Begiratu panoramiko bat lanbroari

Maialen Lujanbio-(r)en argazkia Maialen Lujanbio 2020-11-16
Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Begiratu panoramiko bat lanbroari –

Bertsoak etenik ez du. Bertsoa ari da. Ari du. Bertsotan ari gara.

Norbere baitan edo norbere leihoan. Uhinetan. Wifian edo kablean. Hotsez edo hatzez. Bideoz edo gabe. Bertsoa ari da. Ari gara.

Bertsoak etenik ez du. Ez baitu askorik behar. Gogoa. Ahalegina. Laguna —aukeran—. Nork entzuna —ahal bada—.

Bertsotan ari dira. Tele-bertso-eskoletan, ikasle eta irakasleen grina eta bertsoikasgela.eus medio. Sarerako asmatutako bertso-kate eta jolasetan: Nafarroako Elkarteak Euskal Irratiekin antolatutako Konfinamenduko Bertso Saioak; Harituz, Tolosaldeko bertso eskolaren txapelketa; Durangaldean sorturiko Quarenttona,bertso enttonatuen I.go txapelketa…

Bertsoa da hezur-muina. Eta isuria badu. Bizi da. Baina bertsoari bere inguru guztia geratu zaio. Hitz kantatuarekin martxan jartzen den engranaje handi-txiki hori: ahotik belarrira, bertso eskola aurrez aurrekoan; entzute eta isiltasun fisikoak; antolatzaileak; gai-jartzaile eta beste jardunetako egile kideak; eztabaidak; joan-etorriak; igurtzia; herriak eta hiriak; mokaduak; iritziak; lagunak… Bertsoa, jendarte eta mugimendu egiten duen hori guztia gelditu da.

Udaberria bete-beteko aroa ohi da bertsolaritzan: kurtso amaierako jaialdien denbora; Bertso Udaleku eta barnetegietarako izen emateko garaia; Bertsulari Ttiki; Bertso Eskolen Eguna; Haizea dator; Sakontze Bertso Eskola; Eskolatik Plazara; Plazara!… Denak bertan behera geratuko dira.

Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa; Bardoak; Bizkaiko Txapelketako Udabarriko fasea; BBK Sariketa… gure egutegi estua behartuz atzeratu egingo dira.

Eskolarteko Txapelketen eta topaketen garai seinalatua ere bada hau gazteentzat. Aurrerago beharko dute. Ahalduntze Bertso Eskolak, Udako Ikastaroek edo Bizkaiko eta Euskal Herriko elkarteetako batzarrek ere berdin.

Udaberri antzu antzekoa izango da bertsolari, gai-jartzaile, antolatzaile eta zaleentzat. Plazako jardunean, martxoaren erditik ekainera gutxienez 184 saio galdu dira, Lankukoak bakarrik zenbatuta. Bertsolariek saiorik ez, zaleek bertso-berririk ez, antolatzaileek zer antolaturik ez, herriek festarik ez… Lanku zerbitzu enpresa ERTEan, bertsoa hedabideek zer hedatua murritz, elkarteko lanak eta langileak minimoetara ekarriak…

Badu, nolabait, bere alde on bat: gelditu behar izan dugun guztiak, genekarren mugimendua erakusten du. Ez nola halakoa, bistan denez. Bertsolaritzak eta Bertsozale Elkarteak egiten eta eragiten dutena ugaria eta zabala da. Hasi haurretatik eta zaharrenetara; formalenetik, auto-antolatuenera; hasi auzo ertzetik eta hiri puntara; jolasetik, ofiziora; zaletasunetik, ikerketara…

Hona artekoan egindako bideagatik pozik egoteko moduan gara.

Datorkigunari begira jarri behar dugu, ordea… eta zer datorren jakin gabe.

Bertsolaritza ez da jardun isolatua. Kultur munduaren parte da. Kultur munduaren eta munduaren parte.

Kulturgileen kexua ozen entzun da itxialdi honetan eta greba digitala ere deitua izan da. Kulturak duen eta behar lukeen balioaren eztabaida azaleratu da, sorkuntzari zor zaion diru ordainarena, egileen lan baldintzena…

Zer ote litzateke herri bat, mundu bat, kanturik, bertsorik literaturarik, antzerkirik, filmik gabea?

Zer-jana ere falta litekeen garaietan, zail izaten da kulturaren garrantziaz hitz egitea. Baina elikadura da bera ere. Izateko, behar-beharrezkoa.

Zer ote litzateke herri bat, mundu bat, kanturik, bertsorik literaturarik, antzerkirik, filmik gabea?

Gizartea interpelatu nahi izan da, oro har. Eta administrazioa, espresuki.

Administrazioari hain zuzen exijitzen zaio kultura eta kulturgileak aintzat har ditzala eta osa dezala mahai bat baldintza oinarrizkoak elkarrekin adosteko.

Administraziori esaten den lekuan, gainera, Administrazioei irakurri behar da. Hiru lurralde-antolamendutan banatuta egoteak areago zailtzen du analisia, ekintza eta negoziaketa. Beste behin ere.

Oro har, esan daiteke larrialdirako laguntza itoginen batzuk zabaldu dituztela erakundeek. Adabakiak, oraingoz. Ez neurri egiturazkorik. Bertsolaritzak eta kulturak oro har, adabakiak baino gehiago erabakiak behar ditu. Erabaki estrategikoagoak, oinarrizkoak, egiturazkoak. Neurri sendoak, kulturarekin eta kulturak duen egitekoarekin sinesten dutenak.

Eztabaida, noski, ertz askoduna da. Ugaria eta anitza baita kulturgile esaten zaigunon taldea. Greba deialdi honek, oinarrian bat egiteko aukera eman du bederen, nahiz eta multzo horretan jite desberdineko egile eta mugimenduak izan: kultur industria deituak eta mugimendu sozio-kultural garenak; egoera diferenteetan dauden autoreak; langai, jokamolde edo helburu desberdinak dituzten taldeak eta diziplinak…

Bada kritikarako eta autokritikarako premia. Eta badugu beharra elkartu eta kulturaren nolakoaz, eginkizunaz eta garrantziaz aritzekoa; erakundeekiko harremanaz, arteaz eta diruaz, euskararen lanez, egoera laboral eta bitalez…

Ez da eztabaida gai erraza. Bai interesgarria.

Erakundeei exijitu artean baina, kanpotik zer letorkeen zain egon zaleak ez gara. Bertsozale Elkarteak, bere justuan (justuan hitzaren bi adieretan), ekin egin dio bere baitatik eta kinka larri honetarako neurriak prestatu ditu: 45.000 euro baliatuko ditu, batetik, bertsogintza eta plaza berrabiarazteko; eta bestetik, larrialdi egoerak behartutako bertsolariei babes ekonomikoa eskaintzeko.

Antolatzaile zenbait on-line bertso saioak han-hemenka emititzen ari dira. Elkarteak ere, modu honetan antolatu du larrialdi aroko plazaren suspertzea:

Bidaiak izeneko proposamena abian da. Saio ‘berritzaileak’ bilatu nahian. On-line hedapenak eta joko-arau murritz eta arrarook, kreatiboki zerbait eman dezaketelakoan.

Potokastak izeneko podcast-a ere bai, bertsolari gazteenak ezagutzeko modu gustagarria.

Plaza deitu zaio, bertan behera geratutako saioak birtualki egitea eskaini duen proposamenari. Antolatzaileen laguntzarekin, elkartearen medioekin grabatu eta landuko da, eta antolatzailearen sareetan zabalduko.

Gintza-ren aldetik, artistikoki nahiago bada, emergentzia aro honek (e)zer emango duen ikusteko dago. Baldintza berrietarako modu berriak behar direla planteatzen da, baina urgentziazko forma horiek benetan berritzaileak -are iraultzaileak- izango diren zalantzagarria da. Itxialditik irtendakoan lehengora bidezidorra azkarregi egingo dugun… Lehengoaren alde on guztiekin, jakina; baina, akaso, lehengoaren ajeetatik aldatu genezakeena aldatzeko aski denborarik —irudimenik, ausardiarik, kemenik, perspektibarik…— izan ez dugun sentipenarekin.

Etorriko dira ideia eta forma gehiago.

Ez dugu ahazten, hala ere, gure zaleen artean ere ez direla denak sarean dabiltzanak. Dela ahalmen ekonomikorik ezagatik, edo dela —gure kasuan gehiago, nik uste— ohiturarik ez dutelako teknologietan, bertso zaleetan ez gutxi, gure heleratik kanpo daude une honetan. Sareak mundua bil dezake eta auzoa kanpo utzi. Horren jakitun ari gara. Eta uhinetako saioa hauek, ahal bezain pronto, aurrez aurreko, herriko, festako… bihur daitezen helburuz.

Udari begira, jende bilkuretarako baimenek zer esango esperoan gaude. Bi estatuen arteko Herrian joan-etorrian ibili ahalko dugun, festekin eta festetako plazekin zer gertatuko den, berriz etxera itzuli beharko ote dugun…

Zer datorkigun jakin gabe, datorkiguna aurreikusten eta prestatzen hasi gara. Pandemia honek gure gabeziak eta ahuleziak, asko, agerian utzi ditu. Gure ahal apurrak ere bai.

Bertso mundua, komunitate gisa antolatuta eta elkartuta egotea gako ezinbestekoa izan da historikoki eta hala izango da gerora ere. Harreman-sarea, eragile ugariak eta egokitzeko ahalmena. Bertsozale, bertso-talde, bertso eskola… mugimendu oso horren bidez, bertsolaritzaren engranaje handi-txikiak noiznahi eta nonahi har dezake martxa. Antolatzaile, langile, bertsolari, elkarte, ekimen handi-txikiekin berrabiarazi ahal izango dugu bertsoa jendarte eta mugimendu egiten duen kate luze-zabala.

Datorkigunari begira jarri behar dugu… eta zer datorren jakin gabe.

Lanbro artean argi bakarra, gure pausoentzat oinarria sendoa jarria daukagula.

 

2020ko maiatzeko lehen astean idatzia

Begiratu panoramiko bat lanbroari
Begiratu panoramiko bat lanbroari
Begiratu panoramiko bat lanbroari
Begiratu panoramiko bat lanbroari