XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA, ONDAREAREKIN ETENGABEKO INURRI LANEAN

Xenpelar Dokumentazio Zentroa 25 urte betetzera doa datorren urtean. Bertsoa bera bezala, etengabeko mugimenduan ari dira lanean, inurri-sare zabal bati esker, bertsolaritzaren ondarea bilduz, antolatuz, dokumentatuz eta, batez ere, hedatuz. Hori baita helburua: egungo bertsolaritzaren jardunaren behatokia izatea, bizia, dinamikoa.

TESTUA: ANE ARRUTI LOPETEGI

ARGAZKIAK: EKAITZ FILARMENDI

Ateak zabaldu eta guztiona den ondarea guztion eskura jarri, txukun eta antolatuta. Ez da helburu makala Xenpelar Dokumentazio Zentroarena. Ondareaz ari garenean, ordea, aintzinako kontuez ari garela iruditzen zaigu askotan, baina ondareak ez du etenik, uneoro ari da sortzen eta berritzen. “Xenpelar 1991 urtean sortu zen eta Bertsozale Elkartea sortuz geroztiko bertsolaritzaren ondarea bildu dugu. Iraganeko bilduma eta funtsak ere badauzkagu, baina gure lehentasuna egungo jarduna dokumentatzea da”, azaldu du Oihana Aranburuk, dokumentazio zentroko koordinatzaileak.

“Bertsolaritza mugimendu bizia den heinean dokumentazio zentroak berak bizitasun handia izango du. Hori da gure ustez Xenpelar Dokumentazio Zentroak egun duen ezaugarri nagusienetakoa. Bizi-bizirik dagoen kultur mugimendu oso bati buruz sortzen den informazioa dokumentatzea etengabeko lana da, eguneroko dinamiketan oinarritzen da gure jarduna, egun gertatu berri, gertatzen eta epe laburrean gertatuko diren saioei buruzko informazioa jasotzen dugu, zein bertsolari non arituko diren bertsotan, nork antolatzen duen, saioetako kartel nahiz iragarkiak biltzen ditugu, bertso-saio horietatik lagin bat grabatzen dugu, ahal diren emanaldietan argazkiak ateratzen dira, aukeratutako bertsoen transkripzioak egiten dira, bertso doinu berrien identifikazioa egiten da, eguneroko nahiz aldizkako prentsan azaltzen den bertsolaritzari buruzko informazioa jasotzen dugu, liburuak, aldizkariak… Egungo bertsolaritzaren jardunaren behatokia izan nahiko genuke, bizia, dinamikoa”, gaineratu du Aranburuk.

Sortzen ari denari lehentasuna eman arren, bertsolaritzaren ondare historikoa ere jasotzen da Xenpelarren. Hainbat norbanako eta elkarte gerturatu izan dira bertara etxe eta egoitzetan urtetan gordetako dokumentuak eramatera. Baina helburua ez da guztia toki berean gordeta izatea, dokumentu, audio, transkripzio edo artxibo bakoitza non dagoen identifikatuta izatea baizik. “Bertsolaritzari buruz ondare historikoa duten liburutegi eta bestelako erakundeekin harremanak saretzea nahiko genuke”, dio Aranburuk. Elkarlanean katalogoak bateratzea lortuz gero, ikerlari, erabiltzaile edo herritar orori erraztu nahi diete aurkitu nahi duten horren bilaketa eta Xenpelarren ez badago, dagoen tokira bideratu –Koldo Mitxelenara edo sortu berri den Bilketa.org-era, adibidez–. “Bertsolaritzaren inguruko informazioa erraz kontsultatzeko derrigorrezkoa da bilketa eta antolaketa lan ona egitea. Dokumentazioaren bilketa, antolaketa eta gizarteratzearen zikloaren osasuna bertsolaritzaren osasunaren adierazlea da”.

Dokumentazio lan hori egiteko zentroaren antolaketa diseinua urtetan landu du Xenpelar Dokumentazio Zentroak. Izan ere, nola dokumentatzen da bertsoa? Zer dokumentu mota sortzen dira bertsolarien jardunean? Zeintzuk dira bilketarako lehentasunak? Zeintzuk dira informazio hori antolatzeko irizpideak? Nork erabiliko du dokumentazioa? Nola finantziatu daiteke dokumentazio lana? Lan horretan dihardute egun eta horretarako, hasieratik izan dute garbi egokiena dokumentazio zentro bat litzatekeela eta ez liburutegi, artxibo edo bestelako formaturen bat. Galdera hori egin zioten, hain justu, Arantza Mariskal Xenpelar Dokumentazio Zentroko aurreneko arduradunari 1991ko azaroan, Xenpelar abiatzekotan zela. “Dokumentazio zentroa askoz mugikorragoa da, helburua ez da kontserbatzea, askoz dinamikoagoa da erabilera liburutegi eta artxibokoa baino. Ezaugarri nagusia dinamismoa izango litzateke”. Bertsolari aldizkariari eskainitako elkarrizketan, horrelako zentro baten beharraz mintzatu zen 2009ra bitartean Xenpelarko arduradun izango zena: “Herri baten ondarea biltzen duelako eta horrek herria identifikatu egiten duelako. Beste alde batetik, bertsolaritzan arrazoi gehiagorekin gertatzen da hori, bertsolaritzak Euskal Herrian identifikazio izugarria daukalako, historian ere zerikusi handia eta gure nortasunaren zati bat delako. Orain arte ahozkoa izan da, eta horrek badu bere garrantzia, baina hori dena gordetzeko momentua iritsi da; bestela, belaunaldi guztien memoria galdu egiten da. Herri baten memoria gordetzea da honelako zentro bat martxan jartzeak duen helburu nagusia, ez gainera geldirik egoteko, aurrera bultzarazteko baizik”.

GUZTIA, GUZTIEN ESKURA

Villabonan du egoitza Xenpelar Dokumentazio Zentroak, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen eraikinean bertan. Bertako dokumentazio guztia kontsultatzea irekia da, publikoa. “Guztioi irekitako zentroa gara.
Nahiko genuke bilketa ere guztiongandik jasotzea, irekia izatea, bertsozale, bertsolari, bertso-eskola, ikerlari… Guztiok elikatzea guztiontzat erabilgarri izango dena. Guztion artean jasotako bilduma anitzagoa, osoagoa, aberatsagoa izango da, oparoagoa etorkizunean edonork kontsultatu ahal izateko, etorkizunean guztion eskura egon dadin sakabanatuta dagoen guztion altxorra”.

Teknologiaren bilakaerak izugarri baldintzatzen du dokumentazioaren bilketa, baita antolaketa eta gizarteratzea ere. “Orain gutxi arte bertso-saioak iragartzeko kartelak ziren nagusi gure herriko kaleetan, beraz, guk paperean jaso eta artxibatzen genituen kartelak. Egun, saioen iragarpena fitxategi digitaletan bidez egiten da sare sozialetan hein haundi batean, beraz, egun, bilduma digitala osatzen dugu zuzenean”.

Bertso-saioen grabazioak, berriz, era analogikoan egiten zituzten 2000. urtera arte eta gerora hasi ziren grabazio digitalak biltzen. “Analogikotik digitalerako jauziak nabarmen eragin du gurean. Urtetan euskarri analogiko desberdinekin egindako grabazioak formatu digitalera pasa behar izan dira. Egun, oraindik digitalizazio proiektua martxan dugu, gure artxiboan daukagun bilduma analogikoak kontserbazioa, erabilera eta zerbitzua hobetuko duten izaera digitala izan dezan. Dokumentazioaren izaera digitalak, bestalde, kontserbazio eta mantenu aldetik ahalegin gehiago eskatzen du eta horretarako baliabide gehiago behar dira”, ohartarazi du Aranburuk.

Hedapenaren arloan ere laguntzen dute teknologia berriek. Xenpelar Dokumentazio Zentroaren lan-tresna nagusia Bertsolaritzaren Datu Basea (BDB) da gaur egun. Hori elikatu ahala, edonork kontsulta dezake azkenekoz jasotako informazioa internet bidez bdb.bertsozale.eus atarian. BDBn ikus daiteke besteak beste bertsolaritzaren agenda, plazaz-plazako bertso-saioei buruzko informazioa, 3.000 bertsolari, bertso-jartzaile, gai-jartzaile, epaile, ikerlari, eragile nahiz erakunderen biografiak, nahiz 12.000 bat-bateko bertsoaldi eta idatzizko sorta.

Horretaz gain, 3.000 doinu inguru ere topa daitezke. Joanito Dorronsororen lana abiapuntu. Egun Joanito bera dabil bertso doinu berriak biltzen, aztertzen, partiturak sortzen eta berarekin batera, lan-talde batek datu-basea eguneratu eta datuak txukuntzen ditu. Hemeroteka atalaren bilduma bat ere sarean ikus daiteke, jasotako egunkari, aldizkari eta herri-aldizkarien hustuketa egiten da datu-basean. 2012tik aurrerakoak internetek kontsultatu daitezke eta 1991tik ordura artekoak Xenpelarreko egoitzan bertan. 37.000 dokumentu inguru daude jasota. “Liburutegi atala ez dago sarean oraingoz, baina egun gure lehentasunezko lana bada hori datu-baseratzea. Urrun gabe 5.000 argitapenen berri eta artikulu digitalak sarean kontsultagarri jarri nahi ditugu” azaldu du Aranburuk.

Bestalde, informazio-fitxak elkarren artean estekatu eta dokumentuz lotzea da Xenpelarren helburua: “Digitalizazio planei esker, Interneteko katalogo honetan bat-bateko bertsoak entzun eta idatzizko bertsoak ikusi ahal izateko fitxategiz hornitu nahi ditugu, eskaintzen diren katalogo/fitxa bakoitzak dagokion fitxategia izateko”.

Lehen aipatu bezala, elkarlana eta sarea dira Xenpelarren erronka nagusiak. Hori dela eta, “datu-base hau jatorri ezberdina duten bertsoak katalogatu eta gizarteratzeko diseinatzen ari gara. Xenpelar Dokumentazio Zentroan ez dauden bertso-bildumak dituzten erakunde eta elkarteei elkarlanerako tresna bezala eskaini nahi zaie Bertsolaritzaren Datu-Basea. Dagoeneko garatutako programa eta bertan bildutako datuei (biografiak, saioak, doinuak, eta abar) etekina atera eta ahalegin txikiagoarekin edozein lekutan eta edozein motatako bertsoak (bat-batekoak edo idatziak, bertso-paper edo eskuizkribuak, audio formatutik edo idatzitik jasotakoak,…) bildu eta modu bateratuan aurkitzeko aukera emango du Bertsolaritzaren Datu-Baseak. Horrez gain, beste euskal generoek bere dokumentazio egitasmoa landu eta gauzatu nahi izanez gero,  lagungarri izan daitezkeen elkarlanetarako zabalik gaude”.

HEDAPENA

Dokumentazio Zentro dinamikoari bide eman nahian, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen baitan erredakzio bateratua sortu da. Lan-talde honek kudeatzen ditu “Hitzetik Hortzera” telebista saioa eta Bertsoa sareko ataria. Erredakzio bateratua eta Xenpelar elkarren ondoan daude, hedapen eta bilketa helburuak koordinatzen. Astero biltzen dira erredakzio bateratua eta Xenpelar Dokumentazio Zentroa grabazio plana osatzeko. “Behin erredakzio bateratuak zein saio grabatuko dituen zehazten denean biltzaile sarearekin grabazioak ugaritzen saiatzen da Bertsozale Elkartea. Alegia, etxeko hedabideak eta borondatezko biltzaile sarea dira hedapen eta geroratze asmoen bitarteko nagusiak. Saio bat grabatzen denean, borondatezko biltzaileek edo etxeko kazetariek grabatuta ere, beharrezkoa da saioaren fitxa ondo jaso eta baldintza duinetan grabazioa burutzea”.

Etxekoez gain, bestelako hedabideak ere elikatzen ditu Xenpelarrek. Horren adibide da Euskadi Irratian Xabier Sukiak gidatzen duen “Hitza jolas” saioa. “Xenpelarren zerbitzua da Hitza jolas bertso irratsaioaren bizkar hezurra. Gaurkotasuna eta freskotasuna eskaintzen diote grabazio horiek irratsaioari eta aldi berean entzuleei. Gaurko bertsolaritzaren eta plazetan gertatzen ari denaren berri eman dezakegu horrela”, azaldu digu Sukiak.

Euskadi Irratiak, bestalde, artxibo zabala dauka bertsolaritzaren inguruan. “Lehen Nikolas Aldaik urte askotan mimo handiz jasotakoak eta orain nik egunero jasotzen ditudanak. Kontsultarako bertso eta datu interesgarriak dira”. Bilketan ere aritu izan da Sukia bera, baina gehienean Xenpelarretik hartzen ditu bere edukiak. “Ganbaran udan belar ondua jasotzea bezala da. Jaso baduzu, gero atera dezakezu. Jaso gabekorik ezin duzu atera. Horri esker idatz dezakegu bertsolaritzaren historia, eta hori kontuan izanda, inoiz botatako bertsorik onenak grabatu gabe daudela. Behin bertsolari bati eskatu nion elkarrizketa batean berak inoiz botatako bertsorik onenak zein ote ziren irratsaioan emititzeko. Erantzun zidan ‘nik botatako bertsorik onenak grabatu gabe daude’. Horrek ere badu bere grazia”.

Hedapena ez dute kazetariek bakarrik egiten, herritar oro izan daiteke Xenpelar Dokumentazio Zentroko erabiltzaile. Bada norbaiti opari bat egin nahian bertso baten eske joaten denik; hezkuntza arlotik ere eskaera handia izaten dute, bai testu liburutan, bai argitalpen ezberdinetan, bertsoak nahiz argazkiak sartzeko; herri eragileek ere, euren bertso saioak iragartzeko eskatu ohi dituzte argazkiak…

Hala ere, Xenpelarreko artxiboetan barna ordu gehien sartzen dituztenak ikerlariak dira, oso arlo ezberdinetako ikerketak gauzatzeko aukera ematen baitu bertan bildutako ondareak. Garai bateko bizimoduaren kronika izan daitezke bertsoak, tokian tokiko hizkuntza aztertu daiteke… Xenpelarren bildutako datuak baliatuta hainbat ikerketa egin dira eta egun ere badira beste hainbat martxan.
Batzuk aipatzekotan, Miren Artetxe hizkuntzaren berreskuratze prozesuan bertsolaritzaren transmisioaren eraginari buruzko ikerketa egiten ari da eta Xenpelarreko datu-baseetarako sarbide zuzena du. Nerea Elustondo berriz, 1994tik 2014ra bitartean emakumeen plazetako presentziaren bilakaera aztertzen ari da bertako informazioarekin. Begiratu historikotik, Lucia Alberro Gipuzkoan 1833tik 1936ra eman zen modernizazio prozesuaren baitan, bertsolariak iturri hartuta, identitate azterketa egiten ari da. Informatika arloan, Manex Agirrezabala, Bertol Arrieta eta Aitzol Astigarraga, dokumentazio zentroko bertsoen corpusa erabiliz, poesia sorkuntza automatikoa garatzen ari dira eta EHUko informatika musikaleko taldeak musikaren analisi konputazionala, sorkuntza automatikoa eta musikaren informazio bilaketak automatikoki egiteko ikerketa aplikatua du helburu eta horretara doinutegia erabiltzen ari dira.

BILKETA LANA

1997ko Bapatean bildumaren hitzaurrean, honela deskribatzen zuen Josu Goikoetxeak bertso biltzailearen jarduna: “Badira bost-sei urte bertso bilketan nabilela Bizkaian eta sarritan esaten dut kokoteraino nagoela. Eta hala da, neurri batean. Astebururo saio bat edo bi izango da, eta hor noa kotxe zaharra hartuta, grabagailua motxila berdean sartuta, gehienetan biharamunak dakarren burukomina belarri artean iltzaturik. Eta ez dakit nik zein herritara joan behar, hango bertso eskola-euskaltegi-euskara taldek antolatu duen bertso afaria grabatzera. Eta handik goizeko ordu bietan irten –dena ondo badoa- goizeko hiruretan neure herrira itzultzeko. Hurrengo egunean, demagun igandea dela, beste saio bat dago arratsaldez; lagunaren tabernan kafe petrolioduna hartu eta berriz kotxe zaharrean, -irratia ez dabil-, banoa bidean ahozko tradizio honen balio objektiboak banan-bana akatzen. Bederatziak inguruan etxean izango naiz”.

Bertso biltzaile “profesionalaren” ibilerak ederki deskribatzen ditu Goikoetxeak pasarte horretan. Baina bera eta bera bezala gaur egundaino ari direnen aitzindari bat aipatu behar bagenu, hori Antonio Zavala (Tolosa, 1928 – Iruñea, 2009) dugu, afizioz, eta pasioz, ingurukoek ondarea gordetzeari garrantzi eskasa ematen zieten garaian bertso bilketan hasi eta sekulako altxorra bildu zuena.

Aldizkari honek ere aitortu nahi izan zuen bere lana eta 1999ko udan, 34. zenbakia oso-osorik eskaini zion Aita Zavalari. Deustuko Unibertsitateak Doctor Honoris Causa izendatu bezperetan, Jabierko Gazteluaren inguruko zelaietan elkartu zen Joxean Agirre kazetariarekin eta bertan kontatzen ditu bere lehen pausoak, hasieran zertan ari zen kontzienteegi ere izan gabe, gustuko zituen bertso paperak biltzen nola hasi zen. “Horrelako erabakiak ez dira inoiz momentu batean hartzen. Poliki-poliki sartzen zara, oharkabean askotan, eta ateratzea erabakitzen duzunerako berandu izaten da”, dio herri literatura ikertzeaz.

“Kantapaperen ezaguera ere umetatik nuen”, gogoratzen du, bilketa lana horren ongi ikusia ez zegoen garai haietaz. “Neure kideen artean, jesuiten artean, ere izan ditut nire lanari irribarre maltzurrez begiratzen ziotenak”. “Kontuan izan behar da garai horretan garbizalekeriak indar handia zuela eta bertsoak gaizki ikusiak zeudela, euskara traketsa erabiltzen zutelako –jarraitzen du–. Bertsolaritza horregatik baztertu zen eta bazter horretatik ateratzen lan handia egindakoen artean Manuel Lekuona aipatu behar da. Literatura oral vasca [Ahozko euskal literatura] eman zuen argitara 1930ean. Badago beste gizon bat egin zuen lana gutxik aitortzen diotena eta Errenteriako Makazaga da, horrenbeste bertsopaper eta bertso liburu atera zituena eta urtebetez Bertsolariya aldizkaria argitaratu zuena. Liburuxkak ere atera zituen: Bilintx, Xenpelar eta Txirritarenak, esate baterako”. Aitzolen lana ere aipatzen du Zavalak eta baita Basarrirena ere.

Bere ekinean jarraitu zuen, ordea, Aita Zavalak eta Joxean Agirreri kontatu zion nola izan ziren hasierako bilatze, “negoziazio” eta biltze haiek. Hasieran kartaz eskatzen zituen kanta-paper eta bertsoak. “Nik iritsi ahala makinaz kopiatzen nituen, fotokopiadorarik ez baitzen eta udan hemendik Loiolara joan eta han pasatzen nuen uda eta handik hasi nintzen batera eta bestera bertsopaperak biltzen, Azpeitia eta Azkoitia buelta horretan”. Askotan kosta egiten zitzaien jabeei etxean gordeta zuten altxor txikia askatzea, eta Zavalak truke sistema bat pentsatu behar izan zuen. “Artxibo batean gordetzeko orijinalek askoz ere balio gehiago dute eta esango dizut zer sistema erabiltzen dudan. Tratu bat egin ohi dut bertsopaperen jabearekin: berak niri orijinalak ematen dizkit eta nik berari horiek denak kopiatuta eta beste bertso asko ematen dizkiot. Batzuek nahiago izaten zuten orijinalarekin geratzea, eta, orduan, ez nuen errespetatu beste erremediorik izaten. Tarteka nik enkuadernatu ere egiten nizkien bueltan itzulitako kopia horiek. Nik enkuadernatutako bertso sorta horiek hor ibiliko dira baserrietan. Tratu horrekin haiek gustura geratzen ziren eta ni ere bai”.

BELAUNALDI BERRIAK

Ezinezkoa litzateke bilketa lanean aritu diren guztiak aipatzea, inurri lana izan baita, kontzienteki edo ez, afizioz edo ondarea zaindu eta gordetzeak duen garrantziak bultzatuta, herriz herri magnetofoi handia, grabadora modernoagoa, bideo kamera, argazki kamera, blok txikia edo telefono mobila hartuta aritu direnena. Aipa genitzake Alan Lomaxen grabazioak, Patxi Mujikak egin zituen grabazioak, Ximun Haran… Beranduago Jose Antonio Gesalaga “Zaldubi”, komunikabideetan Joxe Mari Iriondo, Laxaro Azkune eta Nikolas Aldai, Mixel Lekuona… Nola ez, Joanito Dorronsorok doinu bilketan egindako lana ezin aipatu gabe utzi.

Egun lan horretan ari direnei galde egin diegu, zer dela-eta hasi ziren lantegi honetan eta euren esperientziaren inguruan. Gorka Azkarate dugu horietako bat. Zumarraga-Urretxuko bertso eskolan 2003ko Martxoan Bertsoa zikloaren lehenengo edizioa antolatu zutenean hasi zen “modu serioan” materiala biltzen. Ordutik herriko ekintzetan ez ezik herritik kanpoko hainbat ekintzatan izan da lan horretan. “Testigantza jasotzea garrantzitsua begitandu zitzaidan eta horrek bultzatuta hasi nintzen bilketa lanetan”. Besterik gabe, gordetzeko intentzioarekin hasi zena, ondoren bertso-eskolan ere erabili izan dute, eta web orrian ere eskegi izan ditu hainbat bideo eta argazki. “Hasi nintzenean saioak audioz grabatzen genituen walkman batekin, eta argazkiak atera. Ondoren 2006an edo bideo kamera digital bat erosi genuen eta argazki kamera hobexeagoa ere bai. Gaur egun beste bideo kamera bat daukagu. Audioa grabatzeko tramankulurik ez dugu izan, baina Xenpelarrekoa erabili izan dugu tarteka”.

Nafarroan ere sarri ikusiko dugu Julen Zelaieta oholtza azpian, grabagailua utziz. “Orain lauzpabost urte hasi nintzen saioak grabatzen. 2008an Xorroxin Irratian lanean hasi eta 2010ean bertako Bertsoinka saioa gidatzeko ardura hartu nuen. Aitzaki horrekin saioak grabatzen hasi nintzen, bai saiorako eta baita bertzela ere, grabagailua beti eskura izaten dudala baliatuz”. Baina bere lana Xorroxin irratitik harago doa: “Hasierako helburua, irratsaioa hornitzeko saioak grabatzea zen. Hala ere, gero Xenpelarrera bidaltzen hasi nintzen, eta, orain, ia saioa dokumentatua geratzeko helburuarekin ere grabatu izan ditut saioak. Grabatutako saio aunitz Nafarroan egiten ditut –hor mugitzen gara eta–, eta gure herrialdean, urtean zehar saioak egiten direla ‘aldarrikatzeko’ modu bat ere bada. Gero, konpartitu ere egiten ditut: adibidez, saioko bertsolari, gai jartzaile… eta bertan parte hartu dutenei ere bidaltzen diet, opari gisa”.

Josu Goikoetxeari, afizioz baino, ofizio moduan iritsi zitzaion bertso bilketa. “19 urterekin hasiko nintzen gutxi gorabehera, 1993ean. Bertso munduan banenbilen lehendik, baina ez nuen bertsotan egiten. Gaiak jartzen nituen han-hemen, baina oraindik oso gutxi. Bizkaiko Bertsozale Elkartetik deitu zidaten, ea lan hura egingo nuen herrialdean. Hala ibili nintzen laupabost urtean. Ordaintzen zidatelako hasi nintzen, egia esan. Xenpelar dokumentazio zentroa hornitzen hasita zegoen eta Bizkaiko plazako saioak neuk egiten nituen. Gero, egia da oso gustuko lana zela gehienetan. Bertsozalea nintzen eta aukera eman zidan bertsolaritza barrutik ezagutzeko, filtrorik gabe, eta bertso on asko entzun nituen, eta txarrak ere mordoa”.

Garai beretsuan, duela hogei bat urte hasi zen Martin Aramendi ere bertso bilketan. “Nire orduko lankide eta lagun handi bat ­–Jontxu Markos­– eta Xenpelarren dokumentalista lanetan zebilen Edurne Oiarbide pisu berean bizi ginen. Hark bazekien oso bertsozaleak ginela, eta berak proposatu zigun grabatzaile lanetan hastea, jendea behar baitzuten. Berehala eman genion baiezkoa”, gogoratu du abiapuntua. Aramendik grabazio guztiak Xenpelarrera eraman izan ditu beti. “Inoiz ez dut etxean gordetzeko saiorik grabatu, ez naiz-eta batere gauzak gordezalea. Ez du zentzurik, ez behintzat niretzat, norbere etxean grabazioak jasotzeak eta pilatzeak. Hobeto da ondo gordeko dituzten eta denon eskura egongo den leku batean edukitzea, eta han eskatzea, ezer behar izanez gero. Hartara, azterlan edo ikerlanen bat egin nahi duenak badaki nora jo behar duen. Etxean gordetzen dudan gauza bakarra koadernoak dira. Izan naizen saioetan jarri dituzten gaiak eta saioan zehar hartutako oharrak daude koaderno horietan. Horiek ere Xenpelarrera eramatea izango dut onena, ezertarako balio badute behintzat”.

Aramendik berak egiaztatu ahal izan du 20 urte hauetan teknologiak nolako aldaketa egin duen. “Hasieran 60 minutuko zinta analogikoak erabiltzen nituen, eta oso kontuz ibili behar izaten zen buelta ematean, bertsorik edo punturik gal ez zedin”. Azkenengoan, soinu teknikariak ordenagailuz grabatu, “pendrive” batean pasatzeko eskatu eta “wetransfer” bidez bidali du Xenpelarrera.

Amaia Agirrek ere, etxean gorde baino, nahiago izan du grabatutakoa Xenpelarren esku utzi. “Tamalez nahi baino bilketa eskasagoa egin dut, jakin badakidalako horrek garrantzia handia duela. Elkartean zuzendaritzan sartu nintzenean ohartu nintzen horren balioaz, duela 18 urte inguru, eta ahal dudanetan materiala eramaten saiatzen naiz, gure etxe eta karpetatan baino hobeto gordetzen eta artxibatzen eta katalogatzen dituztelako besteak beste, eta badakidalako bilketa lana garrantzitsua dela, eta egunen batean nik zerbait beharko banu badakidalako non egongo den, baita beste inork beharko balu ere”.

Bakoitzak du bere altxorra, bere harribitxia. Azkarate Martxoan Bertsoako hasierako edizioetako bideoekin gelditzen da. Agirrek duela gutxi aurkitu berri du: “Duela hilabete ama hil zaigu, eta nire harridurarako nire inguruan ikusi dituen argazki, artikulu, zutabe eta elkarrizketa denak gordeta eta txukun artxibatuta topatu dizkiot, eta hori dena eramateko asmoa daukat Xenpelarrera”. Goikoetxeak zalantza dauka: “Uste dut inoiz Amalloko Goizaldeko Txapelketaren bat grabatu nuela. Saio magikoa zen hura, ordu txikietan egiten zelako, leku zoragarri batean”. Aramendiri zail egiten zaio bat aukeratzea, baina “mahai bueltako eta otordu osteko saioek asebete naute gehien”, dio. “Jaialdi batean 12-16 bertsoren bueltan ibiltzen dira normalean, eta mahai bueltako saioetan igual kantatzen ditu bakoitzak 60-70 bertso. Ederra da gero bi bertsolari librean bidea egiten eta tarteka gailurra jotzen ikustea”. Zelaietak, berriz, iazko azaroko saio bat du gogoan. “Sustrai Colina eta Jon Maia ekarri genituen Bortzirietako bertso eskolatik Lesakara eta Gaztain Jatearen ondotik bertso saioaren akaberan, puntuka 25 minutuko saioa eskaini ziguten. Ez dut puntukako hain saio luzerik eta era berean ederrik aditu inoiz! eta hori grabatzeko zortea izan nuen”.

BERTSO BIKAINENAK, PLAZAN

“Saioren batean gertatu izan zait, saioa bukatu delakoan stop-ari eman eta saio ofiziala bukatu ondoko azken saiotxoa ez grabatu izana”, aitortu du Zelaietak. Aramendiri Bilbon pasatu zitzaion iazko udan: “Bilboko Aste Nagusian izaten diren saioetako bat entzutera joan nintzen Santiago plazara. Onintza Enbeita, Jon Maia, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze ziren kantuan. Saio polita egin zuten eta Sarriegiren eta Mendiluzeren bakarkakoak oso onak izan ziren. Saioa aurrera joan ahala, inor grabatzen ari ote zen begira ibili nintzen, eta saioa amaitzean, audio teknikariari ere galdetu nion, baina ez dut uste inork grabatu zuenik, norbaitek mugikorrean-edo grabatu ez bazuen behintzat”. Agirrek pena du bere hasierako edo sari banaketa batzuetako irudi edo bideorik ez gorde izana.

Goikoetxeak, argi utzi zuen 1997ko Bapatean bildumaren hitzaurrean: “Liburu honetan dituzue iazko bertsorik onenak. Onenak, bikainenak galdu egin baitira, bertso-bilketak horixe baitu, derrigorrez galdu direla bertso bikainenak airean, arrazoi honegatik edo haregatik grabatu ez ziren saioetan. Bat-batekotasunaren miseria edo gailurra, batek daki. Momentuz goza ezazue bertsorik onenenekin. Bikainenak entzun nahi izanez gero, hurbil zaitezte plazara”.

INFORMAZIO PRAKTIKOA

Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Subijana etxea, Kale Nagusia 70, Villabona

943 69 30 41

xenpelar @bertsozale.eus // bdb.bertsozale.eus

Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9.00 – 13.30.