Gai-jartzaile autorea

Imanol Artola eta Julio Soto-(r)en argazkia Imanol Artola eta Julio Soto 2024-11-28
Argazkiak: Conny Beyreuther

Gai-jartzaile autorea –

Gai-jartzaile autorea

SARRERA

Imanol Artola Felix:

Gai-jartzaile autoreaz gogoetatzeko eskatu zaigu Julio Sotori eta bioi; gai-jartzaile autoreaz, orokorrean. Bertso saioetako dinamikari jarraituz, gai-jartzaileak gaia edo lehen puntua bota, eta bertsolariak erantzun; horrela osatu dugu artikulua Juliok eta biok.

Gaia bere horretan zabalegia izaki, jaialdietako gai-jartzaileez arituko gara, txapelketak-eta alde batera utzita. Bertsolariek dakite ondoen jaialdietan gai-jartzaileak zenbat lan egiten duen, edo, behintzat, zenbat lan egin beharko lukeen.

 

GAI-JARTZAILEAREN GARRANTZIA

Julio Soto:

Urteak aurrera, gero eta argiago dut gai-jartzaileak erabat baldintzatzen duela bertso saioa. Jaialdiei buruz ari garela, hasierako eta bukaerako agurretan gara libre bertsolariok, eta, akaso, puntukako azken ariketan. Hortik aurrera, gai-jartzailearen esku gelditzen da gure sorkuntzaren zati handi bat: guri gai bat edo beste jarri, gaia modu batean edo bestean esan, ariketa eta gai bakoitza saioaren zein unetan jarri, eta abar, eta abar. Horregatik iruditzen zait duena baino askoz garrantzi gutxiago ematen zaiola gai-jartzailearen figurari. Ez garelako oholtzan bertsolariok eta beste bat. Bertso saioa gidatzen duen pertsona, gai-jartzailea, gu bezain sortzaile eta garrantzitsu da oholtza horretan. Ez dugu gutxitan egiten bertsolariok etxerako bidea burumakur. Sarritan, ez dugulako gure lanik ongi egin. Baina, beste zenbaitetan, ez dugulako benetako gai-jartzaile bat izan. Hau da, edozeinen esku utzi delako gaiak jartzeko ardura. Eta, horrek, asko murrizten ditu gure aukerak. Eta, ondorioz, denonak.

Maiz galdetu izan diot neure buruari ea zer beste diziplina artistikotan gertatzen den horrelakorik. Alegia, bizitza oso bat sorkuntzari eskaini dion artista bat oholtzara bere lana erakustera igo, eta esperimentatu gabeko pertsona baten esku uztea saioaren nondik norakoak. “Pintatu ezazu horri buruz”, “Jo ezazu hau”, “Egin eskultura bat horri”… Badakit gurea desberdina dela, guk itzain bat behar izaten dugula, eta beste arte espresio gehienek ez. Baina itzain horrek, ahal dela, profesionala izan behar du. Bai, gai-jartzailetzaren profesionalizazioaren aldarria egiten dut nik. Gai-jartzailea autorea baita, edo hala izan behar bailuke. Eta autore den heinean, nabarmendu egin behar du. Nabarmendu, baina disimuluan (jartzen dituen gaiekin, egiten dituen hautuekin, proposatzen duenarekin). Bertsolariaren pareko posizio batetik.

Gai-jartzaile autorea

Hiru gai-jartzaile mota daudela esan nezake:

  1. Gai-jartzaile autoreak deitu ditudanak (profesionalak). Hautu estetiko (oholtza gaineko jarrera, ahotsa, gaiak paperetik edo paperik gabe jarri…) eta hautu artistiko bat (zein gai mota jarri, gaiak noraino esan, zer umore mota landu, bertsolari bakoitzari zer eskatu, eta abar luze bat) egiten dute saio oro. Espresatzeko behar bat dute, bertsolariok dugun bezalaxe. Horiekin seguru sentitzen gara. Seguru gaude.
  2. Gai-jartzaile kasualak (bertso eskolako kideak, jai batzordeko norbait, herriko pertsona / pertsonaia bat…). Urtean behingo haien herriko bertso saioko gai-jartzaile lana egiten dutenak dira.
  3. Bertsolariak. Lantzean behin gai-jartzaile egiteko eskatzen digutenean. Esango nuke susmatzen dugula noiz zer ariketa jarri behar den, eta hein batean hanka-sartze handirik gabe pasa gaitezkeela. Baina gu ez gara gai-jartzaile autore, guk ez dugu gai-jartzaile profesional batek adina hautu egiten, ez dugu haiek adina hausnartu.

Eta gehiegitan jartzen gara gai-jartzaile kasualen eskutan. Horregatik diot gai-jartzailetza profesionalizatu egin behar dela, eta gai-jartzaile autore gehiago behar ditugula. Ezinezkoa den kasuetan, berriz, lagundu egin behar diegu gai-jartzaile kasual horiei (saiorako erabilgarria den ariketen eskema bat emanez, adibidez).

Gai-jartzaile autorea

Imanol Artola Felix:

Gai-jartzaileak bere lana ondo egin nahi badu, izan autorea, izan kasuala, hainbat puntu landu behar ditu. Gai-jartzaile hori autorea izango da, baldin eta puntu bakoitzean irizpide propioak izaten baldin baditu, eta ez badu kopia lan soila egiten. Irizpideak bakoitzak bereak ditu, jakina, baina koherentzia eman behar dio saioari. Gai-jartzaileak irakurri egin behar du bertso-saioa, asmo batekin igo behar du oholtzara; “Besteek egiten dute” argumentua ez da autorearena.

Kontuan izan beharreko alderdiak honako hiru multzoetan bereizi ditut: saioaren egitura, gaien aukeraketa, eta gaien nolakotasuna.

Egitura. Altxaldi kopuru berdintsua izan behar dute bertsolari guztiek; eta ezin dute denbora luzez eserita egon, hiru bertsoaldi gehienera jota ere.

Jaialdia ofizioetan oinarritzen da batez ere, baina bestelako ariketak ere tartekatu behar dira. Saioak zentzu bat izan behar du, atmosfera bat sortu behar da, baina erritmo aldaketek egon behar dute saioan zehar. Ofizio pare bat, bakarkakoa, puntu erantzunak, koplak; berriz ofizioak, atzekoei kantatu, beste bakarkakoren bat; berriro ofizioak… zentzu baten bila joan behar du gai-jartzaileak.

Bertsolari guztiek egin behar dituzte bizpahiru ofizio, eta bertsolari guztiek izan behar dute haien ariketa partikularragoa: bat bakarka, bestea puntuak erantzuten, hirugarrena atzekoei kantatzen, kopletan, puntutan… oreka hori zaindu behar da.

Egitura hori prestatzen hastean, gai-jartzaileak bere buruari galdetu behar dio jolasik sartu nahi ote duen ala ez. Zer jolas? Zein intentziorekin? Zer ekarpen egiten dio jolas horrek bertso saioari? Jolas horrek bertsotan egiten utziko al dio bertsolariari?

Julio Soto:

Kontuz ibili behar genuke jolasekin, arriskutsuak iruditzen zaizkit. Nire iritziz, gutxitan izaten dira pertinenteak, eta  gutxi ematen digute bertsolarioi. Saioari ere ez askorik. Badaude zenbait jolas, zenbait saiotan egoki kabi daitezkeenak, baina hausnar dezagun non eta zer.

Imanol Artola Felix:

Garrantzitsua da jaialdiak egitura egokia izatea. Hona bi adibide:

Egitura horiek jendearen eskura utzi behar ditugu. Juliok aipatutako gai-jartzaile kasual horien zerbitzura jarri behar ditugu antzerako egiturak. Azal nezakeen egitura, baina irakurleak taula interpreta dezan utziko dugu, bertsolariek 7-6an edo 10-8an bezala, guk ere karaktere kopuruan sartu beharra baitugu artikuluan.

Edukia. Behin egitura daukagunean, bertso saio horri edukia sartu behar zaio. Gaien aukeraketa egiterakoan hiruki bat irudikatzen dut:

 

Bertso saio batean hiru elementu horiek daude, gutxienez. Entzulea uste, asmo eta helburu batzuekin joaten da saiora; bertsolari bakoitzak ere zerbait espero du saioaz, edo zerbait lortu edo eman nahi du jaialdi horretan; eta, azkenik, baina ez azken, gai-jartzaileak ere baditu bere kezkak, eta munduan eta gauden gizartean garrantzitsuak iruditzen zaizkion gaiak.

Bada, bertso saioa amaitzean, desiratuena, hirukia aldekidea izatea izan ohi da: entzuleak gustura atera izana jasotakoarekin; bertsolaria gustura geratzea kantatu duenarekin; eta gai-jartzaileak sentitzea proposatu dituen gaiak bere interesekoak izan direla, eta gaia formulatzeko modua ere bere izaeratik gertu egon dela.

Kontua da, bertso saioa prestatzerako garaian gai-jartzailearen usteetan oinarritzen dela guztia; hau da, gai-jartzaileak entzuleari buruzko uste bat dauka, bertsolariei buruzko uste bat, eta horren arabera aukeratzen ditu gaiak, eraikitzen ditu saioak. Gai-jartzaileak entzuleari eta bertsolariari buruz dituen usteen arabera osatzen du saioa, ez egiazki entzuleak eta bertsolariak nahi duten horren arabera.

Entzulea. Gaur egungo jaialdietara doan entzulea, nire ustez, entretenitzera doa; edo, behintzat, bertso saioetako gaien egiturak aztertuta hori ondorioztatzen da. Gai-jartzaileak uste du publikoari umorea eman behar diola; hein handi batean, egunerokoan dituen kezkez ahazteko eta ordu eta erdi atsegin bat pasatzeko gunea eraikitzen dio entzuleari.

Bertsolaria. Bertsolaria bertsotan egitera doa bertso saio batera. Pellokeria dirudi, baina publikoa entretenitu beharraren entretenitu beharraz, gerta daiteke ariketaren batean edo bestean bertsotan egitea beharrean beste zerbait bilakatzea helburu; eta adi horrekin!

Gai-jartzaileak saioan zehar atmosfera bat sortu behar du. Entretenimenduak egon behar du, umoreak egon behar du, eta gai sozialek ere egon behar dute. Zein da gaur egun gai sozialek oholtzako saio batean duten funtzioa? Tarteka ez al dira tramiteko gai soil bilakatzen umorea nagusi den saio batean? Hasierako pare bat gai sozial, bakarkakoren bat, beste gai sozialen bat saio erdian… dozena gaitik hiruzpalau gai sozial, eta bi lehenengo pare bat gaietan jarriak. 

Gai-jartzaile autorea

Julio Soto:

Akaso, zenbait aldiz, gaizki irakurtzen dugu entzulea entretenitzera doan horren azpian dagoena. Hiru errimako hiruki bat erabiliz, esango nuke entzuleak  entretenimendua nahi duela, baina entretenimendua dela pentsamendua eta dibertimendua. Alegia, entzulea ez doala saio batera umore bila bakarrik. Eta gai-jartzaileak eta bertsolariok askotan jausten gara tranpa horretan.

Garrantzitsua iruditzen zait hasierako gaiak tramiterako gai ez direla ulertzea. Areago, bertso saioa ez dela hasieran hiruzpalau gai politiko/sozial eta handik aurrera umore eta jolas. Saioa ez da bi zati. Osotasun bat eman behar zaio, eta ariketa eta gai mota desberdinak tartekatu. Gai orok du bere garrantzia, eta gai bakoitzari aurkitu behar zaio saioan une aproposa.

Eta hirukiaz ari garenean, gai-jartzaileei haien buruengan sinesteko galdegingo nieke. Izan dezatela kontuan entzulea, baina hark zer jaso nahiko lukeen bainoago, hausnar dezatela beraiek zer eman nahi dioten entzuleari. Sinets dezatela beraien proposamenean, beraien autoretzan. Eta guri, bertsolarioi, kanturako bide eman diezagutela.

Imanol Artola Felix:

Gaien nolakotasuna. Eta nola jarri pil-pilean dagoen gai sozial bat bertsolariari? Kontuan izan behar dugu gai askotan iritzi orokortu bat dagoela, politikoki zuzena dena; nahiz eta gero jende asko politikoki zuzena den horrekin ados ez egon, edo horrela ez jokatu. Politikoki zuzena den hori kantatzera bideratu behar al dut bertsolaria? Politikoki zuzena ez dena esatera? Gaia mahai gainean utzi eta bertsolariak nahi duena esan beza? Bertsolaria politikoki zuzena den horrekin ados ez badago, ausartuko al da pentsatzen duena kantatzera?

Are gehiago: gai-jartzaileak gaia formulatzerako orduan albisteak irakurri behar izan baditu, artikuluak kuxkuxeatu… zilegi al da gai konplexu bati buruz bertsolariari 30 segundoan iritzi bat emateko eskatzea? Hori ez al da sekulako marroia? Beraz, errazena: gai sozialak betiko bertsolariei jartzea. Baina hori al da gai-jartzaileak nahi duena? Betikoari kantatu nahi al diote bertsolariek? Besteek ez al dute eskertuko nik haiengan konfiantza jarri izana?

Julio Soto:

Ederra da gai-jartzaile batek galdera horiek guztiak egin dizkionean bere buruari. Hori da niretzat gai-jartzaile autore baten muina. Hor gaude gu seguru.

Imanol Artola Felix:

Eta umorea nola enfokatu? Aditu direnek diotenez, umorea egiteko bi modu daude: publikoari espero duena ematea, edo publikoa engainatzea. Baina hor beti informazio bat dago, informazio partekatu bat. Zein da bertsolariak, gai-jartzaileak eta entzuleak partekatzen duten informazio hori? Gaur egunean hainbat entzule mota daude, hainbat bertsolari mota… eta bakoitzak dauka bere erreferentzia-mundua. Partekatzen dugun erreferentzia-mundua geroz eta txikiagoa bada, gizartea geroz eta atomizatuagoa bada, umorea topikoetan agortu daiteke: itxura fisikoan, bakoitzaren etiketetan…

Umorearen goreneko bi ariketak: kopletakoa eta atzekoei kantatzekoa. Entzulea naizenean gozatu egiten dut bi ariketa horiekin; gai-jartzailea naizenean, ordea, sufritu. Kopletako ariketa, lau bertsolari, egoera berberean lau izaera antagonikorekin: hiperboleen erakustaldia! Bertsolaria eroso al dago hiperboleak eginez? Gaiarekin eta bakoitzari jarritako paperarekin asmatzen ez bada ez al da topikoetan amaituko?

Eta atzekoei kantatzeko ariketa. Zenbat aldiz ez ote ditugu entzun betiko topikoak bertsolari bakoitzaz? Publikoak hori esperoko du, baina bertsolariak hori nahi al du?

Julio Soto:

Horixe da gai-jartzaileek eta bertsolariok sakon hausnartzen jarraitu beharrekoa, plazaratzen dugun umorea pentsatu behar dugu. Autoretzatik. Ariketa motei dagokienez, aldiz, niri asko gustatzen zait kopletako ariketa, uste dut sormen lan interesgarria eskatzen digula bertsolarioi. Eta atzekoei kantatu beharreko ariketa ere motibo beragatik atsegin dut. Bertsolarion ardura da topikoetan ez jaustea eta bide berriak urratzea. Baina bego gai-jartzaile bakoitzaren esku zein ariketa jarri eta zein ez. Konfiantza eta ausardia hori eskaintzen saiatzen naiz.

Funtsezkoa iruditzen zait saio ostean bertsolari eta gai-jartzaileen arteko hizketa. Goxotasunez, baina elkarri gauzak zintzo esatea. Irudipena dut gai-jartzaileek pozik entzungo lituzketela etxera bueltan autoan esaten ditugunetako asko.

Gai-jartzaile autorea

OHOLTZETAN DABILTZAN GAI-JARTZAILEAK

Imanol Artola Felix:

Behin hori guztia esanda, azken gogoeta bat partekatu nahiko nuke. Juliok hasieran aipatu ditu gai-jartzaile motak. Nik beste galdera bat daukat: jaialdi guztietatik, ehuneko zenbatetan daude gai-jartzaile autoreak? Zenbat daude gai-jartzaile kasual horien eskuetan?

Niretik hitz egingo dut. Ni naiz Gipuzkoan bigarren saio gehien egiten dituen gai-jartzailea, urtean 12-20 saio egiten ditut, eta Gipuzkoako Txapelketan eta Lankuren zerrendan dauden gai-jartzaileei galdetu diet, eta nire ondorengoek bi, lau…gehienez ere sei saio egiten dituzte urtean. Gai-jartzailetzaz gogoeta egin duen jendea ez badago oholtzan, eta gai-jartzaile kasualen esku uzten baditugu saioak, orain arte aipatu den hori beteko al da?

Gai-jartzailetza prozesionalizatu behar da. Ahal dela gai-jartzailetzaz gogoeta egin duen jendea behar dugu gai-jartzaile lanetan; nolabait esateko, Lankuko zerrendako gai-jartzaileek aurkeztu behar dituzte saioak. Ni duela 10 urte hasi nintzen gai jartzen, duela 10 urte Gai-jartzaile Eskola egin zenean. Hori egin eta gero hasi nintzen. Eta izan dudan inguruarekin oso eskertua nago, inguruak lagundu baitit saioak izaten, eta saioak prestatzen. Haien saioak eman dizkidan jendea izan dut ondoan: “Felix, X herritatik deitu zidatek, baina segi hik. Tori saioa osatzeko egitura proposamen bat, eta saioa prestatutakoan bidali niri, eta egingo ditiat iruzkinak”. Horrela bai!!! Baina badakit gai-jartzaile gehienak ez direla horrela heldu oholtzara. Badakit niretzat gai-jartzailetza kolektiboa bada ere, orokorrean lan oso indibiduala dela.

Beraz, gai-jartzaileon artean saretu egin behar dugu. Gai-jartzaile autorea kolektiboan pentsatu behar dugu, eta ez modu indibidualean. Elkarri saioak eman behar dizkiogu, eta elkarri lagundu behar diogu. Ezin ditu gai-jartzaile batek 40 saio egin urtean, besteak 20 eta besteek sei baino gutxiago. Ez gaude “Ea 10 saio beharrean 15 egiten ditudan”; ego pertsonal horiei bazka emateko egoeran. Nik, une honetan, autoretza lan kolektibo horretan oinarritzen dut.

Julio Soto:

Gai-jartzailetzaren profesionalizazioaren premia gorria dugu, bai. Eta guztioi dagokigu horri bultzadatxo bat ematea: Bertsozale Elkarte,  gai-jartzaile, bertsolari, antolatzaile…

 

Gai-jartzaile autorea  Gai-jartzaile autorea  Gai-jartzaile autorea  Gai-jartzaile autorea  Gai-jartzaile autorea  Gai-jartzaile autorea  Gai-jartzaile autorea  Gai-jartzaile autorea  Gai-jartzaile autorea  Gai-jartzaile autorea