[PERLAK] Txirritaren arrastoa: omenaldiaren kronika (1936)

omenaldiaren kronika –

Txapela irabazi berritan egin zioten omenaldia, Txirrita garaiko bertsolari eta eragile garrantzitsuenez inguratuta ageri dena da bertsolaritzaren historiako argazki ezagun eta ikonikoenetako bat. El Día egunkariaren azalean Ander Arzelus Luzearrek sinatzen du, kazetari, eragile eta EAJko militate garrantzitsua bera, besteak beste euskarazko lehen irratsaioko gidaria izandakoa.

Testua luzea da eta egun osoko omenaldiaren kontakizun zabala eskaintzen du: meza, txistulariak, Jose Ariztimuño Aitzolen hitzaldiaren transkripzioa, makil eskaintza eta horren ondoren egin zen bertso saioa, bazkaria, bazkalondoko bertso saioa, Telesforo Monzonen hitzaldia eta txistularien saioa, dantzarien ikuskizuna, pilota partidaren kronika, hirugarren bertso saioa eta erromeria. Testu bizia eta polita da, baina badu hutsune garrantzitsua ere, egun hartako bertsorik gogoangarriena, historiara pasatu zena, ez du jasotzen: Txirrita bi makulurekin ibiltzen zen eta omenaldian eman zioten bastoi hori zertarako behar ote zuen zirikatu zuten bertsotan; honela erantzun zien: “Hirurogeita hamasei urte,/ garaia det umiltzeko,/ bultza beharrik ez nadukake/ goitik behera amiltzeko;/ bi makil hoiek aski nitun nik/ munduz mundu ibiltzeko,/ hirugarrena andregaiari/ arkakosuak hiltzeko”.

Bertsolaria gehien aipatzen duten paragrafoak jaso dira. Nahikoa gerraurreko Euskal Pizkunde hartan sortu zen giro bikaina arnasteko eta Txirritaren itzal luzea sumatzeko.

 

omenaldiaren kronika

 

Txirrita bertsolari bikañaren omenez, Luzear. El Día, 1936ko martxoaren 24an.

 

(…) Eliz eskalleratara bateratsu eldu giñan “Txirrita” ta gu. Gu onez, ura automobillean. Ta automobil inguruan jende pilla polita zuala, ingeles ministroak bezalaxe arkitu genuan gure “Txirrita” zarra.

“Txirrita” ikusi baño len bi emakumezko izketan nabaitu genituan:

  • ¿Zer da or? – galdetu zion batak.
  • Pralleren bat omen da paisano jantzian – erantzun zion besteak.

(…) Pixu dago “Txirrita”. Irurogeitamasei urte ta eundaberrogei kilo aztunegiak izaki nunbait. Ta Errenderiko eliz ortara sartuko bazan, berriz, hainbeste eskallera malla igo bear. Igo zituan, alare, bere bi makillen laguntzaz ta elizara sartu zan.

Eliz ateetan bi neska gaztekin topo egin genuan: “Si llego a saber esto no vengo”, zion batek (…)

Larri dabil jendea antxe. Iya omen aldi garaia ta argirik ez antzokian. “Euskaltzaleak” elkarteko lendakaria, omen-itzaldia egin bear zuan Montzon jauna ere azaltzen ez (…) Amabiak laurden gutxiago. Antzokia beterik… gañezka. Ustegabean, argia piztu zaigu. Tira ba. Ta an azaldu da ez Montzon, baña bai “Aitzol” jauna. Bai azkar lotu ere errenderitarrak aren utsa betetzeko. Ta… españarrak ezin egin lezaketena… esandako ordua baño amar minutuz lehenago asi zan bereziki omenaldi jaia deitu genezaiokena.

Antzeztokian, erdi-erdian bere “patriarka” itxurarekin antxe zegon “Txirrita”. Inguruan zituan “Basarri”, “Telleritxiki”, Lujanbio, Sarasola, “Uztapide”, Alkain gaztea, “Txapel” ta Alkain zarra. Oiekin batera “Euskaltzaleak” elkarteko buru egiten duten jaun batzuek (…)

AITZOL JAUNA[1]

“Zelai ta basotara begirazten dugu, uda berriak, Jainkoaren aginduz, lore gorri, zuri, urdiñak gure begien asegarri nola sortzen dituan oarrarazirik (…) Gogo-zelaietan ere berdin gertatzen da. Baditugu, mendi antzera, guzien gañetik agertzen diran gizon jakintsuak. Bai ordea, basaloreak ere. Basalore oiek gure bertsolariak dira (…) Gure egunetan bertsolaria baserritarra da, baña len gizon ikasiak eta señoritak ere bertsolari ziran. Ta ezkontza ala illeta, sendi jai itun ala adaietan, aberats eta txiro, ikasiak eta ezjakiñak, gizon ala emakumeak, zar eta gazteak, guziak ziran abeslari (…) “Usoa” andereñoak bere aitaren gorputz aurrean sortu ta abestutako olerkia aitatzen du.

Galdu zan ordea au, ta gure baserria izan dugu bertsolarien gordeleku (…) Txirrita bertsolarien erori aldian, antzu aldian, guzien eusle, buru, biotz, maixu izan baita. Bertsolari guziak aitortzen diote maixutasun au (…) “Ta orain (…) izlariak zeruetaraino jaso, lasterkari pizkorrenak saritu ta ukabilkariak aberasten diran egunetan, ¿ez ote zan legezkoa gure izakera, oiturak, gure izkuntzan goratu ta abesten Laburdi, Gipuzko ta Naparroan saiatu dan oni gorasarrea eskeintzea egoki?”.

MAKIL ESKAINTZA

(…) Ondoren bertsolari guziak bertso bana bota zioten “Txirritari”, aren bertsotarako trabetasuna goratu ta lengo bi makillaz gañera orain eskeñitako irugarrena zertarako ote zuan galdetuz (…)

BAZKARIA

Ez guri galdetu zer bazkaldu genun. Ederki jan genula jakin arren, zer jan genunik ez gizuteke esango: arroza, arkumea, eztakigu zer.

Baña ura giroa Batzokikoa igande otordukoan (…) Ango bertsoak jaso izatera gaurko izperringi osoa txikia genuke guzientzat. Kilometroka neurtzekoa zen atzoko etorria (…) Monzon berandu xamar azaldu zan. Arek jakin nunbait inportantzia bere buruari ematen. Ango txaloak etorri zanean (…) Ta bazkalondoan “Baserri” ta “Txirrita”k egindako saio eder-eder baten ondoren, arek eta Alkain gazteak zirikatuta, iz egin bar izan zuan. Labur baña sakon (…)

BERTSO SAIOA

Ta berriro exeri zitzaizkigun an aurrean gure bertsolariok, patxara ederrean, patxarako gizonak baitira, “Txirrita” erdi-erdian zutela. Ta Zubimendik agindu ala egin zuten: Alkain aita-semeak elkarri ekin, gero Zubik emandako oñari jarraituz bertsoa bota ta abar. Jendea txoratzen egon zan.

ERROMERIA

Ta gazte jendea txistu otsean zankoak astintzen asi zanean, alde egin bear izan genun. Emezortzi bat urte gutxiago izan bagenitu a zer dantzak egingo genitun. Neska politik ikusi baikenun antxe. Baña gazte aien zanko biziai begira guk baino gehiago sufrituko zuana izango zan an: Txirrita zarra.

Uztapidek bazkalondoan esan ziona ordea: zankoz nagi egon ezpalitz etziotela makilik erregalatuko (…)

 


 

[1] Aitzolen hitzaldia.

omenaldiaren kronika omenaldiaren kronika omenaldiaren kronika omenaldiaren kronika omenaldiaren kronika omenaldiaren kronika omenaldiaren kronika omenaldiaren kronika