Sentitzen dute; beraz, badira

2015-10-11

Erantzitako maskarak, borroka psikologikoak, emozioen kudeaketa, tristurarako joera, emozioak eta generoa… Egungo bertsogintzan emozioek zein leku duten eta bertsolariei nola eragiten dieten aztertu du BERTSOLARI aldizkariak Onintza Enbeita, Odei Barroso, Amaia Agirre eta Igor Elortza bertsolarien eta Amaia Vazquez psikologoaren bidez.

Beñat Zamalloa Akizu

Descartesek esanari buelta emana diote psikologoek, eta eurenera ekarria dute. “Descartesek esaten zuen: ‘Pentsatzen dut; beraz, banaiz’. Eta guk esaten dugu: ‘Sentitzen dut; beraz, banaiz’”. Amaia Vazquez psikologoak azaldua da hori, Hernanin duen kontsultan. Bertsolariak aztertzen ere jarri izan da bere ibilbidean zehar, eta bertsotan ari direnean ez sentitzea “oso zaila” dela ebatzia du. “Bakoitzaren biografiak markatzen du”, dio. Ezta roletik ari direnean ere: “Roletik ari direnean, roletik badu, baina berezkotik ere asko. Rol horri, esaterako, gehituko diozu zuk nola kudeatzen duzun boterea, zure nazia nola kudeatzen duzun. Azken finean, denok jartzen dugu gurea dena pertsonaia baten barruan”.

Bertsolariaren arabera du ganbaratik hainbeste eta sototik horrenbeste bertsoak. Hotzean eta matematikoki burutik hainbeste eta emozioetatik horrenbeste dutela esatea gaitza zaie bertsolariei, gaitza denez. Muxikan (Bizkaia) eginiko elkarrizketan, unearen araberakoa ere badela zehaztu zuen Onintza Enbeita bertsolariak, “norbera ere ez da beti berdin egoten”. Enbeitarentzat ia ezinezkoa da burua eta emozioak bereiztea: “Edo guztiz bereizten dut, edo, bestela, badakit tripetatik kantatuko dudala”. Gai batzuen aurrean “zeharo” ekidin ohi du errealitatea, badakielako errealitateak eramango duela nahi ez duen leku batera. “Gainontzean, normalean, oso tripetatik kantatzen dut”. Oholtzan negar egitea du saihestu nahi duen leku hori.

“Emozioak atera baino lehen burutik pasatzen dira nolazpait, eta buruak ere bidaltzen dizkio gorputzari bere seinaleak”, Odei Barrosoren irudikoz. Hala, alde emozionala “oharkabean” ateratzen zaion alde bat du bertsotan ari delarik, eta bien “beharra” du: “Bien beharra dut zerbait sortzeko, nirea dena eta nire barnetik sortzen den zerbait izan dadin”. Buruak “zentsuratzaile edo balazta” lana ere egiten dio, emozioen inpultsuak frenatzeko. “Heltzen zaizkigun emozioak ez dira beti errealak, beti ez dira koherenteak mementoarekin, eta hori kudeatzeko eskerrak burua dugun pixka bat”, zioen Azkainen (Lapurdi) lotutako hitzorduan.

Adinarekin eta ofizioarekin lotu zuen Igor Elortzak bere bertsogintzan parte emozionalak gero eta tarte handiagoa izatea. “Bertsoa egitea bera ariketa mental bat da. Hasieran, gura zein ez, ahalegin handia eskatzen dizu horrek; beraz, leku handia hartzen du. Alde razionala gailentzen edo inposatzen da, alde horretatik. Hori menperatu ahala, beste arlo batzuei atentzio handiago eskaini ahal zaie”, ebatzi zuen Durangon (Bizkaia). Nonbaiten entzuna zuen adin batera arte —hogeita hamar bat urtera arte zela oroitzen zuen— gaien bila ibiltzen dela, eta adin horretatik aurrera gaiak segika izaten direla. Adinaren eta ofizioaren talaiatik iritsi zen ondoriora: “Bizipenak ugaritzen joan ahala, gaien gaineko emozioak ere ugarituz doaz, eta ofizioarekin bertsoa bihurtzen da tresna bat, zure adierazpide bat, zure munduaren interpretazioa ateratzeko”.

Elortzaren bertsokera denborarekin emozionalagoa den bezala da Amaia Agirreren bertsokera ere emozionalagoa. Hala ere, aldaketarako zergatia oso bestelakoa du Agirrek: “Bertsotan ez diot gorputzari eta bihotzari filtroa pasatzen. Urteak aurrera joan diren heinean, uste dut baietz, baina gaztetan ez ziguten erakutsi galbahe horretatik aritzen: aurrera egin behar zen, eta beldurrak-eta ezkutatu egin behar ziren. Orduan, kontu emozionala erabat ezkutuan eraman dudala uste dut”. Produkzioan bertsokera arrazionalagoa izan du, emozionalagoa baino, baina bertsolaritza bizitzeko era, aldiz, kontrakoa: “Oholtzara igo aurreko dena bihotza eta gorputza da, uste dut burutik ahul samarra naizela zentzu horretan”. Azkeneko urteetan emozionalagoa izan dela uste du, izan dituen bizipenen ondorioz pertsona bezala aldatu delako. “Gehiago hausnartzen dut edo saiatzen naiz hasieran janzten nuen maskara hori pixka bat eranzten eta pixka bat gehixeago niretik kantatzen”, agertu zuen Villabonan (Gipuzkoa).

MASKARA HAUTSIAK

Izan ere, Agirrek oholtza gainean maskara jantzi izan du “urte askoan”. Maskara baino “autore eta pixka bat aktore” bihurtzea da Agirrerentzat: “Sentimendua ala beste buelta bat eskatzen duenean gaiak, istorio bat asmatzea”. Enbeitaren iritziz, maskararik gabe ezingo lukete publikoaren aurrean jardun. Iazko bizipen pertsonalari heldu zion maskararen beharra argitzeko: “Iazko abuztuan nik izugarri maite nuen pertsona bat hil zen. Bertsolari gehienon moduan, abuztuan saio pila bat eduki nituen, eta niretzat ez zen hilabete erraza izan, baina ezin dut herri denetan tristeziatik eta penatik kantatzen ibili. Niretzat ere ez litzateke ona, zerbait arrastatuko nukeelako handiegia bihurtuko litzatekeena arrastatu ahal izateko”. Bizitza pertsonaleko emozio denak norberarekin eroanda, eta horiei saioak sortzen dizkien egonezin guztiak batuta, maskara jartzea da “errazena” Enbeitarentzat.

Jarreran ere izan dute maskara. Adinarekin eta rol maskulinoekin egin zuten horren lotura: adinarekin, Enbeitak; adinarekin eta rol maskulinoekin, Agirrek. “Gu hasi ginenean oso-oso rol maskulinoak betetzen genituen, eta estereotipo maskulinotik abiatu zen lehenengo nesken loraldi hori. Atzera sekula geratzen ez zena, beti ausarta eta beti lotsagabea”, lotu zuen Agirrek. Adinarekin lotutako jarrera —18 urtetatik 22 urtera artekoa, gutxi gorabehera— antzera deskribatu zuen Enbeitak mundua irentsi nahiarekin, haustezintasunarekin eta sendotasunarekin.

Agirrek maskara horrekin estereotipo bat sortu zuen, hausten kosta egin zaiona, eta ez zitzaion “asko gustatzen” jendeak nola ikusten zuen. “Azkenean, jendeak zuk egiten duzun hori ikusten du”, arrazoitu zuen. “Pertsona bezala banaiz horrelakoa —lotsagabe samarra izan naiz, ausarta baino—, baina oholtzan harantzago eraman dut hori. Atera egiten zitzaidan hori: behin oholtza gainean nengoenean, Agirre bihurtzen nintzen eta Amaia itzalean geratzen zen”, Agirreren arabera. Enbeitaren ustetan bada une bat bertsolaria maskara horrekin “betiko” haserretzen dena eta erabakitzen duena beti ezin duela horrela kantatu: “Zure hauskortasun horiek guztiak zergatik ezin dituzu agertu? Denok gara sendoak besteko hauskorrak. Zergatik ez bertsotan horrela azaldu eta zu horrela sentitzen zarenean hori erakutsi jendeari?”. Horretarako, kontrako fasea igarotzea beharrezkoa omen da: saio denetan maskara izatetik, inon ez janzterakoa. “Hori ere ez da ona, beti zoazelako bistan, eta, azkenean, publikoaren aurrean jartzen zara, eta beti ezin duzu hain zaurgarri izan gauza guztiekiko”, esan zuen Enbeitak.

Ofizioak eta “zirkulu batzuetan” horretaz hizketan hasteak ohartarazi zuen Agirre maskararen pisuaz. “Berradiskidetuta” dago maskararekin Enbeita. Maskara eta berari buruzko estereotipoak erabilgarri ditu egun, eta modu kontzientean erabiltzen ditu: “Azkenean, publikoak egiten du zuri buruzko irudi bat, eta zure esku dago ondo datorkizunean irudi hori elikatzea edo apurtzea. Zuk era kontzientean elikatzen duzunean irudi hori ondo datorkizulako, ez dauka zertan txarra izan. Publikoa mota batekoa delako, maskara erabiltzen dudanean pentsatzen dudana esan beharrean, haserretzen naiz, baina bakearen alde egiten dut”.

Maskara albora uztea eta biluzteari balio handia ematen dio Vazquezek: “Ausardia da, eta hori behar dugu”. Lehenagoko bertsolaritza “itxia” eta “korazaduna” bezala analizatu zuen. “[Andoni] Egañaren belaunaldiak emozioarekin gehiago jolasten zuten burutik. Zuk emozioaz kantatu dezakezu ezer sentitu gabe, eta hori bertsolaritzan ikusi dugu: burutik kantatzen zen”, osatu zuen. Orain ere burutik kantatzen den arren, emoziotik kantatzen hasita sumatu ditu bertsolariak. “Psikologikoki funtzionamendu egokia burua eta emozioa uztartuz joatea da. Beste batek esango luke: ‘Zein ahulak diren!’. Garai bateko ikuspegi batetik litzateke hori. Psikologikoki oso ongi balioztatzen dut”, balioztatu zuen.

EMOZIOEKIN BORROKAN

Bertsolaritza bezala, edozein adierazpide artistikok laguntzen du emozioa kanporatzen eta emozioa formatu batean kokatzen. Hori “asko” arintzen duen “energia mugimendua” da Vazquezen esanetan. “Psikologook beti esaten dugu garrantzitsua dela emozioa identifikatzea, izena ipintzea eta emozio hori kudeatzea. Kudeatzeko orduan kanporatu egin behar dugu emozio hori”, argitu zuen. Oinarrizko emozioak oroitarazi zituen: tristura edo melankolia, beldurra, angustia, haserrea eta poza edo plazera. Emozioa berez kontrolatu ezin den energia biologikoa da, bat-bateko erantzuna eskatzen duena eta gorputzean ere bere erantzuna daukana. “Oso somatikoa” da. “Jaiotzen garenetik gure disko gogorrean beti dago plazeraren emozioa, berez osasuntsuena dena. Beste emozioak ere beharrezkoak dira egokitzapenaren prozesuan laguntzen digutelako”, erantsi zuen. Azkenik, bertsogintzara ekarri zituen emozioak: “Helduok memento batean emozio hori identifikatzen dugu, konektatzen dugu, eta badauzkagu baliabide batzuk hori kanporatzeko. Bertsolaritzaren kasuan, gai baten aurrean emozio hori identifikatzen dutenean, emozio hori hitz bihurtzen dute, eta une batean kanporatu egiten dute”.

Emozioak plazaratzeak gatazkak sortzen dizkie bertsolariei. “Nik uste dut bertsolariak beti ari direla borrokan euren buruekin. Ez da batere erraza eremu publikoan protagonista izatea. Horrek lanketa izugarria eskatzen du”, iritzi dio Vazquezek. Barrosok uste du leku egin behar zaiela emozioei, baina plazaratu behar direla, “atera behar direnean”. “Mementoak hautatzen zailak dira, baina jakin behar da hautatzen noiz den egokia emozio bat, noiz egiten dizun on emozio horrek”, azaldu zuen. Emozio batetik gehiegi denean, norbera ez da “errealitate batean” Barrosorentzat. Bere burua ez du prest ikusten emozio guztiak kaleratzeko. “Nire borroka psikologiko batzuk ez ditut kaleratzen; nahiz eta horiei lotutako emozio batzuk bizi, beste zerbait kaleratzen saiatzen naiz batzuetan. Delikatua da, norberarentzat ere oso gogorra izan daiteke”, bizi du Barrosok. Enbeita mikrofonoaren aurrean negarrez ikusten anitz hunkitzen bada ere, ez luke bere burua hala ikusi nahi: “Nik ez nuke nahi bertso bat negarrez kantatu, ahal banu. Ni naiz zentsuratzen duena nire burua gatazka psikologiko batzuei bide ez emateko bertsotan. Hori autozentsura da, eta nik egiten dut. Uste dut emozionalki aski sentibera naizela eta, utziko banie, nahasmen bat izanen litzatekeela”.

Barroso eta bertsozale asko hunkitzen dituen irudi hori, borroka psikologiko handitzat du Enbeitak: “Niretzat egun tortura bat da pentsatzea negar egin ahal dudala”. Borroka psikologikoez galdetuta, lehena izan zuen aipatzen. “Igaro nintzen publikoaren aurrean negar egiteari fobia edukitzetik, nire bizitzako leku denetan negar egitera”, kontatu zuen. Ezin du gai askotan lasai kantatu. Hargatik, gai horiei tiraka kantatu ala ez kantatu erabaki borrokan aritzen da, eta gai batzuk ekidin egiten ditu, jakin dakielako kostatu egingo zaiola eta negarrari ezingo diola eutsi. “Jende batentzako oso ondo dago hori, egin behar da, baina beti ez naiz ni izango negar egingo duena: batzuetan, pentsatzen dut ni horrelakoa naizela, erraz egiten dudala negar, eta nik ez daukadala errurik beste bertsolari denak harrizkoak badira; beste batzuetan, aldiz, beste batzuek egin dezatela negar pentsatzen dut”.

Bertsotan gehienetan egin ohi duen bezala, tripetatik jardun zuen gatazka psikologikoez Enbeitak. Emakumezkoa izatea eta bikotekiderik ez edukitzea ere “borroka psikologiko ideologikoa” du. “Maitasunaren inguruan edo sexuaren inguruan, kantatzen dugunean, borroka handi bat daukat nire barruan. Kantatuko banu, triste bizi naizela eta niretzat pena handi bat dela bakarrik lo egitea, jendeak pentsatuko luke neskazahar samindu bat naizela. Popatik joan daitezela munduko mutil guztiak eta batek ere ez duela merezi kantatuko banu ere, ez dakit zer pentsatuko luketen. Orduan, borroka horretan askotan ez dut esan nahiko nukeena esaten”.

Enbeitak “borroka psikologiko garrantzitsuak” dauzka, eta beste bat fisikoari lotutakoa du. “Konplexu asko” ditu fisikoari loturik. “Ni ez naiz geratu inoiz etxean egin nahi dudan zerbait egin gabe lodi egon naizelako. Niri eskolan burla egin didate, baztertuta sentitu naiz nerabezaroan fisikoagatik eta karga hori nigan eroan dut. Publikoaren aurrean hori horrela kantatzeko, adibidez, niretzat oso gogorra da. Barrera psikologiko batzuk oraindik kostatzen zaizkit gainditzea”, argitu zuen. Fisikoaren gainean barre egiteko edo zein neska ederra den kantatzeko hautua egiten du gehienetan. Nahiz eta “errealitatea” besterik den: “Nik urteko 365 egunetatik oso gutxitan sentitzen dut zein neska ederra naizen, goizean ispiluaren aurrean jartzen naizenean. Niri bezala, gizarteko emakumeen %80ri pasatzen zaie zoritxarrez. Zergatik ez naiz irtengo eta kantatuko: ‘Hemen zaudeten %70ek ikusten duzue neska lodi bat, %20k neska bat eta %10ek neska erakargarri bat?’ Zuk hori benetan pentsatzen duzu, baina pentsamendu horiek ekidin egiten dituzu”.

Bere burua Onintza Enbeita bertsolariarengandik “800 kilometrora” askotan ikusten duen arren: “Beti ez, baina askotan sentitzen naiz mundua jateko kapaz. Bertsotan aukeratu behar baldin badut, beti aukeratuko dut mundua jateko kapaz den hori”. Izan ere, publikoaren aurrean jartzea ariketa psikologiko bat da, eta ez da “ariketa psikologiko erraza”. Psikologo batengandik jasoa ekarri du azalpenera. Ba omen dagoelako psikologo bat esaten duena bikoteak ez direla aurrez aurre jarri behar mahaiaren bueltan, alboan eseri behar direla, aurrez aurrekoa beti borrokarako jarrera dela. “Nahi eta nahi ez defentsa eta ofentsiba daude aurrez aurre, eta alboan gaudenean ez dago hori”, osatu zuen. “Nahiz eta guk publikoa asko maite, gu beti gaude publikoarekin aurrez aurre, eta beti gaude defentsarako eta ofentsarako arma denekin. Gainera, ez dakigu zein erabiliko ditugun ez dakigulako zer gertatuko den saio horretan. Dena da inprobisazioa. Ariketa psikologiko potoloa da berez, nahiz eta batzuetan ez garen jabetzen zenbateraino”. Jolas horretan “bataila hori” nola amaitzen den beti da “oso desberdin”. “Guk ez dugu bizi bataila moduan, baina beti gaude aurrez aurre, eta beti gaude armatuta. Zure buruarekin daukazun desafio bat da, ondo irten behar delako. Publikoaren aurrean jartzeak gauza askotan eragiten du, zure etxeko bakardadean eragingo ez lizuketenetan”, bukatu zituen borroka psikologikoei dagozkienak.

Maskara inoiz baino erantziago duen honetan, Agirrek ez du lehen zuen zuzena izan beharraren beldurrik. “Ahultasuna ez dut azaldu izan, baina ez azaldu nahi ez nuelako, beharbada, ez zitzaidalako ateratzen edo oholtza gaineko Agirre hori ez zelako biluzten zentzu horretan. Ibilbidean atzera begiratuta ikusten dituzu horrelakoa izan gabe muturrera eraman ditudan jarrerak. Orain alde horretatik lasaiago joaten naiz: barrua hustu behar baldin badut edozein zentzutan, hustu egiten dut, eta, autokritikoa izan behar badut beste gai bati buruz, agian, erreparo gutxiagorekin egin izan dut”, adierazi zuen Agirrek. Norbera den bezalakoa azaltzeko konplexurik ez duela izan behar aldarrikatzen du: “Nik uste dut ez dugula konplexurik izan behar garen hori azaltzeko, gogoa baldin badaukagu. Premiarik eta gogorik ez baldin badaukagu, hori beste kontu bat da”. Alde horretatik, Enbeitak ezartzen dizkio “frenuak” bere buruari, eta ematen duen irudiari bidea egiten uzten dio. “Ez nuke gura jendeak nire bizitza intimoaren transparentzia oso-osoa edukitzerik. Gardentasun osoa ematen badut, gero jada ez dago ezer. Puntu batetik aurrera iruditzen zait oso sentipen eta emozio intimoak direla, eta jendearen aurrean pasatuko nukeela muga bat ez dudana pasatu gura, nahiz eta ez negarrik egin. Hori esanda, egia da nahiko pertsona gardena naizela beti”, aritu zen gardentasunaz Enbeita.

Agirrek azken Bertsolari Txapelketa Nagusian, “barrua hustu beharra” bi bertsoalditan erakutsi zuen nabarmen. “Sekulako agurrak” eskaintzekoa ez izanagatik, umea jaioberritan gurasoei eskaini zien agurreko bertsoa: “Zenbat buelta eman nizkion… Esaten nuen: ‘Jendeari zer inporta zaio?’ Baina aldi berean esaten nuen: ‘Baina ez daukazu besterik buruan…’ Batzuetan, bizipenei ezin diezu ihes egin. Ez dakizu gerora zenbat aldiz ametsetan egiten nuen zergatik aipatu nuen hainbestetan eta jendeari zer inporta izango zitzaion… Baina une horretan ezin izan nion ihes egin”. Ariketa beretsua egin zuen Hendaian zailtasunez zailtasun jaiotzear zen haurraren inguruan kantatu zuenean. “Kantatzeko premia neukan, eta banekien gaiak zirrikitu minimo bat ematen baldin bazidan, kantatu egingo nuela, atera egingo nuela gaia. Ez neukan besterik, ezin izan nion ihes egin”, jardun zuen orduko hartan eduki zuen kantatzeko premiaz. Bere bikotea emakumezkoa zela azaltzeko pausoa eman behar izan zuen lehenengo, eta horretatik kantatu lehenbizi. “Hori egiteko ere aske ibili behar duzu. Zentzu horretan izan ditut nire dudak eta nire penak”. Agirrek sumatzen du beharra bertsolariek gaia modu naturalean plazaratzekoa, aldarrikapenez harago.

Jarrera bera izango luke orain antzeko gertaera eta bizipenekin. “Ukitu” egingo lituzke, ukitu ezean haserre itzuliko litzatekeelako saiotik. “Orain banaiz gehiago askatu eta hustuzalea. Agian, premia daukadalako da, eta, agian, konplexu asko ere gainditu ditudalako. Zuk katea baduzu jarrita, hori ez zaizu aterako, baina askatzen duzunean hartzen duzun lasaituarekin, gero horri buruz kantatzeko gogoa edukitzen duzu”, probatua zuen. Aldaketak ahotsean eragin diola ere aipatu izan diote: “Nik ahots oso lodia daukat, eta goxoagotik eta finetik ari nintzela esan zidaten. Ezta nahita egin dudan zerbait, ezta gutxiagorik ere. Zerbaiten ondorioa da seguru. Gauzak ez dira kasualitatez ateratzen, oholtza gainean behintzat”.

Lekuan lekuko eta egunean eguneko publikoaren eta funtzioaren aurrean kokatu nahia izaten du borroka, egun, Elortzak. Funtzio sozial eta funtzio emozionalean kokatu nahia adibideekin erakutsi zuen: “Oso desberdina da joatea Itureneko ganbarara inauterien bueltako ospakuntza horretara edo joatea antzoki baten barruan egiten den ostiral bateko saio batera, jendea asteguneko lanak bukatuta doanean zu eta beste batzuk entzutera. Kasu bakoitzak bere funtzioa dauka, eta nire burua horretarako kokatzea izaten da neure ahalegina”. Bestela esanda: “Lekuan lekuko eta garaian garaiko, zuk esateko daukazun horretatik identifikatzea zer den leku horretan eta memento horretan han dagoen jende horri interesatu ahal zaiona, eta hori ondo adierazteko moduan esatea”.

25 urteko ibilbidean, Elortzak eduki ditu beheraldiak: “Zeure buruaz bertsolari izate horrekin konbentzituta ez zabiltzan boladak izaten dira. Galdetzen diozu zure buruari: ‘Zergatik ez nabli ondo? Zergatik ez naiz gustura sentitzen?’. Agian, saio mota batzuetan ez zara gustura sentitzen, eta gogoeta horiek egiten dituzu. Beti ez bada, ia beti, norberaren barruan daude erantzunak. Denei irteten zaigu norberaren kanpotik topatzea arrazoiak, baina normalean —eta, batez ere, ibili nahi baduzu— zure barruan topatu behar dituzu”.

EMOZIOEKIN SURFEAN

Lau bertsolariak ados dira bertsolariek emozioak landu beharraz. “Anitz lantzen da alde intelektuala bertsotarako orduan, eta nik uste dut landu behar dugula inteligentzia emozionala anitz. Iruditzen zait gure txoko horretan inteligentzia emozionalari orri batzuk utzi behar zaizkiola, eta, justuki, ez dira boligrafoarekin betetzen diren orriak; beharbada, zuri geratzen diren orriak dira, buruan ibili behar diren kontuak”, hausnartu zuen horretaz Barrosok. Era bertsuan mintzo zen gaiaz Agirre ere: “Uste dut zure gorputzaren kontrola eta zure gorputzaren barrutik doazen zirkuitulabur horiek denak kontrolatzea ezinbestekoa duela bertsolari batek. Berak izan behar du bere gorputzaren eta bere buruaren jabe”. Emozioen mesedetan oholtza gaineko jarrera fisikoaz ere jardun zuen: “Hain gara korrektoak mikrofonoaren aurrean, hain gara zurrunak, hain gara estatikoak… nork hausten du arau hori?”.

Elkarrizketatutako lau bertsolarien artean, Enbeita zen lanketa handiena egina zuena. Psikologoak, kinesiologoak, mentalistak, transzendentalista eta beste hainbatekin egin izan du lanketa. “Nik uste dut denok egin beharko genukeela, oso inportantea delako ezagutzea zein diren zure gardentasun horretan dituzun ahulguneak eta indarguneak, jendearen aurrean garden agertuko bazara”, ebatzia du. Maskara jantzi eta atzean zer dagoen ez jakiteko arriskua bada Enbeitaren iritziz: “Uste dut inportantea dela zuk zure emozioak ezagutzea eta kudeatzea. Azkenean, arinago ez bada, beranduago, barruan daukazun horrek irten egiten du. Agian, batzuei ez –‘zorionak!’ –, baina nik uste dut zure bizitzako uneren batean barreak, negarrak, maitasunak, gorrotoak, haserreak, penak… irten egin behar dutela. Bestela, zer nabil bertsotan… robotekin? Uste dut akats handi bat dela bertsolaritza gorputzetik eta emozioetatik urruntzea”.

Terapiek lagundu diote, besteak beste, ulertzen emozio denak direla bizitzaren parte. Horiekin guztiekin bizi behar dela, eta horiekin guztiekin bizitzen jakin behar dela: “Egun batean oso haserre edo triste bazaude, egun hori pasatuko da, eta hurrengo egunean egongo zara pozik. Denak dira zure bizitzaren parte, eta bertsoa ere zure bizitzaren parte da”.

Lanketa psikologikoa zertan datzan erakutsi zuen Vazquezek: “Lehenengo norberaren emozioak identifikatzen eta onartzen dituzte, eta baita emozio horiek euren gorputzean dituzten erantzunak ere. Ondoren, emozio horiek logikoki kokatzen dituzte euren bizitzetan”. Psikologoak “euren hipopotamoa” ikusten laguntzen die, eta jabearazten die nondik somatizatzen duten. Behin jabetuta, euren bizitzan kokatzen dute, euren biografian, eta emozio horiek guztiak nondik datozkien identifikatzen dute, emozio horien lagun egin arte. “Pozaren kontra inor ez da borrokatzen. Beldurraren kontra, haserrearen kontra eta tristuraren kontra bai, ordea, eta pentsatzen dugu gainditu egingo ditugula horrela. Emozio bat bakarrik surfeatu egin liteke: emozioen lagun egiten bagara, emozioekin batera goaz, eta horrek berak uzten digu emozioa buruarekin batera kontrolatzen”, erakutsi zuen Vazquezek.

BEREZ, EZ DUTE GENERORIK

Emozioak berez ez dauka generorik. “Zerbait biologiko psikofisiologikoa da. Generoa gero jarri diogu. Emozio batzuk atxiki zaizkie emakumezkoei eta beste batzuk gizonezkoei: gizonei, oldarkortasuna eta poza; eta emakumeei, tristura eta beldurra. Hori da gizarteak ezarri dien balioa”, ekarri zuen Vazquezek. “Badakigu historian emakumeei gehiago baimendu zaigula emozioak bizitzea. Baimendu, baina baimen horretan juzku bat egon da, eta botere soziala kendu digu horrek. Gizonezkoek uste izan dute jakin dutela emozio bat une jakin batean ez adierazten. Badirudi historiaurreaz hitz egiten ari naizela, baina, gaur egun, hori oraindik gertatzen da”, segitu zuen. Bertsolaritzak ere balio du aurrez azaldutakoa argitzeko: “Emakumeak hasieran oso juzgatuak ziren, hori ez zegokiolako bertsolaritzari, eta gero baimentzen zitzaien, baina emakumeak ziren. Bertsolaritzan gertatu dena gizartearen isla izan da”.

Emakume bertsolariek egindako ekarpena azpimarragarria zaie Vazquezi eta Agirreri. “Uste dut sekulako hobekuntza ekarri diola emakumearen presentziak bertsolaritzari zentzu horretan”, esango zuen Agirrek. “Gizonezkoetan nik dudarik ez daukat azkeneko 20 urteetan sekulako aldaketa eman dela zentzu horretan. Uste dut asko landu dutela batzuek. Nire ustez horiek askotan biluzten dira. Nik askotan ikusi egiten ditut. Uste dut oso-oso erabaki kontzientea egin dutela”, jarraituko zuen. “Uste dut bertsolari batzuk liberatu egin direla eurek sentitzen dutena adierazi dezaketela ikusi dutenean”, biribilduko zuen Vazquezek. Emakumezkoetan, berriz, alderantzizko joera ikusi du Agirrek: “Gure ezintasun eta ahultasunak ezkutatzen gehiago ibili garela ikusi dut, eta gizonezkoak alderantziz. Irudipena daukat neskak ibili direla gehiago hori estaltzen, eta mutil batzuk kontzienteki kontrakoan”.

Enbeitaren irakurketa Agirrerenaren eta Vazquezenaren aurkakoa da: “Niri ekarri hona bost bertsolari gizonezko benetan euren emozioak erakutsi dituztenak hamar plazatan. Ez daude. Nik hartzen ditut nik miresten ditudan gizonezko bertsolari horiek, eta oso-oso gutxitan ikusi ditut benetan tripetatik kantatzen. Eta ez nabil hasierako eta azken agurrari buruz. Nire inpresioa da gizonezkoek oraindik —batez ere, emozio batzuk— ez dituztela erakusten, eta oso gutxi direla publikoaren aurrean arma barik geratzera ausartzen direnak, garden eta hauskortasun minimo batera iristen direnak”. Irudia bestelakoa da Enbeitaren ustez: “Sentimental dabiltzanean eta maitasunez ari direnean, badaukat irudipena badirela beti lau gauza betikoak eta topikoak; bestela, puntu batean beti dagoela freno bat. Orain arte uste dut ausartagoak izan garela emakumezkoak gizonezkoak baino”.

Tristurarako joera, herri triste baten ondorio?

Aldaketa prozesuan sumatu arren, Euskal Herria “herri tristea” dela babesten du Amaia Vazquez psikologoak. Bertsogintzan —bakarkakoetan, bereziki— dagoen tristurarako joera izan dute hizpide lau bertsolariek eta psikologoak.

“Urte asko daramatzat lanbide honetan, eta jakin badakit tristura dela euskaldunok asko identifikatzen gaituen emozioa; tristurarenarekin batera, sufrimenduarena”, da Amaia Vazquez psikologoaren irakurketa ausarta euskal gizarteaz. Bertsolariek —gehienbat, bakarkakoetan— duten ilunetik kantatzeko joeraz galdetutakoan egin zuen inkontziente kolektiboaren irakurketa hori. “Badakit gure herriak baduela motibo anitz sufrimendua oso barruan eramateko. Gure herriaren historia ez da erraza izan. Nahi gabe hori itsatsita daramagu, eta hori kanporatu egiten dugu: kantuetan, antzerki motetan, bertsolaritzan…”, azaldu zuen.

Adierazitakoak eztabaida eragin dezakeela jakitun egiten du aurreko irakurketa. Euskal Herria alaitzen ikusten du, baina “prozesu bezala” sumatzen du hori. “Sumatu dut herri hau tristea izan dela. Gainera, herri honek asko balioztatzen du helburuak lortzerakoan sufrimendua, masokismoa ere bihur litekeena kasuren batean. Ghettifikatu egin gara askotan politikoki zein sozialki. Zama bat balitz bezala hartu da aurrera jo beharrez, baina horrekin memento askotan bandera ere egin da: ‘Euskaldunok badakigu sufritzen helburu bat lortzeko’”, eutsi zion. Ez omen ziguten aitzindariek hitzez era horretan transmititu, “gizarte balioa” izan dela iruditzen zaio. Adibideen bidez segitu zuen: “Adibidez, oso gaizki ikusi izan da, pertsona bati nola dagoen galdetuta, ‘oso ondo’ dagoela erantzutea. Inoiz ezin izan dugu aldarrikatu pozik dagoela bat, gustura dagoela. Larderiatzailetzat jo izan da, apaltasun horren barruan. Apaltasuna iluntasuna da nire ustez: argia ez transmititzea da”. Maiz hartu zituen hizpide haurrak emozioak azaltzerakoan, eta haurrak ez direla horrelakoak erakutsi zuen, ilusioa, bizitza eta mundua zirela deskribatuta. “Gizartean kulturak eta hezkuntzak eramaten gaituzte errepresiora: emozioekin, alaitasunarekin eta plazerarekin tentuz jokatzera. Nik pentsatzen dut gure kulturan plazerari beldur handia diogula”, egin zuen haurrengandik helduenganako ibilbidea. Psikologoak horretaz “asko” jabetzen dira: “Bezeroekin lan egiten dugunean hurbiltzen direnean lasaitasunera edo ezintasuna kudeatzera, bat-batean ongi sentitzen dira, eta arrazoi bat bilatzen dute gaizki egoteko”.

Gatazka politikoarekin lotu zuen Onintza Enbeita bertsolariak psikologoak tristuraz eta sufrimenduaz azaldutakoa. “Kuriosoa da jendea pozik egotea negar egiten duzulako”, ekin zion erantzuteari ironiaz. Ondoren, heldu zion gatazka politikoarekin lotzearekin: “Euskal Herrian jaio nintzen, onartzen dut Euskal Herrian oraindik gatazka bat dagoela, eta nik gatazka horren parte bat bizi izan dut. Nik bizi izan dudan horretatik atera izan dudan ondorioa da era honetako espresioak erabili izan ditugula beti: ‘hemen aurrera egin behar da’, ‘gogor egin behar da’, ‘aurrera bolie’… Vazquezek egindako irakurketaren antzekoa egin zuen Enbeitak alde horri dagokionez. “Bizi izan ditugu –eta nik bizi izan ditut– oso-oso egoera gogorrak, eta ez dut eduki negar egiteko eskubiderik. Bizi duzu tentsio hori guztia, eta badago zeozer kolektiboa ukatu dizuna negar egitea, erortzea edo abandonatzea. Jendeak badauka min bat atera ez duena. Eutsi behar izan dut, eta aurrera egin behar izan dut. Imajinatzen dut nik moduan beste jende askok ere hala egin behar izan duela. Hori guztia karga emozional handi bat da”, ondorioztatu zuen bertsolariak.

Min horren zati bat Hendaian askatu zuen 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioan: “Ikusten duzunean pertsona bat min hori ateratzen bi mila lagunen aurrean, erori egiten da. Jende horrek negar egiten du zurekin, identifikatuta sentitzen da, badauka barruan atera ezin duen min hori, onartzen ez zaion min hori. Beste batetik esaten dute ordua izan dela baten batek onartzeko triste dagoela, min daukala eta aurrera egiteko negar egin behar duela”. Euskal gizarteari ikusten dio “eutsitako mina” Enbeitak, eta baita Vazquezek ere: “Euskaldunok ere negar egin behar dugu. Tristura sentitzen dugu, baina asko eusten diogu emozioari. Orduan, bada halako kutsatze bat. Bere negar egiteko eskubidea, bertsozalearen eskubide egiten du Enbeitak: “Zuk zure buruari negar egiteko eskubidea onartzen diozunean, zure aurrean dauden 600 pertsonei ere onartzen diezu. Nik uste dut hori inportantea dela”.

Igor Elortzak ere uste du Euskal Herrian izan direla tristurarako motiboak, baina ez luke esango herri tristea denik: “Ez nuke esango psikologikoki herri tristea garenik. Nik barre pila bat egiten dut egunero, eta bertsotan ere bai”.

 

PORNOGRAFIA EMOZIONALA EGITERAINO

Bertsolariek umorearekin nola jokatu jakin dakitenean, Vazquezi bitxia egiten zaio kartzelako gehienak —azkenaldian umorezkoak zeozer ugaritu dira— alde ilunetik edo dramatik bideratzea. Badu susmo bat horrekiko: “Nire susmoa da eurek badakitela entzulearengan horrek guztiak badaukala eragin inportante bat, emozioa ateratzen dutela, eta sortzen dutela horrelako psikodrama kolektibo bat lagunduko diena memento batean arreta deitzen”.

Igor Elortzak ez du uste “txalo erraza” lortzeko denik. 2001eko txapelketaren osteko Argia astekariak antolatutako mahai inguru batean bertsolariei “emozio trafikanteak” zirela ezbaian aritu zirela gogoan du: “Ez genuen ondo hartu, baina arrazoi pixka bat bazuen. Egia da batzuetan ailegatzen garela pornografia emozional apur bat egitera. Denok ailegatu izan gara”. Beste behin, adinarekin eta bizipenekin lotu zuen. “Adina hartu ahala gaia beste modu batean lantzeko nahia badaukazu, baina horretarako bizipenak eduki egin behar dituzu”, egin zuen lotura. Bizipenek juzku potoloetatik xehetasunetara eraman dezakete bertsolaria Elortzaren iritziz: “Bizipen batzuk behar dituzu gai berbera ere benetakotasunetik lantzeko. Azkenean, benetakosuna ez du zertan izan zuri gertatzen zaizun gauza zehatz bat. Bizitzaren eskarmentuak ematen dizu gauzak esaldi potolo batek esanda barik, bi xehetasunekin benetan sakonago esateko modua”. Adinari bizipenei maila gehitu zion Amaia Agirrek: “Hiru bertso sortzeko ezintasunetik hasten gara sekulako bidaia egiten, eta asmatzen ditugu gauza batzuk gure egunerokotasunarekin ez daukatenak zerikusirik”.

Vazquezek irizten dio seguruago senti litezkeela une batean umorean, eta hori transmititzen dutela. “Alde ilun hori ateratzen dutenean, horrek segurtasuna txikitzen die logikoki. Abiatzen dira, ez dakite zein portutara iritsiko diren, eta zenbat biluztuko diren. Horren beldur ere badira. Ahultzat kontsideratu ohi diren emozio horien artean biluztea gogorragoa da, arrisku handiagoa du. Pentsatzen dut euren barrutik segurtasun eza edukiko dutela”, aztertu zuen Vazquezek. “Eskizofrenikoa” izatera ere irits liteke: “‘Alde batetik entzulea erakarri nahi dut, baina, aldi berean, noraino biluztuko naiz, eta horrek zer-nolako eragina izango du… Ahul bihur nazake horrek…’. Barruan sentitu lezaketen lurrikara hortik joan liteke”.

Barrosoren hitzetan gertatzen da iluntasunez margotu nahia hain ilunki ez datorren zerbait: “Hor gerta liteke artifiziala edo aurrez egina bezala: zu ari zara kantuz, baina beharbada ez da hainbeste zure bihotza ari, baizik eta buruak lehenagotik prest daukan zerbait”. Agirre ere ados da halakoetan buruak egiten duela lana, barruak baino. Beste aldagai bat ere bada Barrosok zioenez: emozioak plazaratzen jakin beharra. “Emozioak zailak dira plazaratzen. Ematen du jendea hunkitzera jotzen dugula. Ni ez naiz jendea hunkitu zale hunkitu nahi dudalako. Nik neure burua hunkitua dagoelako hunkitzen badut jendea, ongi, baina baldin banabil beste eremu batean, ez dudana batere emoziotik bizi, ez dut uste inoiz hunkituko dudanik jendea edo, behintzat, ez dut zerbait eginen horretara jotzeko. Nire burua hunkitua denean transmititzeko zalea naiz”, gaineratu zuen.

Batzuetan iluntasunarekin publikoa nekatu ere egiten den ustekoa da Agirre. Gakoen bila, sinesgarritasunean aurkitu du bat. Sinesgarritasunaren borroka “potoloa” da bertsolaritzan Enbeitaren irudiko. Sinesgarritasunari dagokionean, gakotzat tripetatik kantatzea du: “Kantatu izan dudanean oso tripetatik inork ez du zalantzan jarri esan dudan berba bakar bat ere. Niretzat sinesgarriena da sentimenduetara gehien hurbiltzen dena. Sentimenduetatik ari zarenean oso zureak dira bertso horiek, beste inork ezin du kantatu, eta gainera nork jarriko du zalantzan kantatu duzun hori?”. Iritzi berekoa da Agirre: “Nik uste norbait egiatan ari denean barrutik hunkituta eta ukituta, uste dut antzeman egiten dela. Bertsoaren kalitatea izango da bat edo beste, baina beti dela sinesgarriagoa, eta satisfakzioa askoz beteagoa da”. Gaiak horretarako aukera eman behar duela ere uste du. Egunaren arabera eta norberaren barruan bila aritu beharra arriskutsutzat jotzen du Enbeitak. “Beti ezin dituzu emozio, sentimendu eta korapilo denak publikoaren aurrean askatu”.

Agirrek beste bi gako ere erantsi zituen publikoari begira. Kezka orokorra den ala ez, eta euskal gizartearen beste premia bat: “Nik uste euskaldunok badaukagula elkartzeko eta gu sentitzeko premia. Kolektibo horrek daukan kezka azaleratzen denean, uste dut erantzukizun handia daukala bertsolariak; erantzukizuna baino karga”. Gutasun hori lortzea “zoragarria eta jeniala” Barrosorentzat: “Publikoa identifikatzen denean gu bat sortzen duzu, eta gu horrek indar bat ematen dio zure bertsoari. Publikoak nahi du ikusi bere zerbait zugan, eta zure zerbait ere bai noski. Ematen badiozu jadanik dakien guztia, ez duzu harrituko, baina emozioetan ari garenean egia da gu baten beharra badela, eta denek jotzen dugu gu-ra nira baino gehiago”. Gutasun horretara lerratzea ontzat joagatik, niak ere gu-ari zerbait esan behar diola eta horrekin tentuz ibili beharra ere azpimarratu zuen Barrosok. Elortzaren iritzitz umorea ere bada gu hori sortzeko bide bat. “Uste dut euskaldunok ere eskertzen dugula gure buruari buruzko umorea, baina ez, noski, kanpotik egiten digutena. Guk egiten dugun umorea euskaldunok asko eskertzen dugu, eta barre pila bat egiten dugu. Horrek ere sortzen du gutasuna”, zioen Elortzak.

Bertso-eskoletarako, aztergai eta langai

Odei Barroso eta Amaia Agirre bertsolariak gaztetxoekin jarduten dira bertso irakasle. “Hor ikusten dut zein garrantzitsua den inteligentzia emozionalaren lanketa adin horretan, gerora beste tresna batzuk izan ditzaten”, ikusia du Barrosok. Agirre saiatzen da lantzen, baina ez du lan erraza. Barroso ere bai, baina Barrosorentzat ere oso eremu delikatua da: “Haurrak ere 20 dituzu, hogei mundu dituzu, hogei emozio memento berean… Kudeatzen aski zaila egiten zait, baina indar handia egiten dut nik emozioak lantzen”. Agirrek kasu batzuetan bere “kopiak” egin dituela igarri du: “Nik ditudan gabezia berak atera direla batzuetan”. Landu beharra badela argi du, haatik.

Bertso-eskoletan emozioak modu zehatz batean landu behar direla erakusten hastearekin, kontuz ibili behar da Igor Elortzaren iritziz, “patroi modukoetan” ez erortzeko. “Seguru hor badela egin bako bidea, baina kontu eduki behar da seguru ez dagoelako mundu guztiarentzat balio duen patroirik. Kontu teknikoekin ez da interesantea, eta kontu emozionalekin desastre samarra izan liteke. Konplexua da: bertsogintzan ez dago irizpide eztabaidaezinik; iritziak daude, joera pertsonalak, gustu pertsonalak, iritzi pertsonalak, emozio pertsonalak…”. Egin beharrekoa ebatzia du Elortzak: “Lanketa horiek egiten ari zarenean, bakoitzarengandik datorren horri bidea eman eta hori lantzea da egin behar dena”.

“Bertso-eskoletan ikasi behar dugu emozio denak normaltzat onartzen”, Onintza Enbeitaren ustez. “Gu bertsotan hasi ginenean jarrera bat zen jarrera nagusia —bai kantatzeko posturari zegokionez, baita kantaerari zegokionez ere—, hori zen normala, eta beste guztia arraroa. Nik uste dut bertso-eskoletan erakutsi behar duguna dela dena dela normala: batek ozenago kantatzea, besteak apalago; batek umore absurdoa edukitzea, besteak naturalagoa; batek kantatzea oso bertso sakonak eta egitea negar, besteak barre… Dena da bertsolaritza”, iritzi zion.