Ura irakiten: Bertsolaritza Genero ikuspegitik (UEU)

Maider Arregi-(r)en argazkia Maider Arregi 2019-01-31
Argazkiak: Udako Euskal Unibertsitatea eta Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Ura irakiten –

Urteak dira bertsolaritza genero ikuspuntutik ikertzen, pentsatzen, bizitzen, eraldatzen… gabiltzala. Aurten, ekainaren 25ean eta 26an, “Bertsolaritza Genero ikuspegitik” UEUko ikastaroan, orain arte ikertutakoaren laburpen moduko bat bizitzeko aukera izan genuen. Urtetan entzuten, esaten, kantatzen… joan garen kontuak bi egunetara konprimatu eta haietaz elkarrekin pentsatzeko aukera interesgarria.

Garrantzitsua iruditzen zait ikastaro hartan hitz egindakoak ondo jasotzea, pentsatzea, eta egindako hausnarketen ondorioekin, identifikatutako hutsuneekin, neurri praktikoak hartzea. Dena dela, nik ez dut hori egingo. Artikulu hau idatziko nuela jakin izan banu, apunteak hartuko nituzkeen ikastaroan, eta testu objektiboago bat idatziko nukeen. Zoritxarrez, baina, nik ez nekien artikulu hau idatziko nuenik; beraz, folio erdi baino betetzen ez duten nire apunte kaxkarrekin, gogoratzen dudana kontatuko dizuet, nire memoriaren iragazkiak ideia garrantzitsuak gorde dituelakoan. Ez ezazue, hortaz, nire idatzi hau ikastaroko kronika bezala hartu. Egongo da ikastaroa merezi bezala kontatuko duenik. Nik bi egun haiek nire memorian utzi zuten argazkia baino ez dizuet kontatuko. Gako batzuk gorde ditudalakoan.

 

…………………………………………………………………

Iraganetik hasi ginen. Karine Etxeberrik bere ikerketa lanaz hitz egin zigun. Bi bertsolari aurkeztu zizkigun: Mariana Etxegarai eta Mariane Hargain. Lore-Jokoetan bertsotan aritu ziren bi bertsolari.

Beste behin, argi geratu zen iraganean emakume* bertsolariak egon, egon zirela; baina, orain arte, ez duela inork idatzi haien historia. Lan handia daukagu hemen egiteko, iragana aztertzen eta bertsolari haiei merezi duten errekonozimendua ematen. Mila oztopo izango zituzten orduan ere plazan egoteko eta, gero, gainera, egon zirenik idatzi ez.

Elixabet Perez Gazteluk historia berridazteko behar hori azpimarratu zuen. Xenpelarri buruz hitz egin zigun. Baina ez betiko Xenpelar. Bestea, itzalpekoa. Joxepa Antoni Aranberri Petriarena, Xenpelar. Fabrikako langile kaletarra, irakur-zalea. Ez baserritarra, ez ezjakina. Fabrika kanta-leku zuena, neskazaharren alde bertsoak jarri zituena… “Lehengo bertsolarien” estereotipo ugari hausten dituena. Haren bertsoak entzunez, barre eta barre artean, konturatu ginen zein garrantzitsua den horrelako emakumeak* ezagutaraztea, merezi duten prestigioa ematea. Ez bakarrik iraganarekin justuak izateko, baizik eta baita orainaldiko erreferentziak aldatzeko ere.

Iraganarekin amaituta, orainaldira etorri ginen. Mahai inguru batean Kristina Mardaras, Arantzazu Loidi eta Estitxu Arozena entzuteko aukera izan genuen, Nerea Ibarzabalek gidatuta. Beren esperientziak kontatu zizkiguten. Miresmenez entzun genituen. Neure artean pentsatzen nuena: “Jo, itzul daitezela oholtzara, ez?”. Gero, bazkaritan ere komentatu genuen, badirudiela emakumeok* iraungitze-data dugula bertsotan aritzeko. Emakume-gazte rolean bai, baina gero ez garela interesgarriak. Zer dago, ba, interesgarriagorik, emakume* horiek kontatzeko dutena bertsotan entzutea baino?

Ondoren, Edur Epelde eta Miren Aranguren etorri ziren EHko Mugimendu Feministaren historiaz hitz egitera. Gogoratzen dut pozik esaten zutela, oholtzan emakume* bertsolariak egoteaz gain, orain emakume* feministak daudela.

Ura irakiten

………………………………………………………………………………………………

Arratsaldean, Ixiar Kerejeta, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Mari Luz Esteban.

Bertsozale Elkarteak generoaren inguruan izandako bilakaeraz jardun zen Ixiar. Banekien, baina ez nekien hainbeste lan egin zutenik. Eskerrik asko!

Maialenek berdintasunak: beren belaunaldia bertsotara sartu zeneko aldaketen eta emakume* bertsolariak sartu gareneko aldaketen artean. Gero, aholku bat eman zigun: Bertsoaz pentsatu bai, baina batez ere egin!

Uxuek, baina, ez dela hain erraza bertsotan egitea. Nola mugatzen gaitu gizarte-egiturak gure jardunean? Zein mugekin egiten dugu topo emakume* bertsolariok jendaurrera goazenean? Uxuek emakume* bertsolari ugariren testigantzak jaso zituen eta sailkatu egin zituen jasaten ditugun biolentzia motak. Argi geratu zen egitura bera biolentoa dela emakumeontzat*. Galdera da: nola aldatu egitura hori guretzat mesedegarri izan dadin?

Mari Luzek argi zeukan: Neurri politikoak. Merkatu askea, bai bertsolaritzan bai bizitzako edozein arlotan, beti boteretsuenaren mesederako izaten da. Arauak egin behar dira gure mesedetan, neurri politikoak hartu.

Eguna amaitzean, ideia konspiratzaile ugarirekin, lotara joan ginen.

……………………………………………………………………………………………

Bigarren goizean, Jone Miren Hernandez eta Oihana Iguaran entzun genituen.

Eguna Jone Mirenekin hasi genuen. Berak gorputz bat ikusten du gure ahotsean. Bertsolaritzan ahotsak hainbeste presentzia izanda, arlo hori gutxi aztertu dugula iruditzen zaio. Ahotsak diskurtsoa eta gorputza, biak garraiatzen ditu. Diskurtsoa aztertzeari buelta asko ematen dizkiogu, baina ez hainbeste gorputza ikertzeari. Niri interesgarria iruditzen zait ikerketa gorputzera ekartzea. Bai oholtzan gertatzen diren botere-harremanak identifikatzeko, bai horietan eragiteko.

Oihana Iguaranek hauxe zuen gaia: emakume* bertsolaria nola irudikatzen duten komunikabideek. Bai txapelketan bai plazan. Zein planotatik daude eginda argazkiak? Zer hitz erabiltzen dira emakumeen* garaipena adierazteko? Eta gizonena? Begi zorrotzez ikertu ditu komunikabideak eta ikusi genuen askotan ñabarduretan dagoela bereizkeria.

……………………………………………………………………………………………

Arratsaldekoari Ane Labakak eman zion hasiera. Bertsolaritzako umorea(k) ikertzen ari da bera. Umore hegemonikoa, umore kontra-hegemonikoa… Zeri egiten diogu barre? Nola? Bagabiltza, eta segi dezagun gure umorea lantzen. Interesgarria eta, batez ere, barregarria delako!

Gero, Maite Berriozabalek gai jartzaile lanari buruz egin zigun berba. Gai denak ez daude jarrita… Plazetako diskurtsoa, neurri handi batean,  gai jartzaileak erabakitzen du, nahiz eta gero bertsolariak ematen dion gorputza. Bertsolari feministak egotea bezain garrantzitsua iruditzen zait, beraz, gai jartzaile feministak egotea. Elkarren arteko aliantzekin eraldatuko dugu plaza.

Ondoren, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek beren dokumental bat erakutsi ziguten: Beti bezperako koplak. Animazio bideo bat, Maialen Lujanbioren kopla batzuetatik abiatuta. Ederra. Bertsoei gorputza emateko beste modu bat.

Hitzaldiekin amaitzeko, Iratxe Retolaza, Miren Gaztañaga eta Leire Lopez, mahai inguruan, Kattalin Minerrek gidatuta. Euskal Herriko beste arte-esparru batzuetan nola bizi dute emakume* izatea? Literaturan? Antzerkian? Musikan? Errekonozimendu falta, bigarren planoak, kritikak… Genero bereizketa ez da bertsolaritzan bakarrik gertatu.

Arratsaldearekin bukatzeko, bertsotan jarraitzeko gogoa handitzen dizuten bertso saio horietako bat izan genuen. Politikoa baina dibertigarria, dibertigarria baina politikoa.

…………………………………………………………………………………………

Amaitzeko, eskertu egin nahi diet Miren Artetxeri eta Ane Labakari ikastaroa antolatu izana, eta baita hizlari guztiei ere hitzaldiak prestatzen hartu zuten lana.

Asteburu ederra izan zen. Orain arte egindako lanaren laburpena eta egiteko daukagunarentzat abiapuntua! Bertsotan jarraituko dugu. Ura irakiten jarri genuen eta badaukagu zer egosi!

Ura irakiten
Ura irakiten
Ura irakiten
Ura irakiten