Txirrita, txapeldun

Pello Esnal-(r)en argazkia Pello Esnal 2022-12-01

Txirrita, txapeldun –

Bat-bateko bertsoaren jolas-izaera du idazlan honek abiapuntu eta jomuga. Bere-berea du bat-bateko bertsoak izaera hori. Jolas egiteko erabili ohi da bertsoa lagunarte, bazkalondo, afalondo, taberna eta sagardotegietan. Baina badu beste erabilerarik ere, txapelketetan eta.

Bat-bateko bertsoa, oro har, galtzen joan da jolas-izaera azken mende eta erdian. Galera horren historia zirriborratu nahi nuke, zortzi flashetan, bi lanetan, galera eragin duten faktoreak atzeman eta gogoetarako gaia eskaini aldera. Geure esku dago –batez ere, bertsolarien esku– galdutakoa berreskuratzea01, beranduegi izan aurretik.

Lehen lan honetan, 1936a arte iritsiko gara, bost flashetan. Datorren lanerako gelditzen dira beste hirurak.

Tarteka, Antonio Zavalaren pasarte batzuk aipatzen ditut. Neronek itzuliak dira.

   

  1. Hasieran, jolasa izan zen

Antonio Zavalak 1968an idatzitako pasarte batekin has gaitezke:

Ez da erraza hitz gutxitan laburbiltzen zer izan den bertsolaritza Euskal Herriarentzat. Jolas xalo eta soil bat izan da, baina beste hainbat jolas konplexu, arranditsu eta garesti baino sakonagoa eta benetakoagoa.

Oroimina darie Zavalaren hitzei. Paradisu galduaren oroimina. Umetako argazkiek eragindakoaren antzekoa. Ezaguna dugu argazkia: bertsolariak kantuan lagunartean, bazkalondo, afalondo, sagardotegi edo tabernaren batean. Plazaren batekoa ere izan daiteke, edota bertso txapelketaren batekoa.

Oroiminarekin batera, galderak ere eragiten dizkigu argazkiak: noiz, nola, zergatik joan da galtzen jolas-giro hori?, zer egin berreskuratzeko?

 

  1. XIX. mende-hasierako desafioak

Antonio Zavalak dioenez, «XIX. mendearen lehen bi herenetan, desafioraino eramaten zuten bertsolariek borroka gogoa». Eta ezaguna den desafiorik zaharrena gogoratzen du: Zabala amezketarrak eta Txabolategi hernaniarrak Villabonako plazan jokatu zutena 1801ean, bosna ontza urre jokoan, lau mila lagunen aurrean eta beraiek aukeratutako epaileak epaimahaiko.

Ikustekoa, entzutekoa eta gozatzekoa izango zen desafio hura. Taberna handi baten antza izango zuen Villabonako plazak, festa eta jolas giroa gainezka. Azkenean, bertsolariek bi orduz jardunda gero, halakoa izan zen epaimahairen erabakia ere, aurretik jendetzak bere gisa, aho batez eta aho betean emandakoa berretsiz: zoragarri aritu zirela bi bertsolariak eta biek merezi zutela desafioa irabaztea. Berdinketa, beraz.

Zavalak eransten du:  

Ez dakigu zer neurritan izango ziren ohikoak desafio horiek. Baina horiek izango ziren, noski, bertsolaritzaren garai hartako egun handiak. Desafioek desagertzean utzitako hutsunea, norgehiagokek bete zuten lehenik, eta txapelketek gero.

 

  1. XIX. mendearen azken urteetan

Berriro ere Antonio Zavalari hartuko diogu hitza:

Bigarren Gerra Karlista bukatu zenean, euskararen aldeko mugimendu bat sortu zen Euskal Herrian. Ordu arte foruen defentsan saiatu zen herria. Baina, bataila hura galduta, ematen du bere funtsaren beste osagai hori –euskara– zaintzera jo zuela herriak. Eta orduan, bertsolaritzan jarri zituen begiak. Herri-arimaren osagai garrantzitsu eta barne-barnekotzat juzgatu zuen bertsolaritza, osagaietan lehenengoetakoa.

Orduan, norgehiagokak etorri ziren. Ez ditu herriak berak sortzen, desafioak bezala; klase kultuak sustatzen ditu.

Norgehiagoka horietako baten berri ematen du ondoren Zavalak, Jose Manterolaren eskutik. Hau, norgehiagoken antolatzaile ez ezik, horien kronista ere izan zen eta.

Irunen 1881eko irailaren 9an izan zen norgehiagoka. Bederatzi bertsolari aurkeztu ziren. Besteak beste, Pello Errota eta Udarregi. Epaimahaikoen artean, Arturo Campión eta Jose Manterola bera zeuden. Hasi, Pello eta Udarregiri hasi ziren kantatzen. Zer gai jarriko eta «Baldin elkartzen bagera euskaldunak, izango ditugu oraindik zoriontasunak». Ez zen bukatu zaharra Bigarren Gerra Karlista.

Erraz irudika ditzakegu bertsolariak elkarrekin kantuan, elkarri txanda emanez, batak bestearen arrazoiak indartuz. Halako gaia jarri zieten: egokiagoa bakarka jarduteko, elkarrekin mokoka jarduteko baino. Tabernako jolas girotik eta desafioetatik urrun xamar gaude.

Gaiak ez zituen ezustean harrapatuko bertsolariak. Aurretik ere jorratuak izango zituzten antzekoak. Dena ez zen txantxa eta umorea izango, bertsopaperetan ere ez zen bezala. Lore Jokoek ere urratua zuten bidea; are gehiago, urratzen ari ziren orduantxe ere.

Lore Jokoak 1851n antolatu ziren lehen aldiz Euskal Herrian, Iparraldean, Anton Abadiaren babespean –klase kultua eragile–. Gero hasi ziren Hegoaldean, 1879an. Joko horietan, besteak beste, bertso idatzien lehiaketak antolatzen ziren. Adibidez, gai hauek jarri zituzten lehiaketa horietako bitan: Iparraldeko euskaldunen emigrazioa Ameriketara (Iparraldean) eta foruen galera (Hegoaldean). Bertso-jartzaile ezagunak ageri dira irabazleen artean: J. B. Otxalde eta J. B. Elizanburu (Iparraldean), F. Arrese Beitia eta P. M. Otaño (Hegoaldean).

Beraz, Lore Jokoen giroa iritsi zen plazetako bat-bateko bertso saioetara ere. Tabernetako giroa baino jasoagoa zen, serioagoa. Herria jasotzeko aproposagoa. Giro berri horretan, bertso jostalariak ere badu tokirik, baina honek ez bezalako itzala du bertso jasoak eta honek ez bezalako egitekoa.

Horra hor, bat-bateko bertsoaren jolas izaerari mugak jartzen zenbait faktore.

Lehenengoa, zerbait lortzeko bitartekotzat erabili nahi izatea bat-bateko bertsoa. Izan ere, jolasa beste helbururik ez du bertso jostalariak. Jolas egitea da kontua; dibertitzea, ondo pasatzea. Jolasean agortzen da bertso jostalariaren egitekoa. Baina jolasetik harago doa bertso jasoa: entzulearengan eragin nahi du; jolasa ez beste zerbaitetarako erabiltzen da. Tresna eta bitarteko bihurtu da, ia ustekabean, hasieran jolas hutsa zen bertsoa.

Eszenatokiak ere zerikusi handia izan lezake bat-bateko bertsolariaren jardunean. Tabernak ez bezalako errespetua sortzen du plazak. Bestelakoa da plazako entzulearen jarrera ere. Taberna handi baten itxura izango zuen Villabonako plazak, baina jendearen aurrean kantatzea –jendetzaren aurrean jardutea– ez da tabernako lagunartean jolas egitea. Tabernan, bertso-lagunarekin ari da batik bat bertsolaria; plazan, batik bat entzulearentzat.

Epaimahaiaren itzala ere faktore baldintzatzailea du bat-bateko bertsolariak. Izan ere, norentzat kantatu: entzulearentzat ala epaimahaikoentzat? Villabonako plazan, agian, ez zitzaien galdera hori sortuko. Irungoan bai, noski. Nire aldetik, galdera bihurri bat egingo nuke, Arturo Campión handiaren euskaltzaletasunari ezer kendu gabe: zer neurritan ulertuko ote zuen bat-bateko bertsolari haien euskara?

Irungo norgehiagoka izan eta handik bi urtera, 1883ko irailean, Azpeitiko Lore Jokoetan, bat-bateko bertso sariketa bat jokatu zen. Zavalaren esanetan, bertsolarien artean sekulan sortu den sesiorik gogorrena piztu zuen sariketa hark. Ordu arte elkarrekin ondo konpondutako hiru bertsolari –alde batetik Udarregi, eta bestetik, Pello Errota eta Joxe Bernardo Otaño– erabat haserretu ziren, sariketa hura izan zela medio. Ordu arte, jolasean ibili ziren bertsotan, nahiz eta handi samarrak esan elkarri. Orduan, jolasa joko bihurtuta –dirua ez ezik, izena ere jokoan–, betiko haserretu ziren.

Horra hor jokoa –euskal lurraldean hainbat haserre, xextra, sesio eta liskar eragin duen jokoa– barru-barruan sartuta bertsolaritzaren eremuan. Bertsoak lehendik ere eragingo zuen sesiorik, baina beste dimentsio bateko eragina izan zuen Azpeitiko bertso saioak. Jolasetik gutxi dute, oso gutxi, ondoren bertsolariek elkarri jarritako bertso mingarriek.

 

  1. XX. mende-hasiera: garbizaletasuna

Berriro ere Antonio Zavalarena da hitza:

Urte haietan [XIX. mendearen azken aldean] asko ugaldu ziren norgehiagoka horiek. Baina XX. mendearen hasieran euskararen garbizaletasuna jarri zen modan. Ustelduta zegoen hitz egiten zen euskara; garbitu beharra zegoen. Ondorioz, bertsolariarekiko mespretxua etorri zen.

Txomin Agirreren Garoa eleberriko pasarte bat datorkigu gogora. Merezi du osorik aldatzea hona. Bide batez, ezin hobeto ematen duelako tabernako jolas giroaren berri. Jatorrizkoak dira letra etzanak, euskara mordoiloa salatuz Txomin Agirrek halaxe idatziak, bertsoa bera lehenengoa dela:

Illunabarrean, nere eginkizunak amaituta erri alderuntz nentorrela, baserritar asko billatu nituan bideko ostatuetan, oiturazko atsedenak egiten, premia gabeko jan-edanetan, beste dema batzuetarako azia botatzen ta ardoak ematen duan indarraz bertsoak eresitzen.

Ara nik zalpurdirako [zaldi-gurdirako] argi billa sartu nintzan ostatu batean entzun nituanak:

 

Bertso berri batzuek

Nai ditut paratu,

Pulamentuz esanaz

Gaur zer dan pasatu.

Bizkai guztia emen

Guk degu ondatu

Ezta Ixio [Inaxio] Mari

Ain gaizki portatu.

Gaurko apostu orrek

Badu inportantzia

Itz bitan esango det

Bere sustantzia;

Bizkaitarren diruak

Bete dit poltsia,

Ara zergatik detan

Nere alegrantzia.

 

Etziran neri batere alegrantzirik eman aien aoetan euskereak zeukan gorniak [elgorriak].

Eta aien aoetan bakarrik balitz!

 

 Zavalak, ordea, honela biribiltzen du goiko bere pasartea:

Bost axola bertsolariari. Honek kantari jarraitu zuen herrixketako plazetan, taberna eta sagardotegietan.

Eta ondoren:

 Baina ez zen norgehiagoka gehiagorik izan.

 

  1. Lehen bertsolari txapelketak: 1935-1936

Baina desafioak, sariketak eta norgehiagokak amaitu eta urte batzuk geroago, bertsolari txapelketak etorri ziren. Nahiz eta geroagokoa izan txapelketa izena, 1935 eta 1936koak jo ohi dira Euskal Herriko lehen bertsolari txapelketatzat.

Mugarri dira bi lehen txapelketak bertsolaritzaren historian. Batetik, aurreko norgehiagokek urratutako bidea sendotu zutelako; bestetik, gaurko egunetaraino iristen delako beren eragina.

Aurreko norgehiagoketen ezaugarriak dituzte txapelketa hauek. Hauek ere klase kultuak sustatuak dira; Aitzol izan zuten eragile nagusi, Euskal Pizkundea izeneko mugimenduaren baitan. Hauek ere euskal sentimendua piztea zuten helburu; eta bertsolaritzari prestigioa ematea, tabernatik antzeztokira eramanez. Baina norgehiagoketetan azaldu gabeko faktore bat azalduko da hauetan: euskararen garbizaletasunari eragin nahia.

Jakina denez, urte batzuk lehenago, Aitzolek olerkigintza kultua jo zuen begiz euskal sentimendua pizteko. Palanka hura baliatuko zuen euskal gizartea jasotzeko. Baina ez zuen lortu amestutako arrakasta. Gutxiren kontua izan, nonbait, olerkigintza kultua. Orduan, estrategia aldatzea erabaki zuen, Manuel Lekuonaren gomendioari kasu eginez: bertsolaritzak hartuko zuen olerkigintza kultuaren lekua. Horrela sortu ziren 1935eko eta 1936ko txapelketak.  

Hori ezaguna bada, ez da horren ezaguna Aitzolen eta Lizardiren arteko eztabaida, literaturaren gizarte funtzioaz. Aitzolentzat, gizarte funtzioa du literaturak lehenengoa, beste funtzio guztien aurretik; Lizardik, ordea, literaturaren gizarte funtzioa ukatu gabe, literatura ez du gizarte funtzioaren zerbitzuan jartzen.

Lizardi 1933an hil zen. Berehala etorri ziren lehen bi bertsolari txapelketak. Berriro ere, tresna eta bitarteko bihurtu nahi izango du klase kultuak bat-bateko bertsoa. Oraingoan, gainera, ordu arte eskura izan ez zuen faktore berri bat baliatuko du klase kultuak: bertsolaria bera, Basarri.

Basarrik hogeita bat urte bete berriak zituen 1935eko Bertsolari Txapelketan kantatu zuenean, Donostian, Kursaalen. Hiru urte lehenago kantatu zuen lehenbizikoz plazan, Zestoan. Hiru urte horietan urratua zuen bere bidea. Ez zuen inola ere tabernako bertsolaria izan nahi. Nahiago zuen Kepa Enbeita Urretxindorraren bertso-jarduera.

Basarrik landua zuen bertso jarduera hori –poesia kutsukoa, hizkera jasokoa–, eta ezaguna zuen Euskal Pizkundea mugimendua. Ezin hobeto islatzen ditu bata eta bestea bere bertso batek: 1935eko Txapelketan, agurrean, kantatu zuen bigarrenak:

 

Bertsolariak eman diote

Txeko erriari gorantza.

Mireio batek edergailutan

josia zuan Provenza.

Ene Jainkoa, egin zaiguzu

guri bear dan laguntza,

aal dan azkarren sendatu zagun

gaixo dan euskel izkuntza.

 

Bertso batean ez dago hobeto islatzerik Euskal Pizkundearen espiritua. Horra hor, esanahiz bete-beteak, Txeko erria –Txekoslovakia–, independentzia politikoa 1918an lortu zuena; Mireio, Frédéric Mistralek –Literatur Nobel saria, 1904an– proventzeraz idatzitako obra, Orixek euskaratu eta 1930ean argitaratua; gaixo dagoen euskara… Horra hor, azken batean, bat-bateko bertsoa Euskal Pizkundearen zerbitzura.

Taxu bera dute Basarrik ondoren kantatutako beste hiru bertsok. Gai bera jarri zieten bertsolari guztiei, Limosnatxo bat doinuan kantatzeko: «Euskel izkuntza galtzen ari da ta galtzen ba’da euskera, Euskalerriko seme guziak betiko galduak gera». Nori ez datorkio gogora Irungo norgehiagoka hartako gaia?

Ondo baliatu zuen Txirritak aukera, jolas eginez barruko  egonezina kanporatzeko:

 

Larogei urte gaiñean ditut,

      nago anketako miñez.

      Donostiara etorria naiz

      erren aundia egiñez.

      Bi bastoirekin txit larri nabil

      pausorik eman eziñez.

      Euskera ia aztu zait eta

      erderarikan jakin ez,

      maixu batekin eskolan laster

      asi bear det latiñez.

 

Jendearen algarak! Izan ere, bertsoaren bukaeran buru-eskuekin Aitzol apaiza erakutsiz, maisutzat hura zuela adierazi zuen Txirritak.

Umoreak egiten du bertsoa gozagarri. Honelatsu ulertuko genuke, umorerik gabe: «Nik ez dakidala euskaraz? Zuek irakatsiko didazue!». Edota gaia zabalduz: «Nik ez dakidala bertsotan? Zuekin ikasiko dut!».

Txirrita, funtsean, bat-bateko bertsoaren jolas izaera oztopatzen duten faktoreak ari zen salatzen. “Latiñez” hartan zeuden, graziaz laburbilduta, faktore guztiak: bai ordukoak, bai ondorengoak ere.

Goizean jokatu zen txapelketa. Ondoren, agintari, antolatzaile, epaimahaiko eta bertsolariak bazkaltzera joan ziren elkarrekin, ostatu eder batera. Bazkalondoan, hitzaldi eder bat egin ondoren, eman zuen Aitzolek epaimahaiaren erabakiaren berri: Basarri lehenengo, Matxin bigarren, Zepai hirugarren eta Alkain laugarren.

Hala bukatu zen festa. Baina ez denentzat. Bazkari hartan izana zen Sebastian Salaberria bertsolari gaztea ere; hamazazpi urte zituen artean. Honi zor diogu urrea balio duen testigantza:

Egun zoragarri bat pasatu ondoren, eman zitzaion bukaera egun hartako bertsolari festari. […]

Garai hartako bertsolari zaharrek bazuten Donostian txoko polit bat, oso maite izaten zutena: kale Eason, Bar Manolo. Donostia aldera etortzen ziren bertsolariak ostatu honetara biltzen ziren; Txirrita baitzen hona maiz samar etortzen zena, eta nik uste dut denak haren arrastoan ibiltzen zirela. Gainera, bertako nagusia Manuel ere bertsozale porrokatua baitzen.

Bada, egun hartan ere taberna hartara bildua izango zela Txirrita, eta hara joan zen Sebastian, bere lagun Patxirekin; hau ere bertsolaria, Sebastian baino gaztexeagoa. Eta Txirrita hantxe, baina ez bakarrik.

Han zeuden bertsolari gehienak, Txirrita beren maisu handiarekin, batzuk mahaian eserita eta beste batzuk zutik. Gu sartu ginenean, ez zen inor ari bertsotan; denak isilik zeuden.

Txirrita, berriz, bakar-bakarrik mahai txiki batean meriendatzen ari zen, kaxuelkada bat tripaki eta botila bat ardo bere aurrean zituela. Eta nola hortzik ez zeukan eta tripakiak ere zail samarrak zeuden, ahoan ibili eta mahaipera botatzen zituen. Han bazebilen txakur txuri txiki bat eta harentzat ez zetozen gaizki.

Honetan nire lagun Patxik esan zidan:

–Bertso bat botako niokek bai oraintxe Txirritari!

–Bota iezaiok ba, motel!

–Lotsatu egiten nauk!

–Lotsatu egiten baldin bahaiz, neronek botako zioat ba!

Halaxe, aulki bat hartuta, jarri nintzen Txirritaren mahai hartan, eta esan nion:

–Jainkoak gabon dizula, Txirrita. On egin dizula!

–Igualmente, gazte; eskerrik asko.

 

Eta honetan kantatu nion nik bertso bat; ez naiz hartaz ondo oroitzen, baina honelako zerbait zen:

 

Ederki kosta zaizu, Txirrita,

kaxuelka ori jatia,

tripaki-puxka pranko badezu

mai-pe ontara botia.

Txakur onek gaur zure kontura

egin duan banketia!

Onentzat ez da gaizki etorri

zuk ortzik ez izatia.

 

Hori aditu zuenean, bultza zion Txirritak kaxuelari –ordurako gehiena hustuta zeukan–, trago bat edan eta berehala bertsotan hasi zen, honelako zerbait kantatuz:

 

Txakur txar onek antzematen dit

nik ortzik ez daukatena,

berialaxen billatutzen du

neri sobratzen zaitena;

kaxuelka bat tripaki banun

ta berak jan dit geiena,

gero kontua pagatzeko ni,

orrek ematen dit pena.

 

Orduan ekin zion beste bertsolari batek, esanez parrandan gastatzen zituen diruekin ez zeukala hortz berriak jarri ezinik, eta orduan errazago jango zituela tripakiak, txakurrari eman gabe.

Kursaalean ederrak kantatu ziren, baina han kantatu zirenak ez  ziren batere txarragoak. Gu gauean, hamarrak aldean, atera ginen etxe aldera, eta artean ere han gelditu ziren denak, zeinek baino zeinek ederragoak kantatuz. Zeru txiki baten antza ematen nion nik Manuelen ostatuari egun hartan.

Bertsolari eta bertsozale haiek, jolas-giro hartan, erremate ezin bikainagoa jarri zioten lehen Bertsolari Txapelketari, Txirrita maisua erdi-erdian zutela. Honi lehen saria hurrengo Txapelketan emango zioten, 1936an. Aspaldi zeraman buruan bertsolari handiaren txapela.

 

Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun Txirrita, txapeldun