Txapelketa zikloaren haustura

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2026-01-13
Ilustrazioak: Patxi Gallego

Txapelketa zikloaren haustura –

Xalbadorri txistuak (1967)

1967ko txapelketa giro nahasian jokatu zen. Horrela, zenbait bertsolari garrantzitsuk, Agirre, Lazkano, eta Lasarte, esaterako, ez zuten parte hartu, edota antolatzaileen eta epaimahaikoen lana zalantzan jarri zuen hainbatek:

“Txapelketa katramilatsua gertatu zen; epaimahaiaren lana, gaiak… auzitan jarri ziren gauza asko […] Zalantzak aireratu ziren diru irabaziak Euskaltzaindiak nola banatzen zituen galdetuz […] Hiruzpalau eskaera zuzen egin ziren: epaitze sistema garbia izatea epaimahaiko bakoitzaren puntuazioa bistan jarriz; sariak potoloagoak izatea […]” (Lasa, 2008: 862)

Epaimahaiak buruz burukoa Uztapiderekin jokatzeko Xalbador aukeratzen zuela adierazi zuenean entzun zen txistu hotsa ikusi da dagoeneko Caro Barojaren dokumentalean deskribaturik. Azaldu behar da Hegoaldeko entzuleek, Anoeta pilotalekuan erabateko gehiengoa zirenek, zailtasunak zituztela Urepelekoa ulertzeko eta horregatik egin zutela txistu. Gaineratu behar da, baita, keinu itsusi horrek txapelketaren inguruko giro txar guztia leherrarazi zuela. Honela dio Lasak: “Xalbadorri egindako txistu jotze zalapartatsuak giroa mikaztu zuen erabat” (2008: 862). Eta Garziak gehiago dio: “[…] no se sabe exactamente si contra Xalbador o contra el jurado. La pitada fue sonora y larga […]. Debido en gran parte al escándalo, la Academia dejó de organizar campeonatos de bertsolaris” (2000a: 450-451).

Hurrengo egunetako prentsan Uztapideren txapela bezainbesteko protagonismoa izan zuten publikoaren erreakzio itsusiak eta txistuak txalo bihurtu zituen Xalbadorren bertsoak. Eta Xalbadorrek txistu artean abestutako bertsoak eragin zituen txaloen ildo beretik jo zuen prentsako erreakzio honek: txistuen itsuskeria salatu eta bertsolariari elkartasuna eskaini nahi izan zitzaion, bere figura nahiz bertsokera aldarrikatuaz. Aferak izandako oihartzunaren dimentsioa Irigarairen artikuluak ematen du:

“La última competición de bersolaris […] ha sido pródigo en comentarios […] Bueno será que se saquen algunas enseñanzas, de entre los juicios publicados en los periódicos […] En Herria de Bayona, publicó el donostiarra J. Echaide un sentido artículo en el que denostaba en nombre de sus coetáneos, la grosería cometida con el koblakari Shalbador […] Entzule en Z. Argía […] Recomienda […] aprender un poco del vascuence de Shalbador; ‘entonces se percatarán de que ningún bersolari ha superado la capacidad y la clase del navarro’.

El conocido escritor Ayalde se lamentaba también en El Diario Vasco del bochorno sufrido por el fino y sensible poeta navarro, que, a pesar de la conmoción sufrida, añadimos, aún tuvo habilidad para cantar inspiradas estrofas […].” (Diario de Navarra, 1967/IX/03, 13. or., ‘Apostillas a la final de bersolaris’, Aingeru Irigarai Apat-Etxebarne)

Zauri hura goxatzea lortu zen, bada: “Herria konturatu zen Xalbador bertsolari aparta zela eta saiatu zen eskuratzen, oso ongi saiatu. Inor baino maitatuagoa izan da gero Xalbador hemen” (Dorronsoro eta J.M. Lekuona, 1987: 22). Beste zauri batzuk, ordea, irekita gelditu ziren. Horrela, epaimahai hartako kide gisa, epaimahaiari egindako mina aipatzen du Juan Mari Lekuonak: “67ko txistualdiarekin, epaimahaia nahikoa erreta geratu zen […]. Bestetik, pixka bat nekatua ere bazegoen, ikusten zuelako herrian edo bazegoela deskontentu-modu bat” (id.: 22). Eta aurretik bazterrak berotzen ibili ziren batzuk ere aipatzen ditu Esnalek egin zion elkarrizketan (2008: 87).

Txapelketa zikloaren haustura

Onena sariketa (1968)

Lekuona baino gordinagoa da Etxezarreta: “Nolabait ere Euskaltzaindiaren eskutatik bertsolari txapelketa kentzea zen kuestioa…! Eta naiko arazo ezkutuak erabiliaz lortu egin zuten, bertan bera txapelketa guziak utziaz eta Euskaltzaindia baztertuaz” (1993: 242). Eta horrela ibili zirenak zein ziren iradokitzera iristen da: “Kanpotik kritikatzen ari zirenak ikusten degu zer egin zuten, sariketa aundinaiko bat jarri eta ortan bukatu zan dana…” (id.: 242).

1967ko finalean aurkezle eta gai-jartzaile aritutako Irigoienek are argiago kontatzen du:

“PNVko batzuk, izenak ez itzazu jarri, posibilitatea ikusi zuten txapelketen ingurutik dirua lortzeko. Hauek zeharka Lekuonaren baimenarekin txapelketa bat egin zuten gure sistematik kanpo. Bertsolari onenekin bakarrik. Gurea moztuta gelditu zen. Gero beraiek ere ez zuten jarraitu eta gu baztertuta gelditu ginen. Ez dira kontatzeko gustoko gauzak. Alderdikeriaz jokatuta, hobe usteko bat egin zuten, goi mailako bertsolariekin, sari haundiekin. Diru asko irabazi zuten antolatzaileek. Zenbait bertsolari irabazi horien kontra gogor mintzatu zen. Baztertuta utzi gintuzten ordurarte horretan ari ginenok. Ni miseria gorrian aritu nintzen beti” (Sarasua: 1992: 16).

Guztiek 1968ko otsailean Piensos Onenak babesletzarekin egin zen sariketa seinalatzen dute, eta antolakuntzan ibili ziren oñatibiatarrak aipatzen ditu Etxezarretak (1993: 265).

Sariketa berrirako epaimahaitik kanpo utzi zuten Euskaltzaindia, eta gardentasunaren izenean puntuaketa guztiak bertsoz bertso jendaurrean emango zirela erabaki zen. Sariek ere beste itxura bat zuten: Onena etxeak garaiko 100.000 pezeta jarri zituen irabazlearentzat. Eta txapelketara animatu ez zen hainbat bertsolari garrantzitsuk eman zuten izena.

Zeruko Argiak, La Voz de Españak, Diario de Navarrak, Anaitasunak eta Príncipe de Vianak eman zuten sariketaren berri. Tartean “La industria apoya a la cultura: los bersolaris” bezalako titular deigarriekin, Onenaren ekarpena goraipatuz. Honela, guztira 17 testu topatu dira sariketaren inguruan. Oihartzun polita, baina aurreko txapelketa nagusiek baino askoz apalagoa. Giroak ez zuen hobera egin, gainera.

Sorpresa eman zuen Basarrik, 1962tik txapelketetatik erretiratua, sariketan parte hartuko zuela iragarriz. Honela esplikatu zuen zarauztarrak bere erabakia:

“No es éste un campeonato, sino un concurso especial. Yo vivía despreocupado de este género de actividades. Soy muy sensible y he visto que participan todos los que no lo hacían desde hace tiempo, tales como Lasarte, Aguirre, Lazcano… He tenido muchas presiones. Hasta última hora no he dado el sí. Cuando he visto que se presentaban los antes citados es cuando he accedido.” (La Voz de España, 1968/II/04, 13. or., “100.000 pesetas para el mejor / Los bersolaris ante el concurso de hoy”; Aramburu, Javier).

Bere neurrira prestatutako lehia ote zen zurrumurruak indar handia hartu zuen, eta sariketak segidarik izango ote zuen ere zalantzan jartzen zen:

“[…] Es un poco extraño el concurso que se nos anuncia: se elige a los participantes a dedo. Hasta ha habido que convencer y sujetar la musa de un poeta. La forma del anuncio parece indicar que todo el bersolarismo depende de un hombre […] ¿Se puede pensar que ya el vencedor está preseleccionado? […] pienso que los antiguos organizadores de los campeonatos de bersolaris no se van a atrever a montar un quinto campeonato, dada la diferencia de premios […] ¿Ofrece continuidad este ‘gran premio’? ¿Supone lo que se organiza mayor ventaja? O ¿mayores inconvenientes?” (El Diario Vasco, 1968/II/02, “Escriben los lectores / Sobre bersolaris”)

Zurrumurruak ez zuen erabat asmatu. Xalbadorrek sekulako saioa egin, eta biak, Xalbador eta Basarri, eman zituzten garailetzat. Gainerakoan, ordea, nahikoa zuzen zebilen irakurlea.

Izan ere, sariketak biharamun txarra utzi zuen. Eredu berriarekin kritikoak ziren iritzi batzuk argitaratu ziren: sarien gehiegizkoa, bertsolarien hautaketa, epaimahaiaren osaera eta abar salatuz (Abel Enbeita “Bertsolariak ala ito?” (1968/II/15) eta Zabale (1968/III/15), biak Anaitasunan). Bertsolarien ukoak zirela eta ez zirela, epaimahaikoen erabakiak zirela eta ez zirela, saioen antolakuntzatik ateratzen ziren diruak norentzat ote ziren edo ez ote ziren… giroa nahikoa saturatuta zegoela ikus daiteke, eta, itxuraz behintzat, nekea gailendu zen.

 

Hernandorenaren azken ahalegina (1968-1970)

Izan zen, hala ere, impasse egoera hau hausten saiatu zenik. Lehenengoa, nola ez, Teodoro Hernandorena nekaezina. Prentsan epaimahaiaren osaketa eta epaiketarako irizpideen inguruan arauketa oso xehatu eta landua argitaratu ondoren,  Iparraldearen eta Bizkaiaren arteko taldekakoa antolatu zuen, hiru saiorekin: Saran 68ko maiatzean lehenengoa, Parisen 69ko abenduaren 3an bigarrena eta Gernikan 1970eko urtarrilaren 3an azkena. Bizkaitarrek, Azpillagak eta Lopategik, irabazi zuten. Eta herrialdekako bigarren bat ere antolatu zuen jarraian, Gipuzkoaren, Bizkaiaren, Lapurdiren eta Nafarroaren artean. Horrek ere hiru saio izan zituen: Leitzan 70eko apirilaren 26an, Bergaran maiatzaren 3an eta Gernikan maiatzaren 10ean. Gipuzkoarrak, Lazkano eta Gorrotxategi, garaile.

Ez batak eta ez besteak ez zuten apenas oihartzunik izan medioetan, eta Hernandorena berak idatzitakoak izan ziren, gainera, testurik gehienak. Hortik aurrera ez zion segidarik eman.

Lasak bi hipotesi aipatzen ditu erretiro hori azaltzeko:

“Bata, Teodorok uste sendoa edukitzea Euskaltzaindiak berehala indartuko zuela Txapelketa Nagusiaren dinamika, eta beraz, bera bezalakoen ahalegin antolatzaileak ez izatea premiazkoak […] izan ere, 1970az geroztik maiztasun handiz zabaldu ohi zen Euskaltzaindiak txapelketari berriro helduko zion zurrumurrua […]. Bigarren arrazoia, bertsolari handiak elkarrekin neurtzen ibiltzerik nahi eza litzateke, eta, beraz, trabak jarri izana Teodoro saiatuari, herrialdeen arteko txapelketaren antzekoak antola zitzan.” (2008: 876)

Ez zen zizurkildarra izan txapelketen dinamika berriro abiarazten saiatu zen bakarra. Alfontso Irigoienek ere, nola ez, egin zuen bere ahalegina. Kasu honetan traba aurrekoak baino prosaikoagoa suertatu zen: “Lizundia etorri zitzaidan txapelketa bat egin behar genuela. Bizkaiko Garain egitea pentsatu genuen. Joan ginen eta Goardia Zibilek dena metrailetaz hartua zeukaten, eta ezin izan genuen egin” (Sarasua, 1992: 16).

Bategatik ez bazen bestearengatik 1979. urtera arte luzatu zen txapelketen bigarren eten hau.

 

Urteurrenak, Bertsolari-Eguna, gazteen sariketak eta beste

Txapelketen gabezia gorabehera, bertsolaritzak ez zuen presentzia mediatikoa galdu. Beste gisa bateko ekitaldiek hartu zuten protagonismoa.

Esaterako, bertsolari klasikoen jaiotza edo heriotza urteurrenetan ospatzen ziren ekitaldiek oihartzun handia izan ohi zuten: Xenpelarren heriotzaren berrehungarren urteurrenean Errenterian urte guztian zehar antolatu ziren ekitaldien berri emanez 23 testu argitaratu ziren 1969an; Bilintxen heriotzaren berrehungarren urteurrena gogoratzen zuten ekitaldien inguruan 29 testu 1976an; edo 1978an Iparragirreren itzuleraren berrehungarren urteurrenaren kariaz antolatu zirenen inguruan, 18.

Bertsolari garaikideei eginiko omenaldiek ere arrakasta handia izan zuten. Txapelketak eten eta urtebetera, 1968an antolatu zen lehenengoa. KTE erakundeak —Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak— San Sebastian jaien barruan bertsotarako plaza bat jarri nahi izan zuen. Txapeldun gisa Uztapide izan zen omendua estreinako urte hartan, eta lehenengo hura arrakastatsua izan zenez, KTEk antolatzen segitzea erabaki zuen. Bertsolari Eguna izena hartu zuen eta garaiko bertsolari ugariren omenaldi eguna izan zen urte askoan. Omenaldira bildutako entzuleek erabakitzen zuten hurrengo urtean zein izango zen bertsolari omendua: 1969an Xalbador, 1971n Lasarte, 1972an Mattin Treku, 1973an Basarri, 1974an Balendin Enbeita, 1975ean Pedro Ortuzar Iturri, 1976an Lazkao Txiki, 1977an Jose Lizaso, 1978an Mitxelena, 1979an Joxe Agirre… Ekitaldi jendetsuak izan ziren, lehengo urteetan Astoria antzokian, gero Carmelo Baldan eta azkenik Anoeta pilotalekuan.

Bestelako omenaldien berri ere eman izan zuen prentsak. 1974an ospatu zen bertsolari zaharren omenaldi ekitaldiak, adibidez, prentsaren interesa piztu zuen, eta 1975ean bertsolarien emazteen eguna ere egin zuten, prentsako aipamen batzuekin. Bestalde, nolabaiteko egoera txarrean egon zitezkeen bertsolariei laguntzeko ekitaldiak ere antolatu izan ziren. Manuel Lasarteren alde, adibidez, ekitaldi bat baino gehiago egin zen beraren gaixotasunak zirela-eta.

Azkenik, txapelketa nagusirik ezean, gazteen edo bigarren mailako bertsolarien sariketek ere protagonismo handiagoa hartu zuten: Añorgan Joxe Mari Aranaldek antolatutako Orixe eta Antton Aranburuk antolatutako Saizar sariketak; Idiazabalen Jesus Azurmendik antolatutako Zepai eta Ampo; Gabirian Osinalde saria, Eusebio Igartzabalen eskutik; Zaldibian Rufino Iraolak martxan jarri zuen Artxanberri; Zarautzeko Lizardi saria, Pedro Artetxek sustatua; Mallabiko gazte talde batek antolatutako Bizkaiko Bertsolari Gazteen saria eta abar.

Txapelketa zikloaren haustura  Txapelketa zikloaren haustura  Txapelketa zikloaren haustura  Txapelketa zikloaren haustura  Txapelketa zikloaren haustura  Txapelketa zikloaren haustura  Txapelketa zikloaren haustura  Txapelketa zikloaren haustura  Txapelketa zikloaren haustura  Txapelketa zikloaren haustura  Txapelketa zikloaren haustura  Txapelketa zikloaren haustura