Txapelketa alternatiboak VI - Martxoan Bertsoa. Urretxu-Zumarraga, Gipuzkoa

Nerea Ibarzabal-(r)en argazkia Nerea Ibarzabal 2017-10-13

Martxoan Bertsoa –

Hamabosgarrenez antolatu dute aurten Martxoan Bertsoa bertsolari txapelketa, eta dagoeneko bertso usaina du hilabete horrek Urretxu-Zumarragan. Herriko zenbait tabernatan egiten dira saioak, eta finala, gaztetxean. Gustura gerturatzen dira herritarrak eta ingurukoak, giro alaia eta umoretsua sortzen delako beti.

Garai bateko Zumarragako helduen bertso eskolak bultzatu zuen ideia; beraiek jendaurrean kantatzeko plaza txiki bat sortzeko, batetik; eta herrian ahul xamar zegoen bertsozaletasuna sustatzeko, bestetik. Egitarau zabal bateko ekimena da bertso saioa, bertsoarekin edo poesiarekin lotura duten beste zenbait jarduera ere prestatzen baitituzte: bertsopaper lehiaketa, kontzertuak, adituek emandako eskolak…

Hit bihurtzen diren agurrak

Bertsolariek hiruko taldetan hartzen dute parte, eta, parranda giroko beste txapelketa askotan bezala, hasierako agurrak dira espektazio handiena sortzen dutenak. Taldean prestatzen dituzte, eta dena da libre: mozorrotzea, musikatzea nahiz antzeztea. Rantxerak kantatzen dituzten mexikarrak, Andre Madalen doinuan kantatu eta dantzatzen duten folklorikoak, Voy caminando por la vida kantua aldatzen duten animatuak… edozer espero daiteke. Urretxuarrek esaten duten bezala, “oso zoroa” izaten da, eta jende asko agurrak entzutearren bakarrik joaten da saioetara.

Aurten, adibidez, Amaia Iturriotz, Iraitz Sarasola eta Sara Bidartek, guardia zibilaren galdeketa bat simulatu dute, Begetarianoan kantuaren doinuan. Atzekoen izenak esan eta, banaka, bakoitzari mehatxu bat zuzendu diote:

Bat-batean tropela
sei direla
utzi lurrean zerbezak
paretaren kontra denak
eta gu beraiekin bat
interrogatzen hasteko.

Gorka Torres!!

Y tu documentaciooooon….
Nola Gasteizen beti
guardian egoten geran
Y tu documentacioooon…
harrapauko zaitugu
datorren ikasle greban!

Duela urte batzuk bertsolari boltxebikeek hartu zuten gaztetxea. Manex Mantxolak, Beñat Hach Embarek eta Andoni Biainek barrez leherrarazi zuten publikoa, tankea tailerrean utzi zuten arren. A las barricadas kantuaren doinuan, ondorengoa bota zuten:

Donesken gauzak oso gaizki daude
baina sobera daude akzioak
eta Euskal Herri aldera etortzean
soberan daude soilik ilusioak.
Sagardotegian
ordu txikitako konbersazioak

Danak barrikara!
Danak barrikara!
Danak gara txotxaren txotxongiloak!

Che Guevara gutxi
Che de barra asko
bason ipurdiko soluzioak.

Danak barrikara!
Danak barrikara!

Danak gara txotxaren txotxongiloak!

Agurrez gain, gaiak ere umoretsuak izan daitezen ahalegintzen dira antolakuntzatik. Txapelketa honen hasierako urteetan formatu klasikoago bat izan ohi zuten saioek, betiko ariketekin. Duela bi urte, aldaketa bat ematea erabaki zuten, ordea, eta bertsolarientzako ariketa berriak sortu zituzten: errima erronda –errimatzen duten hitzak bata bestearen ondoren esatea, eliminatu arte-, habanera puntu erdika… Formatu tradizionalarekin zertxobait apurtzen saiatu ziren bestelako jende bat ere plazara animatzeko, bertsotan onenak izan ez arren beste abilidade batzuk dauzkatenak.

Epaitzeko eran ere eman dira zenbait aldaketa. Hasieran, bertsoz bertso puntuatu ohi zuten saioa bi epailek, eta, gerora, publikoaren botoari eman zitzaion garrantzi handiagoa. Aurten, berriz, bi epailek puntuatu dute, baina bertsoaldika; hau da, bertsoaldi bakoitzean gehien gustatu zaien bertsolaria aukeratuz.

Txapelaren ordezko goxoak

Sariei ere eragin die azken urteetako metamorfosiak, eta jada ez da txapelik izaten irabazleentzat. Orain, taldekide guztiei liburu bana ematen zaie, eta herrikoak eta bertso eskolakoak diren bi babeslek –ezti museoak eta harategiak- eztia, gozokiak eta txuleta oparitzen dizkiete bertsolariei. Horiek ez dute hautsik hartuko bitrinan!

Martxoan Bertsoa