gazteleraz baino lehenago 
euskaraz gazteleraz baino lehenago euskaraz gazteleraz baino lehenago euskaraz gazteleraz baino lehenago euskaraz gazteleraz baino lehenago